[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Jatun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jatun
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaMustelidae
GeneroaGulo
Espeziea Gulo gulo
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia8 hilabete
Masa84 g
arra: 14,8 kg
emea: 10,6 kg
Kumaldiaren tamaina3
Edoskitzea7,5 aste
Eguneko zikloagaueko

Azkonar jatuna edo soilik jatuna (Gulo gulo) Mustelidae familiako ugaztun haragijalea da, batik bat, Eskandinavian, Siberian eta Kanada eta AEB iparraldean bizi dena.

Euskal Herria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxerriko leizearen labar-margoetan jatun baten marrazkia agertzen da, euskal lurraldean garai batean espezie honen berri emanez.

Jatunak, ugaltze eta sabelaldi zein kumeen hezieran izan ezik, animalia bakartiak dira. Erditzea negu bukaeraren eta udaberri hasieraren arteko tartealdian suertatzen da, ernaldi luze baten ondoren. Ehiza-lurralde finkoak eta zabalkorrak dituzte, arren kasuan 1.000 km-raino zabal daitezkenak. Oso animalia aktiboak dira, mustelidoen artean oso arrunta den ezaugarri partekatua, jatunak une oro dabiltza mugimenduan, beraien lurralde zabalak bazterretik bazterrera miatzen gau eta egunez, janariaren (harrapakin zein sarraski) bila.

Egun batean 45 km egin dezakete beraien ibilaldietan, eta zenbait km iraun dezakete 15 km/h-ko abiadura etengabean.

Jatuna haragijalea da, nahiz eta behar duenean fruituak ere barruratzen dituen. Paper garrantzitsua jokatzen du kate trofikoan, batetik beraien lurraldeko harrapari handienek (otsoak, pumak, hartzak) ehizatzen dituzten harrapakinak ehizatzeko gai direlako (bisonteak izan ezik), hots, super-harrapariek jokatzen duten paper garrantzitsua jokatzen dutelako eta, bestetik, sarraskien garbiketa lana ere barneratzen dutelako. "Rol" ekologiko garrantzitsuzko animalia izaki.

Ehiza dezaketen guztia jaten dute, eta asko da ehizatu dezaketena (beraiek baino 10 aldiz handiagoak diren harrapakinak barne). Bisonte handiak salbu, gainontzeko harrapakin guztiak sartzen dira bere menuan, intsektuetatik hasi eta altzetan bukatuta. Udan hegaztiak eta beraien arrautzak, intsektuak, karraskariak eta tamaina txiki zein ertaineko animaliak ehizatzen ditu.

Neguan aldiz, harrapakin handiak ehizatzeko joera dute, ungulatuak (altzeak barne) eta antzerako ugaztunak, beste harrapari batzuk barne (azeria, mustelido txikiagoak eta basakatuak).

Ungulatu handiak ehizatzeko teknika berezia du, oso txikia eta motela izanik (ungulatu eta zerbido hankiekin alderatuta) bere tamaina eta pisu txikia zein zango zabalak profitatzen ditu elur sakonean trabatuta edo motelduta geratzen diren animalia handi horiek ehizatzeko. Normalean lepoan egiten du hozkada, zauri larria eraginez, baita animalia handien atzekaldean ere, zauri sakonak egin eta odolusteko (hienek, likaonek eta otsoek bezala).

Sarritan beste harrapariek ehizatutako sarraskiak lapurtzen dituzte, ez daukate inolako erreparurik puma handienei eta otsoei (biak jatuna baino 3 bider handiagoak) zein hartz beltzei (otsoak eta pumak baino nabarmen handiagoak) harrapakina beraien muturren aurrean lapurtzeko edo horretan ahalegintzeko behintzat. Pumak eta otsoak baino nabarmen txikiagoak eta motelagoak izanik (beraz, ez hain lehiakorrak harrapakin azkarrak harrapatzeko), adituek diote harrapakinen lapurketak jatunaren elikaduran garrantzi berebizikoa eta pisu handia duela.

Beraz bizirauteko oso moldatua dagoen animalia da jatuna, oso eraginkorra ehizatzeko eta oso indartsua bere lehiakideei harrapakinak indarrez lapurtzeko, elikaduran zenbateko iraunkorra eta konstantea bermatuz.

