[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Pilota (kiroletakoak)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kirol desberdinetako pilota eta baloiak salgai denda batean.

Baloia eta pilota hainbat kirol eta jokotan erabiltzen den bola da. Orokorrean esferikoa da, baina batzuek beste formaren bat dute, errugbian, adibidez. Gehienak airea erabiliz puzten dira, eta pilota handia denean eta kirolerako erabiltzen denean espezigikoki baloi hitza dakar Euskaltzaindiak hauetarako, hala nola futboleko edo errugbiko baloiak.[1]

Zenbait pilota trinkoak dira, euskal pilotan eta hockeyan erabiltzen direnak, kasu; eta hauetako batzuei bola esaten zaie, bola-jokokoa, petankakoak, edo billarreko bolak kasu.

Euskal Herrian kirol autoktono nagusiari ematen dio izena pilotak, ezaguna den bezala. Kirol honen aldaerek osatzen duten multzoak ere pilota/pelota izena eduki ohi du nazioartean, batzuetan Basque/Euskal epitetoetakin batera, baina bere hutsean ere bai.

Pilota edo bolekin jardutea, esfortzu fisikoa eskatzen duten joko askotan ezaugarri eta tresna izan da, antzinatetik. Egiptoko monumentuetan aurki daitezke pilota joko mota batzuen marrazkiak. Eta Egipton bezala Antzinako zibiliziazioetan jaso dira testigantzak Grezian, Erroman, Txinan, Japonian eta Mesoamerikan jokatzen zirela era bateko edo bestelako pilota partidak.

Objektu biribil mugikorra egiteko, hainbat gai erabili izan dira: landareetatik ateratako materialak, hainbat eratako zapiak, hariak, larruak, hesteak, gomak. Zibilizazio kontzeptua baino lehenagokoak, seguruenik, elementu hauen erabilpena jokoetarako. Norbanakoaren jolasaz gain, buruz buruko lehiak garatu izana, jokalari bat bestearen kontra, antzinatetik daude horren adibideak.[2]

Antzinako Grezia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar idazki klasikoetan, badira aipuak.

« Polibo artetsuak egindako pilota gorriz tindaturikoa, esku artean hartu eta batek hodei gerizpetsuetara jaurtitzen zuen; besteak lurretik gora salto egin eta erraz-erraz harrapatzen zuen, oinekin lurra berriro ukitu baino lehen. »

Odisea[3]

Odiean, halaber, Nausikaa neskatxa talde batekin ikusi zuen pilota batekin jokatzen. Beste aipu, hau, Antifanesena, Homeroren alegiak baino beranduagoa, K.a. 4. mendeko aro greziar klasikokoa:

« Pilota hartu eta gozatu egiten zuen bati eman, bestea saihestu, hirugarren bati eskuetatik kendu, beste bat geldiarazi... oihu biziz egiten zuen zarata: "kanpora, luze, beregana, gainetik, behera, gora, labur, bota berriro bira eginez". »

Antifanes[3]

Geroago, kirol honen praktikaren deskribapenekin, Alexandro Handia jokalari on gisa aipatzen da.

Izenez ere gode da kirol greziar baten oroitzapena: Episkyros delakoan, 12 edo 14 lagunerko taldeak aritzen ziren.[4]

Antzinako Erroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroman kirol hau medikuek adin eta baldintza guztietarako gomendatutako ariketa gisa agindu zuten. Senatariek zein plebeak, estrato guztietan jokatzen zuten zaletuek. Lehiaketarako elkarteak ere sortu ziren, federazio kontzeptuaren hastapenetako bat.

