Jawaharlal Nehru
Jawaharlal Nehru (hindiz: जवाहरलाल नेहरू, /dʒəʋaːɦərˈlaːl ˈneːɦruː/ ahoskatua; Allahabad, India, 1889ko azaroaren 14a - New Delhi, 1964ko maiatzaren 27a[1]) Indiako politikaria izan zen, 1947 eta 1964 artean bertako lehendabiziko lehen ministro bilakatu zena.
Indiako mugimendu independentistaren buruzagi nagusietako bat izanik, Indiako Kongresu Nazionalak 1947an bertako lehendabiziko Lehen Ministro izendatu zuen, 1952ko hauteskundeetan irabazi zuenean herriak berretsi zuena. Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren sortzailetako bat izanik, Gerra Hotzan nazioarteko politikarik inportanteenetariko bat ere izan zen. Batzuetan Pandit Nehru ere deitua izan zen (pandit sanskritoz eta hindiz "maisua" deitzeko ohorezko izena da).
Nehru buruzagi karismadun eta erradikala izan zen, Britainiar Inperioarekiko swaraj edo independentzia osoa aldarrikatzen zuena. Indiak bere independentzia lortzeko prozesu luzean, Gandhiren oinordeko politiko bilakatu zen. Politikoki, Nehruk sozialismo fabiano eta garapen ekonomikoa lortzeko sektore publikoa bultzatzearen alde egin zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasta nagusiko familia batean sortu zen. Aita Motilal Nehru abokatu eta politikari indiar aberatsa zuen. 1905ean Britainia Handira joan eta abokatu karrera egin zuen (1912). Indiara itzulirik, Ghandiren jarraitzaile eta laguntzaile izan zen eta haren ondoan Indiaren burujabetasunaren aldeko borrokan esku hartu zuen; arrazoi horregatik maiz atxilotu zuten britainiarrek. Gazte-gaztetik Indiako Kongresu Nazionalaren ezkerraldeko aldearen buruzagi bilakatu zen, 1929an, Mahatma Gandhiren laguntzari esker.
Inperioaren azken erregeorde Lord Mountbattenekin Indiaren burujabetasuna negoziatu zuen. Independentzia lorturik (1947), Lehen Ministro izendatu zuten eta hil arte kargu hori izan zuen (1962). Nehruren kanpo arazoetarako politikaren ezaugarriak neutraltasuna eta antikolonialismoa izan ziren; gerra hotzean esku hartu ez zuen lehen estatu gizona izan zen, eta Koreako eta Indotxinako gatazketan neutral azaldu zen. Bere garaiko Hirugarren Munduko buruzagi ospetsuenetarikoa izan zen, eta gatazka anitzetan bitartekari eginkizuna bete zuen. Ildo horretatik, Colomboko hitzarmenaren (1950) eta Bandungeko batzarrean (1955) bultzatzaile nagusia izan zen. Barne Arazoetan, berriz, sozialismo demokratikoaren aldeko agertu zen; ekoizpena emendatzeko eta jaiotza tasa urritzeko politikak oposizio erlijiosoa eta analfabetismoa izan zituen oztopo nagusiak. Independentzia lortu zuenetik, eta Nehru gobernu buru zela gerra bi aldiz (1948,1957) piztu zen Pakistanen eta Indiaren artean, Kaxmiren jabetza zela eta. 1959an, Dalai Lama Indian hartu zuen Nehruk, eta aitzakia horren ondorioz, Txinaren aurkako muga gerra hasi zen; 1962an, Txinako tropak indiarrei nagusitu zitzaizkien. 1961ean, Goaz —portugaldarren mende zegoen— indarrez jabetutakoan, Indiako lurretan geratzen zen azken kolonia desagerrarazi zuen.
Bizitzaren azken aldian, Pakistanen eta Txinaren kontrako gatazkak zirela eta, Estatu Batuen laguntza militarra onartu behar izan zuenean haren ospea txikitu zen Hirugarren Munduan. Nehru hil eta hiru urte geroago haren alaba Indira Gandhi Lehen Ministro hautatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Marlay, Ross; Neher, Clark D.. (1999). Patriots and Tyrants: Ten Asian Leaders. Rowman & Littlefield, 368 or..
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jawaharlal Nehru |