Aizkora proba
Aizkora proba edo aizkolaritza herri kirol mota bat da. Helburua enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta laburrenean gutxienean moztea da, eta banaka, binaka edo taldeka lehia daiteke. Enborra zutik edo etzanda egon daiteke.
Proba horretan diharduen kirolariak aizkolari izena du. Apustuetan bi laguntzaile izaten ditu ondoan: "erakuslea", kolpea non jo aholkatzen diona, eta "botileroa". Txapelketetan aizkolariak laguntzailerik gabe aritzen dira.[1]
Egurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aizkora probetan jeneralean pago enborrak mozten dira. Ohiturari jarraituz, enborren neurria (zirkunferentzia) ontzetan adierazten da:[2]
Zirkunferentzia ontzatan |
Zirkunferentzia metrotan |
Diametroa cm-tan |
Izena |
36 | 0,835 | 26,6 | oinbetekoa |
45 | 1,043 | 32,2 | |
54 | 1,252 | 39,8 | kanaerdikoa |
60 | 1,391 | 44,3 | |
72 | 1,669 | 53,1 | oinbikoa |
80 | 1,855 | 59,0 | |
108 | 2,504 | 79,7 | kanakoa |
110 | 2,550 |
Aizkora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1976ko urtarrilaren 18an Euskal Herriko eta Australiako aizkolarien arteko neurketa jokatu zen Donostian. Australiarrak nagusitu ziren eta garbi geratu zen australiar aizkora Euskal Herrikoa baino askoz hobea zela. Geroztik, horrelako aizkorak hasi ziren erabiltzen[1]. 2 eta 2,8 kilo arteko pisua izaten dute eta goi mailako aizkolari bakoitzak bere ezaugarrien araberako aizkora erabiltzen du.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal herri kirol guztietan gertatzen den bezala, aizkora proben jatorria langileen (baso-mutilen) arteko desafioetan dago. Lehenbiziko apustuak oihanean bertan jokatzen ziren baina denborarekin aizkol jokoa menditik herrira jaitsi zen. Ez zaigu ezer idatzirik ailegatu hasierako apustu hauei buruz[3].
Aizkora proben gaineko lehenbiziko erreferentzia idatzia 1802ko ekainaren 7koa da. Egun horretan Hernaniko plazan jokatutako apustuan Ezkurrako Ramon Elizalde Astigarragako Hernandorenari nagusitu zitzaion. 1851an Benancio Elorza Oñaederra "Iru-Erreketa" sortu zen. 1884an Elgoibarren jokatu zuen apustuan 12 kanaerdi moztu behar izan zituen eta 1892an Azpeitian "Zelai Luze"-ri irabazi zion[3].
XIX. mende bukaeratik aurrera euskal abertzaletasunaren hedapena herri kirol guztientzako lagungarri izan zen. Euskal jaiak antolatzen hasi ziren eta egitarauan aizkolariek ez zuten huts egiten. Giro honetan bi aizkolari mitiko azaldu ziren: Beizamako Pedro María Otaño "Santa Agueda" eta Azpeitiako Jose Martín Goenaga Odriozola "Atxumarria". 1903ko abenduaren 26an Azpeitian jokatu zuten apustuak sekulako ikusmina sortu zuen eta bost mila lagunek gainezka bete zuten zezen-plaza. Kanako launa enbor ebaki behar izan zituzten eta "Atxumarria" nagusitu zen[3]. Apustu honen xehetasunak bertso paperen bidez iritsi zaizkigu[4]:
1/ Azpeiti'ko erriko
aizkora-apustua,
Jose Martin zan kontra
Antzumarri'kua;
Beizama'kua naiz ni
mendi-puntakua,
Pedro Mari Otaño,
Santa Ageda'kua.
- 5/ Aizkorak artu eta
ebakitzen asi,
bost bat milla persona
ginduzen ikusi;
Jose Martinek ez du
tatxarik merezi,
geiago izan da
diot irabazi.
- 13/ Aizkoran jokatu
gu bi aizkolari,
oso langille ona
Jose Martin ori;
balio ez duanik
ez esan iñori,
irabaztia kosta
Santa Agedari.
