Rano Raraku
Rano Raraku | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 180 m |
Mota | Sumendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 27°07′26″S 109°17′10″W / 27.123888888889°S 109.28611111111°W |
Estatu burujabe | Txile |
Eskualdea | Valparaíso eskualdea |
Probintzia | Isla de Pascua Province |
Txileko komuna | Isla de Pascua |
Leku geografikoa | Pazko uharte |
Rano Raraku, sendotutako errautsez eratutako sumendi krater bat da. Txileko Pazko uhartean dago, zehazkiago, uharte honen ekialde inguruan, hegoaldeko kostaldetik gertu, Poike, Hotu Iti eta Pu'i muinoaren artean. Sumendi honek (antzina Maunga Eo bezala ezaguna), bere barnean aintzira bat du. Sumendiak, garrantzi historikoa du uhartearentzat, bere magaletan, barruko zein kanpokoetan, moaiak zizelkatzen baitziren. Sumendiaren kanpo magalean, oraindik amaitu gabe dauden moai ugari daude, horietako batzuk oso handiak. Bertan dago uharteko estatuarik handiena, 21 metroko altuera duena eta oraindik oinarrizko harkaitzetik erauzi gabea. Tontorretik, uhartearen zati handi bat ikus daiteke, iparmendebalderantz, Ovaheko hondartza, ekialderantz, Poikeko penintsula, hegoekialderantz, Motu Marotiri eta Ahu Tongariki, hegomendebalderantz, Maunga Toatoa eta Hanga Maihikuren zati bat, eta, azkenik, mendebalderantz eta distantzia handira, Rano Kau sumendia.
Rano Raraku sumendiko aintzira, sumendiaren barnean dago, ur gezazkoa da, eta, gehienez ere, 3 metroko sakonera du. Aintzira honen ertzean, landaretza ugari hazten da, batez ere totora erako ihiak. Aintziraren hondoan metaturiko sedimentuen polen edukiaren azterketak, Pazko uhartearen basogabetze garaiei buruzko informazio baliotsua ematen du.
Moai zizelkatzaileen lana, sumendi honen tontorrera iritsi zen, baita bere barnealdeko magalera ere, non, gaur egun, 40 moai dauden aintzirara begira. Uhartearen barnealdera abiatzen ziren estatuak euren plataformetaraino garraiatzeko erabiltzen ziren bideak, "moaien bideak" bezala ezagunak.