[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Inkisizioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Auto de fé, Pedro Berruguete (1475), Pradoko Museoan.

Inkisizioa (latinezko Inquisitio Haereticae Pravitatis Sanctum Officium esapidetik) Eliza Katolikoaren barnean heresia ezabatzen jarduten zuten hainbat erakunde izendatzeko erabiltzen da. Heretikoak aurkitu eta zigortzeko sortutako eliz auzitegi iraunkorra zen. Zuzenbide kanonikoaren kontrako aginpideak ere zigortzen zituzten.

Erdi Aroko inkisizioa, beste guztien oinarria, 1184an sortu zen Languedocen (Frantziako hegoaldean) albitar eta kataroen heresiari aurka egiteko. 1249an ere Aragoiko Erresuman ere ezarri zen (estatuko lehen inkisizioa izan zen) eta Aro Modernoan, Espainiar Inkisizioaren izenarekin (1478-1821) Aragoi eta Gaztelaren elkarketarekin hedatu zen. Espainiaren kontrolpean egonik, Amerikaren eremuetara zabaldu ziren. Jarraian sortu ziren Portugaldar Inkisizioa (1536-1821) eta Erromatar Inkisizioa (1542-1965).

Inkisidoreak polizia-indar bat ziren, jendearen salaketen bidez heretiko ustekoak atxilotu eta epaitzen zituztenak. XIII. mendetik, aitorpenak lortzeko, torturatu egiten zuten[1] eta errudunei (gehienak, salatu gutxi izaten baitziren errugabe deklaratuak) zigor arin bat (ondasunen konfiskatzea) edota gogor bat (urkatzea bere bekatugatik damutzen bazen, erretzea damutzen ez bazen) aplikatzen zitzaien.

1834an desagertu zen behin betiko Inkisizioa eta Pio X.ak 1908an Fedearen Doktrinarako Kongregazioa sortu zuen haren ordez.

Inkisizioaren ikurra.

Historialariek lau inkisizio-mota edo mugimendu bereizten dituzte:

  1. Erdi Aroko Inkisizioa (1231 – XVI. mendea)
  2. Espainiar Inkisizioa (1478 – 1834)
  3. Portugaldar Inkisizioa (1536 – 1821)
  4. Erromatar Inkisizioa (1542 – 1860 inguru)

Inozentzio III.ak sortu zuen 1215ean, heresia zapaldu eta heretikoak zigortzea helburua zuen prozedura kanonikoa. Erakundea, ordea, Gregorio IX.ak sortu zuen 1231an, kataro edo albitarren aurka borrokatzeko. Domingotarrek hartu zuten auzitegiaren ardura. 1252an Inozentzio IV.ak Inkisizioak prozesua eta tortura erabiltzea onartu zuen.

Oso auzitegi ankerra izan zen. Erruduntzat jotakoak gogor zigortzen zituzten, baina, zigorrik handiena sutan erreta hiltzea zen. Inkisizioa Siziliara, Napolira, Milanera, Herbehereetara eta, geroago, Ameriketako kolonietara ere zabaldu zen. Heretikoa edonon aurkitu, epaitu eta zigortzeko sistema oso bat zen Inkisizioa.

Kataro eta albitarren aurka eraginkorra izan zen, baina, Espainia eta Italian izan ezik, ezin izan zuen ezer egin Europan protestantismoaren aurka.

Inkisidorearen teknika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

≪Heretiko bat lehen aldiz aurkezten dutenean ikerketa egiteko, nagusitasun-jarrera hartzen du, agian, errugabea dela ziurtatzeko. Zergatik ekarri duten niregana galdetzen diot. Hark erantzuten du, irribarretsu eta adeitsu: "Jauna, zure arrazoia jakin nahiko nuke". Baina inkisidore kementsuak ez da inoren manipulazioan erori behar; jokaera irmoa izan behar du, pertsona horiek huts egin dutela aitortu arte. Eta zin faltsua egin zutela aurkituz gero, agintarien esku utzi ahal izango ditu, zigor dezaten.≫

