[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Goierri

Koordenatuak: 43°00′N 2°12′W / 43°N 2.2°W / 43; -2.2
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Gipuzkoako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Goierri (argipena)».
Goierri
 Euskal Herria
Ordiziako inguruak.
Administrazioa
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriakAltzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsaso, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.
Herri handienaBeasain
Geografia
Koordenatuak43°00′N 2°12′W / 43°N 2.2°W / 43; -2.2
Azalera424,5 km²
Demografia
Biztanleria69.628 (2018: Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea Espresio akatsa: Ez dago operadorerik -(r)entzat)
Dentsitatea164,02 biztanle/km²


Goierri Gipuzkoako hego-ekialdeko muturreko eskualdea da, menditsua eta industriala. Ia 70.000 biztanle ditu, eta Beasain, Ordizia eta Lazkao dira herri jendetsuenak, 5.000 biztanletik gora baitituzte. Oria ibaiaren haranekoa da Goierri, Urola ibaiaren zati bat biltzen badu ere, eta Aralarko natura parkea du naturagune nagusia.

Antzina Goierri hiru hiribilduk osatzen zuten: Ordiziak, Segurak eta egungo Lazkaoko zati batek. Egungo lurralderik gehiena Ordiziaren eta Seguraren artean banatuta zegoen. Bi horiek dira eskualdeko hiri historikoak. 1615ean gainerako herrixkak —Ordizia eta Seguraren auzoak— banatu egin ziren, eta egungo Goierriko herriak sortu zituzten. Hala ere, Segurak eta Ordiziak eskualdeko hiriburuak izaten jarraitu zuten.

Huek dira herri bilakatu ziren auzoak:

Eskualdeak industrializazio garairaino berdintsu jarraitu zuen. Trena eskualdera heldu zenean, ordea, aldaketa handiak ekarri zituen. Alde batetik, Seguratik ez zen igaro trenbiderik, Segurak berak horrela nahi izan zuelako. Bestetik, herrixka batean, Beasainen, geltoki handia jarri zuten. Industriak biztanleriaren hazkunde handia eragin zuen, batez ere trenbideak zeharkatzen zituen herrietan. Horrela, Segurak garrantzia galdu zuen apurka-apurka, eta Beasainek garrantzia hartu. Ordizia garai berriei egokitu zitzaien, eta bere garrantziari eutsi zion.

XX. mendearen bigarren erdialdetik, Beasain da Goierriko herri nagusia, Ordiziarekin batera.

Inguru naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txindoki edo Larrunarri mendia, Zaldibiatik ikusita: Goierrin kokatua ez bada ere (Amezketakoa baita, hots, Tolosaldekoa), Goierriko toki askotatik ikus daiteke bere piramide itxurako gailur nabarmena.

Eskualde honen zatirik handiena Bizkaiko antiklinorioko ekialdeko ertzean txertatzen da, E-W norabide orokorreko tolesdura antiklinalen lerro batez osaturik. Harriak batez ere kareharri jurasiko eta urgoniarrak dira, oso sakoneraino karst bihurtuak. Horixe da hain zuzen Aralarko mendien formazioa (Txindoki edo Larrunarri, 1.341 m; Irumugarrieta, 1.427 m; Artubi, 1.265 m), baita Altzaniarena edo Aizkorrirena ere (1.544 m). Eskualdearen hegoaldea guztiz betetzen duen mendilerro horrek Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko ur isurialdeen banakuntza egiten du, Urola eta Oria ibaien buru. Isurialdearen iparraldeko mendietan lur azala leunagoa da (Arrolamendi 910 m; Itzaspi 973 m; Murumendi 868 m), kare harrien ordez nagusi dira hareharriak, buztinak eia konglomeratu albense-zenomanenseak.

