[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Megatsunami

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tsunami erraldoia kostara iristen

Megatsunamia tsunami handi-handiak izendatzeko hedabide batzuek erabiltzen duten terminoa da. Termino hau sasi-zientifikoa da, baina normalean 40-100 metro garaiko olatuak izendatzeko erabiltzen da.

Leku txiki bateko efektua sortzen dute, urrutira iristen ez direlarik. Olatu handienak luizi erraldoiek sortzen dute uretan erortzean, uharte batek behea jotzen duenean adibidez. 20 km inguru barreiatu omen daitezke lur lauan barna.

Megatsunami ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Megatsunamia geologo batzuek antzeman zuten lehengoz Alaskan petrolio bila zebiltzala 1958an. Ezohiko olatu handien arrastoa igarri zuten Lituya Bay izeneko Alaskako itsasadar batean. Hau 220 m sakon den izotzez inguraturiko itsas adarra da, 10 m zabaleko sarrera estuarekin. Itsasadarraren topologia bereziki aproposa da lekuko megatsunamiak sortzeko. Gertuko 7,5 magnitudeko lurrikara batek luizi handi bat eragin zuen badia estuan eta olatu erraldoi bat sortu zuen ohiko itsas mailatik 200 mra zeuden zuhaitzak erauziz. Aurreko argazki zaharrekin alderatuta, ehunka metro izotz kendu zituen ondoko izozgune edo glaziar batetik, 520m garaiko olatu batek kendu ere. Halere, garaiera hau ez da olatuak izan zuena itsas maila gainetik, baizik-eta inguruko mendietara iritsi zen garaiera inpaktua zela eta.

1963an gizakiak eragindako megatsunami bat gertatu zen, lur barneko mendi oso bat desorekatu ostean. Venezia (Italia) iparraldean dagoen Toc mendiaren geruza erraldoi bat irristatu egin zen, urtegi baten ur betetze prozesuan, 100km/h abiaduran, urtegiaren %50a betez 10 minututan. Honek 250mko olatutzarrak sortu zituen, hainbat herri suntsitu zituztenak, 2000 biztanle inguru hilaz. Urtegia bere horretan mantendu zen lurra jo gabe, baina ez-erabilgarri geratu zen, luiziak ia guztiz bete baitzuen eta urtegiaren beraren habe eta makinak hondatu zirelako.

Ikerketa geologikoek diote egiazko megatsunamiak oso ezohikoak direla. Datuak daude orain dela 4000 urte inguru izugarrizko megatsunami batek Madagaskar ekialdeko Réunion uharteko kosta osoa berritxuratu zuela eta orain dela 7000 urte Storegga luiziak megatsunami bat sortu zuela Norvegiako itsasoan.

Megatsunami mehatxuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estatu Batuetako Washington eta Oregon estatuetako mendebaldeko kostaldeko megatsunamiaren animazioa

Sumendi uharteek (hala nola Réunion edo Hawaii uharteak) megatsunamiak sor ditzakete kate bereko uharteak joz, egitura aldetik ez baitira urteetan pilatutako harkaitz solteak, erupzio jarraituek jaurtiak.

Zientzialari batzuek diote megatsunami bat sortzeko aukera gehien dituen hautagaia Kanarietako La Palma uhartea dela. 1949ko erupzioan Cumbre Vieja mendi erdia metro batzuk labaindu zen maldan behera Ozeano Atlantikorantz.[1] Mendi barneko magma eta honek sortutako gas isurketak izugarrizko presiopean omen daude. Erupzio bat aurre-ikusia dago, hemendik hiruzpalau mila urtera gertatuko dena, mendebaldeko uharte erdia (500 mila tona) itsasoko uretan murgilduko duena.[2] Honek megatsunamia sor lezake, 10-25 mko olatua Karibe eta Ipar-Hego Amerikako kostetara ere iritsiz, teorian behintzat.[3]

Megatsunamiak film amerikarren gai kuttunenetakoak dira, hauen ikus-inpaktua eta katastrofe zaletasuna dela-eta. Gehienetan meteorito talka edo inpaktuak sortuak izaten dira, luiziek sortuak baino. Film hauen adibide dira Deep Impact eta The Day After Tomorrow.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bonelli-Rubio, J. M. (1950). Contribucion al estudio de la erupcion del Nambroque o San Juan. Madril: Inst. Geografico y Catastral, 25 or..
  2. (Ingelesez) Ward, S. N; & Day, S. J. (2001). «Cumbre Vieja Volcano; potential collapse and tsunami at La Palma, Canary Islands» Geophys. Res. Lett. (28-17): 3397–3400..
  3. Ward, S. N. & Day, S. J. (2005). Tsunami Thoughts. Recorder. Canadian Soc. Explor. Geophysics, 38–44 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]