Intxaurrondo (auzoa)
- Artikulu hau Donostiako auzoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Intxaurrondo (argipena)».
Intxaurrondo | |
---|---|
Euskal Herria | |
Intxaurrondo auzoaren aireko ikuspegia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°19′07″N 1°57′15″W / 43.318699°N 1.954042°W |
Garaiera | 85 metro |
Demografia | |
Biztanleria | 16.900 ({{{urtea}}}) |
Intxaurrondo Donostiako (Gipuzkoa) auzoa da. 16.200 biztanle bizi ziren gutxi gorabehera (2014an). Egun, 15.696 biuztanle bizi dira (2022). Bere iparraldeko mugan Ulia eta Bidebieta auzoak ditu, ekialdean Altza, hegoaldean Martutene eta Loiola, eta mendebaldean Egia. Bi zatitan banatuta dago auzo hau: Ipar Intxaurrondo edo Intxaurrondo Zaharra, eta Hego Intxaurrondo edo Intxaurrondo Berri. Renfeko trenak zeharkatzen du Intxaurrondo Zaharra, eta bi geltoki ditu bertan: Ategorrieta eta Intxaurrondo. Euskotren geltoki bat dauka Hego Intxaurrondon. Barianteak zatitzen ditu Ipar Intxaurrondo eta Hego Intxaurrondo auzuneak.
Bi ikastetxe publiko ditu: Intxaurrondo eta Intxaurrondo Hegoa. Bi kiroldegi ere baditu: Mons izenekoa eta Hego Intxaurrondokoa. Gainera aipatu beharra dago Intxaurrondo bi kultur-etxe dituela. Alde batetik, Larrotxene, eta beste aldetik, Intxaurrondo Berrikoa.
Historia [1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun Intxaurrondo auzoak hartzen dituen lurren inguruko lehen erreferentziatan oinarrituta baso zabalak, eta biztanle gutxiko gune bat zela imajina genezake. Santxo Jakintsuaren garaietan, XII. mendean, Altza 29 etxez osatua zegoen, haietako batzuk gaur egungo Intxaurrondo auzoko eremuan.
Mende batzuk beranduago basoak desagertu eta baserri inguruko lanerako gune bihurtu ziren lur haiek. Bertan kokatu ziren orain gutxi desagertu ziren Lizardi, Zarategi, Baratzategi, Otxoki edo Siurtegi eta gaur egun oraindik zutik dauden Intxaurrondo Zaharra, Parada, Larrotxene edo Arantzuiene baserriak.
Gerrate karlistetan mugatik gertu zeuden baserri hauek eta 1836tik XIX.mendearen amaiera arte Miracruz (Labeas), Jauregi, Cristina (Zarategi) Ametza eta Ametzagaina izeneko gotorlekuak eraiki ziren.
Ametzagaina gotorlekuaren arrasto batzuk zutik daude oraindik. Gotorleku hauetatik erasotzen zuten eta erasotuak ziren.
Altzako herriari lotutako auzoa izanik 1910ean hiribildu izendatua izan zen, Donostiatik bereizteko hainbat saiakera egin zituzten XIX eta XX. mendeetan. 1821 eta 1823 urte bitartean independentea izan zen. Geroago, 1879an, berriro independentzia lortu zuen 1940 bitartean
Intxaurrondo izena Intxaurrondo Zaharra izeneko etxearen inguruan biltzen zen etxe multzoari esaten zitzaion. Monumentu historiko izendatua bera. Eta baita Uliatik Ametzagainara, Mirakruzetik Marrutxipira eta Marrutxipiko gunea eta Altzakoari.
1864an Norteko ferrokarrila inauguratu zen, horrek auzoa bitan zatitu eta erabat aldatu zuen bere panoramika. 2012an trenbidearen zati bat estali den arren, auzoak estalketa erabatekoa izatea eskatzen jarraitzen du. XX. mendearen hasieran Errenteriako tranbia egin zen eta bere ibilbidea Txaparrene parkea eta Gaztañaga dira.
