[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Voltairine de Cleyre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Voltairine de Cleyre

Bizitza
JaiotzaLeslie1866ko azaroaren 17a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaChicago1912ko ekainaren 20a (45 urte)
Hobiratze lekuaHaymarket Martyrs' Monument (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: meningitisa
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, saiakeragilea, kazetaria, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, anarkista, bakearen aldeko aktibista, filosofoa eta feminista
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

Musicbrainz: f10f1bd3-0ad7-4a51-90ea-514af64a35ef Discogs: 3757446 Find a Grave: 8795 Edit the value on Wikidata

Voltairine de Cleyre (1866ko azaroaren 17a - 1912ko ekainaren 20a)[1] anarkista estatubatuar bat izan zen. Idazle eta hizlari oparoa, kapitalismoaren, ezkontzaren eta estatuaren aurka[2] agertu zen eta baita emakumeek beren sexualitatean eta bizitzetan erlijioaren aldetik sufritzen duten sumisioaren kontra ere. Sarritan, lehen feminista garrantzitsuetakotzat hartu izan da bere ideiengatik.[3]

Voltairine de Cleyre Michiganen jaio zen, Leslie izeneko herri txiki batean, eta Sarniako (Ontario) komentu katoliko batean ikasi zuen. Bere aktibismoa mugimendu librepentsalarian hasi zen. Hasiera batean anarkismo indibidualistak erakarri zuen arren, De Cleyreren bilakaera mutualismoaren bidetik garatu zen. Adjektiborik gabeko anarkismoa aldarrikatu zuen, eta, beste ezeren aurretik, estaturik gabeko eta bortizkeriarik edo hertsapenik gabeko gizartea lehenetsi zuen.

De Clayre Emma Goldmanen garaikidea izan zen, zeinekin gai askotan errespetuzko desadostasun harremana izan zuen. De Cleyreren saiakera asko Voltairine de Cleyreren Lan Hautatuetan bildu ziren, 1914an Goldmanen Mother Earth aldizkariak hil ondoren argitaratuak.

Michigango Leslie herri txikian jaioa,[1] estatu bereko St. John herrira joan zen bizitzera bere familiarekin.[4] Han bere gurasoekin eta arrebarekin bizi izan zen urritasun ekonomiko handian. Bere aitak, Hector Auguste de Cleyrekoak, Voltairine izena jarri zion, Voltaire Frantziako Ilustrazioko egile ospetsuaren omenez.[1]

12 urte zituela, aitak Sarniako (Ontario) moja ikastetxe batean inskribatu zuen,[1] han eskola publikoek baino hezkuntza hobea emango ziotela pentsatu zuelako. Esperientzia horrek kristautasuna utzi eta ateismoa besarkatzera eraman zuen. Komentuan igarotako denboraz, honela esan zuen: "Heriotzaren Itzalaren Harana bezalakoa izan zen, eta orbain zuriak daude nire ariman, non ezjakintasunak eta sineskeriak bere infernuko suarekin kiskali ninduten egun itogarri haietan".[5] Ihes egiten saiatu zen; St. Clair ibaia igerian zeharkatuz, Port Huroneraino (Michigan) heldu zen, eta gero, oinez, 27 kilometroko ibilaldia egin zuen; baina bere familiako lagun batzuekin topo egin zuen eta berriz ere komentura bidali zuten.[1]

Mugimendu abolizionistarekin eta Lurpeko Trenbidearekin (Underground Railroad) izandako familia-loturek, bere haurtzaroko pobrezia gogor eta gupidagabeak eta Voltaire filosofoaren izenak lagundu zioten berehala, nerabezarotik gutxira, bere erretorika erradikala garatzen. Komentuan ikasi ondoren, De Cleyre Grand Rapidsera (Michigan) joan zen. Pentsamendu askeko mugimendu biziki antiklerikalean parte hartu zuen, hitzaldiak emanez eta haren aldizkarietan artikuluak idatziz, eta, azkenik, The Progressive Age pentsamendu askeko egunkariaren editore bihurtu zen.[6]

Hil eta gutxira De Cleyreren omenez egin zen ekitaldia iragartzeko esku-orria.

