[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Noblezia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hiru ordenen piramidea.

Noblezia gehienetan jaraunspen bidez lortzen den maila pribilegioduna da. Antzinako Erregimenean eta feudalismoan, nobleek feudo bat (lurra edo errenta bat) zeukaten, erregeari, edo beste noble bati laguntza (militarra batik bat) ematearen truke. Nobleziako kideei aitoren alaba (emakumezkoa izanez gero), aitoren seme (gizonezkoa izanez gero) edo noble deritze.

Estamentuen gizartean, estamentu nagusia zen, eta pribilegioduna, gainerako gizarte multzoentzat eredua ezartzen zuena. Jatorrian, gerlarien eta lur jabe pribilegiodunen taldea izan zen, besteen defendatzailea. Aro Modernoan, halere, nobleziaren alderdi militarra apaldu egin zen.

Euren lurra laboratzen zutenak menpeko zeuzkaten. Morroi haientzat, hurbileneko administrazioa, justizia eta ogasun arloetan batik bat, ez zen erregearena, nobleena baizik. Eginkizun publiko horien truke, nobleek zergak kobratzen zizkieten. Horretaz gain, lurgabeek haien soroak lantzeagatik jasotzen zuten errenta. Europako ekialdean, nobleak baino ezin ziren lurraren jabea izan.

Dena den, desberdintasun handiak zeuden nobleen artean, paperaren gainean guztiak kalitate berekoak baziren ere. Goi nobleziakoek duke, markes, konde edo baroi titulua zeramaten eta behe nobleziaren barruan, kategoria franko zeuden: zalduna, ezkutaria, infantzoia...

Antza, leinuaren barruko jaraunspenaren bidez baizik ez zen lortzerik noblezia. Errealitatean, etengabe sartzen ziren odol berriko kideak eta familiak, laborari edo hiritar aberatsengandik ateratakoak. Erregeak, jakina, noblezia titulua eman zezakeen, baina ohikoagoa zen ohitura zela-eta noble bilakatzea, nobleen bizimodua edukiz maila hori edukitzen zela onartzen baitzuen jendarteak.

Mota frankotako pribilegioak zeuzkaten. Batzuk ohoreak baino ez ziren: zeremonietako hurrenkeran lehenengo postuetan agertzean (oso preziatua zen lehentasun bat), esaterako. Kargu publikoetan aritzeko ere, nobleek lehentasuna zeukaten. Ez zuten petxa (laborariek ordaindu beharreko zerga) ordaintzen. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, beste zerga batzuk ordaintzen zituzten. Justizian beste modu batean epaitzen eta zigortzen zituzten, erdeinurik ekartzen ez zien moduan, hain zuzen ere (exekutatzekotan, lepoa moztuz, ez urkatuz, adibidez).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]