Beldur
Beldurra arriskutsutzat jotzen den berehalako estimulu edo egoera batean sentitzen den emozio bizia da. Muturreko egoera batean ordea, arriskuaren pertzepzioa larria denean, izua edo beldur handia sortzen da eta subjektuaren paralizazioa gerta daiteke. Beldur terminoa antsietate egoeretarako ere erabili ohi da, baina beldurra unean gertatzen ari diren mehatxu edo arrisku errealeko egoeretara mugatzea hobesten da, antsietatea kezka eta estres egoeretan izaten den emozioa izendatzeko uztearren. Bat-bateko estimulu batek eraginez hasten denean, beldurra izualdi batez hasten da.
Beldurra gauza errealei izateaz gain itxurazko edo fikziozkozko zenbait egoeren ondorioz ere sentitu daiteke. Diotenez, beldurra pertsonaren edo gizarte-antolamenduaren izaeraren parte izatera bilakatu ahal da, norberaren izakeran ondorioak sortuz.
Kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eragile biologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biologiak dio giza biziraupena bermatzeko tresna izan daitekeela beldurra. Honek ekartzen dituen antsietate eta larritasunak arriskuen aurrean bizkor eta modu eraginkorrean erantzuten laguntzen du. Teoria hau jarraituta ikerketek beldur batzuk (animaliak adibidez) beste batzuk baino ohikoagoak direla frogatu dute. Honi esker ohiko beldurrak zituzten lehenengo gizakiek egoera arriskutsuak ekidin edo gainditu ahal zituzten, hautespen naturala jarraituz.[1]
Inkesten arabera naturarekin lotutako beldurrik ohikoenak hurrengoak dira:[2]
Baldintzapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beldurra egoera traumatiko bat biziz edo ikusiz gero ikas daiteke Andreas Olsson, Katherine I. Nearing eta Elizabeth A. Phelps-ek egindako ikerketa baten arabera. Esperimentuan pertsonen amigdalek aldaketak jasan zituzten, bai beste norbait gertaera higuingarri baten menpe ikusitean (jakinda haiek tratamendu bera izango zutela), bai egoera beldurgarri batean zeudenean.[3] Honen arabera beldurra ez du zertan bizipen pertsonaletatik garatu.
Psikologiak beldur-ikasien fenomenoa ere ikertzen du baldintzapenaren teoriaren barnean.
1920an John B. Watsonek eta Rosalie Rayner-ek teoria honen aldeko froga enpirikoak lortu zituzten Albert Txikiaren esperimentuaren bidez. Ikerketan Albert deituriko 11 hilabeteko ume bati arratoi zuriei beldur izatera irakatsi zioten. Mutikoari animalia erakusten zitzaion bakoitzean berak gustuko ez zuen soinu ozen bat eginez lortu zuten. Azkenean haurrak bestelako objektu zuri eta iletsuen aurrean saguarekin zeukan erreakzio bera garatu zuen.[4]
Irrazionaltasuna eta ezezagunari beldurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beldur irrazionala edo ezezagunari beldurra etorkizunean gerta daitekeenaren inguruko pentsamendu negatiboek (kezka) sortzen dute.[5] Oso lotuta dago antsietatearekin eta gehiegizkoa bada nahasmenak ere eragin ditzake.
Ziurgabetasunarekiko erreakzio hau biziraute-mekanismo bat izan daiteke. Garuna etengabe saiatzen da gertatuko dena iragartzen ahalik eta modu eranginkorrenean prestatzeko. Hau zailagoa da egoera ezezagunetan, mehatxu potentzial baten aurrean erantzun okerra izatea hilgarria izan liteke. Ondorioz, mehatxu zehatz bat ez dagoenean ere giza-burmuinak beldurra sentitzen du, behar izanez gero erantzun egokia emateko gai izan dadin. Nicholas Carleton, psikologia irakaslearen, arabera ezezagunari beldurra gizaterian oinarrizkoa izan liteke.[6]
Esperimentu batek frogatu egiten du estres mailarekin erlazionatutako sintomak handiagotu egiten direla ziurgabetasuna dagoen egoeretan. Parte-hartzaileak deskarga elektriko bat jasotzeko %50eko probabilitatea zeukatenean %100ekoa izaterakoan baino estresatuago zeuden. Ema Tanovic psikologoak dio: "Arrazionalki pentsatzen badugu, honek ez du zentzurik: deskarga bat izateko % 50eko probabilitateak % 100eko probabilitatearen antsietate erdia eragin beharko luke, axola digun gauza bakarra mehatxua bera bada (...) baina gure buruek ez dute horrela funtzionatzen".[7]
Sintomak eta erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru ataletan bereizten dira; fisikoak, psikologikoak eta jokabidezkoak.