1920ko hamarkadan aizkora apustuak asko ugaritu ziren, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere. Jose Aranburu Aramendi Keixeta izan zen izarrik handiena: 31 apustu jokatu zituen eta 28 irabazi. 20ko hamarkadaren bukaeran eta 30eko hamarkadan Ramon Astigarraga Errekalde, Jeronimo Iturbe Agiñeta eta Ignazio Orbegozo Arria nabarmendu ziren.
Gerra ondoko aizkolaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Gerra Zibilaren ondoren "Arria"z gain Antonio Soraluze "Korta" eta geroago Martin Garziarena eta Juan Jose Narbaiza "Luxia" gailendu ziren. Beren arteko apustuek izugarrizko ikusmina sortzen zuten. 50eko hamarkadan "Luxia" nagusi izan zen, Ramon Latasa sunbildarraren aurkako apustu mitikoa galdu zuen arte. Latasarekin batera Patxi Astibia eta Migel Berakoetxea izan ziren 60ko hamarkadako dominatzaileak[3].
70eko hamarkadak berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen: federazioak eratzen hasi ziren, Euskal Herriko eta beste herrialdetako aizkolarien arteko neurketak antolatu ziren (1976ko Australia-Euskal Herria, Munduko Aizkolari Txapelketak) eta, aspaldiko partez, aizkolari gipuzkoar baten nagusitasuna izan zen: Jose Ignazio Orbegozo "Arria II.a"[5].
80eko hamarkadako izarrik handiena Mikel Mindegia izan zen, hamarkadako Euskadiko Txapelketa guztiak berak irabazi baitzituen, baina maila handiko beste aizkolari batzuk ere agertu ziren, hala nola Jose Mari Mendizabal, Anjel Arrospide, Joxe Mari Olasagasti eta Donato Larretxea. Zenbait urtez desafio, apustu eta marka saiakera asko izan zen.
1990eko hamarkadatik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko hamarkadan aizkora jokoen beherakada handia izan zen. Ikusle gutxi biltzen zirela eta, apustuak urrituz joan ziren. Horrez gainera, mendiko lanera gero eta gazte gutxiago joaten delako seguru aski, maila handiko aizkolari berri gutxi agertu zen. Txapelketetan Arrospide eta Olasagasti nagusi izan ziren.
XXI. mende hasieran, aurreko hamarkadako aizkolariekin batera, Joxemiel Peñagarikano eta Floren Nazabal ibili dira goi mailan. Gazteen txapelketetan nabaritu diren aizkolariak ez dira oraindik beteranoen mailara iritsi. Hor dugu, esate baterako, Olasagasti, 2010eko Euskadiko txapelduna 51 urterekin. Bestalde, Urrezko Aizkora-ren moduko saio motx eta azkarrak kontuan hartzeko berrikuntza izan dira. 2010. hamarkadan Aitzol Atutxa bizkaitarra nagusitu da, azken urtetan Iker Vicente otsagabiarrarekin lehia estuan.
Txapelketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Aizkolari Txapelketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenbiziko Txapelketa Nagusia, Espainiako Txapelketa izenarekin, Donostian jokatu zen, 1950eko martxoaren 5ean, Atletismo Federazioak antolaturik. Izen horrekin 8 aldiz egin zen [5].
Aizkolaria | Garaipenak | Urteak |
---|---|---|
Patxi Astibia | 3 | 1968, 1969, 1971 |
Martin Garziarena | 1 | 1950 |
Migel Irazusta Polipaso | 1 | 1965 |
Migel Berakoetxea | 1 | 1966 |
Ramon Latasa | 1 | 1967 |
Mikel Mindegia | 1 | 1977 |
Euskadiko Aizkolari Txapelketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenbiziko Euskadiko Txapelketa 1977ko irailaren 4ean jokatu zen Donostian. Lehenago, ordea, "Vasco-Navarro" izenekoa hiru aldiz antolatu zen[5].