1880ko hamarkadaren erdialdean eta amaieran, mugimendu librepentsalarian militatu zuen, eta bertan Thomas Paine, Mary Wollstonecraft eta Clarence Darrow-en eragin handia izan zuen. Horiez gain, Henry David Thoreauk eta Big Bill Haywood eta Eugene Debs buruzagi sindikalek ere eragin zuten De Cleyreren pentsamenduan. 1887an Voltairine anarkista bihutu zen, seguru asko Chicagoko Haymarket aferaren eraginez. Gertaera haien ondorioz, zenbait manifestari exekutatu zituzten, poliziak matxinadan izan ziren hildakoak eragin zituela dokumentatu zen arren. “Ordura arte, Estatu Batuetako legeak ezarritako epaimahai bidezko epaiketen funtsezko zuzentasunean sinisten nuen”, idatzi zuen saiakera autobiografiko batean, “harrezkero, ezin izan zuen sekula sinetsi”.[5]

De Cleyrek hizlari eta idazle bikainaren ospea zuen. Paul Avrich biografoak "beste edozein anarkista estatubatuarrek baino talentu literario handiagoa" zuela esan zuen.[7] Kausa anarkistaren defentsa nekaezina ere aitortzen zitzaion De Cleyreri, zeinen "grina erlijiosoak", Emma Goldmanen arabera, "egin zuen guztia markatu zuen".[8]

James B. Elliot librepentsalariarekin seme bat izan zuen, Harry, 1890eko ekainaren 12an. De Cleyre eta Elliotek adostu bezala, semea Elliotekin bizi izan zen, eta De Cleyrek ez zuen haren heziketan parte hartu.

Dyer Lum-engandik ("bere maisua, bere konfidentea, bere lagunkidea", Goldmanen arabera)[9] gertu zegoen eta haren inspirazioa jasotzen zuen. Harekiko harremana 1993an lehentxeago amaitu zen, bere buruaz beste egin baino.

De Cleyreren ekimena 1889tik 1910era Filadelfian garatu zen. Hiri hartan etorkin judu txiroen artean bizi izan zen, zeinen artean anarkismoarekiko begikotasuna ohikoa zen. Filadelfian ingelesa eta musika irakatsi zituen eta yiddishez hitz egiten eta idazten ikasi zuen.[10]

Bere bizitzan zehar, De Cleyrek gaixotasun asko jasan zituen. Goldmanek esan zuen "haurtzaroan garatu zuen nerbio-sistemako gaixotasunen bat" zuela eta depresiorako joera ere nozitu zuela.[1] Gutxienez bi aldiz saiatu zen bere buruaz beste egiten.

1902ko abenduaren 19an hiltzen saiatu ziren, baina bizirik atera zen. Bere erasotzailea, Herman Helcher, ikasle ohi bat zen, lehenik sukar batengatik erotuta. De Cleyrek berehala barkatu zion: “Zibilizazioaren aurkako laidoa litzateke buruko gaitz batek eragindako ekintza batengatik kartzelara bidaliko balute gaixoa”.[11] Erasoak belarriko min kronikoa eragin zion eta eztarriko infekzio batekin utzi zuen, askotan hitz egiteko edo kontzentratzeko zuen gaitasunari kalte egiten ziona.

De Cleyreren hilobia Waldheimgo hilerrian, Forest Park, Illinois.

1911ko udaberrian, Mexikoko iraultzak erakarri zuen, bereziki Ricardo Flores Magón anarkistaren ekintzengatik. Bere azken poema Mexikoko ekintzaileei eskainia izan zen.