Hauek dira ezagunenak eta ohikoenak:
○ Arnasketa bizkortua
○ Bihotz-erritmoaren igoera
○ Izerditzea
○ Begi-ninien dilatazioa
○ Kortisola, adrenalina… bezalako hormonak askatzea
○ Odol-presioa handitzea
○ Berehalako arrisku edo halabehar sentsazioa
○ Kontrola galtzea
○ Dardarak
○ Sabeleko karranpak
○ Bularreko mina
○ Zorabioak edo konortea galtzea
○ Inurridura sentsazioa
○ Irrealitate sentimendua
○ Blokeo mentalak
Erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beldurrak berehalako aldaketak eragiten ditu gure gorputzean. Erantzun fisiologikoak, subjektiboak eta gorputzekoak sortzen ditu.
Fisiologikoak:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beldurrak geldiarazi egiten gaitu, eta arreta osoa estimulu eragilean jartzen digu. Gainera, beharrezkoa den kasuetan, defentsarako jokabideak erraztuko dizkigu.
Erreakzio fisiologikoen artean, honako hauek topa ditzazkegu:
○ Presio kardiakoa handitzea
○ Izerditzea
○ Larruazalaren zurbiltasuna
○ Begi-ninien dilatazioa
○ Gorputzeko tenperatura jaistea
○ Larruazalaren konduktantzia areagotzea
○ Giharren zurruntasuna
Gainera, batzuetan, emozio hori eragiten duen estimuluak ikara sortzen du gugan, oso ustekabean gertatzen denean.
Subjektiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beldurraren ondorio subjektibo nagusiak hauek dira:
○ Ondoeza
○ Kezkaren sentsazio handia
○ Kontrola erabat galtzearen sentsazioa.
Gorputzekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beldurra sentitzen dugunean, gure aurpegiak ezaugarri hauek ditu nagusiki:
○ Bekainak uzkurtzea
○ Ezpainak bereiztea
○ Bekainen behealdea altxatzea
○ Bekainak uzkurtzea eta jaistea
○ Ezpainen ertza luzatzea
Beldurra pairatzen duten pertsonen % 50ek baino gehiagok isiluneak izaten dituzte, eta gehienetan ahots-tonua areagotu egiten da.
Beldurrak erantzun normalak, moldakorrak eta positiboak izateari uzten dio gizabanakoaren tolerantzia-gaitasuna gainditzen duenean, kontrol-pertzepziorik ez dagoenean, estimulu beldurgarriaren aurrean saiheste-jokabideak gertatzen direnean eta funtzionamendu normala eta egokitze-funtzionamendua nabarmen oztopatzen dutenean. Izuak ezin du arrazoitzeko edo erabaki arrazionalak hartzeko gai izan benetako edo irudimenezko egoeren aurrean, ez eta pertsona gehienentzat arriskutsuak ez diren objektuen eta animalien aurrean ere, garunak arriskutsutzat eta mehatxagarritzat jotzen dituenentzat izan ezik. Gehiegizko erantzun horiek antsietate-egoera nabarmena dakarte, eta ondoez klinikoki esanguratsua sortzen du jasaten duen pertsonarengan.
Erreakzioak burbuinean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burmuineko amigdalak (burmuin-eskualde bat) hipotalamoa eta guruin pituitarioa estimulatzen ditu. Horren ondorioz, pituitarioak hormona adrenokortikotropa askatzen du, eta guruin adrenalak epinefrina askatzen du. Bi substantzia horiek konbinatzen direnean, kortisola sortzen da, hormona bat odol-presioa eta odoleko azukre mailak igotzen dituena, eta, aldi berean, sistema immunologikoa ezabatzen du.
Alde berean gure burmuinean amigdala izeneko burmuin-eskualde batean erreakzioa hasten da. Burmuineko lobuluan almendra forma duten nukleo horiek estimuluen intentsitate emozionala detektatzen espezializatuta daude, hau da, gure arreta zerbaitek harrapatzen duen neurria. Adibide garbi bat amigdalaren aktibazioa litzateke, giza aurpegi bat emozio bat adierazten ikusten dugun bakoitzean.
Beldurraren kudeaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sentitzen dugun beldurraren zati handi batean emozioen bidez azaltzen da, eta askotan ezin izaten dugu bizitzen ari garena hitzez adierazi.
Beldurra, inkontzientea den eta zuzenean kontrolatu ezin dugun garunaren atal baten parte da.
Adituek diotenez, pixkanaka gerturatzen joan behar duzu beldur zaren egoera horietara, eta zuretzat geroz eta zailagoak diren egoeretara moldatzea lortuko duzu. Zailtasunak handitzen joan behar du beti, baina gero eta prestakuntza handiagoa izango duzu honi aurre egiteko.
