Italierazko literatura
Italierazko literatura hizkuntza hartaz egindakoa da, nagusiki Italiako idazleei lotua. Italieraren estandarizazioa gertatu arte latinaren eta Siziliako zein Toscanako dialektoen eragin handia izan zuen.
Historiak idazle italiar handiak eman ditu, Dante eta Cesare Pavese, esate baterako. Halaber, sei Nobel Saridunek idatzi dute italieraz, besteak beste, Dario Fok.
Hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIII. mendean, Siziliako poesia-eskola eta Toscanako Dolce Stil Novo loratu ondoren, italiera bere lehen heldu arora iritsi zen XIV. mendeko idazleen (Dante Alighieri, Francesco Petrarca eta Giovanni Boccio) literatura-sorkuntza azpimarragarriari esker, eta ondorioz Europan zehar zabaltzen hasi zen. XV. mendean eta, batez ere, XVI. mendean, Errenazimentua nazioartera hedatu zenean, literatura eta hizkuntza italiarren hedapena areagotu zen. Garai hartan italiera inposatu zen Europako literatur hizkuntza gisa.
XVI. mendearen bigarren erdian, italiera literatura-eremutik irakaskuntzaren eta komunikazioaren hizkuntza izatera pasa zen. baina hizkuntza elitista zen, populazioaren parte nagusia dialektoak erabiltzen zituelako. 1861ean, Italiako Erresuma aldarrikatu eta ofizial bihurtu zenean, kultura-marko bakarra eratu zen eta beste hizkuntzek eta dialektoek indarra galtzen joan ziren.
Humanismoa eta Errenazimendu ondoko garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errenazimenduarekin sortutako Humanismoa lehen mailako kultura-fenomenoa izan zen Italian, eta seguruena da Italiak Europako kulturari egin zion ekarpenik garrantzitsuena. "Mundu klasikorako itzulera" izan zen, modernitatea aldarrikatzen duten sentsibilitate eta pentsamolde baten bidez iragazia. Humanismoa da, halaber, Italiako izaera nazionaleko lehen literatur eta kultur mugimendua, penintsula osoan zehar garatu baitzen eta Italiako hainbat guneren arteko truke eta loturez elikatu baitzen. Hala ere, Florentziak izan zuen oso eragin garrantzitsua eta Lorenzo Medici-ren inguruan bildu ziren artista asko.
Errenazimentuaren ondorengo literatura-aldiaren ezaugarri nagusiak dira arte-mota guztiak gurutzatzea eta literatura bideratzea italiera eta klasizismoa uztartuz. Garaiaren hasieratzat 1494 hartzen da, 1494 urtean sartu baitzen Frantziako Karlos VIII.a Italian, Italiako gainbehera politikoaren eta atzerriko menderatzearen hasiera delarik. Garai hartako idazle ezagunenetako bat Nikolas Makiavelo da, Printzea idazlanaren egilea.
Garai hartan Commedia dell'arte ere garatu zen, berebiziko eragina izan duena antzerkiaren garapenean.
1559tik aurrera, gutxi gorabehera, gainbehera hasi zen Italiako literaturan. Espainiaren mende, filosofo batzuek beren jarduerak mugatuta ikusi zituzten beren ideiengatik. Tommaso Campanella torturatu zuen Inkisizioak, eta Giordano Bruno erre egin zuten sutan (nahiz eta azken bi kasu horietan Inkisizio erromatarrak zuzenean erre zituen).
XVIII. mendeko pizkundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako mendekotasunetik libre eta Ilustrazioaren eraginarekin XVIII. mendea Italiako literaturak aurrera egin zuen. Historia eta Filosofia garrantzitsuak izan ziren; horrela Giambattista Vicok kontzientzia historikoaren esnatzea ekarri zuen, eta Cesare Beccariak sistema penalaren aldaketa eta tortura alboratzea.
Giuseppe Parini izan zen XVIII. mendeko literaturaren pizkundeak eman zuen idazlerik garrantzitsuena. Lirikaren berritzailea izan zen eta ironia da bere ezaugarrietako bat. Eskola sortu zen bidea irekiz ondoren etorriko ziren Vittorio Alfieri, Ugo Foscolo eta Vincenzo Monti poetei.
