[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Suitza

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Suiza» orritik birbideratua)

Suitzako Konfederazioa
Schweizerische Eidgenossenschaft
Confédération suisse
Confederazione Svizzera
Confederaziun svizra
(Confoederatio Helvetica)
Ereserkia: Swiss Psalm (en) Itzuli
Goiburua: Unus pro omnibus, omnes pro uno
("Bat denentzat, denak batentzat")

Suitzako bandera eta civil ensign of Switzerland (en) Itzuli

coat of arms of Switzerland (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaBerna
46°56′53″N 7°26′51″E
Azalera41.285 km² (132.)
Punturik altuenaDufour Gaina (4.634 m)
Punturik sakonenaMaggiore (193 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakAustria, Liechtenstein, Alemania, Frantzia, Italia eta Europar Batasuna
Administrazioa
Gobernu-sistemasistema direktoriala eta Errepublika federal
Member of the Swiss Federal Council (en) ItzuliSwiss Federal Council (en) Itzuli
Suitzako Konfederazioko presidenteaSwiss Federal Council (en) Itzuli
LegebiltzarraSuitzako Biltzar Federala
Epai autoritateaFederal Supreme Court of Switzerland (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria8.902.308
DentsitateaAdierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km² (65.)
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,52 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak69.459 (2015)
Bizi-itxaropena82,89756 (2015)
Giniren koefizientea33,1 (2018)
Giza garapen indizea0,962 (2021)
Ekonomia
BPG nominala678.887.336.848,25 $ (2017)
BPG per capita80.342 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa560.353.822.653 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn66.307,384 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala1,3 % (2016)
Erreserbak811.030.675.725 $ (2017)
Inflazioa0 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1848ko irailaren 12a eta 1291ko abuztuaren 1a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+41
ISO 3166-1 alpha-2CH
ISO 3166-1 alpha-3CHE
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki eta SEV 1011 (en) Itzuli
Internet domeinua.ch eta .swiss (mul) Itzuli
admin.ch

Suitza[1] (alemanez: Schweiz, /ˈʃvaɪts/ ahoskatua; frantsesez: Suisse, /sɥis(ə)/ ahoskatua; italieraz: Svizzera, /ˈzvittsera/ ahoskatua; erretorromanieraz: Svizra, /ˈʒviːtsrɐ/ edo /ˈʒviːtsʁːɐ/ ahoskatua), ofizialki Suitzako Konfederazioa (latinez: Confoederatio Helvetica, bertako lau hizkuntzen artean aukerarik ez egitearren. Hortik datorkio CH laburdura) erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Iparraldean Alemaniarekin du muga, mendebaldean Frantziarekin, hegoaldean Italiarekin, eta ekialdean Austria eta Liechtensteinekin. 41.285 km² ditu, eta 2013an 8.139.631 biztanle zituen.[2]

Hiriburu federala Berna da.

Suitza satelite irudian

Suitzako lurraldean hiru alderdi nagusi bereiz daitezke: ipar-mendebaldeko Jura mendiak, erdialdeko ordeka garaia (Mittelland) eta hegoaldeko Alpe mendiak.

Alpeak amildegi malkorrez, elurrez beti estalitako mendi garaiez, mendi-zintzur sakonez eta glaziar handiez osatuak dira. Bi lerrotan banatuak dira Alpeak, mugimendu tektonikoen eraginez sortuak dira eta, Kuaternarioan, Rodano eta Rhin ibaien ibarrak eratu zituzten glaziarrek higatutako haustura sakon batek bereiziak. Italiarekin muga egiten duten hegoaldeko lerroko mendiak dira garaienak: Dufourspitze edo Monte Rosa (4.634 m), Matterhorn edo Cervino (4.478 m), Dom (4.545 m), Dent Blanche (4.347 m)… Iparraldeko lerroko mendien artean Jungfrau (4.195 m), Finsteraarhorn (4.274 m) eta Aletschhorn (4.195 m) dira garaienak.