Garaienak gehienetan kare harriak dira, era haitz bigunagoek berriz sakonuneak eratzen dituzte. Eskualdearen iparraldea Bizkaiko sinklinorioaren barruan sartzen da; nagusi da bertan flysch erako formazioa, tarteka sumendi harriak ere ikus daitezkeen arren. Urola eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak. Urola ibaia Aizkorriko mendietan sortzen da, Arbelaitzen (1.513 m) inguruan; Legazpi, Urretxu eta Zumarraga zeharkatu ondoren, irten egiten da eskualde honetatik. Oria ibaia, berriz, Otsaurte aldean sortzen da, eta eskualdeko lurretan barrena Itsasondoraino doa; bidean, Mutiloa, Eztanda, Santa Luzia, Arriaran (urtegia dauka), Urtsuaran, Agauntza (Lareoko urtegia dauka) eta Zaldibia erreken urak biltzen ditu. Aizkorripean sortzen da Oria ibaia, Latsaon eta Otsaurte erreken bilgunean. Urtsuaran errekaren ura hartzen du Zegama eta Segurako udalerrietatik igaro eta gero, eta Eztanda errekaren eta Ataun-Lazkao herriak zeharkatzen dituen Agauntza ibaiaren ura bildu ondoren zeharkatzen du Beasain, Goierriko hiri handiena. Iparralderanzko norabidea hartu ondoren, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaro eta Tolosaldean barneratzen da. Aipaturiko ibaiadar guztiak eskuinaldetik biltzen ditu Oria ibaiak; ezkerraldekoak, Murumendiko mendialdean sortzen direnak, txikiak eta ur emari gutxikoak dira (Arriaran, Marriaras).

Goierriko landaredia batez ere larreek eta pagadiek osatzen dute ur isurialdea erabakitzen duten mendietan; Aralar, Altzania, Urkilla eta Aizkorri; 600 metroz behera, ordea, hariztiak daude pinu sailekin barera; behe lurretan, pinudiak eta belardiak dira nagusi.

Interesekoak dira: hegoaldean, Aralar, Jose Migel Barandiaranek ikertutako multzo megalitiko garrantzitsuarekin, eta Aizkorri-Aloña-Leintzeko Gune Natural Babestuak; iparraldean, Murumendiko Gune Naturala.

Gipuzkoa osoan bezala, Goierriko klima ozeanikoa da, epela eta hezea, neguak kostaldean baino hotzagoak diren arren (18 batez beste udan eta 7 neguan). Eskualde euritsua da: 2.000 mm urtean batez beste mendialdeetan eta 1.500 mm behe eremuetan.

Iparraldean Urola Erdiako eskualdea du mugakide; ipar-ekialdean, Tolosaldea; mendebaldean, Debagoiena; hegoaldean Asparrenako udalerria (Araba), Goierrirekin Altzaniako mendilerroak banatzen duena eta hego-ekialdean Sakanako eskualdea (Nafarroa Garaia).

Udalerriak eta demografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemeretzi udalerrik osatzen dute eskualdea, Beasain izanik jendetsuena eta Altzaga biztanle gutxien dituena. Eskualdean biltzen da Gipuzkoako biztanleen % 10 gutxi gorabehera. Urola Garaian ere beste horrenbeste gertatzen da: Zumarraga eta Urretxu (6.134 biztanle) ia elkartu direlarik, halako konurbazio txiki bat sortu dute; esan daiteke eskualdeko bigarren burua dela hori, eta bere eraginpean bizi direla Legazpi (9.723 biztanle), Gabiria (431), Ezkio (451) eta Itsaso (158). Baserri giroko azken bi herri horiek ere eskualdeko buruaren eragina jasotzen dute. Legazpi, Zegama eta Idiazabalgo herrien hegoaldean Araba eta Gipuzkoako Partzuergoa dago (Urbiako ordokia eta Ataungo ekialdean dagoen Enirio-Aralar hartzen ditu), Goierriko biztanleria oso bizkor hazi zen 1950etik 1960ra bitarteko hamarkadan, baina 1970etik aurrera hazkundea oso moteldu zen (20.000 biztanle 1900. urtean; 26.196 biztanle 1930ean; 35.958 biztanle 1960an; 42.970 biztanle 1986an).

Goierriko herrien artean, Legazpi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberria hazi dira gehien, eskualdeko gainerako herrietako eta kanpoko etorkinei esker. 1981ean egindako erroldan biztanleriak beheranzko joera hartu zuela ageri zen, eta handik aurrera joera bizkortu egin dela esan daiteke. Debabarrenekoak bezala, biztanleak galtzen ari dira Goierriko herri guztiak; hala ikusten da bereziki 1985etik 1991ra bitarteko estatistiketan.