Bernardo Guy, "Inkisizioaren teknika", 1307. Moldatua

Inkisidorearen aurkako kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Aitak semearen alde egiten badu, hure ere atxilotu eta kartzelaratzen dute, heretikoei laguntzeagatik. Gainera, inork ezin du presoa bisitatu, eta leku hartan dago, bakar-bakarrik, lurra baino ez duela begien aurrean, eta ez zaio uzten ez irakurtzen, ez idazten. Ilunpetan irauten du, sekulako izuaz, goibel eta zeharo beldurturik, heriotzaren erasoei aurre eginez. Kartzelako samindura eta izugarrikeria horietaz gain, zauriak, mehatxuak, zartadak eta zigortzeak, burdinak, torturak et oinazeak jasan behar dituzte. Batzuetan, presondegitik atera eta leku garrantzitsu batean erakusten dituzte, jendearen ikusgarri, gaitzespena eta irainak jasan ditzaten."

John Foxe, "Martirien Liburua", 1563. Moldatua.

Fernando II.a eta Elisabet I.a errege-erreginek Nafarroari eraso egin eta konkistatu zutenean hasi zen Inkisizioaren aro modernoa. Haien erresumaren batasuna ortodoxia katolikoan oinarritu nahi zuten, eta horretarako, juduak eta musulmanak kristautzeaz gainera, heretikoak zigortzeko 1478-1483an Inkisizioa izeneko auzitegi berezia sortu zuten, Sixto IV.ari esker izaera erlijioso-politikoa zuena.

Tomas de Torquemada izan zen lehen inkisidore nagusia eta Cisneros kardinala buruetako bat. Inkisizioa aita santuaren menpe zegoen Europan, baina Fernando II.ak Gaztela eta Aragoiko erregeen menpeko lurretan Inkisizioa bere esku jartzea lortu zuen. Euskal Herria lehenengo Calahorrako tribunalaren menpe egon zen, eta gero, Logroñokoaren pean.

Inkisizio modernoa tresna eraginkorra izan zen egoera politikoa kontrolpean edukitzeko, baita sortu nahi zen estatu-motaren berdinkeria ideologikoaren disidentzia zigortzeko ere. Inkisizioaren helburua heretikoak zigortzea zen, baina "heretiko" hitzaren azpian gauza asko sar zitezkeen, eta Gaztela-Aragoiko eta Frantziako monarkiak muga Pirinioetan jarri nahian ari ziren.

Monarkia haren kontra zegoen guztia susmopean jarri zuten: mugak itxi zituzten, odol-garbitasuna aldarrikatu zuten, hizkuntza bakarra, eliza bakarra eta jainko bakarra ezarri, eta hortik kanpo zegoena desagerrarazi.

Filipe II.a Espainiakoaren garaian, 1575ean, Hego Euskal Herrian egin zen sorgin-jazarpena ikaragarria izan zen. Iparraldean, berriz, Henrike IV.ak bidali zuen Lapurdira Pierre de Lancre magistratu frantziarra, 1609an.

Sorginen aurka egin ziren prozesu basatienak Zeberion (Bizkaia), Zugarramurdin (Nafarroa Garaia) eta Lapurdin egin ziren.

XVII. mendearen hasieran Inkisizioak beste egiteko ugari bete zuen, ia beti kristau-ortodoxiaren defentsan edo aitzakian: muga eta portuetako jende- eta liburu-trafikoaren kontrola, adibidez.

XIX eta XX. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1834. urtean desagertu zen behin betiko Inkisizioa, eta Pio X.ak 1908an "Ofizio Santua" izeneko kongregazioa sortu zuen haren ordez.

Joan Paulo II.ak barkamena eskatu zuen 2004ko ekainaren 15ean, Roger Etxegarai kardinal lapurtarrari bidalitako gutun baten bidez: Inkisizioak egindako gehiegikeriak fedearen eta jainkoaren aurkakoak izan zirela esan zuen.