Jura mendiak ipar-mendebaldean daude, Frantziako mugaren aurrez aurre; lurralde osoaren %10 hartzen dute, baso bakan batzuk eta belardi handiak dituzte, eta Alpeak baino askoz txikiagoak dira. Alpe eta Jura mendien artean 250–600 m bitarteko garaiera duen ordeka bat dago, muinoak dituena, Mittelland («erdialdeko lurrak») deitua; Mittellandek lurralde osoaren heren bat hartzen du, hegoaldeko Léman eta Konstantzako aintziren artekoa.

Suitzako mendietan Europako ibai handienetako batzuk jaiotzen dira. Izan ere, San Gotardoko mendatearen inguruan, elkarrengandik oso hurbil, Rodano, Rhin eta Aar ibaiak sortzen dira. Bestalde, aintzira asko daude Suitzan; handienak, Alemaniarekin eta Frantziarekin muga egiten duten Léman eta Konstantzako aintzirez gainera, Neuchâtel, Zürich eta Luzerna hirietakoak eta Italiarekin muga egiten duten Maggiore eta Luganoko aintzirak dira.

Suitzako Alpe mendiek Atlantikoko, Mediterraneoko eta Europako erdialdeko klimen muga egiten dute. Beraz, Suitzak klima horien tarteko bat du. Atlantikoko haize heze epelak ia lurralde osoan jotzen du, baina euri gehiago dakar hego-mendebaldera ipar-ekialdera baino. Mendietan, 3.000 m-tik gora, elurra da beti, eta ibarretarantz jaisten diren glaziarrak sortu dira. Mendi garaiez inguratutako ibar batzuetan, Rodanoren ibarrean adibidez, askoz euri eta elur gutxiago izaten da. Foehn haizeak, Alpeetako iparraldeko ibarretan behera jaisten den haize hegoak, giroa gozatzen du. Mittellandek negu hotzak eta uda epelak izaten ditu: 20 °C uztailean eta 1 °C urtarrilean. Maggiore eta Lugano aintzira inguruak epelagoak dira.

Suitzako klima aniztasuna: mendebaldeko Eurasiako glaziarrik zabalenak (Aletsch glaziarra),[3] Jura mendigunea (Joux harana), hegoaldean dagoen Ticino (Luganoko aintzira) eta mendebaldean dagoen Vaud kantonamenduko mahastiak (Léman aintzira)

Suitzako landaredia garaierak mugatutako bost mailatan bana daiteke: 540 m bitartean, gaztainondoa, intxaurrondoa, almendrondoa eta, hegoaldean, palmondoa, pikondoak, eta laranjondoak hazten dira; 1.200 m bitartean, pagadiak, astigar basoak eta hariztiak; 1.650 m bitartean, pinudiak eta izaidiak; 2.100 m bitartean, errododendro eta alertze basoak. Handik elurra bitarteko zatian, belardiak eta Alpeetako landare loredunak dira. Bestalde, Alpeetako mazeletan mahastiak ere badira, Europan beste inon baino gorago, 1.700 m bitartean.

Sakontzeko, irakurri: «Suitzako historia»

Aurreneko historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K. a. 44an fundatutako Augusta Raurica, Rhin haraneko lehen erromatar kokalekua izan zen[4]

K. a. I. mendean, Julio Zesarren lejioak sartu baino lehen, zeltak, helvetiarrak eta retioak bizi ziren gaur egungo Suitzako lurraldean. Erromatarrek Helvetia deitu zioten lurraldeari, eta Alpeetako iraganbide nagusiak eraiki zituzten (K. a. 58).