# Udalerria Alkatea Alderdi politikoa Biztanle kopurua Biztanle ehunekoa Eremua (km²)
1 Beasain Leire Artola Ugalde EAJ 13.510 19,7 30,02
2 Zumarraga Mikel Serrano Aperribay PSE-EE 10.053 14,6 19,42
3 Ordizia Adur Ezenarro Agirre Euskal Herria Bildu 9.758 14,2 5,65
4 Legazpi Koldobike Olabide Huelga EAJ 8.709 12,7 41,84
5 Urretxu Jon Luki Albisua EAJ 6.812 9,9 16,88
6 Lazkao Kepa Joseba Zubiarrain Erauskin EAJ 5.285 7,7 11,37
7 Idiazabal Iñaki Alberdi Iparragirre Euskal Herria Bildu 2.212 3,2 29,47
8 Ataun Martin Aramendi Arana Euskal Herria Bildu 1.654 2,4 58,73
9 Zaldibia Eztitxu Mujika Mariezkurrena Euskal Herria Bildu 1.504 2,2 16,43
10 Legorreta Garikoitz Maiz Euskal Herria Bildu 1.495 2,2 8,62
11 Zegama Joseba Izagirre Arozena Zegama Lantzen (Indep.) 1.454 2,1 35,07
12 Segura Izarra Urdalleta Iraola Euskal Herria Bildu 1.377 2,0 9,22
13 Ormaiztegi Jon Enrique Galartza Ormaiztegi Batzen (Indep.) 1.308 1,9 6,77
14 Olaberria Jokin Garmendia Asurabarrena Olaberriarekin eta Olaberritarrak (Indep.) 967 1,4 6,92
15 Itsasondo Iñaki Aizpuru Oiarbide Euskal Herria Bildu 631 0,9 8,94
16 Gabiria Oier Oiarbide Murua Gabiria Hautesle Elkartea (Indep.) 448 0,7 14,88
17 Zerain Amaia Junkera Landeta Euskal Herria Bildu 244 0,4 10,37
18 Mutiloa Iñaki Ugalde Alustiza Mutiloako Herri Kandidatura (Indep.) 235 0,3 8,61
19 Arama Luis Garmendia Sagastume Aramako Herri Batzarra (Indep.) 188 0,3 1,33
20 Altzaga Maite Garmendia Erauskin Altzaga Denok Elkarrekin (Indep.) 157 0,2 2,53
21 Gaintza Gaizka Olaetxea Balerdi Gaintzako Herria (Indep.) 132 0,2 5,96
22 Itsaso Gorka Sasieta Barrenetxea Independentea 158 0,2 8,86
23 (*) Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra 0 0,0 24,07
24 (*) Gipuzkoako Partzuergoa 0 0,0 4,76
25 (*) Enirio-Aralarko Mankomunitatea 0 0,0 34,04
Goierri 68.711 100 433,12

23.a, 24.a eta 25.a ez dira udalerriak, partzuergoak baizik, hau da, inongo udalerriren barnean ez dauden mendi komunalak.

Map
Goierriko biztanleria
  •  
    >5.000
  •  
    4.000-5.000
  •  
    3.000-4.000
  •  
    1.500-3.000
  •  
    1.000-1.500
  •  
    500-1.000
  •  
    <500


Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Goierriko ekonomia industriaren gainean dago antolatua; sektore horretan 11.000 pertsona dabil lanean (langile guztien %51). Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberria dira industria herri nagusiak eta altzairugintza, tren-makineria, papergintza eta industria kimikoa jarduera nagusiak.

Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) da eskualdeko enpresa handiena, eta zatirik handiena Beasainen du, nahiz eta Lazkaoko eta Ordiziako lurrak ere hartzen dituen, hiru herriek bat egiten duten tokian baitago kokatuta. Orobat, nabarmentzekoa da Irizar autobus fabrika, egoitza Ormaiztegin duena.