Inkisizioa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luzio III.a Aita Santuak 1184. urtean eman zuen Ad Abolendam («Garbitasunaren alde») dekretuaren ondoren antolatu ziren Erdi Aroko Inkisizio auzitegi bereziak. Auzitegi zibilen esku zegoen Nafarroako erresuman kristautasunaz kanpoko erlijio, sineste eta praktiken aurkako zapalkuntza, eta une bakan batzuetan baizik ez zuen elizako hierarkiak ahalmen hori beretzat hartu. 1478. urtean ezarri zuen Sixto IV.a Aita Santuak Inkisizioa Gaztelako erresuman (Inkisizio Berria, Tribunal del Santo Oficio gaztelaniaz), Errege-erregina Katolikoek hala eskatuta, eta inkisidoreak zuzenean hautatzeko ahalmena jaso zuten erregeek. 1481. urtean salatu zuen Aragoiko Inkisizioak Tuteran horrelako instituziorik ez egona, eta 1486an gutun bat bidali zieten Errege-erregina Katolikoek hiri hartako agintariei, bertan babesten ziren heretikoak beren esku uzteko aginduz. Ez zuen batere harrera onik izan gutun hark eta beren lurraldean Inkisizioko agintaririk ez zutela onartuko erantzun zuten tuterarrek. Tarazonako apezpikutzaren barrutian zegoen Tuterako hiria, baina bertara jotzen zuten Aragoiko heretikoak, Nafarroako erresuman inkisiziorik ez zegoenez. Gaztelako eta Aragoiko erregea Nafarroako erresumaz jabetu ondoren sortu zen bertako lehen Inkisizio auzitegia (1513), baina, Nafarroako erresuma berreskuratzeko gerra zela medio, Calahorrako (1522) eta, ondoren, Logroñoko hirira (1570) eraman zuten auzitegia, Iruñean eta Tuteran egon ondoren. Calahorrako hirian izan zuen egoitza Hego Euskal Herriaz arduratzen zen Inkisizioaren auzitegiak 1570 arte.

Koroaren zerbitzupeko instituzioa izan zen Inkisizioa, izatez erlijio erakundea bazen ere. Erlijio-ortodoxia katolikoa erreformaren eta beste erlijioen erasoetatik begiratzea zuen helburu Inkisizioak, baina laster hasi zen errepresio-esparrua zabaltzen berez ez zegozkion beste eremu batzuetara, heterodoxiarako bide guztiak eragotzi nahian (sexu-ohiturak, odol-garbitasuna, sorginkeria eta antzinako sinesteak, jakintza eta ideologia mailako joera libreak...). Inkisizioaren helburua heretikoak zigortzea zen, baina "heretiko" hitzaren azpian gauza asko sar zitezkeen eta, Gaztela-Aragoiko eta Frantziako monarkiak muga Pirinioetan jarri nahian ari ziren. Monarkia haren kontra zegoen guztia susmopean jarri zuten; mugak itxi zituzten, hizkuntza bakarra, eliza bakarra eta jainko bakarra ezarri, eta hortik kanpo zegoena desagerrarazi.

Anboto, Durangaldean.
Sakontzeko, irakurri: «Sorgin ehiza Euskal Herrian»

Ipar Euskal Herrian ez zen Inkisizio auzitegi berezirik izan: Lapurdi eta Zuberoa Bordeleko Parlamentuko justizia-gortearen manupean egon ziren, eta Nafarroa Behereak eutsi zien bere justizia-erakundeei. XVI. mendean zehar erreformazaleen eta katolikoen arteko gerra zabaldu zen Nafarroa Behereko, Zuberoako eta, modu apalagoan, Lapurdiko lurretara, eta liskar-giro hura baretze bidean jarri zenean baizik ez zen abiarazi Ipar Euskal Herriko heterodoxiaren aurkako borroka, Bordeleko Parlamentuko epaile zibilek zuzendua betiere. Euskal Herriko sorginen aurkako errepresioak bere gorena iritsi zuen XVII. mendearen hasieran (Bordeleko auzia, Lapurdiko sorginen aurka, Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko epaileak bideratua, 1609. urtean, eta Logroñoko auzia, Zugarramurdiko sorginen aurka, 1610. urtean, Espainiako Inkisizioak bideratua).