Hala ere, III. mendetik aurrera germaniar herriak erromatarren hesiak hautsi eta lurraldean sartzen hasi ziren. IV. mendean, burgundiarrek eta alamanek bizitokia hartu zuten Mittellanden. Bi mende geroago, errege frankoek beren erreinuaren mende hartu zuten lurraldea. VII. mendean kristau misiolariek kristatutasuna zabaldu zuten helvetiarren artean, eta hurrengo menderako monasterio handiak eraiki zituzten.

X. mendean, musulmanek eta magiarrek sartu-irtenak egin zituzten, eta XI. mendean, gaur egungo Suitza, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende geratu zen. XII. mendetik aurrera, Europako ekonomia berpiztearekin batera, Italiar penintsulako errepubliken eta Frantzia, Alemania eta Flandesko hirien arteko merkataritza harremanak sendotu ziren. Hala, Alpeak igarotzen zituzten merkataritza bideetan zehar hiriak sortu ziren: Zurich, Berna, Luzerna eta Sankt Gallen.

Suitzako Konfederazio Zaharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Suitzako Konfederazio Zaharra 1291tik (berde ilunez) XVI. mendera (berde argiz) eta hari elkartutako lurraldeak (urdinez).

1291n, Uri, Unterwalden eta Schwyz kantonamenduak (eta geroxeago, Obwalden) konfederatu eta habsburgotarren aurkako liga bat (Suitzako Konfederazio Zaharra) osatu zuten, askatasuna elkarren babesean gordetzeko. Une hura hartzen da gaur egungo Suitzako konfederazioaren sorreratzat. 1315ean, Mogarteneko guduan, konfederatuek inperioko gudarosteak menderatu zituzten. 1324an, enperadoreak kantonamenduen askatasuna onetsi behar izan zuen. Handik gutxira merkataritza hiriak lotu zitzaizkion konfederazioari: 1332an, Luzerna; 1351n, Zurich; 1352an, Glarus eta Zug; eta 1353an, Berna.

Zortzi kantonamenduek barne autonomia handia zuten, denek onartzen zuten Dieta bakar baten gobernupean. Inperioaren aurkako beste gudu batzuetan suitzarrak garaile atera ondoren, kantonamenduek auzo herrien lurraldeak hartzen hasi ziren. 1474an, Inperioak eta kantonamenduek Konstantzako bakea izenpetu zuten. Zazpi urte geroago, Friburgo eta Solothurn lotu zitzaizkion konfederazioari. 1481ean, Stanseko itunaren bitartez, kantonamenduen arteko harremanak arautu ziren. Inperioaren aurkako beste gudu baten ondoren, Basileako bakean (1499) enperadoreak kantonamenduen burujabetasuna onartu zuen. 1501ean, Basilea, Schaffhausen eta Appenzell gehitu zitzaizkion federazioari. San Gotardoko mendateko merkataritza bidea babestearren, kantonamenduek Ticino kendu zieten lombardiarrei. 1516an, kantonamenduek betiko bakea izenpetu zuten Frantziako erregearekin.

Joan Kalbin.

XVI. mendean zehar, Erreforma protestantea zela eta, Suitzako konfederazioa katolikoen eta protestanteen artean banatu zen. Hirietako burgesia protestantismora bihurtzearen aldekoa zen, eta mendialdeko nekazariak, berriz, katolizismoaren aldekoak, ordura arte bezala. Konfederazioko barnealdeko kantonamenduak (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo eta Solothurn) katoliko jarraitu zuten, eta Zurich, Bern, Basilea eta Schaffhausen protestante bilakatu ziren.

Joan Kalbinek Erroma protestantetzat hartu zuen Geneva; 1536-1564 bitartean erregimen teokratiko baten mendean egon zen. Kantonamendu katolikoen eta protestanteen arteko gorabeherak gudu bilakatu ziren, baina konfederazioa ez zen desegin. 1648ko Westfaliako bake hitzarmenean, Hogeita hamar Urteko Gerraren amaieran, suitzar kantonamenduen burujabetasuna onartu zen. Nolanahi ere, erlijio gatazkek 1656 arte iraun zuten.

XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Suitzak neutraltasuna politika egin zuen, eta nolabaiteko bake eta oparotasun urteak izan zituen. Suitzar erlojugileak oso ospetsuak egin ziren Europako gorteetan. Bestalde, Suitzako hiri batzuek, Genevak adibidez, garrantzi handia izan zuten kulturaren garapenean, beste herrialde batzuetan baino askatasun handiagoa izan baitzuten.

Frantziako Iraultzak eragin handia izan zuen Suitzan. Herrialdearen neutraltasuna galarazi zuten bi iraultzen ondoren, 1798an, Frantziako gudarostea sartu zen lurraldean, suitzar iraultzaileen laguntzarekin. Urte horretako apirilaren 12an, Helveziar Errepublika sortu zen, konstituzio bateratu batekin. Hiriburua Luzerna zuen. Handik gutxira, errepublika gobernaezina izan zen, eta 1803ko otsailean, Napoleon Bonapartek konfederazioa onartu zuen, bere kantonamendu eta Dietarekin.

Europako Iraultzak Napoleonen hondamendia eragin ondoren, Suitzako Dietak behar ziren aldaketak egin zituen Vienako kongresuak herrialdea ezagut zezan. 1815eko abuztuaren 17an, 22 kantonamenduk Itun Konfederal bat izenpetu zuten, Suitzako estatu modernoaren sorrera izan zena. Lehengo hamahiru kantonamenduei Sankt Gallen, Grisonia, Argovia, Turgovia, Ticino, Vaud, Valais, Neuchâtel eta Geneva gehitu zitzaizkien.

XIX. mendearen lehen erdian kantonamendu kontserbadoreen eta liberalen arteko gatazkak izan ziren, erlijio gorabeherekin batera konfederazioaren politika egonkorra kolokan jarri zutena. Izan ere, mendearen hasieran, Europan absolutismoa nagusitu zenean, Suitzako politika familia kontserbadore ahaltsuen inguruan antolatu zen, baina 1830eko iraultza liberalekin batera hamabi kantonamenduk konstituzio liberalak onartu zituzten. Konfederazioak 1845ean izan zituen unerik larrienak, zazpi kantonamendu katolikok (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo eta Valais) Sonderbudneko Ligan bat egin zutenean. Besteak beste, beren interesak babestu eta jesuitak Luzerna eta Frigurbotik egoztea galarazi nahiak elkartu zituen. 1847an, konfederatuen gudarosteak indarrez hartu zituen kantonamendu katolikoak. 1848ko iraultzekin batera, suitzar liberalek herrialde osorako konstituzio federala onartzea lortu zuten. Berna zuen hiriburu.

Suitzako iparraldea eta Ticino lotu zituen San Gotardoko trenbide-tunelaren inaugurazioa (1882).

Tradiziozko neutraltasuna dela-eta, nazioarteko biltzarrak egiteko leku aproposa da Suitza, eta orobat da erakunde askoren egoitza. Bertan dago, 1863az gero, Nazioarteko Gurutze Gorriaren bulego nagusia, eta Lehen Mundu Gerraz gero, Nazioen Elkartearena.

Suitza Nazioen Elkarteko kide izan zen, baina neutraltasun estatusari eutsi zion. Iheslari politikoak babestu zituen Bigarren Mundu Gerran, uko egin zion Nazio Batuen Erakundeko (NBE) kide izateari, erakunde horren zenbait betekizun neutraltasunarekin ezin adostuzkoak zirelakoan. Alabaina, NBEren mendeko zenbait batzorderen kide da eta behatzaile iraunkor bat du NBEtan. Era berean, zenbait nazioarteko batzorde neutralen kide izan da, hala adibidez Koreako Gerran, 1953ko su-etenaren akordioa gainbegiratzeko; dirua eman zion NBEri Zipreko bakeari eusteko, eta Arantzel eta Merkataritzari buruzko Akordioaren kide da (munduko merkataritza harremanak hobetzeko helburua duen erakundea).