Harpastum izeneko jokoa zen pilota joko erromatarren bertsioetako bat. Baloi baten inguruko lehia gogor bat izaten zen, eta talde bakoitzaren helburua zen baloia hartu eta bere zelai aldeko atzeko lerrora ekartzea, alderantzizko errubi bat bailitzan. Entrenamendu militarrerako ere erabiltzen zen. Jolas hau edo antzekoak legionarioek Inperioko lurretan zabaldu zituzten: Europako Mendebaldeko lurraldeetan horren ondorengo garapenak izan daitezke Erdi Aroko agerpenak.[4]

Antzinako Txina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatar zibilizazio klasikoan duela 2.000 urte cuju (pinyin transliterazioan, bertako karakterretan, 蹴鞠, eta tsu chu gisa transkribatu dena) taldekako joko ezagun bat izan zen, aurrekari mitikoetan akaso 1.000 urte lehenagoko antzinatasunarekin. Oinekin erabiltzen zen baloi bat, baina altuera batean banbuzko makilen artean kokatutako sare bakar bateraino sartzea pilota, horixe zen helburua. Elementu modernoekin lotzekotan, futbolaren zein saskibaloiaren ezaugarriak ikus diezaizkiokegu jokoari). Ming dinastian (1368 - 1644 urteen artekoa) jokoak interes biziberritu bat ezagutu zuen hasieran, baina gero bere praktika desagertu zen.

Ezkerrean Taizu eta Taizong enperadoreak (Song) cuju jokatzen, eta eskubian Xuande enperadorea (Ming) chuiwan jokatzen. Ezkerrean Taizu eta Taizong enperadoreak (Song) cuju jokatzen, eta eskubian Xuande enperadorea (Ming) chuiwan jokatzen.
Ezkerrean Taizu eta Taizong enperadoreak (Song) cuju jokatzen, eta eskubian Xuande enperadorea (Ming) chuiwan jokatzen.


Cuju delakoa baino berriagoa da historian chuiwan jokoa (捶丸, literalki bola-jo), zeinaren aipuak daude Song dinastiaren testuetan, 11. mendeko bigarren zatian. Golfaren moduko joko bat zen, bolak sartu behar ziren lurrean egindako zuloetan, eta zailtasun desberdinek lur sailak egoten ziren, kolorezko banderekin markatuta. Tamaina desberdineko bolak izaten ziren, zurezkoak. Song, Ming eta Yuan dinastietan joko apreziatua izan zen, baina azken dinastia txinatarrean, Qing mantxuen agintean, ahuldu zen eta jolas txiki bat bezala geratu zen, emakumeen eta haurren denborapasa. Golfarekin dituen antzekotasunak hain dira nabarmenak, non iradoki izan den mongolen inbasioen garaian akaso Europara ekarri zutela, eta hortik piztu golfaren hazia Eskozia inguruan.[5]

Mesoamerikako pilota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mesoamerikar pilota jokoa Mesoamerikako zibilizazio desberdin ezaugarri kultural komuna izan zen, kristo aurreko lehen garapen pre-klasikotik, konkistaren garairaino; eta kultura desberdinetan integratuta (maiak, zapotekak, mexika edo aztekak. Aztarna nagusiak geratu direnak ikonografikoak dira (irudikapenetan asko sartu zuten pilota jokoa kultura hauetan) eta arkitektonikoak: hirietako erdiguneetan, tenpluak zeuden bezala, gune inportanteak ziren joko zelaiak.

Pilota jokoaren arauak ezezagunak dira, baina badirudi helburua pilota jokoan mantentzea da, pilota lurrera eroriz gero zorte txarra adierazten baitzuen. Joko zelai batzuetan horman eraztun handi bat ageri da, eta baliteke pilotak bertatik pasatzeak balio jakin bat izatea jokoan. Hala ere, hormako eraztunena gehikuntza berantiarra izan zen joko zelaietan.

Historialari batzuen arabera pilota eguzkiaren sinboloa zen, eta, edozelan, inplikazio sinboliko erlijioso sendoak zituen jokoak. Jokoaren irabazleak Jainkoak babesa eta mesedea bereganatzen zuen, halere irabazleak ala galtzaileak sakrifikatuak ziren inguruko zalantza badago.

