[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Inari

Koordenatuak: 68°39′35″N 27°32′20″E / 68.65972°N 27.53889°E / 68.65972; 27.53889
Wikipedia, Entziklopedia askea

Aanaar / Aanar / Anár / Inari

Inariko armarria
Armarria
Berezko izena Aanaar kieldân (Inariko samieraz)
Aanar kådda (skolt samieraz)
Anára gielda (ipar samieraz)
Inarin kunta (finlandieraz)
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Ipar Lappiko azpieskualdea
Alkatea Toni K. Laine
Sorrera 1876
Aanaar / Aanar / Anár / Inari Finlandiako mapan
Koordenatuak 68°39′35″N 27°32′20″E / 68.65972°N 27.53889°E / 68.65972; 27.53889
Azalera
- Ur-azalera
17.333,62 km²[1]
2.277,33 km² (%13,1)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Samiera
- Besteak
6.911 (2020)[2]
0,46 bizt/km²
(2019)[3]
% 89,6 (ofiziala)
% 6,7 (ofizialak1)
% 3,5
Webgune ofiziala
1 Udalerriko hiru sami hizkuntzak dira ofizialak: Inariko samiera, ipar samiera eta skolt samiera.

Aanaar, Aanar, Anár edo Inari (suedieraz, Enare) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen udalerria da. Inari herrialdeko udalerririk handiena da –guztira, 17.333,62 km²-ko azalera du[1]– eta Inari aintzirak eratzen duen eremu natural zabala hartzen du beregan. Lurraldearen %63 babestutako eremuek osatzen dute, besteak beste, Lemmenjokiko eta Urho Kekkonen parke nazionalek[4]. Bestalde, Inarik 6.911 bizilagun ditu eta horietatik 2.100 inguru samiak dira (inariarren %32)[2][5]; hain zuzen ere, sami biztanle gehien duen Finlandiako udalerria da. Inari samien berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean, eta 1973an, Enontekiö, Utsjoki eta Sodankylä udalerriekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Bertan hitz egiten diren hiru samierak –jatorrizko Inariko samiera, ipar samiera eta skolt samiera– dira udalerriko hizkuntza ofizialak finlandierarekin batera.

Inariarren ia bi herenak Ivalo hiriburuan eta inguruko herrietan (Törmänen, Akujärvi-Keväjärvi) bizi diren arren, aipatzekoak dira samien erdigune diren Inari eta Sevettijärvi-Näätämö, eta Saariselkä turismo herria ere. Hain zuzen ere, turismoa, elur-orein zaintzarekin eta basogintzarekin batera, udalerriaren motore ekonomikoa da; guztira, langileen %83,9k egiten du lan hirugarren sektorean[6][7].

Ondasun nabarmenen artean, aipatzekoak dira XVIII. mendeko Pielpajärviko baseliza, 2013. urtean ateak ireki zituen Sajos Samien Kultura Etxea, Inariko samientzat leku sakratua den Ukonkivi uhartea, eta Siida edo Samien Museoa, sami etniaren kultura eta historiari buruzko museo garrantzitsuena dena[8].

Sakontzeko, irakurri: «Inariko ingurunea»
Aviaispää mendiko ikuspegia (Hammastunturiko Eremu Basatia).

Inari Lappiren eta Finlandiaren ipar-ekialdeko muturrean dago, Ipar Lappi azpieskualdearen bihotzean; hain zuzen, udalerriak izen berbera duen eta herrialdeko hirugarren aintzira handiena den Inariren eremua hartzen du. Inari udalerriak muga egiten du Errusiarekin ekialdean, eta Norvegiarekin mendebaldean eta ipar-ekialdean. Zehazki, bizilagunak Enontekiö eta Kittilä hego-mendebaldean, Sodankylä hegoaldean, Utsjoki iparraldean, Verkhnetulomski eta Nikel errusiar udalerriak ekialdean, Norvegiako Sør-Varanger eta Nesseby udalerriak ipar-ekialdean, eta Karasjok eta Kautokeino norvegiarrak mendebaldean dira; eskualdeko Rovaniemi hiriburutik, aldiz, 250 bat km iparraldera dago[9]. Inarik, guztira, 17.333,62 km²-ko azalera du, eta, hain zuzen ere, azalera handiena duen herrialde osoko udalerria da[1]. Lurralde zabal honetan, hainbat eremu bereizten dira. Lautada zabaletan klima azpiartikoa eta taiga edo baso boreala nagusitzen dira, eta zuhaizti ohikoenak izeidiak, sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta, batez ere hegoaldean dauden urkidi dilindariak dira. Morgam-Viibus mendiaren inguruko altuera gutxiko eremuan, aldiz, klima polar bihurtzen da eta zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude[10]. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie ez-ohikoak bizi diren inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ugaritsuenak.

Udalerria zirkulu polar artikoaren gainean dago, 270-500 bat km iparrera[11][12]; horrenbestez, gauerdiko eguzki eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Alde batetik, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren hirugarren astetik abuztu hasiera arte; Ivalo herrian, esaterako, gertakariak 62 egun irauten du (maiatzaren 21ean hasi eta uztailaren 22an amaitzen da)[13]. Bestetik, gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia abenduaren 3tik urtarrilaren 11ra izaten da; guztira, 39 egun[14]. Ipar argiak, azkenik, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[15].

Klimari dagokionez, azpiartikoa da gailentzen dena, eta ondorioz, tenperaturak leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urri amaiera eta maiatza bitartean, gutxi gorabehera 175 egunez[16]; eta izotzak ere Inari aintziraren gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Eremu menditsuetan, aldiz, klima polarra nagusitzen da, eta horrekin batera, zero azpiko tenperaturak. Samiek antzinetik erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua)[17].

 
2018ko Inariko klima datuak[18]
´vvel / Avveel / Avvil / Ivalo
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -0,5 -0,5 0 10,3 25,1 22 31,1 31,3 22 13,2 6,2 3,5 -
Batez besteko maximoa ºC -8 -8,3 -5,1 3,7 14,8 14 25,4 17,3 11,9 1,3 -0,5 -4,5 5,6
Batez bestekoa ºC -12,9 -13 -11 -0,3 8,9 10,1 19,3 12,8 7,8 0,1 -0,9 -7,8 1,2
Batez besteko minimoa ºC -18,5 -18,7 -19,8 -5,5 2,6 5,6 12,1 7,5 3,4 -3,8 -3,8 -11,2 -4,2
Minimoa ºC -36 -32,4 -31,1 -17,4 -5,2 1 1 1 -1,9 -12 -13,4 -20 -
Prezipitazio-egunak 29 27 28 22 18 25 10 24 19 19 26 29 276

Ipar Lappi lurraldea ez da oso eremu menditsua; mendi gehienak hegoaldean daude, babestutako eremuetan. Udalerriko sabaia Morgam-Viibus mendiaren tontorra da, 599 metrora iristen dena. Inariko beste gailur garrantzitsu batzuk, 500-600 metro bitartean dauden Látnjoaivi, Koarvikodds, Soaebbegealdinoaivi, Peäldoaivi eta Hammastunturi, eta Saariselkä eski estazioa osatzen duten Kaunispää eta Iisakkipää dira[19].

Ipar argiak Inari aintzira izoztuaren gainean.

Bestalde, Inarik eskualdeko aintzira gehienak dauden eremua hartzen du bere barruan (denera, 8.033 aintzira[20]) eta, horrela, ur gezaz estalitako azalera ehuneko altuena duen Lappiko udalerria da, guztira, %13,1 (2.277,33 km²)[1]. Besteak beste, nabarmentzekoak dira eskualdeko aintzira handienen artean dauden Iijärvi, Muddusjärvi, Nitsijärvi, Pautujärvi eta Rahajärvi. Dena den, ehuneko altuaren eragile nagusia Finlandia osoko hirugarren aintzira handiena den eta udalerriari izena ematen dion Inarijärvi edo Inari aintzira da, bere azalera 1.084 km²-koa baita; gainera, herri gehienen arteko lotura egiten duen pasabidea ere bada, udalerriaren bihotza[21]. Guztira, hiru mila uharte baino gehiago ditu, zenbait gizakien aspaldiko bizitoki izandakoak, eta Inariko samien kulturan eta sinesmenean ere garrantzi handiko lekua da[22]. Oro har, Inarijärvira isurtzen dituzte urak udalerritik igarotzen diren ibai gehienek; hala nola, Ivalojokik, Lemmenjokik, Siuttajokik, Vaskojokik eta luzeena den Paatsjokik. Hala ere, ibai garrantzitsuena eta Finlandia eta Norvegiaren arteko muga marrazten duena, Inarijoki edo Inari ibaia da. Azkenik, aipatzekoa da 20 metroko Ravadasköngäs ere, Lappiko ur-jauzi garaienetakoa dena[23].

Kaunispääko eski-pista elurtuak (Saariselkä).

Ur eremu honetan amuarrain arruntak, aintzira amuarrainak, laponiako amuarrainak, koregonoak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, izokinak, lotak, lutxoak eta perkak bizi dira, urtero milaka arrantzale erakartzen dituztenak.

Udalerriko natura basatia nahiko zaindua da, guztira, azaleraren %63 babestutako lurraldeek osatzen baitute[4]. Dena den, azken urteotan hainbat istilu eta ika-mika izan da eremu babestuen kontura. Besteak beste, 2005. urtean sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Metsähallitus Finlandiako babestutako natura eremuak kudeatzen dituen enpresa publikoa da eta talde ekologistak eta samiek Inariko pinu basoak suntsitzeko bidea irekitzea egotzi zioten; izan ere, Metsähallitusek pinu basoen %40 babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hori emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte udalerriko pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Tirabira handiko urtea izan zen; manifestazioak izan ziren, aldarrikapenak, boikotak. Azkenean, hainbat urteren ostean, Finlandiako Gobernua, Metsähallitus, Greenpeace eta samiak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Inariko Udalak urtero udalerriko naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen du[24][25].

