Thomas Cech
Thomas Robert Cech (Chicago, Ameriketako Estatu Batuak, 1947ko abenduaren 8a) zientzialaria da. Kalifornian egin zituen kimikako ikasketak, Berkeleyko Unibertsitatean, eta bertan lortu zuen doktoregoa, 1975. urtean. Massachusettsko Teknologia Institutuko biologia-sailean zenbait ikerketa egin zituen, eta geroago, Coloradoko Unibertsitatean sartu zen. Cechen ikerketa nagusiak azido erribonukleikoaren ezaugarri kimikoei buruzkoak izan dira. Horrela, 1980ko hamarraldiaren hasieran RNA mota berri bat aurkitu zuen, zelularen baitan erreakzio kimikoak kataliza zitzakeena RNA bera xahutu gabe. Aurkikuntza hori oso garrantzitsua izan zen bizitza nola hasi zen asmatzeko. Hain zuzen ere, Cechek eta Zaugek elkarrekin egindako hainbat ikerketari esker erantzun ahal izan zitzaion bizitzaren sorrerari buruzko ondoko galdera honi: entzimak ala DNA eta RNA, bietatik zer sortzen da lehenik? DNA eta RNA agertuko balira lehenik, ez litzateke izango katalizatzailerik beren kontrolpean gertatzen den proteina osaeran. Aldiz, proteinak agertuko balira lehenik, zaila da ulertzea nola bihurtzen diren DNA eta RNA proteinen osaera-prozesuaren gidari. Cech eta Zaugen aurkikuntzen arabera, eta bi haiek Sidney Altmanekin egindako lanen arabera, Lurrean bizitza sortu zenean RNAz osatuak ziren molekula konplexu gehienak, eta haiek zuten beren baitan gorderik informazio genetikoa eta haiek katalizatzen zituzten erreakzio biokimikoak. 1989. urtean Kimikako Nobel Saria eskuratu zuen Cechek, Sidney Altmanekin batera, azido erribonukleikoaren ezaugarri katalitikoei buruz egindako aurkikuntzengatik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]