[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Koi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koi
Sailkapen zientifikoa

Koi karpa Cyprinus rubrofuscus karparen barietate bat da, arrain apaingarritzat erabilia eta lehen aldiz Txinan, Korean, Japonian eta Vietnamen lortu zena. Ur gezako arrain hau hibridazioz lortu zen, berariaz aukeratutako banakoen artean, eta jatorrian arroz-soroetan erabiltzen ziren ur-biltegietan bizi zirenak. Belarjalea batez ere, karpa hau ez da harrapari bat, tamaina handikoa izan arren. Arrain hauek kolore ugari dituzte: gorria, zuria, horia, beltza, etab. Barietate koloretsu batzuk oso estimatuak dira bildumagileentzat eta oso garestiak izan daitezke bi urte baino ez izan arren. Hego-ekialdeko Asian, koiak maitasunaren eta gizontasunaren sinbolotzat hartzen dira.

Japonierazko koi (鯉, koi) hitzaren esanahia “karpa” da soilik. Karpa apaingarriei, japoniar lorategietako urmaeletan erabilitakoei, nishiki-goi (錦鯉, berez “brokatu-karpa”) esaten zaie, txinerazko jinli (锦鲤, jǐn lǐ) terminotik eratorria.

Hainbat koi barietate.
Alboko ikuspegia.

Koi karpen jatorrizko garapena Txinan gertatu zela esan ohi da, mutazio genetiko espontaneoak zituzten karpa espezieetatik abiatuta, zeinak arroz-soroetako ur-biltegietan bizi ziren. Karpa horiek elkarren artean gurutzatu eta ongi definitutako kolore-lerroak finkatzeko aukeratu ziren [1][2].

Beste hipotesi bat da askotariko jatorria izan zutela, Japoniako basakarpen leinuan oinarrituta [3]. Jakina da gaur egungo koien barietateek jatorri kontinentaleko 3 edo 4 azpikladoko leinua dutela beren ondare genetikoan, baita barietate askok Europako karparen ekarpenak jaso zituztela ere, Alemaniatik Japoniara inportatu baitzen 1904an ispilu-karpa metal ukitua garatzeko [4]. Beste hipotesi bat da koien garapen osoa Japonian gertatu izana, baina Asia erdialdeko karparen ale kontinental mutanteetatik abiatuta [5].

Inork ez du ukatzen Japonian lortu zutela koi karpek hobekuntza eta dibertsifikazio handiena [6][7], batez ere bi mende ingurutan (XIX eta XX. mendetan), eta horregatik dira ezagunak mundu guztian japonierazko izenarekin [8].

Japonian bertan ospe handia lortu zuten 1914ko Tokioko urteroko erakusketan erakutsi ondoren, eta horren ondorioz Hirohito enperadoreak Jauregi Inperialeko urmaelean koiak sartzea erabaki zuen. 1950eko hamarkadan, ekoizpen intentsiboak eta barietate berrien aukeraketak indar handia hartu zuten eta, gero, Japoniatik mundu osoan zehar barreiatu ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Davies, M. (1989). The history of nishikigoi. In The Tetra Encyclopedia of Koi (Tetra Press Staff, eds), pp. 10—13. Morris Plains, NJ: Tetra Press.
  2. Tamadachi, M. (1990). The Cult of the Koi. Neptune City, NJ: T.F.H. Publications.
  3. (Ingelesez) Mabuchi, K., Senou, H., Suzuki, T., & Nishida, M. (2005). Discovery of an ancient lineage of Cyprinus carpio from Lake Biwa, central Japan, based on mtDNA sequence data, with reference to possible multiple origins of koi. Journal of Fish Biology, 66(6), 1516-1528.
  4. (Ingelesez) Balon, E. K. (1995). Origin and domestication of the wild carp, Cyprinus carpio: from Roman gourmets to swimming flowers. Aquaculture 129, 3-48.
  5. (Ingelesez) Hulata, G. (1995). A review of genetic improvement of the common carp (Cyprinus carpio L.) and other cyprinids by crossbreeding, hybridization and selection. Aquaculture 129, 143-155.
  6. Bercovich, D., Korem, S., Shauder, L. and Degani, G. (2012). Genetic diversity of color phenotypes in the Koi (Cyprinus carpio L.) as identified by molecular markers. Journal of Biophysical Chemistry, 3(3), 249-255.
  7. David, L., Rothbard, S., Rubinstein, I., Katzman, H., Hulata, G., Hillel, J. and Lavi, U. (2004). Aspects of red and black color inheritance in the Japanese ornamental (Koi) carp (Cyprinus carpio L.). Aquaculture 233, 129-147.
  8. McDowall, A. (1989). The Interpet Encyclopedia of Koi. Salamander Books Ltd. London & New York, 208 pp.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]