Babestutako eremuen arten, Inarin bi parke nazional eta sei eremu basati daude:

  • Lemmenjokiko Parke Nazionala: Kittilä eta Inariren artean dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Parke nazionala udalerriaren eremu menditsuenean dago, hego-mendebaldean, eta Norvegiako mugaraino iristen da. Mendietako tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira Lemmenjokiren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; bertan, espreski eraikitako hamar etxola daude, parke nazionaleko itzulian atseden hartzeko ezinbestekoak direnak. Guztira, 2019an, 18.300 naturazale izan zen parke nazionalean[26][27].
Peltojärvi aintziraren udako bista Peltoaivi mendiaren gailurretik (Muotkatunturiko Eremu Basatia).
  • Urho Kekkonen Parke Nazionala: Savukoski, Sodankylä eta Inari udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Lemmenjoki ondoren herrialdeko babestutako eremu zabalena dena; guztira, 2.550 km²-ko azalera du. Parke nazionala 1983. urtean sortu zen eskualdeko arro nagusiena babesteko asmoz, izan ere, Ozeano Artikora eta Botniako Golkora doazen Lappiko ibai gehienak sortzen dira bertan. Animalia aniztasuna ere garrantzitsua da; arrantza zenbait ibaitan onartua dagoen arren, ehiza guztiz debekatua dago. Gainera, oinezkoentzako, eskiatzaileentzako eta txirrindularientzako ibilbideak daude, berrehun baino gehiago[28]. Guztira, 2019an, 367.000 bisitari joan zen parke nazionalera eta, horrela, Inariren eta bizilagunen ekonomiaren pisuzko osagarri bihurtu da azken urteotan[27].
  • Hammastunturiko, Kaldoaiviko, Muotkatunturiko, Paistunturiko, Tsarmitunturiko eta Vätsäriko eremu basatiak: Inariren bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden sei eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta sami kultura eta bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[29]. Aipatzekoa da Vätsärik hiru herrialdeen artean dagoen eta natura ingurune basatia babesteko sortu zen Pasvik-Inari Hiru aldeko Parkea ere osatzen duela[30].

Natura eremu horietan ehizatzea erabat debekatua dago; beraz, baso borealaz gain, babestutako animalia ugari ere badago. Ugaztunen artean, aipatzekoak dira altzeak, amerikar bisoiak, azeri gorri eta zuriak, erbinude arrunt eta zuriak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lemingak, lepahoriak, otso arruntak, satitsu txikiak, tundrako otsoak, ur-ipurtatsak, ur-satitsu hankazuriak, eta elur-orein basati eta etxekotuak (basoko elur-oreinak)[29].

Bestalde, hegazti espezieei dagokienez, aniztasun handia dago. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak dira bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak. Hala eta guztiz ere, uda pasatzera iristen diren hegazti espezieak dira nagusi; esaterako, aliota txikiak, arrano beltz eta arrantzaleak, belatz gorri, handi eta txikia motako harrapariak, basoilarrak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, erroiak, hontz gabiraiak, ipar-antzandobiak, ipar-belatzak, ipar-txioak, istingor arrunt eta txikiak, kukua, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, larreoiloak, mendebal-txori mokomeheak, negu-txirtak, negu-txontak, okil beltzak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, temminck txirriak, txio horiak, txirri hankalaburrak, ur-zozoak, urre-txirri arruntak, zingira-berdantzak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Azkenik, ur-hegazti espezieen artean, aipatzekoan dira ahate txistulariak, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handi eta mottodunak, zerra ertain eta txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak[26][29].

Sakontzeko, irakurri: «Inariko historia»

Lurralde honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi ziren garaian iritsi zela uste da; hain zuzen ere, lehenengo biztanle horien aztarna zaharrenak Rahajärvi eta Inari aintziren inguruan aurkitu dira eta adituek 9.000 urte inguru dutela ebatzi dute[31]. Lehen giza-talde hori iparraldetik etorritako Komsa kulturako gizakiek osatu zuten, ehiza eta fruitu-bilketatik bizi ziren, eta jatorria Ozeano Artikoko kostaldea zenez, Ipar Itsasoko Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izango zutela uste da. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorriak ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu horien eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara iritsi ziren eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten uraldar herrien nahasketaren ondorio direla[31][32]. Garai hartako ehiza-tresnak, harribitxi apaingarriak eta Säräisniemi taldekotzat jo diren zeramika puskak aurkitu dira udalerrian[33].

Erdi Arora arte egoera antzekoa izan zen. Bertako biztanleria sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat sami herrik edo taldek osatzen zuten; talde horiei batasuna ematen zien lotura kultura antzekotasuna eta lurralde banaketa zen. Euren artean eta mugaz haraindiko beste sami taldeen artean harremana etengabea izango zela pentsatzen dute adituek, elkar trukeak urteetan zehar sendotutako sarea. Dena den, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez; beraz, horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen. Bestalde, klima hotza dela-eta, aipatzekoa da atzerriko erresumek ez zutela saiakera berezirik egin lurraldea bereganatzeko XIV. mendera arte; ondorioz, bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari arazo handirik gabe eutsi ahal izan ziotela uste da[33][34].

XVIII. mende hasierako Pielpajärviko baseliza.

Hain zuzen, XIV. mendearen hasieran hasi ziren zehazten Eskandinavia iparraldeko mugak. Ipar-ekialdeko merkataritza bideak oso garrantzitsuak ziren Norvegiar eta Suediar erresumentzat, eta Novgorodeko Errepublikaren erasoek ezbaian jartzen zuten hauen segurtasuna. Horrela, eskualdea bereganatzeko hainbat liskar izan zen erresuma horien eta novgorodarren artean; baina, 1323. eta 1326. urteetan, iparraldeko mugak zehaztu ziren. Inari suediarren kontrolpean gelditu zen, eta lurraldearen mendekotasuna bermatzeko, suediarrek zerga-sistema sendoa jarri zuten martxan. Dena den, herrialdeen arteko muga ez zen horren finkoa gertatu eta eskualdea Novgorodeko Errepublikaren ondorengoa izan zen Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren eskuen artean ibili zen hainbat mendez. XVI. mendean, azkenean, Laponia probintziaren mugak egonkortu egin ziren behin betiko eta eskualdea antzinako probintziaren esku gelditu zen. Inariko biztanleen –Inariko samien– lehenbiziko aipamena ere garai honetakoa da –zehazki, 1517. urtekoa– eta errusiar duke baten eskutik iritsi da gaur egunera[33][35].

Inariko samiek talde berezi bat osatu zuten samien gizarte-sarean. Hizkuntza bereizgarria izateaz gain –inariera edo Inariko samiera–, euren bizimodua ere ezberdina izan zen luzaroan, XX. mendera arte bizimodu guztiz nomada mantentzea lortu zuen talde bakanetakoa izan baitzen. Batik bat, ehiza eta arrantzaren bidez bizirautea lortu zuten inariarrek eta gainontzeko sami taldeak bereizten dituen elur-orein zaintza, aldiz, XX. mendean baino ez ziren bereganatzen hasiko.

Ivalo ibaiko urre meatze eremuari 1898an Ouluko probintziako gobernadoreak eginiko bisita.

Suediarren eragina XVI. eta XVII. mendeen artean hasi zen nabarmentzen. Kristautasunaren bultzadaz, lehen elizak eraikitzen hasi ziren Laponian. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; Inariko lehena Pielpajärviko baseliza izan zen, 1646. urtean eraiki zena. Ermita edo baseliza honek, dena den, XVIII. mende hasieran su hartu zuen eta gaur egun zutik dagoena 1760ko erreplika da. Horrela, kristautasunaren etorrerarekin batera, samiek xamanismoa alde batera utzi eta iristen hasi ziren finlandiar kolonoen sinesmena bereganatu zuten; hau da, kristautzea bat-batekoa izan zen. Xamanismoa eta ohitura zaharrak mantendu zituzten samiek sorgin-ehiza latza jasan behar izan zuten eta asko erre ere egin zituzten; azkenerako, 1661. urterako, Inariko samiak kristautasunera bihurtuak ziren. Samien tradizio eta sinesmen ugari galdu ziren XVII. mendean, besteak beste, joik aurre-kristauen ohitura (livđe). Gainera, sektore ekonomiko berria iparraldean sortzeko helburuarekin, samiak elur-orein zaintzan hasteko laguntzak jasotzen hasi ziren Suediar Erresumaren eskutik[32][33].

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko garai luzea izan zen iparraldeko mugan. XVIII. mendean baina, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren berriro ere; Finlandiako Gerran, azkenik, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu eta Inperioko Dukerri Handi bihurtu zuen 1809an. Hain zuzen ere, XIX. mende honen hasiera izan zen Inariren hazkuntza areagotu zen garaia. Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta urre sukarrak herritar asko erakarri zituzten hegoaldetik. Finlandiar kolonoekin batera, beste kultura desberdineko samiak ere iristen hasi ziren. Hegoaldetik, Rovaniemi eta Kemijärvi ingurutik, Kemiko samiak iritsi ziren, kolonoek bereganatutako euren jatorrizko lurrak atzean utzita. Iparraldetik, aldiz, ipar samiak iritsi ziren, 1852. urtean Norvegia eta Errusiaren arteko muga itxi ondoren. Kemiko samiek Inarikoekin kultura eta hizkuntza antzekotasun handiagoa zutenez, bat egitea erraza izan zen; ipar samiek, berriz, euren jatorrizko hizkuntza eta bizimoduari eutsi diote gaur egunera arte. Nolanahi ere, herritar askoren etorrera ikusita eta kolonoen kokatzea bultzatzeko, eskualdea zerga-sistematik salbuetsia gelditu zen hainbat urtez; inariarrak lehenbiziko bizileku egonkorrak eraikitzen hasi ziren XVIII. mendearen erdialdean[35].

Inariko eliza zaharraren irudia XX. mende hasieran.

Inariko Udalerria ofizialki 1876. urtean sortu zen. Inariko elizbarrutiaren lurrak XVII. mendetik zehaztuta zeuden arren, herritarrek ez zuten udalerri eskubidea urte hartara arte jasoko. 1876rako hamar inariarretik bat finlandiar etniakoa zen[33]. Bestalde, Sodankylä eta Ivalo elkartzen zituen errepidea 1913an ireki zen[36].

Errusiaren mende ehun urte igaro ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu, eta Rovaniemi begiko hiri bihurtu zuen. Izendapen horrek eragin handia izan zuen Inarin, udalerria hiriburu berriaren eta herrialdeak eskuratu berri zuen Ozeano Artikoko lurraldearen erdibidean baitzegoen. Ivalo hazten hasi eta Inari udalerriaren herrigune nagusi bihurtu zen. Dena den, hazkunde hau ez zen horren onuragarria izan inariarrentzat, 1919ko abenduan espainiar gripea udalerrira iritsi baitzen eta pare bat hilabetean garaiko biztanleria osoaren %10 hil baitzuen; guztira, 190 inariar. 1920. urtean finlandiar jatorriko herritarrak samiak baino gehiago ziren; zehazki finlandiar inariarrak 930 ziren eta samiak, aldiz, 806 baino ez[32][37].