Langile gehienak metalgintzarekin lotutako jardueretan ari dira, nagusiena Arcelor Mittal (garai batean Aristrain) izanik, Olaberrian. Lantegi handi horietako batzuk herri barrenean daude. Jakina, lantegi nagusi horien inguruan enpresa txikiagoak sortu dira, metalaren transformazio lanetan espezializatuak: Indar eta Fundiciones del Estanda, Beasainen; Ampo, Idiazabalen; Jaso garabiak Itsasondon; ULMA eta Ezarri Lazkaon. Lehen sektorean 2.500 bat baserri edo nekazari ustialeku daude, guztira 36.000 ha lantzen dituztenak; horietatik herena belardiak dira, eta erdiaz goiti basogintzarako erabiltzen dira. Abeltzaintzan, 10.000 behi eta 30.000 ardi inguru dira. Aipatzekoa da Ordizian astero egin ohi den azoka.

Industriak, XX. mendean, lantegi jakin eta handi batzuei lotua egon da gehienetan, horietako lantegi asko eta horien itzalpean sorturiko industria laguntzailea altzairugintzari emana zegoenez, 1980ko hamarkadako krisiak eragin zuzena izan zuen hainbat herriren egoeran. Hala eta guztiz ere, industria askotarikoa du Goierrik, eta areago azken urteotan, jarduera berri ugari sortu baita gainera. Garai batean langabeziak jotako eskualdea izan arren, 2000. urteko laugarren hiru hilekoan batez besteko langabezia tasa ez zen % 9ra heltzen. Horretaz gain, turismo berdeari eta ingurumenaren ustiapenari lotutako ekimen ugari abiarazi dira, tradizionalki nekazariak ziren herriak biziberritzeko edota, zenbait kasutan, jarduera industrialek utzitako hutsuneak betetzeko.

Azkenik, aipatzekoa da abeltzaintza eta artzaintzarekin oso lotuta dagoen Idiazabal gaztaren inguruko ekonomia jarduera, 1987tik jatorrizko deitura duena.

Datu orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen erdia baino gehiago euskalduna zen: 37.589 euskaldun zeuden eskualdean, 8.845 ia-euskaldun eta 16.936 erdaldun. Herri guztietan dira gehiago euskaldunak euskara hitz egiteko gai ez zirenak baino, baina herri industrial jendetsuenetan, belaunaldi gazteak neurri handi batean euskaldundu diren arren, handia da erdaldunen kopurua. Herririk txikienetan, berriz, euskaldunak dira nagusi.

Sakontzeko, irakurri: «Goierriko hizkera»

Tradizioz, Goierri oso ingurune euskalduna izan da, azken mendean hizkuntzaren erabilerak beherantz egin badu ere. Bertako hizkera erdialdeko euskara edo gipuzkeraren aldaera bat da.

D eredua da nagusi eskualdeak dituen lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, eta Ordizian kokaturiko Goierri lanbide eskola pribatuan[1][2], bertan Mondragon Unibertsitateak kanpus bat duelarik. Sare publikoko ikastetxe ugariez gainera, sare pribatuko hiru ikastola ditugu, Beasainen (Andramendi), Lazkaon (San Benito) eta Ordizian (Jakintza). Halaber, Kilometroak lehenengo jaia Gipuzkoa osoan antolatutakoa Beasainen burutu zuten 1977an. Atzetik 1993koa Ordizian, 2001ekoa berriro Beasainen eta 2003koa Lazkaon etorri ziren.

Azkenik, Maizpide euskaltegia erreferentziazkoa da Euskal Herria osoan. Lazkaon kokatutakoa, barnetegirik ezagunenetarikoa antolatzen dute.

Barandiaranen ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ataungo herrian Jose Migel Barandiaranen jaiotetxea eta museo etnografikoa eta antropologikoa daude. Berak sakon ikertutako Aralarko estazio megalitikoa Euskal Herriko handienetarikoa da. Euskal mitologiaren arloan hark egindako lana ere oso azpimarratzekoa da.

Ordizia, Segura eta Zegama

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordiziako eta Segurako monumentu-multzoak kultura ondasuntzat izendaturik daude, eta Seguran azpimarratzekoa da Aste Santuko prozesioa, Euskal Herri osoko nabarmenen artean duguna Hondarribiakoa eta Balmasedako pasio antzeztuarekin batera. Aldei berean, Ordizian, Santanazaleak edo danborrada azpimarratu ditzakegu, 500 urte baino gehiagoko azokaz gain.