1986ko Txernobilgo hondamendi nuklearra zela eta, manifestazio handiak izan ziren Suitza osoan, bertako bost zentral nuklearren eta oro har egitarau nuklearraren segurtasuna dudan jartzen zutenak. Manifestazio haien ondoren, 1989an gobernuak bazterrera utzi zuen seigarren zentralaren eraikuntza. Hurrengo urtean, erreferendum bidez, hamar urterako, zentral nuklearrak eraikitzeko proiektua eragotzi zen.

1990. urtean suitzar polizia sekretuak gordeta zituela 200.000 bat lagunen artxibo sekretuak jakin zen. Bernako istiluen ondoren, bigundu egin ziren estatuaren segurtasun legeak, eta haien ordez polizia kontrolatzeko arau berriak jarri ziren indarrean. 1992an alde batera uzten hasi zen Suitzaren urte askoko independentzia, eta Munduko Bankuari eta Nazioarteko Diru Funtsari lotu zitzaien. Alabaina, urte horretako abenduan uko egin zioten suitzarrek Europako Ekonomia-Eremuan sartzeari (merkataritza libreko eskualdea, Europa Mendebaldeko herrialde asko lotzen dituena). Hauteskunde horiek Europar Batasunean sartzearen ukoaren seinaletzat hartu ziren.

2001ean erreferendum bat egin zen Europar Batasunean sartzeko, baina gehiengoak uko egin zion. 2001ean, baita ere, hainbat enpresak, tartean Swissair airelinea ospetsuak, porrot egin zuen eta milaka langile kale gorrian geratu ziren. 2002an, abortatzeko eskubidea legeztatu zen, alde batetik, eta, bestetik, Suitza Nazio Batuetan sartu zen. 2006an, inmigrazio eta babes legeak gogortzea erabaki zuen gehiengoak erreferendumean.

Suitza errepublika da, 1874ko maiatzaren 29an onartu eta hainbat aldiz zuzendu den Konstituzioaren arabera gobernatzen dena. Demokrazia zuzena eta zeharkakoa du, herri beregaintasunarekin, botereen banaketarekin eta ordezkaritza proportzionalarekin bateratzen ditu suitzar sistema politikoak. Hautesleek, ordezkariak aukeratzeaz gainera, zuzenean esku hartzen dute auzirik garrantzitsuenetan, erreferendumen bidez; izan ere, erreferendumak Suitzako sistema politikoaren partetzat hartzen dira. Hauteskunde federaletan, 18 urtetik gorako hiritar guztiek dute boto eskubidea; emakumeek 1971. urtean lortu zuten boto eskubidea nazio hauteskundeetan, erreferendum baten ondoren.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Suitzaren banaketa administratiboa»

Suitza 26 estatuz osaturiko konfederazioa da. Estatu horiei kantonamendu esaten zaie. Grisonia da eremu zabalena duena eta Zürichekoa biztanle gehien dituena. Hauek dira 26 kantonamenduak:

Kantonamendua Hiriburua Kantonamendua Hiriburua
Argovia Aarau *Nidwalden Stans
*Appenzell Ausserrhoden Herisau *Obwalden Sarnen
*Appenzell Innerrhoden Appenzell Schaffhausen Schaffhausen
*Basilea Herrialdea Liestal Schwyz Schwyz
*Basilea Hiria Basilea Solothurn Solothurn
Berna Berna Sankt Gallen Sankt Gallen
Friburgo Friburgo Turgovia Frauenfeld
Geneva Geneva Ticino Bellinzona
Glaris Glaris Uri Altdorf
Grisonia Chur Valais Sion
Jura Delémont Vaud Lausana
Luzerna Luzerna Zug Zug
Neuchâtel Neuchâtel Zürich Zürich

*Kantonamendu hauei erdi-kantonamendu deitzen zaie, eta kontseilari bakarra dute (bi beharrean) Estatuen Kontseiluan.