Ivalo alemaniarren erasoaren ostean (1944).

Herrialdearen estatus aldaketa oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Finlandiak subiranotasuna mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrietan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Herrialdea astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, gobernuak SESBekin bake-akordioa sinatu zuen. Akordioa gauzatzeko finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, Lappin zeuden 200.000 alemaniar soldaduak finlandiar lurretatik botatzea. Soldadu naziak bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera alde egiten saiatu ziren, eta ihesa bizkortzeko finlandiarrek ordura arte kide izandako alemaniarrak jazartzeari ekin zioten. Laponiako Gerra hasi zen. Ekialdean zegoen alemaniarren XXXVI. armada-gorputzak iparraldera jotzea erabaki zuen muga Karigasniemi herritik igarotzeko. Sodankylä-Ivalo-Utsjoki bidean zehar erresistentzia handirik topatu ez zuten arren, zenbait borroka izan ziren eta horien ondorioz hainbat herri suntsitu zituzten; hauen artean, Sodankylä eta Ivalo bera 1944ko azaroaren 5ean. Hala ere, inariarrak babesean zeudenez, ez zen hildako herritarrik izan eta gerra amaitutakoan onik itzuli ahal izan ziren udalerrira[38][39][40][41].

Parisko Itunaren ondorioz, Inarik Jäniskoski–Niskakoski lurraldea galdu zuen, baina gerren ezkutuko albo-kalteak errefuxiatuak izan ziren. Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerra amaitu zirenean, 1939. eta 1941. urteetan, Finlandiak Ozeano Artikoan zituen lurraldeak galdu egin zituen: Ribatxi penintsula eta Petsamo udalerria. Ondorioz, bertako herritarrek bizilekuz aldatu behar izan zuten. Gehienak skolt samiak ziren, hizkuntza –skolt samiera– eta ohituragatik gainontzeko samiengandik bereizten direnak. Suonikylän bizi ziren herritarrak Näätämö eta Sevettijärvi herrietan geratu ziren; Paatsjoki ibaiaren inguruan bizi zirenak, aldiz, Keväjärvira joan ziren; eta Petsamokoak, azkenik, Nellim herrian amaitu zuten. Mugimendu fluxu horrek erabat aldatu zuen Inari udalerriaren banaketa etnikoa eta eskualdearen jatorrizko biztanleak ziren Inariko samiek euren lurrak banatu behar izan zituzten[33][42].

XX. mende hasierako Finlandiako sami familia baten irudia (1936).

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Dena den, hazkunde hori guztia ez zen horren oparoa izan udalerriarentzat, industriak ez baitzituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik), eta samiek jatorrizko ekonomiatik bizirauten jarraitu zuten[32]. 1950eko hamarkadan, bestalde, arrantza industria iritsi zen Inari aintzirara. Hegoaldetik etorritako finlandiar arrantzaleek lakua hustu egin zuten urte gutxian eta gehiegizko arrantzak Inariko samien natura baliabide aberatsenarekin amaitu zuen. 1970eko hamarkadatik aurrera, baina, aintzira eta natura basatia babesteko ekintzak jarri ziren abian. Arrantza industriak udalerriaren motore ekonomiko nagusi izateari utzi zion, eta turismo berdearen aldeko apustua egin zuen Inariko Udalak. Horrela, parke nazionalak eta eremu basatiak sustatzen hasi ziren eta negu-kirolak praktikatzeko aproposak diren mendien artean dagoen Saariselkä herriak ere bultzada handia izan zuen.

Inariarren kopuruak gorena jo zuen 80ko hamarkadan eta 90ekoaren lehen erdian; 1995. urtean ia zortzi mila izatera iritsi ziren. Hala ere, harrezkeroztik biztanleria jaisten joan zen urtez urte. Lan esparru zabalago baten bila bertatik ateratzen ziren herritarrak ziren biztanle galera horren kausa nagusia. Joera hori luzaroan mantendu zen arren, turismoak diru-sarreretan hartu duen garrantziari esker badirudi azken hamarkadan udalerriko biztanleria egonkor mantendu dela eta gora ere egin duela. Samiak, aldiz, elur-orein zaintzaz arduratzen dira, turismoarekin eta basogintzarekin batera udalerriaren egungo motore ekonomikoa dena[31][35].Hain zuzen, udalerrian bi talde etniko nagusi daude gaur egun: finlandiarrak (%65) eta samiak (%30)[43]. Inari sami biztanle ehuneko handiena duen Finlandiako udalerria da Utsjokiren ondoren. 1973. urtean herritar horien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesten dituen Samien Lurraldea sortu zuen Inarik Enontekiö, Sodankylä eta Utsjoki udalerriekin batera, eta 1996an Samien Parlamentua eraiki zen Inari herrian; 2020tik Tuomas Aslak Juuso da presidente[44].

Administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inariko herriak[45][46]
Alajoki
Hyljelahti
Ivalon-Matti
Kiilopää
Kirakkajärvi
Laanila
Lauttajärvi
Lemmenjoki
Muotkanruoktu
Palkisoja
Raja-Jooseppi
Suojanperä
Syysjärvi
Supru
Tolonen
Väylä
Viekkala
Virtaniemi

Inari udalerria hainbat herri txikik osatzen dute. Gehienak udalerriaren hego-ekialdean daude, Inari aintziraren hegoaldeko ertzean. Biztanleak ere gune horretan pilatzen dira, izan ere, inariarren %80 inguru bizi da Ivalo eta Inari herriek osatzen duten ardatzaren artean[47].

Hauek dira udalerriko herri garrantzitsuenak:

Lehen izendapena finlandieraz, bigarrena ipar samieraz, hirugarrena inarieraz eta laugarrena skolt samieraz.
200 biztanle baino gehiago dauzkaten herriak beltzez.

Hain zuzen ere, herri nagusiak mila biztanle dituen Inari eta, hiru mila herritar dituen eta udalerriaren erdigunea den Ivalo dira. Azken honetan daude, hala nola, Ivaloko Institutua, osasun-etxea eta udaletxea. Aintziraren mendebaldean dagoen Inari herria, aldiz, Inariko samien gunea da, eta han daude, besteak beste, Samien Parlamentua, Samien Museoa eta Pielpajärviko baseliza[48].

Dena den, azken urteotan, Ivaloren inguruan dauden herriak asko hazi dira; esate baterako, Akujärvi, Keväjärvi, Koppelo eta 600 biztanle pasatxo dituen Törmänen herria. Udalak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu herri horietan ere. Azkenik, aipatzekoak dira ere Inariko turismoaren erdigunea den Saariselkä –azken hamarkadetan ere asko hazi dena–, iparraldeko muturrean dauden eta samiak nagusi diren Sevettijärvi eta Näätämö herriak, eta Errusiako mugatik 9 km-ra dagoen eta skolt samien erdigunea den Nellim[48].

Garraio azpiegiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ivalo aireportua»

Inari hain udalerri zabala izanik, ez da erraza alde batetik bestera mugitzea autoz ez bada. Ez dago iparralderaino doan trenik, eta tren-geltoki hurbilenak Kemijärvi eta Rovaniemin daude, 270 eta 290 bat km hegoaldera. Ivalo aireportua da udalerria Helsinkirekin –eta neguan Rovaniemirekin– bat egiten duen azpiegitura nagusia, baina Lappiko gainontzeko udalerrietatik bertara iristeko, Inaritik kanpora ateratzeko edota udalerrian zehar mugitzeko errepidea erabili beharra dago batez ere.

Kantatie 92 errepidea udazkenean.

Ondorengoak dira udalerria zeharkatzen duten errepide eta autobide nagusiak:

4E 75 Valtatie 4: Helsinki – Lahti – Jyväskylä – Oulu – Kemi – Rovaniemi – Inari – Utsjoki
91 Kantatie 91: Ivalo – Raja-Jooseppi (– Murmansk)
92 Kantatie 92: Karigasniemi (Utsjoki) – Kaamanen – Näätämö
955 Seututie 955: Köngäs – Inari
969 Seututie 969: Akujärvi – Virtaniemi
971 Seututie 971: Kaamanen – Näätämö

Hala, Inariko herrien artean ibiltzeko eta Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da. Inaritik autobide bakarra igarotzen da, Nelostie izenaz ezaguna den Valtatie 4a[49]. Autobide honek Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du (herrialde osoko autobide luzeena da). E8a eta E75a osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu, Kemi eta Rovaniemi hirietatik, eta, besteak beste, Saariselkä, Törmänen, Ivalo, Inari eta Kaamanen herrietatik igarotzen denez, inariarren autobide erabiliena ere bada. Bestetik, bigarren mailako errepide ugari ere badaude; esate baterako, Ivalo Errusiarekin bat egiten duen 53 km-ko Kantatie 91[50]; eta Norvegiako mugan dagoen Utsjokiko Karigasniemitik hasi eta Kaamanen eta Näätämöra iristen den 192 km-ko Kantatie 92a[51].

Autoa garraiobide erabiliena den arren, ez da errepide gainean dabilen ibilgailu bakarra. Hain zuzen, Eskelisen Lapin Linjat eta Gold Line konpainien autobusek udalerria eskualdeko eta herrialdeko hiri garrantzitsuenekin eta Norvegiarekin lotzen dute[52][53]. Ivaloko Kukkolan Bussit erakundeak ere autobus zerbitzuak eskaintzen ditu urte osoan zehar[54].

Ivalo aireportuko fakturatze aretoa neguan (2017).

Dena den, udalerriko garraio azpiegitura garrantzitsuena Ivalo aireportua da. Ivaloko herrigunetik 11 km-ra eta Saariselkätik 25 km-ra dago, Törmänen herrian, eta Finavia erakundeak kudeatzen du. Bidaiarien kopuruari dagokionez, Ivalo eskualdeko hirugarren aireportu garrantzitsuena da (herrialdeko seigarrena); 2019an, guztira, 239.753 bidaiari aireratu edo lurreratu ziren bertan, aurreko urtean baino %1,1 gutxiago[55]. Joan-etorri gehienak neguan eta bereziki eguberrietan izaten dira, Saariselkäko azpiegiturak erakarrita negu kiroletaz gozatzera Finlandia osotik iristen diren zaleek osatzen baitute erabiltzaileen ehuneko handiena. Aireportuan Finnair eta Norwegian Air Shuttle hegazkin-airelineek egiten dute lan, eta Helsinki-Vantaa eta Kittilä aireportuetara urte guztian zehar hegaldiak eskaintzen dituzte. Neguan bakarrik lan egiten duten erakundeen artean, besteak beste, easyJet, TUI Airways eta Transavia.com airelineak daude, Amsterdamera, Kopenhagera, Londresera, Manchesterrera edota Rovaniemi hiriburura hegaldiak antolatzen dituztenak[56].

