[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Kabinda

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kabinda


Kabinda[1] / Cabinda[2]

Ez da estatua
Kabindako bandera
Bandera
Kabinda
Hiriburua Tsiowa (Tchiowa, Kabinda Hiria)
Hiri nagusiak Belize, Kakongo,
Mbuku-Nzau (Buko-Zau)
Administrazioa Angolako probintzia,
gobernu independente ez onartua
Eremua 7270 km²
Biztanleria 716076 (2014)
Dentsitatea 98,50 biztanle/km²
Administrazioa Angolako probintzia,
gobernu independente ez onartua
Dirua Kwanza[3],
ibinda[4]
Herritarra kabindar (cabindês portugesez)
Hizkuntza(k) Ibinda[5]
Ofiziala(k) Portugesa[6],
kongoera[7]

Kabinda[8] Erdialdeko Afrikako eremu bat da. 7.270 bat km2 eta 716.076 bat biztanle ditu[9].

Ofizialki Angolako probintzia, estatu honetako beste eremuetatik banatuta dago; aldiz, zenbait taldek "Kabindako Errepublika" (ibindaz Kilansi kia Kabinda) independentearen lurraldetzat jotzen dute eta nazioarteko komunitateak onartu ez duen gobernua eratu dute.

Mendebaldean Ozeano Atlantikoa duela, estatu-mugei dagokienez geografikoki barrendegi bat da: Angolakoa izanik Kongoko Errepublika (iparraldean) eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren (ekialde eta hegoaldean) lurrekin dago kontaktuan.

Lurraldeko mendirik altuenak (Mayombe edo Muabi) ipar-ekialdean daude eta 700 metroak gainditzen dituzte.

Estatu-mugen gainetik, Kabindan bizi direnak kongo herriaren kideak dira; herri bantu hau Kongoko Errepublikan, Kongoko Errepublika Demokratikoan zein Angolako iparraldean ere bizi dira, izen bereko ibaiaren bokalearen inguruan.

Lau udalerri daude barrendegian:

Nekazaritza-ekoizpenak (kafea, kokoa...) ematen badira ere, Kabindaren ekonomiaren protagonista nagusia petrolioa da.

Angolako petrolio ekoizpenaren % 70a[10] bertatik ateratzen da eta horrek adierazten du zein neurritaraino den garrantzitsua estatuarentzat lurralde honen kontrola bermatzea. CABGOC (Cabinda Gulf Oil Company, Chevron amerikarraren adar bat, % 39), SONANGOL (enpresa publikoa, % 41), Total frantsesa (% 10) eta Eni italiarra (% 9.8) dira enpresarik inportanteenak.

Gasa, potasioa, fosfatoak, manganesoa, burdina, urrea eta diamanteak ere ustiatzen dira.

Kolonialismoa baino lehen hiru erresuma zeuden oraingo Kabindaren lurretan: Kakongo, Luango eta Ngoyo. Portugaldarren presentzia XV. mendean hasi zen.

Egun zabalik dirauen gatazkaren oinarriak 1885ean daude. Urte horretan alde batetik Simulambucoko Ituna sinatu zuten Portugalek eta lurralde honetako agintariek eta protektoratu bati hasiera eman zitzaion; bestetik Berlingo konferentzian[11] Europako potentziek Afrikako lurralde zabalak banatu zituzten eta hiru "Kongo" agertu ziren: frantsesa (egun Kongoko Errepublika), belgikarra (lehen Zaire izena zuena eta orain Kongoko Errepublika Demokratikoa dena) eta portugesa. Azken hau, Kabinda alegia, independentistentzat hasieratik Angolarekiko entitate desberdina izan zen. Aldiz, Angolaren batasunaren aldekoek argudiatzen dute lurralde-bereizketa hau eman zela Portugalek onartu zuenean "Kongo belgikarrari" itsasorako irteera eskaini behar zitzaiola.

Hala ere, Portugal kolonialak administrazioa errazteko 1956an "Angola" eta "Kabinda" batu zituen. Kontrako zentzuan 1963an Frente de Libertação do Enclave de Cabinda (euskaraz: «Kabindako barrendegiaren Askapen Frontea», FLEC) sortu zen eta 1964an Afrikar Batasunaren aurrekaria izan zen Afrikar Batasunerako Erakundeak Kabinda deskolonizatu beharreko 39. lurralde gisa aipatzen zuen, Angolatik aparte.

1975ean Portugalek Afrikako bere koloniei independentzia eman zien baina kasu honetan Angolaren barruan geratu zen, aparteko estatusik lortu gabe. Berehala angolar gobernuaren kontrako errebolta zabaldu zen. Harrezkero gatazka armatu bat garatu da urte luzeetan. FLEC taldea hiru adarretan apurtu zen.

2006an FLEC-Renovada taldeak eta Angolako gobernuak su-etena sinatu zuten. Hala ere, talde independentista nagusiek ez zuten onartu eta adibidez FLEC-FACek borroka armatuarekin segitu zuen.

Gaur egun kabindar independentistek ordezkaritza dute Ordezkapenik Gabeko Nazio eta Herrien Erakundea (UNPO) delakoan. Prentsan gutxitan nabarmen bihurtutako gatazka, 2010eko urtarrilean azaleratu egin zen Angolan (Kabinda barne) ospatzekoa zena Afrikako Nazioen Kopako urte honetako edizioan Togoko taldeak eraso bat pairatu zuenean[12]. Estatuko gobernuarekin sinatutako akordioen kontra dagoen FLEC-PM (Posição Militar) taldeak aldarrikatu zuen erasoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Kongoeraren bertako ibinda dialektoan.
  2. Portugesez.
  3. Angolako moneta ofiziala.
  4. Independentistek erabilitako moneta.
  5. Kongoeraren aldaera bat.
  6. Estatu osoan.
  7. Angolan eskualde-hizkuntza gisa onartuetako bat.
  8. Euskaltzaindia. (2012-03-30). 167. araua: Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia. .
  9. Agencia Angola Press (2014)
  10. Angola Afrikako petrolio-ekoizle nagusienetakoa da.
  11. alemanez: Kongokonferenz deitu zitzaion bilkura honi.
  12. Eraso honetako testuingurua. Togo txapelketatik erretiratu zen.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]