Zapoteken Monte Alban hiriko pilota-aretoa, eta jokalari maia batzuen errepresentazioa Toninan, pilota seguruenik neurriz kanpoko baten irudikapenarekin. Zapoteken Monte Alban hiriko pilota-aretoa, eta jokalari maia batzuen errepresentazioa Toninan, pilota seguruenik neurriz kanpoko baten irudikapenarekin.
Zapoteken Monte Alban hiriko pilota-aretoa, eta jokalari maia batzuen errepresentazioa Toninan, pilota seguruenik neurriz kanpoko baten irudikapenarekin.


21. mendean, Guatemala eta Mexikoko zenbait lekutan antzinako kirol haren ulama deritzon bertsio modernoa jokatzen da. Amerikako beste joko moderno batek, lacrosseak, amerindiar tradizioetan du jatorria halaber.[6]

Europako jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Arotik Aro Modernorako garaietan, Europan ere ohikoak ziren pilota jokoak. Bi tradizio moduko bereiz daitezke. Batetik baloiarekin multzoan, bi talde borroka edo lehian jarduteko tradizioak egon ziren. Partida nahasi eta sarri biolentoak izaten ziren, eta 1314an, adibidez, Londresko alkateak debekatu egin zuen Ingalaterran Moo football esaten zutena. Joko horien bertsioak zabalduak zeuden Europan: Cnapan Galesen; Caid Irlandan; La Soule Bretainia eta Normandian, Calcio Italian (Florentzian bereziki), Lelo Burti Georgian... Errugbiak edo futbolak, kirol haien eboluzio batean dute jatorria nolabait,[4] baita Hurling jokoarena.

Pilotaren jabetza lehiatzea zen baloi joko haien funtsa, eta beste tradizioa berriz pilota elkarri jaurtitzeko jokoetan gauzatu zen. Joko hauen aurrekariak Erromatar Inperioaren azken garaietan aurki daitezkem non italiar penintsulan "pila" izeneko pilota jokoan aritzen ziren. Antzinako modalitate hau garatzen joan zen pixkanaka mendebaldeko Europan zehar, eta Frantzian "jeu de paume" bilakatu zen (esku barneko jokoa).[7] Esku huskako izenak definitu arren, eskularruak eta tresnak (palak eta erraketak) ere erabiltzen hasi ziren joko horietan, eta joko eremuak ere dibertsoak garatu ziren, zelai irekiak bezala, areto itxiak ere, trinketen aurrekari. Tenisa joko horietatik eratortzen da, eta baita euskal pilota ere.

Pilota deituak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal pilotakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esku-huskako pilota aldaera guztietan erabiltzen den pilota (eta baita beste joko batzuetan, hala nola zesta puntan) larruzko piolota erabiltzen da. Erdian nukleo edo kiski gogor batez osatua dashp, tartean artile edo kotoizko geruza zenbaitez eta kanpoaldetik larruzko geruza batez estalia. Esku huskan pisua 92-95 gr-takoa izan ohi du pilotak, 125-130 gr-takoa zesta puntan; kasu honetan latexa ere erabiltzen delarik egikeran.

Artisauek egindako pilotak dira preziatuenak. 2023ko prezioetan, pilotagile batek kalkulatu zuen esku huskakoak 12 euroan saltzen direla, eta 90 euro ere bai zesta puntarako.[8]

Zesta puntako pilotak, Gernika Jai Alai pilotalekukoak.