Lappiko hezkuntza azpiegitura nagusiak eskualdeko hiriburuan daude, Rovaniemin; haien artean, Unibertsitatea eta Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea. Dena den, inariarrek derrigorrezko hezkuntza udalerrian bertan jasotzeko aukera dute. Hain zuzen, Udalak tokian tokiko irakaskuntzaren alde egiten du, eta Inari sakabanatuta dauden hainbat herrik osatzen duten arren, eskaintza sarea zabala da.

Guztira, Haur Hezkuntzako hiru eskola daude Inarin, hirurak publikoak: Inari herriko, Ivaloko eta Sevettijärviko haur eskolak. Ikastetxe horietan, sei urtera arte iristen den hautazko Haur Hezkuntza eskaintzeaz gain, Derrigorrezko Hezkuntzako lehen bi mailak ere burutzen dituzte ikasleek. Aurre-eskola izena jasotzen duten bi ikasturte horietan, hain zuzen, gazteak nahitaezko hezkuntzara eta ordutegietara egokitzen hasten dira[57].

Inari herriko haur eskola.

Hirugarren mailatik aurrera, aldiz, Inariko gazteek Ivaloko Institutura (Ivalon lukio edo Avvila logahat) joaten dira euren ikasketekin jarraitzeko. Ivalokoa udalerrian dagoen Derrigorrezko Hezkuntzako ikastetxe bakarra da. Eskola bakarra izanik, gazte gehienek Inari osoko herrietatik bertara mugitu behar izaten dute egunero, hala ere, ikastetxeak herri urrunenetako ikasleen joan-etorriak errazten ditu. Ikasketak finlandieraz edo ipar samieraz egiteko aukera dago[57][58].

Bete beharreko hezkuntza bukatzean, ikasleek lanbide heziketara bideratutako institutu bat dute udalerrian:

  • Samien Hezkuntza Institutua (Saamelaisalueen koulutuskeskus -SAKK- edo Sámi oahpahusguovddáš -SOG-): Enontekiö eta Inari udalerrietan dagoen lanbide heziketako institutu publikoa da, Finlandiako Gobernuak, Samien Parlamentuak eta Samien Lurraldea osatzen duten udalerriek kudeatzen dutena. Ipar Lappiko hezkuntza eskasia betetzeko sortu zen 1978. urtean, eta, 1993. urtean, sami herriaren nortasuna bereganatu zuen. Hain zuzen, Samien Hezkuntza Institutua, lanbide ikastetxea izateaz gain, aitzindaria da samien kultura, historia eta hizkuntzen ikaskuntza eta ikerkuntzan; erakundearen helburu nagusia da sami herriaren zerbitzu eta lan beharrak asetzea. Guztira, lau campus daude: Inari, Ivalo, Kaamanen eta Hetta (Enontekiö) herrietan. Eskaintzen diren ikasketak, besteak beste, Artisautza eta Diseinua, Sami hizkuntzak eta kultura, Turismoa, Gizarte eta Osasun zaintzak, Elur-orein zaintza, Natura eta Ingurugiro zerbitzuak, eta Babestutako Natura Eremuetako basozain eta gidari izateko ikastaroak dira. Artikoko Unibertsitatearen kidea da[59][60].
Sakontzeko, irakurri: «Lappi Ospitale Barrutia»

Eskualdea bi ospitale barrutitan banatua dago. Alde batetik, Kemi-Tornio Ardatzak eta Ylitornio udalerriak osatzen duten Länsi-Pohja Ospitale Barrutia dago; eta, bestetik, Rovaniemi hiriburua eta eskualdeko gainontzeko udalerriak dauden Lappi Ospitale Barrutia; azken horren barruan dago, hain zuzen ere, Inari[61].

Familiako edo etxeko medikuek garrantzi handia dute eskualdeko eta herrialde osoko osasun sisteman, eta horiek udalerrian bertan dauden osasun-etxe eta eskualde-erietxeetan egiten dute lan. Hain zuzen, osasun zentroetan laborategiak, kontsulta- eta ebakuntza-gelak, eta tresna bereziak izaten dituzte, eta zenbait mediku espezializatuk ere egiten du lan bertan. Askotan bizpahiru udalerriren artean akordioak adosten diren arren, udalerri txikienenek ere zentro hauek izaten dituzte. Inarin, ezaugarri horiek dituen eta Ivalon dagoen osasun-etxe nagusiaz gain, bi eskualde-erietxe ere badaude Inari eta Sevettijärvi herrietan. Lappi Ospitale Barrutiko erietxe nagusia (Lappiko Ospitalea), aldiz, eskualdeko hiriburuan dago, Rovaniemin[61][62].

Hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finlandia iparraldeko udalerri garrantzitsua izanik eta immigrazio-fluxuek eraginda, Inarik hainbat hiri senidetu dauzka; gehienak Ipar Europako eta kulturalki harreman estua duten herrialdeetako udalerriak dira[63].

Inariko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2017ko apirilaren 9an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Inariko Udalbatza[64]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Inariko Udalbatza
-- Koalizio Nazionala 10 1 % 36,1
-- Zentroko Alderdia 6 2 % 20,3
-- Ezker Elkartasuna 4 1 % 14,3
-- Alderdi Sozial-Demokrata 4 1 % 13,9
-- Liga Berdea 3 2 % 10,9

Udalbatza 27 ordezkarik osatzen dute eta egungo talde politiko nagusia Koalizio Nazionala da. Hain zuzen, Inari izan zen 2017ko udal hauteskundeetan alderdiak irabazi zuen Lappiko udalerri bakarra; guztira, hamar eserleku lortu zituen, aurrekoan baino bat gutxiago, eta inariar botoen %36,1. Dena den, emaitza ez zen nahikoa izan gehiengo osoa eskuratzeko. Bigarren alderdia Zentroko Alderdia izan zen, aurreko udalbatzako zortzi batzarkideetatik bi galdu zituena; guztira, boto-emaileen %20,3ren babesa lortu zuen. Launa ordezkarirekin, Ezker Elkartasuna eta Alderdi Sozial-Demokrata izan ziren udalbatzan batzarkide gehien lortu zituzten hurrengo alderdiak; lehenengoak botoen %14,3 eskuratu zuen, eta sozial-demokratek, aldiz, %13,9. Azkenik, udalbatza ixteko, bi ordezkari irabazi zituen Liga Berdea alderdi ekologista, boto-emaileen %10,9ren babesa eskuratu zuena. Inariarren %56,8k hartu zuen parte udal hauteskundeetan.

Biztanle gehien duten herriak (2018)[47]
Z. Herriak1 Biztanleria Z. Herriak1 Biztanleria

1. Ivalo / Avvil 3.165 6. Näätämö / Njávdán 188
2. Inari / Anár 898 7. Kaamanen / Gámas 163
3. Törmänen / Dearpmáš 630 8. Nellim / Njellim 150
4. Saariselkä / Suoločielgi 343 9. Akujärvi / Áhujävri 148
5. Koppelo / Kuáppil 203 10. Riutula / Rivdul 113
1 Lehen izendapena finlandieraz eta bigarrena ipar samieraz.

Udalerriko alkatea Toni K. Laine jauna da eta Inariko Udalbatzak 2016ko abenduaren 8an izendatu zuen[65]. Bestalde, 2017ko udal hauteskundeen ostean, Koalizio Nazionaleko Aslak Pekkala jauna izendatu zuten udalbatzako presidente eta Udal Zuzendaritza Batzordearen buru, aldiz, Jari Huotari alderdikidea. Hurrengo udal hauteskundeak 2021. urtean ospatuko dira[66].

Inarik, guztira, 6.911 bizilagun ditu. Zazpi mila biztanlera iristen ez den arren, herritar gehien dituen Ipar Lappiko eta Samien Lurraldeko bigarren udalerria da, Lappi eskualdeko zazpigarrena. Bestetik, aipatzekoa da Inari Finlandiako udalerri zabalena dela, eta, denera, 17.333,62 km²-ko azalera duela; beraz, datuek biztanle dentsitate baxuena duten udalerrien artean jartzen dute. Gainera, sami herritar ehuneko altuena duen herrialdeko bigarren udalerria ere bada. Zehazki, 2.171 inariar ziren herri horren kide 2015. urtean, biztanleen %32[5]. Samiek eta haien kulturek erakundeen babesa jasotzen dute; hain zuzen, lau dira Inariko hizkuntza ofizialak: Inariko samiera, ipar samiera, finlandiera eta skolt samiera. Herritar asko elebidunak edo elebidun hartzaileak dira (batik bat, gazteak), baina finlandiera da hizkuntza nagusia, inariarren %92ren jatorrizko hizkuntza baita; samierak, aldiz, herritarren %6,7rena baino ez dira. Udalerriaren izen ofizialak "Aanaar", "Anár", "Inari" eta "Aanar" dira hurrenez hurren[3].

Inariarren kopuruak gorena jo zuen 80ko hamarkadan eta 90ekoaren lehen erdian; 1995. urtean ia zortzi mila izatera iritsi ziren. Hala ere, harrezkeroztik biztanleria jaisten joan zen urtez urte. Lan esparru zabalago baten bila bertatik ateratzen ziren herritarrak ziren biztanle galera horren kausa nagusia. Joera hori luzaroan mantendu zen arren, turismoak diru-sarreretan hartu duen garrantziari esker badirudi azken hamarkadan udalerriko biztanleria egonkor mantendu dela eta gora ere egin duela.

Bestalde, Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Inarin 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa baxua da: %12,5; eta 64 urte baino gehiago dituztenena, berriz, altua: %26. Erlijioari dagokionez, herritar gehienak sinesgabeak (%29,9) edo luteranoak (%64,5) dira; sinestunen kopuru handiena samiek osatzen dute. Dena den, bada udalerrian eliza ortodoxoaren jarraitzaile kopuru esanguratsua, batik bat, Kola penintsulatik XX. mendean iritsitako ekialdeko skolt samiek osatzen dutena[6][67]. Atzerritarrak, azkenik, biztanleriaren %2,6 dira (2020)[68].

