[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Traineru estropada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Estropada terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Estropada (argipena)»
Orio da historian garaipen gehien lortu dituen taldea.
Urdaibai XXI. mendeko talde indartsuena izan da, bederatzi liga eskuratu ditu, besteak beste.
Estropadako irabazleak arraunak altxatzen ditu bere garaipena ikustarazteko, irudian Astillero.
2008tik aurrera emakumezkoek ere traineru estropadak jokatzen dituzte. San Juango Batelerek bost aldiz irabazi dute Kontxako Bandera.

Traineru estropada —maiz, besterik gabe, estropada deitua— traineruen arteko lasterketa edo estropada da.

Arraunketa Euskal Herrian eta Kantauri osoan herri kirola da, traineruekin, batelekin nahiz trainerillekin egina. Estropadak egiteko, ontziok, hainbat txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa bat egiten dute. Estropada irabazten duenak bandera bat jasotzen du saritzat, edota ligarako hainbeste puntu. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean (kasu honetan arrantzan) oinarritzen dira.

Jatorria: antzinako arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragan mendeetan arrantzak garrantzi handia izan du euskaldunen elikaduran. Euskal Herria basoek estaltzen zuten eta lur landuak gutxi zirenez, hemengo biztanleak itsasora atera ziren elikagai bila. Lehenik Ipar Atlantikora abiatu ziren, han bakailaoa eta balea arrantzatzen zituzten. Zetazeo hau agertzen den zenbait herritako armarriek honen garrantzia adierazten dute. XVI. mendean, Euskal Herriko biztanleriaren hazkundearekin batera, gaur egun tradiziozkoak diren espezieen arrantza hasi zen: atuna, hegaluzea, legatza, bisigua, antxoa eta sardina.

XIX. mendean euskal itsasbazterrean hiru ontzi mota erabiltzen ziren arrantzarako: legatza bezalako espezieentzat "kalera" deituriko batel handiak; antxoa eta sardinaren arrantzarako traineruak, eta kostaldeko espezieentzako batel txikiak. Arrantzarako erabiltzen zen trainerutik sortu ziren estropadak. Traineruak azkarra izan behar zuen arrain-sardara iritsi, sarea bota eta azkar biratuz arrainak harrapatzeko. Ondoren ahalik eta azkarren itzuli behar zen portura, besteek ekarritako arraina gehiegi izan eta enkanteko prezioa jaitsi baino lehen. Horregatik arrantzaleek eta arotzek ontzi arin eta azkarra egin zuten, egonkortasuna gutxiagotu arren.

Lehen lehiaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri kiroletan ohikoa den bezala, lehen estropadak desafio baten bidez sortu ziren: bi ontzitako arraunlariak aurka jartzen dira, dirua jokatzen dute eta puntu batera lehenengo iristen denak irabaziko du. Hala ere, norgehiagoka hau ohikoa zen apusturik gabe ere. Arrain-sardara azkar iritsi eta portura ahalik eta azkarren itzultzeko gogoak eragiten zuen.

Garai hartako bertso askotan aipatzen dira lehen lehiaketa hauek. XIX. mendeko egunkarietan ere agertzen dira arraunlariek luzatutako desafioen berriak. Desafio hauek egin beharreko distantzia adostu ondoren estropada jokatuz erabakitzen ziren.

Idatziz jasotako lehen desafioa Zarautz eta Getariako bi traineruren artean gertatu zen, 1761ko maiatzaren 2an. Estropada Mollarritik (Zarautz) Donostiako kairainoko distantzian jokatu zen, eta garaileak 100 ezkutuko saria lortu zuen. Ez dago jasota nork irabazi zuen.[erreferentzia behar]

XIX. mende bukaeran jokatu zen desafio bat izan zen, Euskal Herrian mito bilakatu dena. 1888ko azaroaren 25ean ondarrutarrek Pasai Donibanekoei irabazi zieten eta Bilboko egunkari batek 'Kantauriko garaitezinak' izendatu zituen ondarrutarrak. Donostiako señoritoek orduan herriko arrantzaleei burua berotu eta horiek erronka bota zieten ondarrutarrei. Zarauzko Otamendi ostatuan, artean errepidea handik igarotzen baitzen, elkartu ziren bi herrietako ordezkaritzak baldintzak adosteko. Estropada bederatzi miliatan jokatzea erabaki zuten (Lekeitiotik Donostiara). 25.000 pezeta jokatu zituzten, dirutza handia garai hartarako. Donostiako tripulazioa gidatzeko Luis Karril aukeratu zuten. Ikusmin handia piztu zuen lehia hark. Azkenean, Donostiak irabazi zuen 81 minutuko ibilbidea egin ondoren.