Nestléren bulego nagusiak, Léman aintziraren ertzean.
Andermatt. Turismoak garrantzia handia du Alpeetako eskualdeetan.
Zurich munduko ekonomia gune nagusietako bat da[5].
Sakontzeko, irakurri: «Suitzako ekonomia»

Suitzako ekonomia modernoa, oparoa eta egonkorra da. 2013an barne produktu gordina (nominala) 646.200 milioi dolarrekoa izan zen, munduko 37.a, eta % 2ko hazkundea izan zuen. biztanleko BPG Mendebaldeko Europako herrialde gehienena baino handiagoa da; 2013an 54.800 dolarrekoa zen, munduko 11.a[6]. Ekonomia oso industrializatua dago, eta suitzarren bizitza maila munduko garaienetakoa da. Suitzan dute egoitza munduko multinazional handienetako batzuek, hala nola, Glencore, Nestlé, Novartis, Hoffmann-La Roche, ABB eta Adecco konpainiek[7].

Gaur egun, suitzar ekonomiaren alor nagusiak merkataritza, zerbitzuak (bankuak eta finantzak batez ere) eta turismoa dira, eta enplegu osoaren % 73,2 osatzen zuten 2010ean. Alor horien atzetik daude industria, energia, meatzaritza eta eraikuntza (% 23,4), eta nekazaritza, basogintza eta arrantza (% 3,4)[6].

Suitza beregaina den arren haragiki eta laboreetan, ez lurra ez klima ez dira nekazaritzarako egokiak, eta, hortaz, inportatuak dira kontsumitzen diren elikagai gehienak, eta nekazariek diru laguntza handien beharra dute. Lursail gehienak txikiak dira, familia enpresetan antolatuak. Nekazaritza gai nagusiak azukre-erremolatxa, garia, patatak, sagarrak, mahatsa, esnea eta ardoa dira.

1990eko hamarkadaren hasieran urteko 6,7 milioi m³ egur produzitzen zen Suitzan, baina industria horrek arazoak ditu haizearen kutsadura dela eta, Suitzako basoen % 35 kaltetuak baitaude. Egur gehiena zerrategietan eta papergintzan erabiltzen da. Meatzaritzak ez du garrantzi handirik; aipagarriak dira gatzarriaren produkzioa (gutxi gorabehera, urteko 400.000 t) eta zementuarena (4,4 milioi t).

Industrian dihardu Suitzako biztanle aktiboen heren bat. Ekoizpen nagusiak doitasun makinak, makina-tresna, farmazia gaiak eta erlojuak dira (gaur egun, urteko 28 milioi bat erloju esportatzen da). Aipagarriak dira orobat ehungintza, jantzigintza, oinetakoak, kimika gaiak, metal finduak, elikagaiak (txokolatea batez ere), zurezko gaiak eta papera. Asko estimatzen da suitzar eskulangintza: musika kutxak, brodatuak, zur landua, etab.

Dirua eta bankuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitzako diru banakoa suitzar frankoa da, 100 zentimotan banatua. Suitza nazioarteko finantza gune guztiz garrantzitsua da; bertako bankuek mundu osoko dirua erakartzen dute, politikaren eta finantzen egonkortasuna dela eta, eta banku eragiketen sekretua bermatzen delako. Banku pribatuak dira sarrera iturri nagusietako bat. Zurich da bankuen zentro garrantzitsuena. Bestalde, Zuricheko Burtsa Europako handienetako bat da, eta Zurich da gainera urrearen merkataritza gune nagusia.