Inari udalerria hainbat herri txikik osatzen dute. Gehienak lurraldearen hego-ekialdean daude, Inari aintziraren hegoaldeko ertzean. Biztanleak ere gune horretan pilatzen dira, izan ere, inariarren %80 inguru bizi da Ivalo eta Inari herriek osatzen duten ardatzaren artean. Hain zuzen, biztanle gehien dituzten herriguneak Ivalo (3.165) eta Inari (1.011) dira. Azken urteotan, Ivaloren inguruan dauden herriak ere asko hazi dira; esate baterako, Akujärvi, Keväjärvi, Koppelo eta 600 biztanle pasatxo dituen Törmänen herria. Azkenik, aipatzekoak dira ere Inariko turismoaren erdigunea den Saariselkä, iparraldeko muturrean dauden eta samiak nagusi diren Sevettijärvi eta Näätämö herriak, eta Errusiako mugatik 9 km-ra dagoen Nellim skolt samien herria[47][48].

Biztanleriaren bilakaera[69][70][71]
1880 1890 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1980 1990 1995 2000 2005 2010 2015 Orain
860 1.155 1.482 1.784 1.736 2.100 2.750 4.913 6.831 6.931 6.900 7.559 7.851 7.360 7.043 6.778 6.804 6.911


Udalerriko bizilagun ospetsuenak zinean lan egiten duten Anni-Kristiina Juuso eta Kari Väänänen ivaloar antzezleak dira. Lehenak hainbat sari irabazi ditu atzerrian azken urteotan eginiko lanengatik; ezagunenak "Kukua" eta "Kautokeinoko matxinada" filmak dira. Gaur egun, Yle Sámi Radio irrati kateko esataria da Inarin. Bestetik, eskarmentu handiko Kari Väänänenek herrialdean ekoiztutako hirurogei film baino gehiagotan parte hartu du eta Finlandiako zinemetako aktore ezaguna da[72][73].

Musika munduari ere zenbait pertsonaia ezagun eman dizkio Inarik; Amoc rapero samia dugu guztietan ospetsuena. Inarieraz abesten duen nazioarteko musikari bakarra da, Finlandia eta Norvegian arrakasta handia izan duena; Inariko samien kultura eta hizkuntzaren alde ere lan handia egin duena. Gainera, Lappiko raperoak biltzen dituen Guerra Norte kolektiboaren burua da eta udalerria iparraldeko rap hiriburu bihurtu duela esaten da, bere atzetik rapero asko eman baita ezagutzera Inarin; besteak beste, Ambassa, Ezkimo (Hannibalin & Sopan), Edorf eta Ružže. Azkenik, aipatzekoa da Angeli herrian sortu zen Angelit folk musika taldea, sami musikagintzan oihartzun handia izan duen taldea[74].

Sakontzeko, irakurri: «Sami etnia», «Samien Lurraldea (Finlandia)» eta «Sápmi»

Udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun; kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa kulturako tribuen eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla[75]. Inari aintziraren ertza, hain zuzen, sami herriaren aspaldiko bizileku ezagunenetakoa da, aztarnategi garrantzitsua, eta samiek Finlandian jasan duten lekualdatze eta atzerakadaren lekuko da. Alde batetik, XIX. mendean, hegoaldetik, Kemi ibaiaren arrotik, Kemiko samiak iritsi ziren, finlandiar kolonoek bereganatutako euren jatorrizko lurrak atzean utzita[76]; 1852. urtean, aldiz, Norvegia eta Errusiaren arteko muga itxi egin zenean, iparraldean bizi ziren sami asko etorri zen bertara, ipar samiak. Kemiko samiek Inarikoekin kultura eta hizkuntza antzekotasun handiagoa zutenez, bat egitea erraza eta azkarra izan zen; ipar samiekin harremana aberasgarria izan bazen ere, euren jatorrizko hizkuntza eta bizimoduari (elur-orein zaintza) eutsi zioten[77]. Azkenik, Kola penintsulatik, 1940ko hamarkadan, ekialdeko skolt samiak iritsi ziren udalerrira; Bigarren Mundu Gerraren eztandak euren jatorrizko lurraldetik ihes egitera behartu zituen[78][79].

Sami danbor tradizionala Siidan.

Horrenbestez, Inarin Finlandian dauden hiru sami azpitaldeak bizi dira: ipar samiak, skolt samiak eta jatorrizko Inariko samiak[80]. Ugarienetarikoak Inariko samiak dira, 700 inguru, eta euren bereizgarri nagusia euren hizkuntza da: Inariko samiera[81]. Bestetik, Sápmin hedapen handiena duen taldea aipatu beharra dago, ipar samiena; guztira, 900 lagun inguru dira, eta elur-orein zaintzari lotutako bizimoduagatik eta hiztun kopuru handiena duen samiera (ipar samiera) hitz egiteagatik dira ezagun; azkenik, 600 bat diren skolt samiak daude, erlijio (ekialdeko eliza) eta hizkuntzagatik (skolt samiera) ere bereiziak[79][82].

Samiak Siida museoan.

1973. urtean, Inarik, Enontekiö, Sodankylä eta Utsjoki udalerriekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Gaur egun, Inariko biztanleriaren %32 da talde etniko honetakoa (Samien Lurraldea kudeatzen duten arduradunen irizpideen arabera) eta Sami Parlamenturako hauteskundeetan parte har dezake[5]. Hain zuzen, Inari sami etniako biztanle gehien bizi den Finlandiako udalerria da eta "Aanaar", "Anár" eta "Aanar" izenak jasotzen ditu Inariko samieraz, ipar samieraz eta skolt samieraz, hurrenez hurren (hirurak dira koofizialak finlandierarekin batera).

Inariko samiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Inariko sami» eta «Inariko samiera»

Inariko samiak udalerriko jatorrizko biztanleak dira, hau da, jatorrizko inariarrak. Zehazki, sami herriaren azpimultzo bat osatzen dute, eta aparteko hizkuntza, historia, kultura eta bizimodua izateagatik bereizten dira gainontzeko samiengandik, hein handi batean, gaur egunera arte mantentzea lortu dituzten berezko ondasunak[81].

Inariarren lurraldea aspaldian Norvegiako mugaren eta Saariselkä herriaren artean zegoela uste da, Inari aintzirak betetzen duen eskualdearen inguruan. Badirudi samien arteko bereizketak mende asko dituela, izan ere, Inariko samien lehenbiziko aipamena XVI. mendekoa da –zehazki, 1517. urtekoa–. Gainontzeko samien antzera, inariarrena bizimodu nomada izan zen luzera arte, eta taldea sakabanaturik bizi ziren hainbat herrik osatzen zuten, sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zutenak. Hala, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehiza, arrantza eta bilketaren bitartez, eta horrek guztiak gainontzeko samiekin eta kanpotarrekin hartu-emana izateko beharra gutxituko zuen. Apurka, elkarrengandik urrundu eta bakartzearen ondorioz, Inari aintzira inguruko sami herrixkek talde bereizi bat osatuko zuten[81].

Taldearen bizimoduak ere baditu bere berezitasunak. Hain zuzen ere, arrantzak pisu handia izan du Inariko samien gizartean, eta elur-oreinek, aldiz, ez dute gainontzeko herrietan izan duten nagusitasunik izan. Abeltzaintza ezagutzen zuten arren, eskala txikian gauzatzen zen, eta inariar familia bakoitzak haragiz, artisautzarako materialez eta larruz hornitzeko baliatzen zuten elur-orein talde txikia baino ez zuen. Hala ere, Inariko samiek mantendu duten bereizgarri nagusia berezko hizkuntza da: Inariko samiera edo inariera. Hirurehun hiztun inguru baino ez dituen hizkuntza da, ekialdeko samieren adarrekoa, eta, UNESCOren Liburu Gorriaren arabera, galtzeko arrisku bizian dagoen hizkuntza da. Dena den, gaur egun, sami elkarteak lan handia egiten ari dira hizkuntza hau hezkuntzan eta inariar gazteengan sustatzeko[83][84].

Azkenik, kristautasuna azkar zabaldu bazen ere (XVI.–XVII. menderako), aipatzekoa da antzinako sinesmenek pisu handia izaten jarraitu zutela Inariko samien artean; esate baterako, XIX. mendera arte erabilia izan zen Ukonkivi sakrifizio gune garrantzitsua, Inari aintzirako Ukkoren uhartean dagoena. Baina, erlijio berriak eta Pielpajärviko baselizaren nagusitasunak ohitura asko desagerrarazi zituen XVII. mendean, hala nola, joik kantuen ohitura (livđe), sami talde gehienek beranduragora arte mantendu zutena[81].

Inariko armarria
Inariko armarria
Sakontzeko, irakurri: «Inariko armarria»

Udalerriko ikur nagusia Ahti Hammar margolariak sortu zuen 1954. urtean. Bere helburua, bertan agertzen diren objektuekin, Inariren ezaugarri nagusiak adieraztea izan zen; zelai beltz baten gainean, zilar koloreko koregono arraina agertzen da, burutik urrezko elur-orein adarrak ateratzen zaizkiona. Biak udalerriko animalia ohikoak dira, antzinako garaietatik udalerriaren motore ekonomikoaren funtsa izan direnak eta herritarren izaera markatu dutenak. Gaur egun, elur-orein zaintzak Inariko diru-sarrera nagusien iturri izaten jarraitzen du; eta koregonoa, aldiz, urtero eskualdera milaka arrantzale erakartzen dituen arraina da. Biak ala biak sami kulturan eta sinbologian eragin handia duten animaliak dira. Bestalde, aipatzekoa da Inariko armarriak ere atzealde iluna duela; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerrietako armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua irudikatzen dutenak. Udalbatzak ikur ofizialtzat hartu zuen 1954ko irailaren 28an (Barne Ministerioak hurrengo urteko otsailaren 25ean)[85][86].

Ivaloko Liburutegiaren barrualdea.