Halaber, Donejakue bideak barnealdetik Gipuzkoa eta Araba lotzen du Goierrin barna, Goierritik Zalduondorako tartean Ordizia, Beasain, Segura eta Zegama puntu garrantzitsuak direlarik. Azken udalerri honetan, toki nabarmena da Lizarrate edo San Adriango pasabidea.

Gainerako kultura arloak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestela, Ordizian bertso-eskola bat ere badago. Eta bertsolaritza arloan nabarmendu behar da Lazkao Txiki klasikoa, eta garaikideen artean Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta Amaia Agirre ditugu. Literaturan, Tere Irastortza eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleak ere aipatu behar ditugu gaur egunekoen artean.

Halaber, Lazkaoko Beneditarren Fundazioan dokumentu askotako bilduma jasota dago, bereziki 1970eko hamarkadatik aurrerakoak, hizkuntzarekin oso lotutakoak gehien-gehienak.

Eskualdeko ardatz nagusia Madrildik Irunainoko N-1 enepidea da; gaur egun karril bikoitzekoa da norabide bakoitzean, eta Nafarroa Garai nahiz Araba aldera (Etzegarateko gaina, 658 m) lotzeko bidea da, Artsuaranen barrena. Beasaindik GI-120 errepidea abiatzen da, Nafarroa Garaiarekiko lotura egiteko (Lizarrustiko gaina, 822 m), Zumarraga eta Debagoienarekiko lotura (Deskargako gaina, 587 m) GI-632 errepidearen bitartez egiten da.

Zumarragatik Urola-Kostaldera jotzeko GI-631 errepidea erabil daiteke, eta Legazpi eta Debagoienera jotzeko (Udanako gaina, 617 m), berriz, GI-2630 errepidea. Trenbideak ere garrantzi handia izan du eskualdearen bizitza era egitura sendotzeko.

Oriako haranetik sartzen da Gipuzkoara trenbidea, Urolan barrena Urretxu eta Zumarragara heltzen da, eta handik ostera Oria aldera jotzen du, Irungo bidean Beasain eta Ordizia zeharkatuz. Abiadura handiko trenak Goierri E-W norabidean zeharkatuko du, gutxi gora-behera gaur egungo bidean Urretxuraino; handik Antzuola eta Elorriora joko du, Gasteizetik eta Bilbotik datozen adarrekin elkar lotzeko. Ezkio-Itsason bazterbide bat egiteko asmoa dago.

  1. Urola Garaia
    1. Ezkio-Itsaso
    2. Legazpi
    3. Urretxu
    4. Zumarraga
  2. Oria Garaia
    1. Altzaga
    2. Arama
    3. Ataun
    4. Beasain
    5. Gabiria
    6. Gaintza
    7. Idiazabal
    8. Itsasondo
    9. Lazkao
    10. Mutiloa
    11. Olaberria
    12. Ordizia
    13. Ormaiztegi
    14. Segura
    15. Zaldibia
    16. Zegama
    17. Zerain

Eskualde senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goierritarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu herrikoian, udalerri bakoitzeko jendeak ezizena badauka, hurrengo zerrendan aipatzen den moduan:

  • Idiazabaldarrak: "Axeriak".
  • Altzagarrak: "Zakurrak".
  • Zaldibiarrak: "Arkakusoak".
  • Zegamarrak: "Beleak".
  • Lazkaotarrak: "Antzarak".
  • Ataundarrak: "Otsoak".
  • Gaintzarrak: "Zapoak".
  • Mutiloarrak: "Txerrigorriak".
  • Zeraindarrak: "Xaguak".
  • Beasaindarrak: "Bareak".
  • Ordiziarrak: "Azak".
  • Segurarrak: "Zopajaleak".
  • Ormaiztegiarrak: "Harrikalariak".
  • Itsasondoarrak:"Ijituak".
  • Legorretarrak: "Pikuak".
  • Itsasoarrak: "Otzamotzak".
  • Gabiriarrak: "Makilariak".
  • Legazpiarrak: "Ilintxak".

Herritar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen hainbat goierritar ospetsuren izen-abizenak, jaioturtea, heriotza urtea eta ospetsu egin duen jarduera (jaiotegunaren arabera ordenatu ditugu):

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]