De Cleyre meningitis septikoak jota hil zen 1912ko ekainaren 20an, St. Mary of Nazareth ospitalean, Chicagon, Illinois. Haymarket-eko exekutatuengandik eta beste aktibista sozial batzuengandik gertu lurperatua dago, Waldheimeko hilerrian (orain Forest Home Cemetery), Chicagoko mendebaldean dagoen Forest Parken.[12]

Ideia politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emma Goldman anarkista estatubatuarra, De Cleyreren garaikidea (1869-1940)

De Cleyrek bere ikuspuntu politikoak aldatu zituen bere bizitzan zehar. Denborarekin, sutsuki defendatuko zuen adjektiborik gabeko anarkismoa, hau da, George Richard Esenwein historiagilearen hitzetan, “komunista, kolektibista, mutualista edo indibidualista bezalako etiketa kalifikatzailerik gabeko doktrina bat. Beste batzuek, berriz, eskola anarkista desberdinen elkarbizitza onartzen zuen jarrera gisa ulertzen zuten”.[13] Zenbait urtez, De Cleyre AEBetako anarkismo indibidualistarekin lotu zen batez ere. Emma Goldmanengandik bereiziz eta anarkismo indibidualistaren alde eginez, De Cleyrek honako hau idatzi zuen:

Goldman anderea komunista da; ni, ordea, indibidualista. Berak jabetza-eskubidea suntsitu nahi du; nik, berriz, balioetsi nahi dut. Nik pribilegioa eta autoritatea borrokatzen ditut, zeinen bidez jabetza-eskubidea, gizabanakoak berezkoa duen benetako eskubidea, deuseztatzen den. Berak uste du lankidetzak erabat ordezkatuko duela lehia; nik diot lehia beti egongo dela, modu batean edo bestean, eta oso desiragarria dela hala izatea.[14]

Nahiz eta De Cleyre eta Goddmanen arteko harreman pertsonalak onak ez izan, intelektualki errespetu handia izan zioten elkarri. 1894ko "Emma Goldman eta desjabetzeko eskubidearen defentsan" saiakeran, De Cleyrek honako hau idatzi zuen desjabetzeko eskubideaz:

Ez dut uste giza haragi sentikor apur batek jabetza-eskubide guztiak balio dituenik N. Y. hirian. [...] Esan nahi dut zeure kontua dela erabakitzea ea goseak hiltzen zaren eta izoztu egiten zaren, espetxetik kanpo, janaria eta arropa begi bistan dituzun bitartean edo aurre egiten diozun ausarki jabetzaren instituzioari, Timmermann eta Goldmannen alde jarrita.[14]

Henry David Thoreau (1817-1862), anarkista indibidualista.

Azkenik, De Cleyrek anarkismo soziala besarkatu zuen indibidualismoa alde batera utziz. 1908an adierazi zuen "langile arruntek, gizon zein emakume, egin zezaketen onena beren lantokia antolatzea zela, dirua erabat deuseztatzeko" eta "produkzioa elkarrekin zuzendu, era kooperatiboan, eta ez enplegatzaile eta enplegatu gisa".[15] 1912an esan zuen "jabetza [pribatua] errespetatu izanak ekarri zuela Parisko Komunaren porrota". “Komuna berpiztu egin da” saioan honela dio: “Laburbilduz, beste arrazoi batzuk egon baziren ere, Komuna erori zen nagusiki komuneroak, beharrik handiena zegoenean, komunistak ez zirelako. Kate politikoak hausten saiatu ziren, ekonomikoak hautsi gabe”.[16] Adjektiborik gabeko anarkismoaren defendatzaile bihurtu zen, eta The Making of an Anarchist saioan hauxe idatzi zuen: "Jada ez dut niretzako beste etiketarik nahi, ‘anarkistarena’ ezpada”.[17]