Elkarteak eta Erakundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerriko elkarte eta erakunde nagusiak Sajos Kultura Etxea eta bertan dagoen Finlandiako Samien Parlamentua dira:

  • Inariko Udal Liburutegia: udalerriko liburutegi sarea Ivaloko Liburutegiak, Inari herrian dagoen Sami Liburutegiak eta herriz herri doan liburutegi ibiltariak osatzen dute; Inariko lehena Pielpajärviko apaiz batek sortu zuen 1859an. Ivaloko eta Inari herriko liburutegietan, irakurtzeko lekuez gain, taldeko jarduerak antolatu eta ekintza eta erakusketa ugari eskaintzen dira. Udal Liburutegia Lappiko Liburutegia elkartearen parte da[87][88].
  • Sajos Samien Kultura Etxea: Inari herrian dagoen kultura etxea da. 2012ko apirilean ireki zituen ateak eta bertan daude, besteak beste, Samien Parlamentua, Samien Hezkuntza Institutua, Lappiko eskualde gobernua eta sami herriaren artxibo nagusia. Ouluko HALO arkitektoak enpresak diseinatu zuen eraikina eta helburua argien arteko kontrastea egitea izan zen; hain zuzen, Sajosen aurrealde beltzaren, eta barrualdeko pinu zuriaren eta neguko elurraren arteko kontrastea burutzea. Eraikina samien jatorrizko eraikuntzagintzan du oinarria eta Sajos izenak ere Inariko samieran du jatorria. Horrela, Kultura Etxea udalerriaren eta samien elkargune nagusia bihurtu da azken urteetan, eta Inariko ekitaldi eta ospakizun bereziak ere bertan antolatzen dira[89][90][91].
Sajos Kultura Etxea. Bertan dago Finlandiako Samien Parlamentua.
  • Samien Parlamentua: sami herriak Finlandian duen erakunde politiko gorena da, egoitza Sajos Kultura Etxean duena. Samien Lurraldea osatzen duten udalerriek sortu zuten 1973. urtean, eta, hain zuzen ere, inoiz sortu den samien lehenbiziko erakunde politikoa da, Norvegiako Parlamentuaren eta Suediakoaren aitzindaria. Hala ere, 1996. urtera arte ez zuen egungo izaera ofiziala bereganatuko. Harrezkero, Parlamentuaren eginkizun nagusiak samien kultura babesteko eta sustatzeko bidea ezartzea, eta herri horren iritzi ofiziala aditzera ematea izan dira; gainera, batzarrak mozioak eta proposamenak aurkezteko eskumena du, betiere samiei dagozkien gaien ingurukoak badira. Guztira, hogeita bat ordezkarik eta lau begiralek osatzen dute batzarra, eta lau urtean behin ospatzen diren hauteskundeen bitartez hautatzen dira –azken hauteskundeak 2019an ospatu ziren eta egungo presidentea Tuomas Aslak Juuso da–[92].

Udalerriko kirol elkarte nagusia Inarin Yritys da, negu kirolei lotua dagoena[93]. Bestalde, Ivalon izotz-hockey talde bat ere badago, Tunturi-kiekko (TuKi), 1983. urtean sortu zena. Taldeak herrialdeko 5. mailan jokatzen du, Lappi-liiga izeneko multzoan[94].

Sakontzeko, irakurri: «Saariselkä (eski estazioa)»

Ipar Lappiko eski estazio handiena Inari hegoaldeko Saariselkä herrian dago, Urho Kekkonen Parke Nazionalaren alboan. Hurrenez hurren 438 eta 416 metro dituzten Kaunispää eta Iisakkipää mendien artean dago, eta, guztira, hamabost eski pista ditu –zortzi Kaunispään eta zazpi Iisakkipään–. Pista hauek luzera eta tamaina askotakoak dira; alde batetik, hasiberrientzako pista errazak (urdinak) eta oso errazak (berdea) daude, zazpi urdin eta bi berde; bestetik, maila ertaina duten eskiatzaile edo snowboarderrentzako lau pista daude (gorriak); eta, azkenik, adituenentzako bi pista beltz[95]. Gainera, 1.200 metroko luzera duen jaitsiera bat ere badago, lera bidez botatzeko gordea dagoena. Pista horietatik zazpi argiztatuta daude, gauez ere ibili ahal izateko, eta Kaunispää mendian hasten diren pistetara igotzeko, aldiz, 950 metroko luzera eta hiru pertsonentzako lekua duen teleaulkia dago. Mendiaren tontorrean Saariselkä eski estazioko jatetxea dago.

Saariselkäko eski-pistak (2014).

Arrakasta handiena duten kirolak iraupen eskia, eski alpinoa, snowboarda, elur-erraketak, ibiltaritza eta orientazioa dira; izan ere, eski pistez gain, Saariselkären mugatik ateratzen den iraupen luzeko 180 km-ko ibilbide sarea dago, 34 km argiztatuta dituena. Azpiegiturak, bestalde, azaroan ireki eta maiatza inguruan itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar, Saariselkä herrian, kirola eta naturarekin lotutako ekintza ugari eskaintzen dituzte, esate baterako, elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eta natura ibilaldiak[96].

Inariko museo garrantzitsuenak sami herriari buruzkoak dira:

  • Siida edo Samien Museoa: sami etniaren kultura eta historiari buruzko museoa da, Inari herrian dagoena. Museoa Lappiko jatorrizko herriaren erakustoki nagusia da. Bertan daude erakusgai, besteak beste, samien jantziak, harribitxiak, lan eta ehiza tresnak, etxebizitzak, margolanak, musika instrumentuak, baita Izotz Arotik hona eskualdean aurkitu diren aztarna arkeologiko nabarmenenak ere. Gainera, samien kultura, arte eta bizimodu tailerrak antolatzen dira, eta iparraldeko beste hainbat herriren erakusketak ere jasotzen dira, hala nola, inuitenak eta nenetsenak.
Siida museoaren ataria neguan (2013).
Sami herriaren erakusleiho nagusi izateaz gain, museoa sami kulturaren hauspoa ere bihurtu da azken urteotan; izan ere, museoa kudeatzen duen elkarteak etnia honen gaineko ikerkuntza zientifikoak eta, babesteko eta sustatzeko ekintza garrantzitsuenak antolatzen ditu. Egoitza nagusia Inari aintziraren ertzean dago, mendeetan Inariko samien bilgune izan den aintziraren ertzean, eta ateak 1998an ireki bazituen ere, aitzindaria 1959. urteko Inariko Samien Museoa da. Urte horretan, sustatzaileak museoak eskainiko zituen bildumak, eraikinak eta objektuak biltzen hasi ziren eta, azkenean, 1963an zabaltzea lortu zen; Museo Nazional izendapena eta Siida deitura 1999an eskuratu zituen. Aipatzekoa da, azkenik, eraikin nagusiaz gain, udaran estalperik gabeko museoa irekitzen dela ondoko lursailean, Inariko Samien Museoa izenekoa[8].
  • Skolt Samien Etxea: Sevettijärvi herrian dagoen skolt samien kultura eta historiari buruzko museoa da. Skolt samien jatorria Sápmi ekialdeko Kola penintsulan dagoen arren, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuenean, finlandiar lurraldean bizi ziren Petsamo udalerriko samiak lekuz aldatu zituzten Inarira eta Utsjokira; Suonikylän bizi ziren skolt samiak, zehazki, Sevettijärvi eta Näätämö herrien artean banatu ziren 1949. urtean. Gerra bukatu ostean, Petsamo sobietarren esku gelditu zenez, skolt samiak bizileku berrira egokitzen hasi ziren eta, horrela, gaur egun, sami etnia osatzen duten Inariko hiru kulturetako bat da. Atari zabaleko museoak herri honen bizimodua erakutsi nahi du; hala nola, tresnak, jantziak, argazkiak, harribitxiak eta jatorrizko etxebizitzak daude erakusgai. Museoa Siidako elkarteak kudeatzen du[97][98][99].

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerriko ondasun nabarmenak erlijioarekin lotura duten leku eta eraikinak dira. Hain zuzen, Inari oso udalerri zabala da eta hainbat herriz osatua dago; hori dela eta, balio eta garrantzi handia duten tenplu asko daude sakabanatuta. Garrantzitsuenak Inari herriko, Ivaloko eta Pielpajärviko elizak dira; baita batik bat ipar-ekialdean dauden skolt sami komunitatearen eliza ortodoxoak ere. Gainera, aipatzekoa da bertako eraikinen balio historiko eta kultural handiari esker, Angeli, Lisma eta Nellim sami herriak Finlandiako eraikitako kultur inguruneko zerrendan sartu zirela 1993. urtean. Hauekin batera, babestuak izan ziren Ivalo ibaiko urre ingurua –1868an egin zen urrearen aurkikuntzaren ondorioz garatutako meatzaritza eta urre sukarraren aztarna dena–, Inari aintzirako Ukonsaari uhartea –samien sakrifizio gune garrantzitsua zena–, Petsikkotunturi eta XIX. mendeko Sallivaara elur-orein haztegiak, mugan dagoen Raja-Joosepi etxaldea eta XVIII. mende hasierako Pielpajärviko baseliza ere[100].

Hala ere, denen artean, ondokoak dira Inariko ondasun nabarmenenak:

  • Hirutasun santuaren eta San Trifo Petxengakoaren eliza: Nellim herrian dagoen eliza ortodoxoa da. Egurrezko tenplua 1987. urtean eraiki zuen Seppo Latvala arkitektoak, eta antzinako Petxengako elizan oinarritu zen eraikina diseinatzeko. Hain zuzen, Jarraipenaren Gerraren ondoren lekuz aldatuak izan ziren Petsamoko skolt samiek osatzen dute elizara joaten diren sinestunen kopuru handiena. Nellimgoaz gain, Inarin xumeagoak diren beste bi eliza ortodoxo daude: Ivaloko San Nikolas eliza eta Sevettijärviko San Trifo Petxengakoaren eliza; baita Keväjärvin kapera bat ere. Dena den, eliza honetan elizkizun luteranoak ere ospatzen direla[101][102].
Ivaloko elizaren aurrealdea iluntzean (2018).
  • Inariko eliza: Inari herriko eliza luteranoa da, Saamelaiskirkko edo «Samien eliza» ere deitua. Neguko Gerran, 1940an suntsitutako aurreko elizaren gainean dago eraikia eta, Estatu Batuetako kristau protestanteen dohaintzari esker, 1952. urtean ateak ireki zituen. Eraikin zuria egurrezkoa da, ia lurreraino iristen den teila beltzeko teilatu zabala dauka, eta, guztira, 200 eserleku. Ezkila-dorrea, aldiz, 1982. urtean eraiki zen eta, bertan, elizaren bereizgarri nagusia den inskripzioa idatzita dago: Kaikki, joissa henki on, kiittäkää Herraa. Hallelujaa, alegia, «Arnas hartzen duen orok Jauna goresten du. Aleluia». Erretaula, bestetik, Väinö Saikko viipuriar artistaren lana da, 1938koa, eta «Jesus samiei agertzen zaie» izenburua du[103].
  • Ivaloko eliza: Ivalo herrian dagoen eliza luteranoa da, Inariko parrokiako eliza nagusia. 1966an eraiki zen eta Laura Järvi eta Kauko Kokko arkitektoek diseinatu zuten. Adreiluz eta zinkez eginiko eraikina, itxura eta material aldetik, Lappiko gainontzeko elizen bestelakoa da; hain zuzen, eskualdeko tenplu protestanteek mantentzen duten soiltasunarekin hautsi eta eliza modernoa eraiki nahi izan zuten arkitektoek. Nabarmenak dira eraikinaren aurrealdeko beirate luze eta zabalak. Guztira, 400 eserleku dauzka eta beirazko erretaula koloretsua Laura Järvi arkitektoaren lana da. Bestetik, aipatzekoa da Tapio Wirkkala artistaren hainbat obra daudela elizan; esaterako, kaliza eta egurrezko ordularia. 1999an eraikina berriztatua izan zen[104].
  • Pielpajärviko baseliza: Inari herritik 10 bat km iparraldera dagoen baseliza da, zutik dirauen udalerriko eraikin zaharrena. Baseliza basoaren erdian dago, Pielpajärvi aintziratik hurbil, eta 1760. urtean eraiki zuten hondatua zegoen aurreko elizaren gainean. Ingurunea aspalditik inariarren elkargune nagusia izan da; hain zuzen, Inariko samiek, sasoiaren eta arrantza eta ehizaren arabera, egonlekuz aldatzen ziren, eta neguko hilabete luzeak igarotzeko geldialdia egiten zuten ingurune honetan. Pielpajärviko neguko herria sami gizartearen gune garrantzitsua izan zen hainbat mendez. Elizaren nagusitasuna, zehazki, XVII. eta XVIII. mendeetan eman zen, harik eta Inari herri berria finkatu zen arte. Ondorioz, XIX. mendearen erdialdean, hondatzen hasi zen, eta, 1888. urtean, Inariko eliza eraiki zenean, alde batera utzi zuten. Hala ere, XX. mendean, susperraldia etorri zen. Neguko Gerrako bonbardaketa batean, Inariko eliza suntsitua izan zen, eta baselizak ateak ireki behar izan zituen berriro ere 1940. urtean. Gaur egun herrigunean eliza berria eraiki den arren, Pielpajärvikoa oso baseliza maitatua bihurtu da inariarrentzat, eta urtero Aste Santuko eta udako elizkizunak, ezkontzak, bataioak eta beste hainbat ospakizun bertan burutzen dira. Eraikinak greziar gurutze itxurako oinplanoa du, 14 m-ko luzera eta 13,6 metroko zabalera, eta egurrezkoa da guztiz[105][106][107].
Ukonsaari uhartea (Ukonkivi) Inari aintziran.
  • Ukonkivi (euskaraz, «Ukkoren arroka»): Inari aintzirako Ukonsaari uharte harritsuan dagoen leku sakratua da. Izenak berak dioen moduan, finn herriaren Ukko jainkoaren edo samien Äijih baliokidearen uhartea da, alegia, zeruaren, gertaera klimatikoen, eta beste hainbat erabilera naturalen jainko gorenaren arroka. Guztira, uharteak 30 metroko altuera eta 50 metroko zabalera du; luzera, aldiz, 100 bat metrokoa. Inariko samientzat sakrifizio gune garrantzitsua izan zen eta XIX. mendera arte erabili zutela uste da. Bi seita edo sakrifizio leku aurkitu dira bertan; lehena 1873. urtean aurkitu zuen Sir Arthur Evans britainiar arkeologo ospetsuak, uharteko kobazulo batean antzinako hainbat harribitxirekin topo egin zuenean; bigarrenaren berri, aldiz, finlandiar arkeologoek eman zuten 2007. urtean. Uharteko kobazueloetan, hain zuzen ere, elur-orein hezurrak, harribitxiak eta txanponak aurkitu izan dira urte hauetan. Ukonsaari Inari herritik 11 km-ra dago eta Siida museoak bertatik gidatutako bidaiak antolatzen ditu[108][109].
Jazz kontzertua KaamosJazz jaialdian.

Ospakizun bereziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerrian ospatzen diren egun berezienak samien kultura eta usadioekin lotura duten ospakizunak dira; besteak beste, aipatzekoa da martxoaren bukaeran Inari herrian antolatzen den elur-orein txapelketa, Paliskunnat izenekoa. Partaideak, samiak ohi direnak, soka batzuen bitartez euren elur-oreinetara lotzen dira eta eskiak soinean dituztela helmugaraino lehen postuan iristen saiatzen dira[110]. Bestetik, uztaileko Inariviikot edo Inariko astea izeneko ospakizuna dago. Astebete irauten duen udako jaialdi honek ekintzaz betetzen du Inari herria; antzerkiak, dantza ikuskizunak, umeentzako jarduerak eta jokoak, ibilaldiak, ur-motoen txapelketa, folk musika emanaldiak, kanoa irteerak, inariar istorio kontakizunak eta arte erakusketak antolatzen dituzte[111]. Azkenik, samiekin zerikusia duten eta oso arrakastasuak diren beste bi ospakizun ere badira: Ijahis idja herri indigenen musikaldia, abuztu erdialdean ospatzen dena, eta Skábmagovat herri indegenen film eta telebista produkzioen jaialdia, 2019ko urtarrilean hogeigarren urteurrena ospatu zuena[112][113].

Saariselkä herrian, bestalde, turismoari begira antolatzen diren hainbat ospakizun daude. Guztietan arrakastatsuena azaroko gau ilun eta luzeak girotzeko sortu zen KaamosJazz jaialdia da; bertara, herrialdeko jazz musikari ospetsuenak joan ohi dira eta entzule nagusiak, jazz zaletuez gain, eski estaziora joaten diren elurzaleak dira[114]. Gainera, ahulagoa izan ohi den udako turismoa berpizteko, azken urteotan abuztuan antolatzen hasi diren bi bilkura aipatu behar dira: Ipar Finlandiako motorzaleen batzar nagusia, Jänkhällä Jytisee, eta Rautaa Rajalle, autozaleen festa nagusia[115][116]. Abuztuaren 31an hasi eta irailaren 1ean bukatzen den Saariselkä MTB mendiko bizikleta txapelketa, azkenik, uda sasoia agurtzeko antolatzen den ospakizuna da[117].

Kanabera Inari aintzira lainotuaren ertzean.

Lappiko gainontzeko udalerrien antzera, Inariko jarduera ekonomiko nagusia zerbitzu-sektorean dago; guztira, langileen %83,9k egiten du lan hirugarren sektorean, bai zerbitzu publikoetan, bai pribatuetan[7]. Kopurua izugarri hazi da azken urteotan, batik bat, turismoak izan duen hazkuntzari esker. Gainontzeko langileak, aldiz, lehen sektorearen (%6,3) eta bigarrenaren (%7,9) artean banatzen dira[6]. Aipatzekoa da samien artean abeltzaintzak betetzen duen funtzioa, izan ere, elur-orein zaintza euren kulturaren bereizgarri garrantzitsua da. Langabezia tasa %9,1ekoa da (2020)[118]; eta udal-tasa, aldiz, %19koa[119].

XIX. mende erdialdera arte, Inari lehen sektoreko udalerria izan zen. Samien elur-orein etxaldeak ziren herritarren diru-sarrera nagusia, eta arrantzak eta egoera klimatikoak guztiz baldintzatutako nekazaritzak irabazi hauek osatzen zituzten. Dena den, XIX. mendean Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta urre sukarrak herritar asko erakarri zituzten hegoaldetik. Bestalde, 1950eko hamarkadan, basogintza industria hazi eta garatu egin zen, eta Inari aintziraren gehiegizko ustiapena hasi zen. Inarik oparoaldi ekonomikoa izan zuen, herritarren kopurua hazi zen, azpiegiturak eraiki ziren, baina aintziraren ustiapen jasanezinaren ondorioz, arrainen kopuruak behera egin zuen nabarmen. Egoera larria zen, eskala txikiko arrantzak garrantzi handia baitzuen inariarren egunerokoan, eta herritarrak euren udalerriko baliabide naturalak babestearen beharraz ohartu ziren; horrenbestez, 70eko hamarkadatik aurrera, aintzira eta natura basatia babesteko ekintzak jarri ziren abian. Arrantza industriak udalerriaren motore ekonomiko nagusi izateari utzi zion eta turismo berdearen aldeko apustua egin zuen Inariko Udalak. Horrela, parke nazionalak eta eremu basatiak sustatzen hasi ziren eta, eski estazio eta azpiegitura berriekin batera, turismoa inariarren enplegu-emaile nagusi bihurtu zen[120].

Gauerdiko eguzkia Inari aintziran. Goizeko 01:38an Sovintovaaratik (2013ko ekainaren 1a).

Birmoldaketa horren ikurra Saariselkä herria da. Hain zuzen, Saariselkä udalerriko turismoaren erdigune bihurtu zen eta bisitariak jasoko zituzten hotel, ostatu eta jatetxeak bertan eraiki ziren; guztira, 13.500 bisitari jasotzeko prestatu zen 300 biztanleko herria. Era berean, Kaunispää eta Iisakkipää mendien artean dagoen eski estazioak bultzada handia izan zuen, eta horrekin, Inarik neguko kirolez eta natura basatiaz gozatzeko eskaintza luzatu zien turistei. Udalerrira iristen diren kirolzale eta naturazale gehienak finlandiarrak diren arren, azken urteotan, britainiar, alemaniar eta japoniar bidaiari ugari ere iritsi da[120].