Estropada estuek zirrara handia sortzen dute ikusleengan.
  • Traineru-estropadak 3 miliatako ibilbidean jokatzen dira (5.556 metro). Joan-etorri bakarrekoak (ziaboga bat) edo bi joan-etorrikoak (hiru ziaboga) izan daitezke.
  • Baliza bakoitzean kolore ezberdinetako banderak ipintzen dira nahasterik sor ez dadin. Kaleen koloreak honako hauek dira: 1.     , 2.     , 3.     , 4.     .
  • Traineruak 12 metroko luzera eta 1,72 metroko zabalera izan behar ditu. Bere pisuak ezin du 200 kilo baino gutxiagokoa izan.
  • Traineru bakoitzak bere kalea du eta ezin du beste kale batean sartu arerioren bat oztopatzen badu. Bi traineruk edo beren arraunek ezin dute elkar ukitu; arraunek elkar ukituz gero denbora penalizazioa jaso dezakete. Estropadaren amaieran nahi duten kaletik sartu daitezke, antolakuntzak kontrakorik agintzen ez badu.
  • Estropada hasi eta 20 segundo baino lehen arazo edo ezustekoren bat gertatzen bada, berriz hasiko da hasieratik. Inork ihes egiten badu 3 segundutako zigorra izango du.
Sanpedrotarren trainerua 1927an.

Gaurko traineruen eskifaia hamahiru arraunlari eta patroi batez osatzen da. Patroia txopan jartzen da eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea du. 1920 inguruan hasi ziren lehiaketarako traineruak eraikitzen, Donostian. Ordura arte arrantzontzi arruntak erabiltzen ziren estropadetarako, panelak eta babesgarriak kenduz zertxobait arinduta. 1916an Mutrikuko Bizente Olazabalek Getariako tripulazioarentzat lehen trainerua eraiki zuen. Enara izenez bataiatu zuten eta 400 kiloko pisua zuen.

XX. mendearen bukaera aldera arte ontzigileek diseinua hobetu zuten teknika eta esperientziari esker. Ontziaren hezurdura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltze galbanizatuekin. Gaur egun, lehiaketan ez da zurezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute. Traineruaren prezioa ere nabarmen igo da, inflazio-maila baino gehiago. 1970ean 45.000 pezeta kostatzen bazen, gaur egun zenbait milioi (pezeta) ere bai.

Estropada ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Traineru-estropadak Kantauri itsaso osoan zehar jokatzen badira ere, garrantzitsuenak Euskal Herrian jokatzen direnak dira. Gipuzkoan (Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia...) eta Bizkaian (Nerbioi ibaia, Ondarroa, Santurtzi, Lekeitio, Bermeo...) jokatzen dira estropadak udan.

Kontxako Bandera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XIX. mendetik jokatzen da Kontxako Bandera, 1879 urtetik hain zuzen ere. Irudian 1933ko Banderaren ohorezko txanda.

Estropadarik itzaltsuena Donostiako Kontxako Bandera da. Arraunaren olinpiada izena ere eman izan dio jendeak. Edozein klubentzat gehiago balio du Kontxako Bandera lortzeak, urte osoan irabaz daitezkeen beste guztiek batera baino. Entzute izugarria du arraunaren munduan.

Kontxako Bandera irailaren lehen bi igandeetan ospatzen da, bi jardunalditan. Kanporaketa bidez hautatutako zortzi talde onenek parte hartzen dute. 3 miliako ibilbide klasikoan jokatzen da, baina ziaboga bakarrarekin. Estropada honek itsas zabalean haize, olatu eta korronteen aurka egiten ziren desafio zaharren tradizioa gordetzen du. Gehienetan irabazi duena Orioko trainerua izan da 32 banderarekin. 2008tik aurrera Emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da, hauek distantzia erdia osatzen dutelarik. Hasieran galiziarrak izan ziren nagusi baina azken urteetan euskaldunak nagusitu dira, San Juanek esate baterako bost garaipen lortu zituen jarraian.

Santurtzik (argazkian) eta Kaikuk estropada gogoangarriak egin zituzten Ibaizabal itsasadarrean, 1970 eta 1980 hamarkadetan.