Zenbait ikerlari eta akademikok ez dute baztertzen De Cleyreren indibidualismoaren arbuioa, izatez, komunismo hutsaren onarpena izan litekeela. Goldman eta Rudolf Rocker bat datoz iritzi horretan, baina beste batzuk, Paul Avrich De Cleyreren biografoa barne, ez dira ados egon.[18] De Cleyrek berak, anarko-komunista omen zelako baieztapenei erantzunez, honela esan zuen 1907an: “Ez naiz orain, eta ez naiz sekula izan, komunista".[19] Iain McKay aditu anarkistak dio De Cleyrek 1908an dirurik gabeko ekonomia baten defentsa egitean, teknikoki komunismoaren alde egin zuela esan daitekeela, baita hura deskribatzeko komunista hitza baztertu bazuen ere.[20]

De Cleyrek 1901eko “Anarkismoa” saiakeran honako hau idatzi zuen:

“Nire ustez, egoera ideal batean baliabide natural guztiak beti eta guztientzat izango lirateke doakoak, eta langilea bere bizi-premia guztiak asetzeko behar duena bere kabuz ekoizteko gai izango litzateke, hala nahi izanez gero, halako moldez, non bere lana erregulatua izateko edo lankideekin batera lan egiteko beharrik izango ez lukeen. Une hori irits daitekeela uste dut, beti ere produkzio-bideen garapena eta jendearen nahia direla bide. Bitartean, ahots bakar batez negar eginez ahalegina egingo dugu askatasunaren alde.[21]

"Direct Action", ekintza zuzenaren defentsan 1912an egindako entsegua, oso aipatua da gaur egun. De Cleyrek saiakera honetan Boston Tea Party (Bostongo Tearen Matxinada) bezalako adibideak aipatzen ditu adierazteko  "ekintza zuzena beti erabili izan dela eta oriritzi historikoa izan duela, baita orain arbuiatzen duten beraiena ere”.[22]

De Cleyrek, Sex Slavery izeneko 1895eko hitzaldian, emakumeak beren gorputzak desitxuratzera bultzatzen dituzten edertasun-idealak eta naturaren aurkako genero-rolak sortzen dituzten haurren sozializazio-praktikak gaitzetsi zituen. Saiakeraren izenburua ikusita, pentsa liteke haren gaia prostituzioan esplotatzea helburua duen emakumeen salerosketa dela, baina ez da horrela, nahiz eta prostituzioa ere aipatzen den; saioak gizonei beren emazteak ondoriorik gabe bortxatzea ahalbidetzen dieten ezkontza-legeak aztertzen ditu. Lege horiek eragiten dute "emakume ezkondu oro izatea izatez dena, hau da, morrontzapean bizi den esklabua, bere nagusiaren izena, bere nagusiaren ogia, bere nagusiaren aginduak hartzen dituena, eta bere nagusiaren grinei zerbitzatzen diena".[23]

De Cleyrek erabat kontra egin zion gobernuak armada iraunkor bat mantentzeari, bere existentziak gerrak gertagarriagoak egiten zituela argudiatuz.

1909ko bere saiakeran, "Anarchism and American Traditions" (Anarkismoa eta tradizio amerikarrak), defendatzen du bakea lortzeko, "pertsona baketsu guztiek uko egin beharko lioketela armadari babesa emateari eta eskatu beharko luketela gerra egin nahi duten guztiek euren kostuari eta arriskuari aurre egin diezaieten; eta ez diezaietela ez ordainketarik ez pentsiorik eman gizonen hilketa lanbide bihurtzea erabakitzen dutenei".[24]

Voltairine de Cleyre Filadelfian 35 urtez.

De Cleyre anarkista estatubatuar gailenetako bat izan zen, mugimendu anarkistako emakume bakanetakoa. Emma Goldmanek "Estatu Batuek inoiz sortu duten emakume anarkistarik talentudunena eta distiratsuena" zela esan zuen.[18][25] Gaur egun ez da oso ezaguna, beharbada, Sharon Presley biografoaren iritziz, bere bizitzaren laburtasunarengatik.[18]

XX. mendearen amaieratik, harekiko interesa berritu eta indartu da. Horren adierazgarri dira urte horietan argitaratutako lanak:

  • “An American Anarchist: The Life of Voltairine de Cleyre”, Paul Avrichek idatzia, Princeton University Pressek argitaratu zuen 1978an.
  • Bere hitzaldien bilduma bat, “The First Mayday: The Haymarket Speeches”, 1895-1910, Libertarian Book Clubek argitaratu zuen 1980an.
  • 2004an, AK Pressek “The Voltairine de Cleyre Reader” argitaratu zuen.[26]

2005ean, bere diskurtso eta artikuluen beste bi bilduma argitaratu ziren:

  • “Exquisite Rebel: The Essays of Voltairine De Cleyre - Anarchist, Feminist, Genius”, Presley eta Crispin Sartwellek argitaratua eta Suny Pressek argitaratua;[27]
  • “Gates of Freedom: Voltairine De Cleyre and the Revolution of the Mind”, University of Michigan Press-ek argitaratua.[28]

Bere lanak New Yorkeko Ikerketa Judurako YIVO Institutuan daude.[29] 2018an, The New York Times egunkariak haren obituario berantiarra argitaratu zuen.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Goldman, Emma. "Voltairine De Cleyre". The Emma Goldman Papers. University of California. Berkeley.
  2. a b "Overlooked No More: Voltairine de Cleyre, America's 'Greatest Woman Anarchist'". The New York Times. 2018ko irailaren 26a.
  3. Presley, Sharon (2000ko otsailaren 18a). "Libertarian Feminist Heritage Series: Voltairine de Cleyre". Anarchy Archives.
  4. "Lost Lansing: Leslie's Voltairine de Cleyre shattered the bounds of convention". Lansing Online News.
  5. a b De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press, 106 or. ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  6. "Mob Work: Anarchists in Grand Rapids, Vol.1" (2014). Grand Rapids, Michigan: Sprout Distro, 26–28. or.
  7. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 20 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  8. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 331 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  9. De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press, 4 or. ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  10. (Ingelesez) «Voltairine de Cleyre (1866-1912) | American Experience | PBS» www.pbs.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  11. De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press, 9 or. ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  12. De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press, 10 or. ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  13. Esenwein, George Richard. (1989). Anarchist ideology and the working-class movement in Spain, 1868-1898. University of California Press, 135 or. ISBN 0-520-06398-8. PMC 19554399. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  14. a b De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 156 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  15. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 62 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  16. DeLamotte, Eugenia C.. (2004). Gates of freedom : Voltairine de Cleyre and the revolution of the mind : with selections from her writing. University of Michigan Press, 206 or. ISBN 978-0-472-02628-9. PMC 606200757. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  17. De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press, 108 or. ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  18. a b c (Ingelesez) Presley, Sharon. (1979). «Libertarian Feminist Heritage Series: Voltarine de Cleyre» pzacad.pitzer.edu (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  19. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 22 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  20. (Ingelesez) McKay, Iain. (2006). Voltairine De Cleyre: Her revolutionary ideas and legacy – Anarchist Writers. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  21. (Ingelesez) De Cleyre, Voltairine. (1901). «Anarchism» www.panarchy.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  22. De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press, 50 or. ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  23. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 228 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  24. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press, 101 or. ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  25. Falk, Candace. (2003). A Documentary of the American Years: Made for America 1890–1901 v. 1. University of California Press, 195 or. ISBN 0-520-08670-8. PMC 50285223. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  26. De Cleyre, Voltairine. (2004). The Voltairine de Cleyre reader. AK Press ISBN 1-902593-87-1. PMC 56448955. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  27. De Cleyre, Voltairine. (2005). Exquisite rebel : the essays of Voltairine de Cleyre : feminist, anarchist, genius. State University of New York Press ISBN 1-4237-4860-3. PMC 63167784. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  28. DeLamotte, Eugenia C.. (2004). Gates of freedom : Voltairine de Cleyre and the revolution of the mind : with selections from her writing. University of Michigan Press ISBN 978-0-472-02628-9. PMC 606200757. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  29. «Voltairine de Cleyre and Joseph Jacob Cohen» www.yivoarchives.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]