XIX. mendea: Literatura erromantikoa eta ondokoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alessandro Manzonik formulatu zituen eskola berriaren helburuak, egia historikoa eta egia morala aurkitu eta adierazi nahia ezarriz, ez bakarrik helburu gisa, baizik eta edertasun-iturria. Artearen errealismoa da literatura italiarraren ezaugarria Manzonirengandik abiatuta. Haren I promessi sposi (Ezkongaiak) lanak eman dio ospe hilezkorra. Ezbairik gabe, eleberri historikoaren ideia Walter Scottengandik heldu zitzaion, baina Manzonik eleberri historiko bat baino zerbait handiagora heldu zen, benetako artelan errealista bat lortu baitzuen. Irakurlearen arreta bereganatzen du, erabat, pertsonaien eraikuntza ahaltsu eta objektiboak eginez. Garaiko poeta azpimarragarriena, bestalde, Giacomo Leopardi da.
1848ko iraultzak eta gero politikak tokia galtzen du. Giosué Carducci izango da garaiko idazle ezagunena, eta erromatikoen aurkakoa izanik antzinako espiritua berreskuratu zuen. Poeten artean Gabriele D'Annunzioren poesia-lan originala aipa daiteke, baita bere obra dramatikoak eta fikziozkoak ere.
XX. mendearekin postmodernismoa izan zen kanona, Italo Calvinoren eskutik.
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mundu gerren artekoa krisi garaia eta gizartean positibismoa baztertu (errealitatea eta zientziaren nolabaiteko ukapenarekin) egiten da. Frantzian sortutako Dekadentismoa arrakastatsua gertatzen da. Ordezkari nagusia Gabriele D'Annunzio Il Piacere (Plazera) obrarekin. Futurismoa ere bere garrantzia izan zuen. Italo Svevo y Federigo Tozzi dira XX. mendeko hasierako idazle garrantzitsuenetako bi.
Faszismoaren garaian Luigi Pirandello eta Curzio Malaparte aipa daitezke.
Bigarren mundu gerraren ondorengo aroan gertaeren izugarrikeria deskribatu nahi duen joera azpimarra daiteke. Aurreko literatura italiarra gaitzesteko jarrera hartu zuen, faxismoari lagundu izana leporatuta. Kondenaren interprete nagusia Elio Vittorini izan zen, Il Politecnico aldizkariarekin, eta bertan artistaren eta errealitate politikoaren arteko independentzia berresten zuen. Arreta poesiatik urruntzen hasten da eta zinemak garrantzia hartzen du. Prentsa-askatasuna berreskuratu ondoren, garrantzi berezia du Einaudi argitaletxeak, garai hartako idazle nagusietako asko biltzen baititu: Beppe Fenoglio, Natalia Ginzburg, Elio Vittorini, Cesare Pavese, Italo Calvino etab.
XX. mendeko beste idazle aipagarriak dira Umberto Saba, Alberto Moravia, Vitaliano Brancati, Vasco Pratolini, Pier Paolo Pasolini, Sandro Penna, Giuseppe Tomasi di Lampedusa, Giorgio Caproni eta Leonardo Sciascia.
1960ko hamarkadaren ondoren abangoardiako mugimendu berri bat sortzen da, adierazpen tradizionalarekin talka egiten duena eta hizkuntzarekin esperimentatzen duena. Haren ordezkariak dira Umberto Eco, Edoardo Sanguineti, Giorgio Manganelli, Vincenzo Consolo eta Alda Merini beste batzuen artean. Gaur egungo beste idazle azpimarragarriak dira Antonio Tabucchi, Alessandro Baricco, Niccolò Ammaniti, Andrea Camilleri, Giulio Angioni, Stefano Benni, Aldo Busi eta Dacia Maraini.
Idazle klasikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dante Alighieri. Florentzia. (1265-1321): "Jainkotiar Komedia".
- Francesco Petrarca. (1304-1374): "Afrika"
- Carlo Collodi. Florentzia. (1826–1890): "Pinotxoren abenturak".
- Giosuè Carducci. Toscana. (1835-1907): "Rime Nuove" eta "Odi Barbare".
- Italio Svevo. Trieste. (1861-1928): "La Coscienza di Zeno".
- Luigi Pirandello. Sizilia. (1867-1936).
- Grazia Deledda. Sardinia. (1871-1936).
Idazle garaikideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eugenio Montale. Genova. (1896-1981).
- Salvatore Quasimodo. Sizilia. (1901-1968).
- Cesare Pavese. Piemonte. (1908-1950): "La casa in collina".
- Giovannino Guareschi. Emilia-Romagna. (1908-1968): "Don Camillo".
- Italo Calvino. (1923-1985); "Bizkonde erdibitua"
- Hugo Pratt. Emilia-Romagna. (1927-1995): "Corto Maltese".
- Dario Fo. Lombardia. (1929-): "Morte accidentale di un anarchico".
- Oriana Fallaci. Florentzia. (1929-2006).
