Marguerite Yourcenar
Marguerite Yourcenar[1] (Brusela, Belgika, 1903ko ekainaren 8a - Mount Desert Island, Ameriketako Estatu Batuak, 1987ko abenduaren 17a) belgikar eleberrigile, olerkari, itzultzaile eta antzerkigilea izan zen. Bere jaiotze izena Marguerite Cleenewerck de Crayencour zen, baina 1947an bere goitizena (Marguerite Yourcenar) legeztatu eta bere izentzat hartu zuen. 1980an Frantses Akademiako kide izendatu zuten.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marguerite Antoinette Jeanne Marie Ghislaine Cleenewerck de Crayencour[2] Bruselan jaio zen, 1903an. Aita, Michel Cleenewerk de Crayencour, Frantziar Flrandriakoa zen eta ama, Fernande de Cartier de Marchienne, berriz Belgikako nobleziako familia batekoa. Ama erditze haren ondorioz hil zen Marguerite jaio eta hamaika egunetara.
Marguerite aitaren aldeko amonarekin, Noémi Dufresne, eta aitarekin hazi zen. Neguak Lillen pasatzen zituen eta udak berriz, Lehen Mundu Gerrararte, familiak Mont Noir-en (Saint-Jans-Cappel) zuen jauregian.
Ibilbide literarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1921ean olerki bilduma bat argitaratu zuen, Le Jardin des chimères, Marguerite Yourcenar ezizenez. Benetako abizenaren agrama den Yourcenar erabili izan zuen izen literariotzat.
Bidaia ugari egin zituen Marguerite Yourcenar-ek Europan barrena bere aitarekin—Ingalaterra, Suitza, Italia, Grezia—. Azken horretan bereziki, Grezian, aurkitu zuen antzinako zibilizazio eta hizkuntzetarako zaletasuna asetzeko iturburua.
1929an, aita hil zitzaion urte berean, lehen eleberria argitaratu zuen, Alexis edo Alferrikako guduari buruzkoa.
Bidaiatzeaz batera, etengabe jarraitu zuen idazten —saiakerak (Pindare, 1932), eleberriak (Denier du rêve, 1934), olerkiak (Feux, 1936), eta itzulpenak (Virginia Woolf-en Les Vagues, 1937)—.[3]
1939an Europan gerra hasteko zorian Estatu Batuetara aldatu zen, bi urte lehenago Parisen ezagutu zuen Grace Fricken albora. Bertako unibertsitateetan irakasle aritu zen, eta behin-betiko bizilekua ere bertan hautatu zuen.1947an lortu zuen amerikar herritartasuna. 1942az geroztik ezagutzen zuten Maine estatuko Mount Desert irlan jarri ziren bizitzen 1950an eta bertan bizi izan ziren elkarrekin 1979an Grace Frick bularreko minbizi baten ondorioz hil zen arte.[4]
LIteratura konparatuko irakasle izateaz gain Henry James, Yukio Mishima eta eta Virginia Woolf idazleen lanak ere itzuli zituen.
1971an Belgikako Frantses Hizkuntza eta Literaturaren Errege-Akademiako kide izendatu zuten, eta 1980an Frantses Akademiakoa, erakunde honek onartutako lehen emakumea izen zen.
Bi obra nagusik eman zioten osperik handiena, 1951an argitaratutako Hadrianoren Oroitzapenak eleberriak eta L'Oeuvre au noir (1968), Fémina sariaren irabazleak. Hadrianoren oroitzapenak eleberria idazteko hamar urte behar izan zituen, baina kritikaren gorespena eta mundu mailako arrakasta lortu zituen.
Mount Desert irlan (Maine, Ameriketako Estatu Batuak) zendu zen 1987an, Petite Plaisance izeneko bere etxean. Gaur egun bere etxea izandakoa idazlearen bizitza eta obraren inguruko museo bilakatu da.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Le jardin des chimères (1921)
- Alexis ou le traité du vain combat (1929)
- La nouvelle Eurydice (1931)
- Pindare (1932)
- Denier du rêve (1934, 1958–59)
- La mort conduit l'attelage (1934)
- Feux (1936)
- Nouvelles orientales (1938)
- Les songes et les sorts (1938)
- Le coup de grâce (1939)
- Mémoires d'Hadrien (1951)
- Électre ou La chute des masques (1954)
- Les charités d'Alcippe (1956)
- Constantin Cavafy (1958)
- Sous bénéfice d'inventaire (1962)
- Fleuve profond, sombre rivière: les negros spirituals (1964)
- L'Œuvre au noir (1968)
- Yes, Peut-être, Shaga (1969)
- Théâtre (1971)
- Le labyrinthe du monde. I, Souvenirs pieux (1974)
- Le labyrinthe du monde. II, Archives du Nord (1977)
- Mishima ou la vision du vide (1980)
- Anna, soror... (1981)
- Comme l'eau qui coule (1982)
- Le temps, ce grand sculpteur (1983)
- Le labyrinthe du monde. III,Quoi? L'Éternité (1988)
- En pèlerin et en étranger (1989)
- Le Tour de la prison (1991)
- Lettres à ses amis et quelques autres (1995)
Euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hadrianoren oroitzapenak (Mémoires d'Hadrien) (1985). Elkar argitaletxea. Itzultzailea: Joxe Austin Arrieta.[5]
- Alexis edo alferrikako guduari buruzkoa (Alexis ou le traité du vain combat) (1988). Elkar argitaletxea. Itzultzailea: Maite Gonzalez Esnal.[5]
- Ekialdeko kontakizunak (Nouvelles orientales) (1996). Ibaizabal argitaletxea. Itzultzailea: Imanol Zurutuza.[5][3]
- Erremateko tiroa (Le coup de grâce) (2007). Alberdania argitaltxea. Itzultzailea: Josu Zabaleta.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ Kritiken hemeroteka: Esaten ez dena. (Noiz kontsultatua: 2019-02-08).
- ↑ a b «Marguerite Yourcenar - Ekialdeko kontakizunak» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-18).
- ↑ Goslar, Michèle.. (2002). Marguerite Yourcenar: qué aburrido hubiera sido ser feliz.. Paidós ISBN 84-493-1307-4..
- ↑ a b c d «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-18).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marguerite Yourcenar |
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Marguerite Yourcenar museoa
- (Frantsesez) Marguerite Yourcenar saria