Beldurra gure bizitzetatik ezabatzea ezinezkoa bada ere, elkarrekin bizitzen eta emozio hori kudeatzen ikas dezakegu zenbait estrategia eta/edo terapiaren bidez.
Terapia kognitiboa lagungarria izan daiteke beldur irrazionala ezagutzeko eta haren ondorio negatiboak eta emozio horien aurrean neurriz kanpoko erreakzioak gutxitzen ikasteko.
Beldurra oinarrizko emozio erabilgarri bat da, balizko arrisku bati buruz ohartarazten gaituena. Beraz, kontua ez da beldurra saihestea, baizik eta aurre egin ahal izateko eta kudeatzen jakiteko tresnak eskuratzea.
Azkenik onartu egin behar dira beldur egoerak, gauzak beren izenez deitu behar dira. Beldur bagara, beldur gara. Norbere egoera onartzea oso garrantzitsua da prozesuana aurrera jarraitzeko.
Beldurraren lekua gizartean eta kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijio desberdinek beldur mota desberdinez ohartarazten diete hauen jarraitzaileei. Beren ideologia eta teologia bereziak garatu dituzte, hauetan egoera eta pertsonak goraipatzeaz gain zebait ekintza eta pertsonaiei buruzko beldurrak sortu dituzte. Kristautasunaren kasuan adibidez, beldurra gizabanako baten portaerarekin eta kontzientziarekin lotuta dago. Judaismoan, beste aldetik, Torak beldurra aipatzen du “Bereshit” lehen liburuan.
Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artean oso presente dagoen gaia da beldurra. Literaturan, eskulturan, zineman, margolanetan... guzti hauetan genero narratiboa dago eta zenbaitetan beldurrezko kondaira, pasarte edo egoerak helarazten dituzte.
Margolanetan adibidez, gizartearen zenbait ezinegon erakutsi izan dizkigute; Edvard Munchen Garrasia artelanean esaterako. Edota, Drakula kondearen eta Frankensteinen abenturak literaturan, baita Psicosis pelikulan ere. Guzti hauetan oinarri berdin bateko elementuen bidez, beldurrezko mezu desberdinak kontatzen dizkigute irakurle edo ikusleoi.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Öhman, Arne; Mineka, Susan. (2001). «Fears, phobias, and preparedness: Toward an evolved module of fear and fear learning.» Psychological Review 108 (3): 483–522. doi: . ISSN 1939-1471..
- ↑ (Ingelesez) Garcia, René. (2017-09). «Neurobiology of fear and specific phobias» Learning & Memory 24 (9): 462–471. doi: . ISSN 1549-5485. PMID 28814472. PMC PMC5580526..
- ↑ (Ingelesez) Olsson, Andreas; Nearing, Katherine I.; Phelps, Elizabeth A.. (2007-03-01). «Learning fears by observing others: the neural systems of social fear transmission» Social Cognitive and Affective Neuroscience 2 (1): 3–11. doi: . ISSN 1749-5024. PMID 18985115. PMC PMC2555428..
- ↑ (Gaztelaniaz) Morinigo, Carlino Iván; Ismael Fenner. (2019). «TEORÍAS DEL APRENDIZAJE» Minerva Magazine of Science: 9. doi: . ISSN 2616-4574. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) Zerwekh, JoAnn. (2013). Illustrated Study Guide for the NCLEX-RN® Exam. (8. argitaraldia) Elsevier Health Sciences, 178-179 or. ISBN 978-0-323-08232-7. (Noiz kontsultatua: 2020-07-07).
- ↑ (Ingelesez) Carleton, R. Nicholas. (2016-06). «Fear of the unknown: One fear to rule them all?» Journal of Anxiety Disorders 41: 5–21. doi: ..
- ↑ (Gaztelaniaz) Robson, David. (2021-10-30). «¿Por qué nos aterra lo desconocido?» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Miedo: Equipo editorial Etecé. (2022, 11 de junio). Miedo. Concepto.
- (Gaztelaniaz) El Miedo: Etxezarreta, A. (2020). El Miedo. Psicologia Amorebieta.
- (Gaztelaniaz) Fobias: Ortuño Sánchez-Pedreño, F. Fobias: Síntomas, diagnóstico y tratamiento. CUN.
- (Gaztelaniaz) ¿Qué es el miedo?: Rubio, N. M. (2022). ¿Qué es el miedo? Características de esta emoción. Psicología y Mente.
- (Gaztelaniaz) 11 datos curiosos sobre el miedo: Sánchez, E. (2019). 11 datos curiosos sobre el miedo. La Mente es Maravillosa.