Jatuna gorputz sendo eta indartsuko animalia da, hanka motz eta mardulak (mustelido guztiek bezala, baina ez era hain nabarian) eta ilaje lodikoa, tenperatura baxuetan bizitzeko ondo moldatua. Hain dago egoera horretara biziki ondo moldatua ezen bere ilea ez baita inoiz izozten, hilda egon arren eta tenperatura baxuenak jaso arren. Arre kolorekoa da, oro har kolore ilun irregularrez osaturikoa.

Lur lehorreko mustelido handiena da eta munduko bigarrena (igaraba erraldoiaren atzetik).

65-100 cm luze da, bere isatsa 13-26 cm-koa izaki. Arrek 12-25 kg pisatzen dute (18 kg batezbesteko pisua eta arruntena izanik) eta emeak % 30 txikiagoak dira, 6-12 kg-dunak.

Mustelido guztiek partekatzen duten neurriz kanpoko indar ikaragarria dute jatunek. Haiek baino 10 aldiz handiagoak diren animaliak ehizatzeko eta hiltzeko gai dira.

Jatunak famatuak dira haiek baino bi edota hiru aldiz handiagoak diren pumak, otsoak eta tundrako leopardoak beldurrik gabe erasotzeagatik, bai horietaz defendatzeagatik edo baita sarraskiren bategatik lehiatzeagatik ere (3 alez osaturiko otso talde txikiei barne). Hartz beltzei, sarraskia lapurtzeko asmoz, erasotzeko gai ere badira, eta egia esan, sarritan geratzen dira besteek harrapaturiko ehizarekin.

Mustelido guztien artean, letagin handienak eta garatuenak dituena da (baita proportzioz ere), baita hozkada indartsuena duena ere. 20 kg-ko animalia izan arren, haren indarra, hortz, atzapar zein hozkada ahaltsuaren eraginez bera baino askoz ere handiagoak diren animaliak (10 bider handiagoak ere bai) akabatzeko gai da. Kiloz kilo, hozkada boteretsuena duen animalietariko bat da, bere lehengusua den Ratel-arekin (azkonar eztijalea), Tasmaniako deabruarekin, likaonarekin eta beste hainbatekin batera. Sarraskiak osorik jaten ditu, hortzak, larrua eta atzaparrak barne.

Jatuna, mustelidoen artean atzaparrak garatuen dauzkana da. Jatunaren atzaparrak oso zorrotzak dira, felidoen antzerakoak. Ez dira erpe bilgarriak felidoen kasuan bezala, baina korrika egitean eta ibiltzean bere pisua orpoetan jartzen duenez, erpeek ez dute inoiz lurrarekin kontakturik egiten, une oro zorrotzak mantenduz.

Atzaparrak ehizatzeko, erasotzeko eta defentsarako erabiltzen ditu, baita zuhaitzetara igotzeko ere (felidoen antzera).

Organo kirasduna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatunak, mustelido gehienek bezala, organo kirasdun bat du, kirats handia eragiteko gai dena. Kirats hau defentsarako edota lurraldea markatzeko erabiltzen dute, baita bera baino handiago eta indartsuagoak diren harrapariei sarraski bat lehiatzeko (askotan sarraskia fluxu kirasdun honekin igurtzen dute, beste harrapari lehiakideei interesa galaraziz).

Oso organo eta arma eraginkorra da bera baino indartsuagoak diren beste harrapari eta lehiakideen aurka.

Ipar Amerikatik Eurasiako tundretaraino hedatzen da. Lehen Europako iparraldean eta Ipar Amerika luze-zabalean oso hedaturik zegoen arren, egun iraungia eta oso murriztua dago leku horietan, adibidez Ipar Amerikako zonalde batzuetan eta ia-ia Europako kontinente osoan.

Horren atzean etsaitzat duen izaki bakarra dago: Gizakia. Ilaje berezi hori lortzeko ehizak eragindakoa batez ere.

Etsai Naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etsai natural gutxi dauzkate bere oldarkortasuna eta arma kirasduna direla eta. Otso taldeek jatunaren populazioa orekatzen dute, puma, lehoinabar eta tigreen harrapakina ere bihurtzen da noizbehinka.

Argazki bilduma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marvelen heroien artean, otsokume deritzon pertsonaia jatunean dago oinarrituta. Jatunaren indarra, kuraia eta tamaina txikia izan ziren otsokume deritzon pertsonaia (1,62 m-ko gizon txiki bezain indartsu eta kuraiaduna) sortzeko hiru zutabeak. Beraz, esan genezake, euskararen itzulpena (beste hizkuntzetan gertatu den bezala) gaizki egina dagoela, jatorrizko izena wolverine da, jatuna ingelesez.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]