1950 eta 1960. hamarkadetan arraunarekiko interesak behera egin zuen nabarmen. Ozta-ozta jokatzen ziren hiruzpalau estropada (Kontxa, Espainiako estropada eta Coruñakoa) eta azken unean inprobisaturiko tripulazioak lehiatzen ziren. 1960. hamarkadaren amaieran Bizkaian bi estropada handi antolatzen hasi ziren Nerbioi itsasadarrean, Nerbioiko Sari Handia (1966an) eta El Corte Ingles Bandera (1971an). Diru sari ederrak ematen zituztenez bigarrenari Regata Monstruo ezizena eman zitzaion. Hauei jarraiki Zarauzko Ikurrina eta Kantabriako hainbat bandera ere antolatu ziren. Guzti honek arrauna indarberritu zuen eta kirol elkarte ugari sortu ziren kostaldeko herri guztietan.

1994ean aurrera Ligak eratu ziren arraunketa modernizatzeko. 2002 arte Traineruen Euskal Liga izan zen (talde kantabriarrek ere parte hartzen zutelarik) eta 2003tik aurrera TKE Liga osatu zen, bertan galiziarrak ere aritzen dira. Arraun talde guztiak sisteman sartu dira, bigarren eta hirugarren mailak osatuz, Galizian Ipar-mendebaldeko Ligan eta Euskal Herrian eta Kantabrian KAE Ligan.

Emakumezkoei dagokionez Euskotren Liga osatu zen eta bigarren maila batean ETE Liga eta Galiziako Liga.

Berrikuntza teknologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ligako estropadak eta Kontxakoa telebistaz ematen dira. Traineruen barruan GPS aparatuak jartzen dira denborekin zalantzarik egon ez dadin. Laburbilduz, XXI. mendearekin batera estropaden mundua ere garai berrietara egokitu da ezinbestean.

Azken hamarkadetako emaitzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urtea Kontxako Bandera Liga nagusia Espainiako Txapelketa
1990      San Juan ez      San Pedro
1991      San Pedro ez      San Juan
1992      Orio ez      Arraun Lagunak (Donostia)
1993      San Pedro ez      Orio
1994      San Pedro      San Pedro      San Pedro
1995      Donibaneko Arraun. (S.Juan)      Donibaneko Arraun. (S.Juan)      Orio
1996      Orio      Orio      Tirán
1997      Orio      Orio      Tirán
1998      Orio      Orio      Orio
1999      Koxtape (San Juan)      Koxtape (San Juan)      Orio
2000      Orio      Koxtape (San Juan)      Astillero
2001      Castro Urdiales      Castro Urdiales      Castro Urdiales
2002      Castro Urdiales      Castro Urdiales      Astillero
2003      Astillero      Astillero      Astillero
2004      Astillero      Bermeo Urdaibai      Astillero
2005      Hondarribia      Astillero      Astillero
2006      Castro Urdiales      Hondarribia      Astillero
2007      Orio      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai
2008      Castro Urdiales      Bermeo Urdaibai      Astillero
2009      Kaiku      Castro Urdiales      Kaiku
2010      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai      Kaiku
2011      Bermeo Urdaibai      Kaiku      Kaiku
2012      Kaiku      Kaiku      Hondarribia
2013      Hondarribia      Kaiku      Kaiku
2014      Bermeo Urdaibai      Hondarribia      Bermeo Urdaibai
2015      Bermeo Urdaibai      Hondarribia      Bermeo Urdaibai
2016      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai      Hondarribia
2017      Orio      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai
2018      Hondarribia      Bermeo Urdaibai      Zierbena
2019      Hondarribia      Orio      Santurtzi
2020      Hondarribia      Santurtzi      Zierbena
2021      Santurtzi      Santurtzi      Getaria
2022      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai      Bueu
2023      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai      Ares
2024      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai      Bermeo Urdaibai
Urtea Kontxako Bandera Liga nagusia Euskadiko Txapelketa
2008      Galiziako selekzioa ez ez
2009      Rias Baixas (Galizia)      Galiziako selekzioa          Getaria-Tolosa
2010      Rias Baixas (Galizia)      Galiziako selekzioa
     Gipuzkoako selekzioa
         Getaria-Tolosa
2011      Rias Baixas (Galizia)         Getaria-Tolosa          Getaria-Tolosa
2012      Rias Baixas (Galizia)      Zumaia          Getaria-Tolosa
2013      Zumaia      Zumaia      Zumaia
2014      San Juan      San Juan      San Juan
2015      San Juan      San Juan      Zumaia
2016      San Juan      San Juan      San Juan
2017      San Juan      San Juan      Hibaika
2018      San Juan      San Juan      San Juan
2019      Orio      Orio      Orio
2020      Orio      Orio      Donostiarra
2021      Arraun Lagunak      Arraun Lagunak      Arraun Lagunak
2022      Orio      Orio      Arraun Lagunak
2023      Arraun Lagunak      Arraun Lagunak      Donostiarra
2024      Arraun Lagunak      Arraun Lagunak      Arraun Lagunak

Estropada handienen palmaresak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024 denboraldiko datuak barne.