Aizkolaria | Garaipenak | Urteak |
---|---|---|
Mikel Mindegia | 9 | 1980, 1981, 1983, 1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1989 |
Anjel Arrospide | 6 | 1990, 1991, 1992, 1993, 1994, 1995 |
Jose Mari Olasagasti | 6 | 1996, 1998, 1999, 2001, 2005, 2010 |
Floren Nazabal | 6 | 2002, 2004, 2007, 2008, 2009, 2012 |
Aitzol Atutxa | 5 | 2014, 2015, 2016, 2017, 2018 |
Arria II.a | 4 | 1970, 1977, 1978, 1979 |
Donato Larretxea | 3 | 1997, 2003, 2006 |
Iñaki Azurmendi | 2 | 2011, 2013 |
Migel Berakoetxea | 1 | 1967 |
Patxi Astibia | 1 | 1968 |
Joxemiel Peñagarikano | 1 | 2000 |
Iker Vicente | 1 | 2019 |
Hodei Ezpeleta | 1 | 2021 |
Urrezko Aizkora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1998tik jokatzen den "Urrezko Aizkora" Euskal Herriko beste txapelketa nagusia da. Aizkolari hoberenak banaka eta binaka lehiatzen dira urtero eta finalak Azpeitian izaten dira.
- Banakako Urrezko Aizkora:
Aizkolaria | Garaipenak | Urteak |
---|---|---|
Floren Nazabal | 8 | 2004, 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2012, 2013 |
Jose Mari Olasagasti | 3 | 1999, 2000, 2001 |
Donato Larretxea | 3 | 2002, 2003, 2005 |
Aitzol Atutxa | 2 | 2016, 2017 |
Iker Vicente | 2 | 2018, 2019 |
Joxemiel Peñagarikano | 1 | 1998 |
Juan José López | 1 | 2011 |
Jon Rekondo | 1 | 2014 |
Iñaki Azurmendi | 1 | 2015 |
Julen Alberdi "Txikia IV.a" | 1 | 2020 |
Hodei Ezpeleta | 1 | 2021 |
- Binakako Urrezko Aizkora:
Aizkolaria | Garaipenak | Urteak |
---|---|---|
Aitzol Atutxa | 7 | 2008, 2009, 2011, 2014, 2015, 2016, 2017 |
Donato Larretxea | 5 | 2003, 2004, 2008, 2009, 2010 |
Ugaitz Mugertza | 4 | 2014, 2015, 2016, 2017 |
Floren Nazabal | 3 | 2001, 2005, 2007 |
Mikel Mindegia | 3 | 2003, 2004, 2006 |
... | ... | ... |
Beste lehiaketa batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakume aizkolariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aizkolaritza gizonen kirola izan bada ere, emakume aitzindariak izan dira Itziar Goenaga azpeitiarra, Kristina Saralegi eta Maribi Saralegi leitzarrak, Maika Ariztegi iturendarra, Irune Izkue (Elgorriaga), Irati Astondoa (Zeanuri), Alazne Etxaburua (Tolosa), beste batzuen artean.
Emakumeen Euskal Herriko Txapelketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aizkolaria | Garaipenak | Urteak |
---|---|---|
Nerea Sorondo | 3 | 2018, 2019, 2021 |
Emakumeen Urrezko Aizkora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aizkolaria | Garaipenak | Urteak |
---|---|---|
Nerea Sorondo | 2 | 2019, 2021 |
Irune Izkue | 1 | 2017 |
Maika Ariztegi | 1 | 2018 |
Irati Astondoa | 1 | 2020 |
Aizkolari famatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jose Aranburu Keixeta (1881-1962)
- Migel Irazusta Polipaso (1925-2000)
- Martin Garziarena (1927-2005)
- Ramon Latasa (1930-1991)
- Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a (1945 -)
- Mikel Mindegia (1949-).
- Anjel Arrospide (1956-).
- Joxemiel Peñagarikano (1957-).
- Joxe Mari Olasagasti (1959-).
- Donato Larretxea (1960-).
- Floren Nazabal (1969-).
- Aitzol Atutxa (1988-).
- Iker Vicente (1997-).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Euskonews: Aizkora, gogorra bezain ikusgarria
- ↑ Aizkora proben arautegia, herrikirolaknafarroa.org
- ↑ a b c d Euskomedia: Aizkolaris
- ↑ Antonio Zavala: Euskaljokoak bertsotan (1). Auspoa.
- ↑ a b c Antton Espelosin (2009): Aizkora apostuak eta txapelketak.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)"Aizkora, gogorra bezain ikusgarria" Maria Agirreren artikulua Euskonews&media gunean.
- (Gaztelaniaz)"Aizkolaris" (Auñamendi).