Pala eta paleta modalitate batzuetan pilota kautxu trinkozkoa izaten da eta ez du airerik izaten barruan (baina paleta argentinarrean barruan airea izan ohi dute). Gaztetxoentzako pilotaren pisua guztira 58g-70g eta 46-47,5 tarteko diámetroa dauka, ordez, nagusietan 63-75g arteko pisua eta 46-47,5-ko diametroa daukate. Pilota mota ezberdinak egoten dira, batzuk biziagoak, beste batzu pisutsuagoak, edo arinagoak: ezaugarri horiek pilotan isla izan ohi dute, forma eta kolore ezberdineko markak edukitzen baitituzte, borobil horia, triangelu horia, edo karratua…

Teniseko pilota zuria edo horia izan daiteke, kautxuz egina eta forratua; barrutik hutsa da eta kanpotik azala uniformea da, josturarik gabea. Pilotaren pisua 56,7 eta 58,5 gramo artekoa da, tamainan diametroa 6,35 cm eta 6,67 cm artekoa izan behar da, eta bere portaera ere aztertzen da arauzko partidetan erabilrzeko: bere erreboteak 135 eta 147 cm artekoa izan behar du, ez behetik ez goitik.[9]

Beisboleko pilota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beisboleko pilotak gutxi gorabehera pertsona heldu baten ukabilaren tamainakoa da, 23 zentimetro inguru zirkunferentzian. Gomazko edo kortxozko bihotza du, hariz biribildua eta behi larru zuriz estalia, jostura gorriarekin[10].

Kriketeko pilota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kriketeko pilota beisbolekoaren antzekoa da tamainari eta konposizioari dagokienez, baina zuzen josita dago teniseko pilota baten patroiari jarraitu beharrean, eta horrek bi hemisferio berdin sortzen ditu jostura horrek bereizita. Normalean, kriket-pilotak gorri kolorekoak izaten dira, kolore zuriko josturekin, baina 21. mendean batzuetan pilota zuriak erabiltzen dira joko garrantzitsuetan, ikuspen hobea izateko.

Bola jokokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bola jokoan kirolari izena ematen dion bola da jokoko tresna nagusia, pilota trinko bat. Bola joko tradizionaletan, Euskal Herriko herri kirolean eta inguruko modalitate tradizional batzuetan, bolak zurezkoak izan ohi dira; zenbait zuhaitzetako egurra erabili ohi da: gaztainondoa, artea, haritza... Heltzeko moduari dagokionez, hiru motakoak dira gehienetan: hiru zulokoak, esku zulokoak eta esku-azpikoak. Hiru zuloko bolek hiru atzamar sartzeko hiruna zulo izaten dituzte; esku zulokoek bi zulo izaten dituzte, batean atzamar lodia eta bestean eskuko gainerako atzamarrak sartzeko balio dutenak; azkenik, esku-azpikoek ez dute inolako zulorik; eta, aurreko bi motak baino arinagoak izanik, esku-azpiaren gainean jarrita jaurtitzen dira.[11] Modalitateen arabera, desberdintasun nabarmenak egon daitezke pisuan, kilo batetik 9raino.

Euskal kiroleko bola eta txirloak; eta bowlingeko bi bola. Euskal kiroleko bola eta txirloak; eta bowlingeko bi bola.
Euskal kiroleko bola eta txirloak; eta bowlingeko bi bola.


Bowling edo bolatoki mekanizatuetako jokoan, 20. mendean zehar munduan hedatutakoan, oinarrizko bi bola mota daude:bola erreaktiboak eta erremate-bolak (edo spar-bolak). Erremateko bolak material plastiko batez eginak daude, eta ez dute efekturik hartzen jaurtitzean. Bola erreaktiboak lehen jaurtiketa egiteko erabili ohi dira, eta jaurtitzean efektua hartzen dute. Erretxinaz egindako estalki batekin fabrikatzen dira. Partikula hauek diamantezkoak, karbonozkoak eta polimero ezberdinezkoak izan daitezke. Bola horiek hartzen duten efektuaren erantzunkizuna hari ematen zaion estalkiari eta leunketari zor zaio gehienbat.

