[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Tierra de Campos

Koordenatuak: 42°00′N 4°32′W / 42°N 4.53°W / 42; -4.53
Wikipedia, Entziklopedia askea
Tierra de Campos
Datu orokorrak
Garaiera740 m
Motaeskualde geografiko
Geografia
Map
Koordenatuak42°00′N 4°32′W / 42°N 4.53°W / 42; -4.53
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Gaztela eta Leon
Ur-gorputzaValderaduey (en) Itzuli
Sequillo
Carrión
Leku geografikoaMeseta Norte (en) Itzuli

Tierra de Campos Gaztela eta Leongo eskualde natural bat da. Leon, Zamora, Valladolid eta Palentzia probintzietatik zabaltzen da.

Tierra de Campos eskualdeak, topografia laua du, baina, aldika-aldika, ordoki hori garaiera txikiko muino eta mendiek hausten dute. Mendi eta muino horietako batzuek, tontorrean gazteluak dituzte. Eskualde hau zeharkatzen duten ibaietako batzuk, emari gutxikoak dira, Valderaduey ibaia edo Sequillo. Beste batzuk, Carrion ibaia edo Cea emari handikoak dira. Iparraldetik hegoaldera Gaztelako Kanalak zeharkatzen du, XVIII. mendearen erdialdean hasi eta XIX. mendearen hasieran amaitu zen lan bat. Kanal hau, iparraldeko itsas portuetara garia eramateko pentsatu zen, erreka bazterretik tiratutako erreka garraio bidez, sirga izenekoa (animaliek tiratutako ontzitzarrak), bere garaiko ingeniaritza hidraulikoaren lan garrantzitsuenetako bat suposatuz. Bertako klimak, klima kontinentalaren ezaugarriak ditu, udaberri eta udazken fresko eta umelekin eta uda labur, lehor eta sargoriekin. Negua, berriz, luzea, hotza eta pixka bat umela izaten da. Klima oso lehorra izaten da toki baxuetan, baita mendebaldekoetan ere (Zamora), eta erdi umela izatera pasatzen da zenbat eta ekialderago joan (Palentzia). Eskualde hau ezberdintzen duena eta izena ematen diona, bere lurzoruen konposaketa da, gehientsuenak buztinezkoak baitira.

Gaztela-Leongo paisaiaren ohiko eredu kontsideratua dago, bere lursail handi berdeekin udaberrian eta urre kolorekoak udan. Espainiako labore toki garrantzitsuenetako bat da, Hispania erromatarrean zen bezala.

Bertako lehen biztanleak bakzeoak izan ziren, erromatarrek okupatu zuten, eta, ondoren, godotarrek, orduan, Godotar Zelaiak (Campi Gothorum) izena hartuz. Izen honetatik dator orain duena.

Musulmanen garaian, iparraldean zeuden kristauen eta hegoaldean zeuden musulmanen arteko mugako basamortu bat izatera pasa zen. IX. mendean, Ordoño I.a Asturiaskoa hasi zen eskualde hau birpopulatzen. Behe Erdi Aroan, Gaztela eta Leon arteko muga izan zen.

Tierra de Camposi buruzko lehen erreferentzia Alfontso X.a Jakituna erregearen kroniketan agertzen da.

Erdi Aro eta Pizkunde garaian, Gaztela eta, beraz, Espainiako aletegia izan zen, bertako lur buztintsuak, laboreak landatzeko oso egokiak baitziren. Honek eman zion ospea. Garai honetakoak dira eskualdeko herri garrantzitsuetako batzuetan ikus daitezkeen monumentu eta eraikuntza handiak. Mekanizazioa eta laboreentzako ongarritze mineralaren heltzearekin, bere garrantzi ekonomia gutxitzen joan zen, eta honi, despopulazioak jarraitu zion. Oraindik ere, gutxitzen ari da bertako biztanle kopurua.

Bere historia modernoari dagokionez, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Espainiako toki industrializatu eta aberatsetaranzko emigrazio handia gertatu zen. Euskadi, Bartzelona eta Madrilera batik bat. Honek, Tierra de Camposeko biztanleria asko jaitsi zuen.

Alde demografikotik, 161 udalerrik osatzen dute eskualde natural hau. Udalerri guzti hauen artean, 117.400 biztanle dituzte. Udalerri gehienak, 100 eta 400 biztanle bitartekoak dira, baina badaude, udalerri batzuetan, 90 biztanle baino gutxiagoko herrixkak. Alde demografikotik, Palentzia da eskualde honetako herririk handiena, 82.000 biztanletik gora. Oso urruti geratzen da, sailkapen honetan, bigarrena, Medina de Rioseco, 5.000 biztanlerekin.

Eskualde honetako geografiak, mendeen igaroan, bertako jendearen mentalitatea moldatu du. Oraingo biztanleria, Errekonkista garaiko jendearen ondorengoa da. Honek, bertako lurren gogortasun eta produktibitate urria, paisaia zabala eta klima gogorrari erantsita, eskualde honetako jendea, orokorrean, pertsona zuhur eta soilak egiten ditu. Gaztelerazko "campesino" hitzak, hasiera batean, eskualde honetako biztanlea, ohi nekazaria, definitzen zuen.

Ezagutza tradizionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Usategia

Lur hauetako arkitektura eta eskulangintza tradizionala, adobean oinarrituta dago, buztinezko adreilua eguzkitan egosia. Oso ospetsuak dira euren usategiak, barra-barra aurkitzen direnak eskualde osoan zehar. Baita bertako gazteluak ere. Eskualde honetako herri askok, arkupedun enparantzak ere badituzte.

Eskualde honetako labore zabaldiak, mundu mailako basoilo kontzentraziorik handiena hartzen du. Espezie hau babesteko dauden proiektu ugariak nabarmendu behar dira. Palentziako Laguna de la Navako hezeguneak, bidegurutze garrantzitsuak dira hegaztien migrazioan. Garrantzitsuak dira, baita ere, Villafafilako Aintzirak (Zamora). Ehizan ohikoak diren espezieak, erbia eta eper gorria bezala, oso ugariak eta preziatuak dira. Azken urteetan, otso iberikoaren susperraldi bat egiaztatu da. Eskualde honetatik ere badabil.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]