XX. mendearen erdialdean langileentzako auzuneak eraikitzen hasi ziren, eraikuntzaren espekulazioa medio eta era desordenatuan. 1954tik aurrera Elkoro, San Luis, Don Bosko, Irurak, Esperanza, Lafont, Lizardi eta Gazteluko auzuneak eraiki ziren. Bariantea egiteak berriro zatitu zuen auzoa bi gunetan: Ipar-Intxaurrondo eta Hego-Intxaurrondo.Azken fase horiek bukatuta auzoa eraikinez josita geratu da ia erabat, mugakide diren Ulia eta Ametzagaina aldeak kenduta.
-
"Larrotxene" baserria zena, orain kultur etxea.
-
"Parada" baserria.
Ordura arte lehenagoko Altzako baserri-gunea zenak 1968an inguruko planifikazio urbanoaren arabera aldaketa handiak jaso zuen eta inguruko 19 baserri bota zuten.[2]
« | Patxi Lazkano, bertso biltzen hasi berria nintzen hartan ezagutu nuen, 1959 urtean. Otxoki bere jaiotetxean ezagutu ere. Otxoki baserri hori Ametzagaina mendiaren babesean zegoen, Donostitik Altzara zihoan mendi-bidearen bazterrean. Baina orain urte batzuk bota egin zuten, beste hemeretzi baserrirekin batera. | » |
Besteak best baserri hauek eraitsi zituzten: Arruex (Arruas eta Ondarralde izenak ere erabiltzen ziren); Arjel-etxeberri, bi bizitza; Arjel-aundi; Arjel-txiki; Xiustegi; Zarategi, bi bizitza; Lizardi; Basatxiki, bi bizitza; Sagastieder; Baratzategi; Tuniz; Tuniz-berri; Igola; Xibili-txiki ta Xibili-aundi.
Egoera hartako samina adierazteko hamabi bertso sortu zituen Otxoki baserrian bizi zen Patxi Lazkano "Otxoki" baserritar eta bertsolariak, Haietakoak dira bi hauek: Otxoki nere jaiotetxeari, 1968[2]
- Gu bezalaxe famili asko
- dirade errukarriak,
- baserritikan bota gaituzte
- ta kalera etorriak;
- batzuk dirade amona zaharrak,
- beste batzuk elbarriak,
- hoientzat ere iritsi dira
- munduko egun gorriak.
- Han utzi ditut aran-arbolak,
- utzi ditut gereziak,
- Han utzi ditut piko ta udare,
- sagar gez eta gaziak;
- nere bihotzan zain bana dute
- han dauden arbol guziak,
- nere barrena samindutzen du
- horrela galtzen utziak.
Auzoko eragileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intxaurrondon aritzen diren eta aritutako eragileen zerrenda [3]:
|
|
|
|
-
Ume jolas eskultura Donostiako Intxaurrondoko Basotxiki plazan.
-
Siluetak eskultura Donostian Intxaurrondo auzoko Zarategi pasealekuan.
Intxaurrondotar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Patxi Lazkano "Otxoki", baserritarra eta bertsolaria.[11]
- Josetxo Mayor (1934 - 2017), Ulia mendiko zaindaria
- Elena Arzak (1969), sukaldaria
- Juan Mari Arzak (1942), sukaldaria
- Koldo Izagirre (1953), idazlea.
- Felipe Juaristi (1957). idazle eta poeta
- Iñaki Alegria (1957), informatikaria
- Antton Etxeberria (1959-2018), antzerkilari eta aktorea
- Amaia Ilarreta (1964) dantzaria, irakasle eta pedagogoa Langaitz Ikastolan
- Edu Muruamendiaraz (1964), dantzaria eta koreografoa.
- Iñigo Larrinaga Beristain (1968), aktorea)
- Aitzpea Leizaola (1971), Antropologoa eta irakaslea
- Ainhoa Aierbe (1974), aktorea.
- Fernando Ruiz Laurencena (1980), pailazo, aktore, eta dantzaria
- Amaiur Esnaola (1992), zoologoa[12]
- Mikel Karton (1992). abeslaria.
- Jone Laspiur Gorosabel (1995), aktorea eta artista
- Barry Manley, umoregile, bakarrizketari, idazlea.