Petankako bolak eta bolitxea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petankan bi bola mota erabiltzen dira, bata bolitxea da, 30mm-ko diametroa duen egurrezko pilota txiki bat da eta gero jaurtiketan eta lehian botatzen diren bolen jomuga da. Jaurtitzen diren bolak, txapelketa ofizialetan erabiltzen direnak, hutsak eta metalezkoak dira, 7,05-8 cm arteko diametroa dute, eta 600-800 g arteko pisua daukate.

Telstar, 1974ko Alemaniako Munduko Futbol Txapelketako pilota ofiziala, 32 aurpegiko poliedroa zuena egikeran.

Futboleko baloia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Futboleko baloi»

Futboleko baloiak arauz, 68 eta 70 cm arteko perimetroa du. Bere masa 410-450 g-koa da eta bere puzte-presioa 0,6 eta 1,1 atmosferakoa. Nazioarteko FIFA federazioak hiru kalitate maila ezberdin definitzen ditu futboleko baloientzat, Europako Futbol Elkarteen Batasunak (UEFA) onartutakoak, FIFAk ikuskatutakoak (FIFA Approved ziurtagiria) eta Nazioarteko Baloi Estandarra.

1970eko hamarkadan diseinu jakin bat zabaldu zen bereziki, 32 aurpegiko poliedroa zuena bere forman: 20 hexagono eta 12 pentagono zituen. Erpin bakoitzean, bat egiten dute bi hexagonok eta pentagono batek. Telstar izenarekin, 1974ko Alemaniako Munduko Futbol Txapelketan erabili zen modelo bat: ikosaedro moztu bat zen eta %86,74ko biribiltasuna baizik ez zuen. Matematikoki. %94,33ra ere iritsi daitezkeen beste poligono-egitura batzuk, eta izatez txapelketa handietarako beste forma batzuk egin dira geroztik, marka komertzial desberdinekin elkarlanean ohikoan.[12] Hala ere, Telstarraren itxura, bere poligonoekin eta konbinazio zuri-beltzarekin, ikonikoki indartsua da oraindik 21. mendean.

Areto futboleko baloia txikiagoa da. Gutxienez 62 cm-ko zirkunferentzia du eta gehienez 64 cm-koa. 400 eta 440 gramo arteko pisua. Partidaren hasieran 0,4-0,6 atmosferaren pareko presioa izan behar du arauz.

FIBA federazioaren saskibaloi ofizial bat.

Saskibaloia, kirol honi izena ematen dion baloia esferikoa da. Normalean, baloiak larruz, kautxuz edo material sintetikoz egiten dira. Izerditutako eskuetatik irrist egin ez dezaten, gainazaletik irteten diren puntuak izaten dituzte. Baloi tradizionalak laranja kolorekoak dira, lerro beltzekin, baina beste kolore batzuetakoak izan daitezke, jokalariek zein ikusleek pilota hobeto ikus dezaten[13].

Hiru izaerako baloiak erabiltzen dira, kategorien arabera hiru tamaina eta pisu desberdinetakoak: 7 A zenbakia (74-76 cm; 610-567 g), gizonezkoen saskibaloirako erabilia; 6 A zenbakia (73-72 cm; 567-510 g), emakumezkoen saskibaloirako; eta 5 A zenbakia (70-69 cm; 510-470 g), junior mailetarako. Gainera, baloiak 1,80 metroko altueratik askatutako presioa izan behar du, 1,20 eta 1,40 metroko botea[13].

Sakontzeko, irakurri: «Baloi (eskubaloia)»

Larruzkoak edo latexezkoak edo antzeko material batekoak izan daitezke eskubaloiko baloiak. Larruzko baloiek 32 atal dituzte gutxienez. Erretxina erabiltzen dute jokalariek eskuetan lehiaketa batzuetan baloiari eusteko gaitasuna errazteko, eta horrek eskubaloien neurrietan eragina du.