Kanpo merkataritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an Suitzako inportazioak 200.500 milioi dolarrekoak izan ziren, eta esportazioak, berriz, 229.200 milioi dolarrekoak[6]. Inportatzen diren gai nagusiak hauek dira: makineria, garraio hornigaiak, petrolio gordina eta findua, metal preziatuak, elikagaiak, burdina, altzairua eta kimika gaiak. Esportazio aipagarrienak, berriz, makineria, farmazia gaiak, jantziak, erlojuak eta metal preziatuak dira.

Merkataritza harreman ohikoenak Alemania, Frantzia, Italia, Britainia Handia, Estatu Batuak eta Txinarekin ditu. Merkataritzaren balantza kontrako hori “esportazio ikusezin” deritzanekin orekatzen da: finantza zerbitzuak eta turismoa. Turismoa da, izan ere, dibisa sarreren eta enplegu sorreraren iturburu nagusia. Ordainketa balantzak (barnean hartzen ditu turismoa eta finantza sarrerak) urteko ia 1.000 milioi dolarreko soberakina izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran.

Garraioetan, famatuak dira Alpeak gurutzatzen dituzten tunelak, bereziki San Gotardokoa (16,32 km), munduko errepide tunel luzeena. Badira, bestalde, Alpeak gurutzatzen dituzten burdinbide tunel handiak, eta berriak egiten ari dira autobideak arintzeko.

Suitzako biztanle dentsitatea (2007)

2013an Suitzak 8.139.631 biztanle zituen[2]. Biztanleria zahartzen ari da (biztanleen % 17,6k hirurogeita bost urte edo gehiago dute[8]), eta 82,39 urteko bizi itxaropena dute, munduko 8. handiena[6]. Urteko hazkunde tasa motela da (% 0,78), eta etorkinei dagokie tasa horren zati handiena.

Atzerritar langileei dagokienez, langile espezializatuen beharrak, batetik, eta familien bateratzeak bestetik, atzerritar biztanleen kopurua handitu dute. 2013an atzerritarrak biztanle guztien % 23,8 inguru ziren[8]. Atzerritarren artean, 2013an italiarrek osatzen zuten talde nagusia (atzerritarren %15,4) eta haien ondoren, Alemania (%15,1), Portugal (% 13,1), Frantzia (% 5,7), Serbia (% 4,7), Turkia (% 4,3) eta Espainiatik (% 3,9) joandakoek[9]. 2014ko otsailean egindako erreferendumean, Europar Batasunetik Suitzara lanera doazen herritarren kopurua mugatzea onartu zuten suitzarrek. Aleman eta italiera hiztun eremuen kantonamenduak izan ziren baiezkoaren aldeko, eta eremu frankofonoak ezetz bozkatu zuten, batik bat[10].

Hiri handienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Hizkuntza ofizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Suitzako hizkuntzak :
Alemana (%64,9), Frantsesa (%22,6),
Italiera (%8,3), Erromantxera (%0,5)

Suitzak lau hizkuntza ofizial ditu: frantsesa, alemana, italiera eta erromantxea.

Aleman hiztunak biztanleen % 64,9[6] dira, eta gehiengoa osatzen dute kantonamendu gehienetan. Frantses hiztunak (biztanleen % 22,6[6]) Jura, Neuchatel, Fribourg, Geneva, Vaud eta Valais kantoietan bizi dira, batez ere. Italiera hiztunak (% 8,3[6]) gehiengoa dira Ticino kantonamenduan. Erromantxe hiztunak (%0,5[6]) Grisonian bizi dira.

Suitzako Itzulia itzuli garrantzitsua da. Ekainean izaten da Frantziako Tourra baino lehen. Lehen ekitaldia 1933. urtean izan zen. Ion Izagirre txirrindulari gipuztarra bigarren izan zen 2016. urteko ekitaldian. Historiako txirrindulari honenetakoak itzuli hau irabazi dute. Adibidez, Eddy Merckx, Jan Ullrich, Gino Bartali edota Alex Zulle txirrindulariek itzuli hau irabazi zuten.

Suitzar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]