- Jon Elizalde, Esne Beltza taldeko musikaria
- Koldo Soret, Niña Coyote eta Chico Tornado) taldeko musikaria
- Joxerra Unanue, artista.
- Eztangatarrak (Juanjo, Oskar, eta Aitziber). musikariak
-
Juan Mari and Elena Arzak
Garraiobidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Intxaurrondoko geltokia: ADIF garraio enpresak ustiatua (antzinako Renfe).
- Intxaurrondoko geltokia (Euskotren): Euskotren garraio enpresak ustiatua.
Parkeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ametzagainako parkea. Bertako ametzak ikusgarriak dira. Parke barruan historiaurreko giza-aztarnategi bat dago, baita gerra karlistetako gotorlekua ere.
- Arkazieta parkea
- Castelao parkea
Merkataritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1997an Intxaurrondo eta Altza auzoen artean Garbera merkataritza-gunea ireki zen.
Kale izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
|
|
|
-
Castelao parkea
-
Bernat Etxepare plaza
-
Sagastieder plaza
-
Hego Intxaurrondoko kiroldegia
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Josean San Roman, 2012, Intxaurrondo auzoko historia laburra. 1. Intxaurrondo Eguna[Betiko hautsitako esteka]. Intxaurrondoko Larrotxeneko kultur etxearen 25. urteurrenean. Donostia. 2012ko irailaren 12a.
- ↑ a b Lazkano, Patxi; Zavala, Antonio. (1983). Tiro tartean bertsotan. Euskaltzaindia, Auspoa liburutegia 168, 140-143 or..
- ↑ Intxaurrondo bizirik dagoen auzoa bideoa, Intxaurrondo auzoko eragileen hainbat argazki (1939-2012) 1. Intxaurrondo Eguna. Intxaurrondoko Larrotxeneko kultur etxearen 25. urteurrenean. Donostia. 2012ko irailaren 12an.
- ↑ Inter kirol elkartea
- ↑ «IZBE, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea» IZBE (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
- ↑ IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea. webgune zaharra. Archive
- ↑ Ipar Haizea Ipar Intxaurrondoko auzo elkartea.
- ↑ Intxaurdi. Intxaurrondo Berriko auzo elkartea.
- ↑ Intxaurrondo ikastola
- ↑ Intxaurrondoko kultur etxea.Intxaurrondoko kultur etxea. Larrotxene
- ↑ Lazkano, Patxi; Zavala, Antonio. (1983). Tiro tartean bertsotan. Euskaltzaindia, Auspoa liburutegia 168.
- ↑ «Amaiur Esnaola intxaurrondotarrak IKERGAZTE sari bat jaso du» Plazara Goaz 2017-05-13 (Noiz kontsultatua: 2018-10-21).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |
- Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea
- Intxaurrondoko berriak Irutxuloko Hitza astekarian.
- Intxaurrondoko berriak Irutxuloko Hitza astekarian 2012ra arte.
- Intxaurrondo bizirik dagoen auzoa bideoa, Intxaurrondo auzoko eragileen hainbat argazki (1939-2012). 1. Intxaurrondo Eguna. Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxearen 25. urteurrenean. Donostia. 2012ko irailaren 12an.
- Web Intxaurrondo argazkiak. 1999-2011 urteetan Intxaurrondoko hainbat jardueretan (Kaldereroak, San Juan sua, Kaldero Jaun jaiak, danborradak...) egindako argazkiak. Mila argazki baino gehiago 79 karpetatan.
- Intxaurrondoko argazkiak. 2014an auzoa ezagutzeko "Aniztasuna" jardunaldian antolatu zen bisita gidatuan eginak.
- Ametzagaina parkea. Neguan argazki bilduma Flickr-en (113 argazki libre).
Donostiako auzoak | ||
---|---|---|
Aiete (Bera-Bera • Miramon-Zorroaga ) • Altza ( Herrera, Larratxo ) • Amara • Amara Berri ( Loiolako Erriberak, Morlans ) • Antigua ( Benta Berri, Lugaritz ) |