Azkenik, basogintza industriak Inariko diru iturri garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren, aipatzekoak dira azken urteotan babestutako eremuen kontura udalerrian izan diren hainbat istilu. 2005. urtean, esaterako, sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Metsähallitusek pinu basoen %40 babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hau emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten talde ekologistak eta samiek. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte udalerriko pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Azkenean, hainbat urteren ostean, Finlandiako Gobernua, Metsähallitus, Greenpeace eta samiak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Inariko Udalak urtero udalerriko naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen du[25].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d "Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2020". Maanmittauslaitos. 2020.04.13
  2. a b "Väestörakenteen ennakkotiedot alueittain, 2020M01*-2020M02*". Tilastokeskus. 2020.04.13
  3. a b "Language according to sex by municipality, 1990-2019"[Betiko hautsitako esteka]. Tilastokeskus. 2020.04.13
  4. a b "Inari - Facts and statistics". Inari. 2019.08.10
  5. a b c "Saamelaisten lukumäärä Suomessa vuoden 2015 Saamelaiskäräjien vaaleissa". Inarin kunta. 2019.03.07
  6. a b c "Kuntien avainluvut - Inari". Tilastokeskus. 2020.04.17
  7. a b "Tilastotietoa". Inari. 2019.08.04
  8. a b "Sámi Museum Siida". Webgune ofiziala. 2019.04.02
  9. "Rovaniemi-Ivalo". Distance From To. 2019.01.12
  10. "Vascular flora of Inari Lapland". Kevo Subarctic Research Station. 2019.01.16
  11. "Saariselkä (...) 270 km north of the Arctic Circle". Inari Saariselkä. 2019.01.12
  12. "Näätämö (69°39′54″N, 29°6′18″E) 500 kilometers north from the Arctic Circle". Näätämö Gateway. 2019.01.13
  13. "Lapland Midnight Sun – An Arctic Summer". Rayann Elzein Photography. 2019.01.02
  14. "Polar night". Siida. 2019.01.02
  15. "On the hunt for northern lights". Visit Finland. 2018.12.04
  16. "No snow in Lapland could spell a festive flop". CNN Travel. 2018.12.10
  17. "8 Jagiáiggi". Siida. 2019.01.12
  18. "Ivalon ilmasto". Tu Tiempo. 2019.01.18
  19. "Inari". Kansalaisen karttapaikka. 2019.12.13
  20. "Inari". JärviWiki. 2019.08.12
  21. "Inarijärvi - 1.084 km²". JärviWiki. 2019.01.16
  22. "Ukonsaari Island". National Parks. 2019.01.16
  23. "Ravadasköngäs". Suomen Vesiputoukset. 2019.01.16
  24. "Lapland state of conflict". Greenpeace. 2013.04.20
  25. a b "80,000 Hectares of Finnish Forest Protected in Landmark deal". Greenpeace. 2013.04.10
  26. a b "Lemmenjoen kansallispuisto". Luontoon. 2019.01.18
  27. a b "Käyntimäärät kansallispuistoittain 2019". Metsähallitus. 2020.04.17
  28. "Urho Kekkosen kansallispuisto". Luontoon. 2019.01.18
  29. a b c "Lapin erämaa-alueet: Hammastunturin, Kaldoaivin, Muotkatunturin, Paistunturin, Tsarmitunturin ja Vätsärin erämaa-alueet". Luontoon. 2019.01.15
  30. "Pasvik-Inari Park". Webgune ofiziala. 2019.01.12
  31. a b c "Inari - ihmisten ja kulttuurien kohtauspaikka". Luontoon. 2019.06.30
  32. a b c d "Lapin historia". lappi.fi. 2018.12.11
  33. a b c d e f "Inarin historia". Sami Museum. 2019.07.02
  34. Ojanlatva, Eija. «Historia Anarâš», Siida. Viitattu 2010.08.04
  35. a b c Lehtola, Teuvo (1998). «Inarin historia 1500-luvulta jälleenrakennusaikaan». S.22.
  36. "Tapahtumia Sodankylässä... Suomessa ja Maailmalla". Sodankylän kunta. 2020.03.23
  37. "Lappi maailmansodan vuosina"[Betiko hautsitako esteka]. Suomi80. 2019.07.07
  38. "Lapin historiaa". Suonttavaara. 2019.07.08
  39. "Suomen sotahistoria - Lapin Sota". Sotahistoria. 2019.07.08
  40. "Esittely". Lapin sota. 2019.07.08
  41. Ahto, Sampo (1980). Aseveljet vastakkain – Lapin sota 1944–1945 [Arma Anaiak Aurrez Aurre Borrokan – Laponiako Gerra 1944–1945] (finlandieraz). Helsinki: Kirjayhtymä. ISBN 978-951-26-1726-5
  42. Lehtola, Veli-Pekka (1997). «Saamelaiset - historia, yhteiskunta, taide». Gummerus: Jyväskylkä. ISBN 951-97541-2-1.
  43. "Laki saamelaiskäräjistä". finlex.fi. 2018.12.14
  44. "The Sámi Parliament – The representative self-government body of the Sámi". Samediggi. 2018.12.14
  45. "Inarin kunta". fonecta.fi. 2019.01.29
  46. "Inarin karttapalvelu". Inarin kunta. 2019.01.29
  47. a b c "Väestö ikäryhmittäin Inarin kunnassa 31.12.2017". Inarin kunta. 2020.04.19
  48. a b c "Villages". Inarin kunta. 2019.02.05
  49. "Nelostie E75 ry". Nelostie. 2018.12.24
  50. Grönroos, Matti: "Kantatie 91 Ivalo-Raja-Jooseppi, 52 km". mattigronroos.fi. 2019.02.10
  51. Grönroos, Matti: "Kantatie 92 Karigasniemi–Kaamanen–Näätämö, 192 km". mattigronroos.fi. 2018.12.24
  52. "Timetables and routes". Eskelisen Lapin Linjat. 2018.12.24
  53. "Company: Gold Line". Lapland Saariselkä. 2019.02.10
  54. "Bus Info". Kukkolan Bussit. 2019.02.10
  55. "Passengers 2019". Finavia. 2020.04.17
  56. "Ivalon lentoasema". Finavia. 2019.02.10
  57. a b "Inarin koulut". Inarin kunta. 2019.02.12
  58. "Ivalon lukio". peda.net. 2019.02.26
  59. "Tiedot-SOG/SAKK". Saamelaisalueen koulutuskeskus. 2019.03.02
  60. "Sami Education Institute". University of the Arctic. 2019.03.02
  61. a b "Lapland Hospital District". Lapin Sairaanhoitopiiri. 2018.12.25
  62. "Terveyspalveluiden yhteystiedot". Inarin kunta. 2019.03.03
  63. "Inarin ystävyyskunnat". Inarin kunta. 2019.03.04
  64. "Vaalien tulokset 2017". Tulospalvelu. 2019.01.01
  65. "Toni K. Laine on Inarin uusi kunnanjohtaja". Yle. 2020.04.17
  66. "Valtuusto 2017–2021". Inarin kunta. 2020.04.17
  67. "Yle Ođđasat koltansaameksi ensimmäistä kertaa". Yle. 2019.03.07
  68. "Population Structure". Tilastokeskus. 2020.04.18
  69. "Väestön elinkeino". Tilastokeskus. 2018.12.27
  70. "Väestö kielen mukaan sekä ulkomaan kansalaisten määrä ja maa-pinta-ala alueittain 1980 - 2016". Tilastokeskus. 2018.12.26
  71. "Lappi maailmansodan vuosina".Suomi80. 2018.12.26
  72. "Anni-Kristiina Juuso". IMDb. 2019.03.23
  73. "Kari Väänänen". IMDb. 2019.03.23
  74. "Amoc is rapping the Sámi language onto the map". Embassy of Finland. 2019.03.23
  75. Aikio, Ante (2012). "An essay on Saami ethnolinguistic prehistory". Finno-Ugrian Society. 2018.12.27
  76. Björn Collinder: "Lapparna"; Stockholm; 1953
  77. "The Sámi People & Reindeer Husbandry". Visit Inari. 2019.03.24
  78. "The Skolt Sámi in Finland". Sami Museum. 2019.03.24
  79. a b "The Sámi in Finland". Sámediggi. 2019.03.24
  80. "Inari Municipality, Presentation". Inarin kunta. 2020.05.06
  81. a b c d "The Inari Sámis". Siida. 2019.03.24
  82. "Population of Inari". Inari. 2019.08.04
  83. "Anarâškielâ". Endangered Languages. 2019.03.26
  84. "Inari Saami-Language Atlas". UNESCO. 2019.03.26
  85. «Heraldica Fennica». Den moderne finlandske kommunalheraldik – verdens bedste!. Suomen Heraldinen Seura ISBN 951-35-1695-4..
  86. Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 131 or. ISBN 951-773-085-3..
  87. "Inarin kunnankirjasto". Inarin kunta. 2020.04.18
  88. "Tapahtumat". Lapin kirjasto. 2020.04.18
  89. "Sajos Saamelaiskulttuurikeskus". Sajos. 2019.06.27
  90. "Sajos". Inari-Saariselkä. 2019.06.27
  91. Jenni Leukumavaara, Saamelaiset saivat komean kodin, HS 2012.02.06 s. C1
  92. "Sámediggi". Sámi Parliament of Finland. 2019.03.31
  93. http://www.inarinyritys.net/ "Inarin Yritys"]. Webgune ofiziala. 2019.03.31
  94. "Tunturi-Kiekko". Webgune ofiziala. 2019.03.31
  95. "Slopes". Ski Saariselkä. 2019.04.01
  96. "Ski & Sport Resort". Ski Saariselkä. 2019.04.01
  97. "Skolt Sámi Heritage House". Lapinmuseot. 2019.04.20
  98. "Kolttien perinnetalo (Sevettijärvi)". Siida. 2019.04.20
  99. "Kolttien perinnetalo". Luontoon. 2019.04.20
  100. 1993: Säilyttäminen lista Angelin kylä, Inarijärven Ukonsaari ja hautasaaret, Ivalojoen kulta-alue, Lisman kylä, Nellimin kylä, Petsikkotunturin erotuspaikka, Pielpajärven kirkko ympäristöineen, Raja-Joosepin talo, Sallivaaran poroerotuspaikka. Museovirasto. 2019.06.27
  101. "Lapin ortodoksinen seurakunta". Ortlappi. 2019.06.27
  102. "Nellimin ortodoksinen kirkko". Inari-Saariselkä. 2019.06.27
  103. "Inarin kirkko". Inarin seurakunta. 2019.06.27
  104. "Ivalon kirkko". Inarin seurakunta. 2019.06.27
  105. "Pielpajärven erämaakirkko". Inarin seurakunta. 2019.06.27
  106. "Pielpajärvi Wilderness Church". National Parks. 2019.06.27
  107. "Walk to one of the oldest buildings in Lappi". Gerald Zojer - Blog. 2019.06.27
  108. "Ukonkivi". Life in Lapland. 2019.06.27
  109. "Saamelainen maailmankuva ja mytologia". Luontoon. 2019.06.27
  110. "Paliskuntain yhdistys". Paliskunnat. 2019.05.28
  111. "Kullan kimallusta Inariviikoilla 19.-28.7.2019". Inariviikot. 2019.06.28
  112. "Ijahis idja". Webgune ofiziala. 2019.06.28
  113. "Skábmagovat". Webgune ofiziala. 2019.06.28
  114. "KaamosJazz - Saariselkä". KaamosJazz. 2013.09.09
  115. "Jänkhällä Jytisse". Inari. 2019.06.28
  116. "Rautaa Rajalle"[Betiko hautsitako esteka]. Saariselkä. 2019.06.28
  117. "Saariselkä MTB Stages". Saariselkä MTB. 2019.06.28
  118. "Lappi - Työllisyyskatsaus". Työllisyyskatsaus. 2020.04.18
  119. "Luettelo kuntien ja seurakuntien tuloveroprosenteista vuonna 2019". Verohallinto. 2020.04.18
  120. a b "History". Saariselkä. 2019.08.09

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]