Estropada Garaipenak
Kontxako Bandera Orio (32), San Pedro (15), Donostia (14), Hondarribia (14), San Juan (10), Sestao (8), Bermeo (8), Getaria (5)...
Espainiako Txapelketa Orio (15), Astillero (8), Pedreña (8), Sestao (7), San Juan (6), Santurtzi (5), Bermeo (5), Moaña (4), San Pedro (4)...
Euskal Liga (1994-2002) Orio (3), San Juan (3), Castro Urdiales (2) eta San Pedro (1).
TKE Liga (2003- ) Urdaibai (10), Kaiku (3), Hondarribia (3), Astillero (2), Santurtzi (2), Castro Urdiales (1) eta Orio (1).
Euskadiko Txapelketa Urdaibai (9), San Pedro (7), Kaiku (7), Hondarribia (7), Orio (6)...
Nerbioiko Sari Handia Orio (10), San Pedro (6), Kaiku (4)...
El Corte Ingles Bandera Kaiku (11), Orio (10), Urdaibai (6), Santurtzi (4), San Pedro (4), Hondarribia (4) ...
Zarauzko Ikurrina Orio (11), San Pedro (5), Kaiku (5), Hondarribia (5), Urdaibai (5), Santurtzi (4)...
Estropada Garaipenak
Kontxako Bandera Galizia-Rias Baixas (5), San Juan (5), Orio (3), Arraun Lagunak (3) eta Zumaia (1).
Emakumezkoen Liga San Juan (5), Orio (3), Arraun Lagunak (3), Galizia-Rias Baixas (2), Zumaia (2), Gipuzkoa (1) eta Getaria-Tolosa (1).
Euskadiko Txapelketa Getaria-Tolosa (4), San Juan (3), Arraun Lagunak (3), Zumaia (2), Donostiarra (2), Hibaika (1) eta Orio (1).
Zarauzko Ikurrina San Juan (5), Orio (4), Zumaia (2), Arraun Lagunak (2), Gipuzkoa sel. (1), Galizia sel. (1) eta Getaria-Tolosa (1).

Talde handienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024 denboraldiko datuak barne.

Taldea Kontxako Bandera Espainiako Txapelketa Liga (Euskal + TKE) Guztira
Euskal Herria Orio 32 15 4 51
Euskal Herria Bermeo Urdaibai 8 5 10 23
Euskal Herria San Pedro 15 4 1 20
Euskal Herria Hondarribia 14 2 3 19
Euskal Herria San Juan 10 6 3 19
Euskal Herria Sestao (Kaiku+Iberia) 8 7 3 18
Euskal Herria Donostia 14 2 0 16
Kantabria Pedreña 4 8 0 12
Kantabria Astillero 2 8 2 12
Euskal Herria Santurtzi 4 5 2 11
Kantabria Castro Urdiales 4 1 3 8
Euskal Herria Getaria 5 1 0 6
Euskal Herria Zumaia 2 3 0 5
Galizia Moaña (Tirán+Meira) 0 4 0 4

2024 denboraldiko datuak barne.

Taldea Kontxako Bandera Emakumezkoen Liga Euskadi/Galizia Txap. Guztira
Euskal Herria San Juan 5 5 3 13
Euskal Herria Arraun Lagunak 3 3 3 9
Galizia Rias Baixas (Galizia) 5 2 1 8
Euskal Herria Orio 3 3 1 7
Euskal Herria Zumaia 1 2 2 5
Euskal Herria Getaria-Tolosa 0 1 4 5
Galizia Cabo da Cruz 0 0 5 5
Galizia Riveira 0 0 2 2
Galizia Mecos 0 0 2 2
Euskal Herria Donostiarra 0 0 2 2
Euskal Herria Hondarribia 0 0 1 1
Euskal Herria Hibaika 0 0 1 1

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]