[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Txernobyl

Koordenatuak: 51°16′N 30°13′E / 51.27°N 30.22°E / 51.27; 30.22
Wikipedia, Entziklopedia askea
Txernobyl
Чорно́биль
Чернобыль (Txernobyl)
exclusion zone (en) Itzuli
Txernobylgo Kirova kalea. Irudi gehiago
Administrazioa
Herrialdea Ukraina
ProbintziaKieveko oblasta
Izen ofizialaЧорнобиль (Txornobyl)
Jatorrizko izenaЧорно́биль
Posta kodea255614
Geografia
Koordenatuak51°16′N 30°13′E / 51.27°N 30.22°E / 51.27; 30.22
Map
Azalera250 km²
Altuera179
Demografia
Biztanleria1.575 (2022)
875 (2020)
Dentsitatea8 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraXIII. mendea
Ordu eremuaUTC+02:00 eta UTC+03:00
MatrikulaAI eta КI / 10

Txernobyl[1] (ukraineraz Чорнобиль, Txornobyl, errusieraz Чернобыль Txernobyl, bielorrusieraz Чарнобыль, Txarnobyl) Ukrainako erdi-iparraldeko hiri hustu bat da, Kiev hiriaren iparraldean, Bielorrusiako mugatik hurbil dagoena. Hiria 1986an hustu zen, Txernobylgo zentral nuklearrean izandako hondamendi nuklearraren ondorioz. Hondamendia gertatu baino urtebete lehenago, 1985ean, hiriak 44.000 biztanle zituen.

Txernobylgo zentral nuklearra, 2009an

Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Txernobylgo hondamendia»

Zentral nuklear hori Txernobyldik 14,5 kilometrora dago, eta lau erreaktore nuklear zituen. 1986ko apirilean, laugarren erreaktorean sute handi bat gertatu zen, eta horrek eragindako hodei erradioaktibo kutsakorrak Ukrainako, Sobietar Batasuneko eta Europako beste zenbait eskualdetako lurraldeak ukitu zituen. 2000ko abenduan itxi zen betiko Txernobylgo zentral nuklearrean zeuden lau erreaktoreetatik azkena.

Txernobylgo 1986ko istripu nuklearra da historian gertatu den okerrena, Hiroshimako bonba nuklearrak eragin zuen kutsadura baino ehun bider handiagoa eragin baitzuen. Istripuak luzaroan desagerrarazi zuen energiaren nuklearraren erabilera baketsuan askok zuten uste ona. Gertatu zen unean hogeita hamar lagun hil ziren, eta luzarora zentralaren inguruan bizi ziren milaka lagunen heriotza eragin zuen (2001 arte, 300.000 inguru), Europa erdia kutsatu zuen, eta elkor utzi zituen Ukrainako bertako, Errusiako eta Bielorrusiako eremu zabalak.

Txernobyl eta ingurumariak, Mir satelite artifizialetik ikusita, 1997an.

Txernobylen abian zegoen azken erreaktorea ixtea, Ameriketako Estatu Batuetako presidente Bill Clintoni 2000ko ekainean Ukrainako presidenteak agindua, Mendebaldearen presioaren ondorioa izan da, eta Mendebaldeak ordaindu ditu gastu guztiak. 1995ean, Zazpi Handien Taldeak (Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Kanada, Italia, Alemania eta Japonia) erabaki zuen ia 1.800 milioi euro ematea Ukrainari, zentral zaharra itxi eta bi zentral nuklear berri eta seguruak eraikitzen laguntzeko. Ixteko unean, Berreraikuntza eta Garapenerako Europar Bankuak 240 milioi euroren kreditua eman zuen, aurrekoari lotua, nahiz eta halako dirutzak atzera jasotzeko posibilitatea ia hutsa den. Frantzia zen kreditu horiek eman zitezen interes handiena zuen herrialdea, eta argia da horren arrazoia: izan ere, frantses industria nuklearra arduratuko da zentral berriak eraikitzeaz.

Europar Bankuak zentral berrien eraikuntzarako ipini dituen baldintzak oso zorrotzak dira, eta eraikiko diren zentral nuklear berrien kontrol hertsia onartu beharko du Ukrainak. Baina ekologistak— eta ez ekologistak bakarrik— beldur dira Ukrainako Gobernuak ez ote duen azkenean bere nahierara jokatuko. Greenpeace talde ekologistak ohartarazi du arriskua ez dela guztiz desagertu. Txernobylgo zentralaren eredu bereko beste hamahiru zentral nuklear, hura bezain arriskutsuak, daude gaur martxan Errusian eta Lituanian. Itxitakoaren ordez zentral berriak eraikitzearen kontra dago Greenpeace, gainera. Izan ere, Txernobylgo istripuaren ondorioz, 3,5 milioi lagun bizi dira gaur egun lur kutsatuetan; horietatik milioi bat haurrak dira, eta 380.000k leuzemia dute.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. 157. araua: Europako hiriak. .. Ukraineratik abiatuz gero, Txornobyl transkripzioa dagokio, baina lekuak nazioartean ospea lortu zuenean Sobietar Batasuna zenez, errusieratik egindako transkripzioa zabaldu da

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]