Belartza
Belartza edo larre-belardia landaredian gramineoak nagusi diren eremua da. Hala ere, ziperazeoak, junkazeoak, lekadunak eta beste landare belarkara batzuk ere agertzen ahal dira proportzio desberdinetan. Kontinente guztietan daude belartzak, Antartikan izan ezik, eta baita ekoeskualde gehienetan ere. Izan ere, 3.400 milioi hektarea estaltzen dute munduan, lehorralde osoaren laurdena, eta lurzoruko karbonoaren % 30 gordetzen; hori dela eta, haien kudeaketa egokia funtsezkoa da berotze globalaren aurkako estrategian.[1]
Belartza naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Tundra belartsua, Alaskako iparraldeko zati handia, Islandia gehientsuena, edota Siberiako hainbat eskualde estaltzen dituena.[2]
- Mendialdeko larreak, mundu osoko mendilerro garaietan azaltzen direnak, hala nola, Andeetan (puna), Kilimanjaron edota Tibeteko goi-lautadan.
- Estepak, Eurasiar estepa, Ordoki Handiak eta Panpa barne.[3]
- Sabanak; esate baterako, Serengeti eta Masai Mara Afrikan, eta Llanos Hego Amerikan
- Hezegune belartsuak, urtaroen arabera edo urte osoan urperaturik dauden larredi eta sabanak: Everglades (Florida), Pantanala (Brasil, Paraguai, Bolivia), Esteros del Iberá (Argentina).
Belartza antropogenikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako paisaia ireki eta larre asko neolitikotik aurrera sortu ziren, gizakiaren esku hartzearen ondorioz. Hala ere, larreak eta sastrakadiak osatzen dituzten espezie gehienak lehendik ere bertan zeuden, jatorrizko habitat irekietan. Egun, herbiboro basati gehienak desagertuta daudenez, geratzen diren kontserbazio-balio altuko ia larre guztiak larratze-sistema estentsiboei loturik daude. Beraz, abeltzaintza tradizionala modu jasangarrian kudeatzea ezinbestekoa da mendi-larreak kontserbatzeko.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ UN agency highlights potential to fight climate change with grasslands. UN News, 2010eko urtarrilak 13, news.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-4-5).
- ↑ Elosegi, Arturo. Tundra: bizia hotz-hotzean. Elhuyar aldizkaria, 136. zenbakia, 1998/10/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-6).
- ↑ Elosegi, Arturo. Bizitza belar-itsasoan. Elhuyar, 184. zenbakia, 2003/02/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-4-6).
- ↑ Odriozola, Iñaki. CAF-Elhuyar 2018: Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatutako paisaia. Elhuyar, 330. zenbakia, 2018/05/16, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-4-6).