Erlijio eta ideologia ortodoxiari dagozkion arrazoiez gainera, politika-kutsua darien arazoak ere tartekatu ziren Euskal Herriko sorginkeriaren aurkako auzietan: sorginkerietan ibili ohi zirelako salaketak bideratu ziren Nafarroa Garaian 1527. urtean Nafarroako agaramontarren aurka. Bestalde, xenofobia-giro bortitza nagusitu zen bazter guztietan (Lapurdin babestu ziren judu espainiarren eta portugaldarren aurkako kanpainak, odol-garbitasunerako neurri estuak Hego Euskal Herrian...).

Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko sorginen aurka Inkisizioak bideratu zituen neurriak askoz ere leunagoak izan ziren Bordeleko Parlamentuak Lapurdiko jendearen kontra erabili zituenak baino.

XV. mendean hasi zen sorgin-ehiza gauzatzen; halere, kasu bakan batzuk baino ez ziren izan, Anboto aldean gehienak. Garai berean, Logroñon 30 emakume epaitu eta erre omen zituzten. Sorgin-ehiza garrantzitsuenak XVII. mendearen hasieran gertatu ziren. 1609an Pierre de Lancrek lapurtarren aurkako epaiketa hasi zuen, guztiak sorginak zirela pentsatzen baitzuen; ondorioz, ehunka pertsona erre zituen, apaizak barne, halere gutxi iruditu zitzaion eta penaturik joan zen Lapurditik.

Zugarramurdin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zugarramurdiko sorginkeria prozesua»

Gutxira Logroñoko prozesua hasi zen. Prozesu horretara Zugarramurdiko sorginak eraman zituzten eta inkisidorea Juan Valle Alvarado izan zen[2]. 300 bat pertsona salatu zituzten, soro eta animalietan kalteak sortzea eta ekaitzak sorraraztea egotzita. Logroñora 40 bat pertsona eraman eta bertako inkisidoreek 18 pertsona libre utzi eta beste 12 hiltzera kondenatu zituzten, gainerakoak torturak jasatean hil baitziren. Gaur egun, Zugarramurdiko haitzuloan Logroñoko prozesuan epaitutakoen zerrenda dago ikusgai, eta bertan izena, data eta egotzitako errua agertzen dira. Gizon, emakume, nahiz neskatilen izenak agertzen dira[2].

Inkisizioaren fede auto bat, Francisco de Goyaren margolan batean.

Gregorio IX.ak eraiki zuen lehen Inkisizio-auzitegia (1231), bereziki kataro eta albitarren aurka borrokatzeko. Tortura erabiltzea Inozentzio IV.ak onartu zuen (1252). Erruduntzat jotakoak gogor zigortzen zituzten, zigorrik gogorrena sutan erreta hiltzea zen. Heriotza-zigorra aplikatzeko, auzitegiak beso sekularrari entregatu ohi zion kondenatua.

Hiru Inkisizio-auzitegi mota bereizi behar dira historian:

  • Auzitegi erromatarrak kristandadean eraikitakoak (Erdi Aroan).
  • Espainiako Inkisizioa, Errege-erregina Katolikoek sortua (XV-XIX. m.).
  • Tronu Santuko Inkisizioaren Kongregazio nagusia, 1542an sortua.

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inkisizioa hiri batera iristen zenean, grazia-ediktua ematen zuen. Igandeko meza bukatzean, inkisidoreak ediktua irakurtzen zuen: heresia posibleak azaltzen ziren, eta denak animatzen zituzten inkisizio-auzitegira joateko beren kontzientziak askatzeko. Asko ziren presentatzen zirenak elizan boluntarioki eta ustezko gaizkide guztiak aitortzen zituztenak.

Salaketak oro ziren onartuak, baita anonimoak ere. Gainera, salatuak ezin zuen jakin nork salatzen zuen.