- Leonardo Sciascia. Sizilia. (1921-1989).
Nobel Saridunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Giosuè Carducci, 1906.
- Grazia Deledda, 1926.
- Luigi Pirandello, 1934.
- Salvatore Quasimodo, 1959.
- Eugenio Montale, 1975.
- Dario Fo, 1997.
Euskaraz argitaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asko itzuli da italieratik euskarara, batez ere haur eta gazte literatura. Hona hemen ezagunenetako batzuk[1]:
- Milena Agus: Giltzurrun-harriak, Kondesa esku-guria, Fernando Reyk itz.
- Nanni Balestrini: Den-dena nahi dugu, Fernando Reyk itz.
- Alessandro Baricco: Zeta, Koldo Bigurik itz.; Odolik gabe, Fernando Reyk itz.
- Giorgio Bassani: Finzi-Continitarren lorategia, Koldo Bigurik itz.
- Giovanni Boccaccio: Boccaccioren Dekamerone tipi bat, Gabriel Arestik itz.; Dekameron : Hamar ipuin, Matías Múgikak itz.
- Gesualdo Bufalino: Gaueko gezurrak, Josu Zabaletak itz.
- Dino Buzzati: Tartariarren basamortua, Josu Zabaletak itz.
- Italo Calvino: Bizkonde erdibitua, Iñaki Ugarteburuk itz.
- Andrea Camilleri: Gauaren usaina, Josu Zabaletak itz.; Hilabete bat Montalbanorekin, Fernando Reyk itz.
- Massimo Carlotto: Agur, maitea, ikusi arte; Koldo Bigurik itz.
- Gianni Celati: Lotara joan aurreko ipuinak, Pello Lizarraldek itz.
- Francesco D´Adamo: Iqbalen historia, Lurdes Auzmendik itz.
- Beppe Fenoglio: Kontu pribatu bat, Josu Zabaletak itz.
- Elena Ferrante: Adiskide paregabea, Abizen berriaren historia, Fernando Reyk itz.; Ihesi doana eta gelditzen dena, Miren Iriartek itz.
- Dario Fo: Anarkista baten ezusteko heriotza, Julia Marinek itz.
- Paolo Giordano: Zenbaki lehenen bakardadea, Koldo Bigurik itz.
- Natalia Ginzburg: Arratseko ahotsak, Hirira doan bidea, Pello Lizarraldek itz.; Bertute txikiak, Irene Hurtado de Saratxok itz.; Familiako Lexikoa, Gure etxeko kontuak, Fernando Reyk itz.
- Antonio Gramsci: Kartzelako gutunak, Ekaitz Sirvent-ek itz.
- Giovanni Guareschi: On Camilo, Koldo Bigurik itz.
- Primo Levi: Hau gizon bat bada, Mikel Irurtiak itz.; Kristo Ebolin geratu zen, Koldo Bigurik itz.; Sistema periodikoa, Juan Garziak itz.
- Andrej Longo: Hamar, Josu Zabaletak itz.
- Nikolas Makiavelo: Printzea, Juan Martin Elexpuruk itz.
- Curzio Malaparte: Larrua, Jose Ramon Vazquez Rosón-ek itz.
- Lorenza Mazzetti: Zerua gainbehera dator, Xabier Olarrak eta Fernando Reyk itz.
- Alda Merini: Poesia kaiera [antologia], Aiora Enparantzak itz.
- Eugenio Montale: Poesia kaiera [antologia], Anjel Lertxundik itz.
- Alberto Moravia: Erromako emakumea, Koldo Bigurik itz.
- Pier Paolo Pasolini: Gauza baten ametsa, Josu Zabaletak itz.
- Cesare Pavese: Bizitza lanbide, Maite Lopetegi Campanok itz.; Burkidea; Xabier Mendiguren Bereziartuk itz.; Muinoko etxea, Koldo Bigurik itz.; Poesia kaiera [antologia], Ion Olanok itz.
- Luigi Pirandello: Sei pertsonaia autore bila, Josu Zabaletak itz.
- Vasco Pratolini: Maitale koitaduen kronikak, Koldo Bigurik itz.
- Antonio Tabucchi: Oker ttiki garrantzigabeak, Pereirak dioenez, Porto Pimeko dama, Fernando Reyk itz.
- Susanna Tamaro: Bihotza nora, zu hara; Fernando Reyk itz.
- Leonardo Sciascia: Hontzaren eguna, Koldo Bigurik itz.
- Italo Svevo: Bidaia sentimental laburra, Maite Lopetegi Campanok itz.
- Elio Vittorini: Solasaldia Sizilian, Pello Lizarraldek itz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).