[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Penicillium

Wikipedia, Entziklopedia askea
Penicillium
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaEurotiomycetes
OrdenaEurotiales
FamiliaTrichocomaceae
Generoa Penicillium
Link, 1809
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakPenizilina
Penicillium hondatzen ari den laranja batean

Penicillium generoa 300 espezie inguru dituen onddo mota bat da, Ascomycota filumean sailkatuta. Onddoak, orokorrean, hiru talde nagusitan sailka daitezke, morfologiari dagokionez: legamiak (onddo zelulabakarrak), lizunak (hifa izeneko filamentuak dituztenak) eta perretxikoak (gorputz fruitu-emaile handiak dituztenak, kapela itxurakoak, askotan jan egiten direnak). Penicillium onddoa lizunen taldean sailkatzen da, hifa luzeak baititu.

Penicillium-en hifak tabikatuak dira. Hifa horiek adarkatu egiten dira, mizelio izeneko multzo bat osatuz. Aireko hifaren muturretan konidio izeneko egitura esferiokoak daude, esporak direnak (konidiosporak ere deitzen zaie). Konidiosporak pintzel itxurako egituretan daude (Penicillus-ek, latinez, pintzel esan nahi du).

Onddo hau era asexualean ugaltzen da, konidiosporen bidez, edo era sexualean, gametangioen bidez.

Penicillium non-nahi dago, eta lurzoruen onddo ugariena da. Genero gehienak saprofitoak dira, eta gutxi batzuk patogenoak (esaterako, P. citreonigrum-ek mikotoxina kaltegarri bat ekoizten du, kutsatutako arroza jaterakoan gaitza eragiten duena).

Onddo hau erraz hazten da hondatzen ari diren elikagaietan, batez ere frutetan. Elikagai horien hondatze prozesuan lizun berde edo zuria sortzen du. Beste espezie batzuk, aldiz, onuragarriak dira gaztagintzan, eta hainbat gaztaren heltze prozesuan parte hartzen dute (adibidez, Penicillium roqueforti-k eta Penicillium camemberti-k Roquefort eta Camembert motako gaztak, hurrenez hurren, heltzen dituzte).

Penicillium notatum-ek, azkenik, penizilina antibiotikoa ekoizten du.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]