Aztertzaileek salaketa aztertzen zuten, eta heresia zegoenez erabaki behar zuten, deliberazio sekretuetan zehar. Salaketa indartzen zuen zantzu txikiena topatzen bazen, susmagarria berehala atxilotu eta galdekatzen zuten. Galdeketak nahasiak ziren, bere familia eta lagunei buruzkoak, dogmari eta herexiari buruzkoak... Akusatuak izuturik eta egoera ulertu gabe egin behar zien aurre, inoiz ez baitzitzaion argitzen nork edo zergatik salatu zuen. Akusatuen erantzunak erruduntasun seinaletzat jo ohi zituen Inkisizioak. Ondoren, inkisizio prozesua hasten zen, ofizialki. Prozesua hasten zenetik epaiketara denbora luzea igaro zitekeen. Kasu batzuetan, atxilotuak bi urte kartzelan itxaroten zuen aztertzaileak kasua aztertu arte.

Susmagarria atxilotzen bazuten, Inkisizioak haren ondasunak bereganatzen zituen. Atxilotuak urteak pasa zitzakeen kartzelan zergatia jakin gabe. Ohikoa zen jendea kartzeletan hiltzea.

Prozesu inkisitoriala audientzia batzuez osatuta zegoen. Salatuari abokatu bat izendatzen zitzaion, eta honek salatua aitortzeko konbentzitu behar zuen. Kasua bukatzean bozketa bat egiten zen, eta denak akordio batera iritsi behar zuten.

Akusatua errugabetzat jotzea gerta zitekeen, baina gutxitan gertatzen zen. Prozesua bertan behera geratzen bazen, akusatua libre geratzen zen.

Erruduntzat jotzen bazuten, bere delituak aitortzeko aukera eskaintzen zitzaion. Akusatua errekontzilia zezaketen eta kartzelara bidali, ondasunak kendu edota gorputz-zigorra jaso zezakeen. Heriotza zigorra ezartzen baldin bazitzaion, garrote vil delakoaz edo beste metodo batez erailak ziren. Delituak aitortzen ez bazituen, zigorrak gogorragoak ziren. Zigor larriena erlaxazioa zen, hau da, bizirik sutan erretzea.

Epaitegiaren osaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaitegiak normalean honela zeuden osatuta:

  • Bi edo hiru inkisidore
  • Jasotzaile bat
  • Fiskal bat
  • Sekretuko hiru notario
  • Bahiketen eskribau bat
  • Nuntzio bat
  • Udaltzain bat
  • Atezain eta kartzelari bat

Ezinezkoa da justifikazio bat bilatzea jazarpenak egiteko zeuden arrazoiak. Hauek ziren batzuk:

Irtenbiderik ez zuten, denak kondenatuak zeuden eta batzuk sententziatuak.

Tortura-motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bi inkisidore torturatuari damutzeko eskatzen.

Aitorpenak lortzeko, torturatu egiten zuten jendea eta errudunei (gehienak, salatu gutxi izaten baitziren errugabe deklaratuak) zigor arin bat (ondasunen bahitzea) edota gogor bat (urkatzea bere bekatugatik damutzen bazen, errea ez bazen damutzen) aplikatzen zitzaien.

Hauek dira inkisizioak aplikatzen zituen tortura-mota batzuk:

  • Zerra: heretikoa buruz behera jartzen zen eta hankartetik zerra sartzen zen hil arte. Askotan ez zuten konortea galtzen zilborrera iritsi arte.
  • Zikoina: Eskuak eta hankak zikoinan jartzen ziren, eta 20 minutura gutxi gorabehera dardarizoak hasten ziren, horrela hil arte.
  • Ahoko, ondesteko eta baginako udarea: tresna hori baginatik, ahotik edo ondestetik sartzen zuten, giltza erako bat biratzen zuten eta barruan zegoen buia irekitzen joaten zen.
  • Gillotina: burua mozten da xafla zorrotz batekin
  • Hotza eta beroa: ur beroko tanta bat buru soilduan botatzen zen eta gero ur hotzeko bat, eta hala denbora luzez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lea, Henry Charles. (1888). A History of the Inquisition In The Middle Ages. 1 ISBN 1152296213.
    Aipua: «The judicial use of torture was as yet happily unknown [...]»
    .
  2. a b Zugarramurdiko prozesuaren historia turismozugarramurdi.com webgunean

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Inkisizioa puntubi.com webgunean
  • Joseba Aurkenerena: Sorginak, Inkisizioa eta Lope Martinez Isastiren txostena. [2]