2019ko Nazioarteko IHF Eskubaloi Federazioaren araudian[14], erretxinarekin jokatzekotan hauek dira neurriak: gizonezkoentzako baloiek 58 eta 60 cm arteko zirkunferentzia eta 425 eta 475 gramo arteko pisua dute. Emakumezkoentzako, 54 eta 56 cm arteko zirkunferentzia, 325 eta 375 gramo artekoa pisua.

Erretxinarik gabe jokatzekotan, 55,5 eta 57,5 cm arteko zirkunferentzia eta 400 eta 425 gramo arteko pisua gizonezkoentzat. 51,5 eta 53,5 cm arteko zirkunferentzia, 300 eta 325 gramo arteko pisua emakumezkoentzat.

Errugbiko eta futbol amerikarreko baloiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Errugbiko baloien iragarki zahar bat.

Errugbiko baloiak esferikotasunetik aldentzen direlako dira ezagunak, meloi zorrotz samar baten forma obalatua dutelako. Errugbiko arauen arabera neurri hauek dauzkate.

  • Luzera: 280 mm-tik 300mm-ra bitartean
  • Zirkunferentzia: 580 mm-tik 620 mm-ra bitartean
  • Pisua: 400 g-tik 440 g-ra bitartean
  • Elipsea: 740 mm-tik 770 mm-ra bitartean

Salbuespen bakarra haurren baloiei dagokie, txikiagoak direlako.

Futbol amerikarrean errugbikoaren antzekoa erabiltzen dite, baina berez baloia desberdina da, konikoagoa eta zorrotzafoa da bere muturretan. 30 cm luze eta 18 cm zabal izan ohi da. Arinagoa ere bada, eta josketa desberdina du, frikzioa gutxitzeko eta pase luzeak errazteko.

Boleiboleko baloia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boleiboleko baloietan kanpoko azala larruz edo material sintetikoz egina dago, pixka bat biguna eta josturarik gabea. Barruan gomazko edo antzeko ganbera bat du, airez betea. Saskibaloiko edo futboleko baloiak baino askoz txikiagoa eta arinagoa da. 1998 arte, baloia kolore argi bakarrekoa zen. Urte horretatik aurrera, koloreen konbinazioa ere egin daiteke. [15]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «EH - Bilaketa - Baloi» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-14).
  2. Ander Letamendia Loinaz (2009): «Eusko pilota jokoaren jatorria», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. a b Kondaira. .
  4. a b c (Ingelesez) «A Potted History of Ball Games» BK .. This and That 2021-12-02 (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  5. (Ingelesez) Coonan, Clifford. (2006-04-27). «China says it is the true home of golf» The Irish Times (Noiz kontsultatua: 2024-10-14).
  6. «#variables.PageTitle# | The Colonial Williamsburg Official History & Citizenship Site» research.colonialwilliamsburg.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-18).
  7. «Historioa | euskalpilota.eus» www.euskalpilota.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  8. Oteiza Jauregi, Iraia. (2023-05-31). «Esku pilotaren muina» Enpresa Bidea (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
  9. «¿Diferencias Entre Las Pelotas De Tenis Y Las De Pádel?» www.m1tennis.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  10. Porterfield (2007), p. 23; Official Rules/1.00—Objectives of the Game (Rule 1.09). .
  11. Bilboko Euskal Museoa, Museotik. (2024-01-04). «Bola-jokorako bola» museotik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-14).
  12. San Martín, Javier. (2014-12-18). «Futbol-baloiaren zientzia» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2024-10-18).
  13. a b (Gaztelaniaz) Fbrm. (2013-10-21). El balón de baloncesto - Baloncesto. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  14. Fédération internationale - Règlement du ballon. Fédération internationale de handball Txantiloi:1er juillet 2019..
  15. Swaim, Norman M.. Factors influencing college basketball players to attend selected NCAA Division I colleges, NCAA Division II colleges or NAIA colleges or NCAA Division III colleges. Iowa State University (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kirola Artikulu hau Kirolari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.