Valentino Clemente Ludovico Garavani (Voghera, Pavia, 1932komaiatzaren 11), Valentino izenaz ezaguna, italiar moda-diseinatzailea da. Italiako ospetsuenetako bat, modaren mundua kulturarenarekin, ikuskizunenarekin, eta bizitza sozialarenarekin lotzea lortu duena. Txikitatik, dekorazioa, pintura eta eskultura izan zituen zaletasunik handienak. Hamalau urterekin, ohiko ikasketak utzita, diseinuaren munduan sartu zen buru-belarri, eta Milango Arte Eskolan hasi zen ikasten. Aurrerago, Jacqueline de Ribes diseinatzailea ezagutu zuen, eta hark Parisko goi-mailako gizartea ezagutarazi zion. Erromara itzultzeko eskatzen ziotenei entzungor eginez, Parisen bertan sakondu zuen bere prestakuntza, Guy Larocherekin batera. Gero, Erromara joan zen, eta jostun-etxea zabaldu zuen Via Apia Aurican. 1961ean, parte hartu zuen lehenengo desfile ofizialean, Florentzian, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Handik gutxira, Jacqueline Kennedyk bere jantzietako bat aukeratu zuenean Onassis greziar magnatearekin ezkontzeko, Estatu Batuetako merkatuko ateak parez pare zabaldu zitzaizkion, eta Valentinoren izena mundu osora hedatu zen. Orduan hasi zen Valentino bere inperioa eraikitzen, Giancarlo Gaimmeti lagunarekin batera, eta Italiako enpresa nagusia bihurtu zen, Fiaten ondoren. Garai hartan bere abizenaren lehen letra (V) apaingarri gisa eta bere markaren logotipotzat erabiltzen hasi zen. 1969an, Neiman Marcus saria irabazi zuen, modaren munduko saririk preziatuena. 1970eko hamarraldiko urte modarentzat kaskarren ondoren, Valentinoren ospeak gorena jo zuen hurrengo hamarraldian. Jeans arropa zabaltzen ausartu zen lehen estilista izan zen, eta bere publizitate-kanpainetarako argazkilaririk hoberenengana jotzen zuen. Valentinoren estiloa artean eta izadian inspiratua da. Laurogeita hamarreko hamarraldian Valentino: Hogeita hamar urte magiazko erakusketa egin zen Erroman eta New Yorken. Egun, gizon eta emakumezkoentzako arropak egiten ditu, eta orobat zapatak, gorbatak eta bestelako osagaiak. Laurogei denda baino gehiago ditu munduan zehar.