[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Izar anizkoitz

Wikipedia, Entziklopedia askea

Izar anizkoitz, Lurretik ikusita, elkarrengandik gertu diruditen hiru izar edo gehiagok osatutako taldeari deritzo. Fenomeno hau itxurazkoa soilik izan daiteke, non izar anizkoitza optikoa izango litzatekeen edo, izar horiek benetan elkarrengandik gertu badaude, fenomeno fisiko bat ere izan daiteke. Izar anizkoitz fisiko bat izar sistema anizkoitz baten mota bat da. Izar anizkoitzak hirukoitz izena har dezakete hiru izarrez osatuta badaude, laukoitz lauz osatuta badaude, eta hala hortik aurrera. Izar fisiko hirukoitzei izar hirutar edo izar sistema hirukoitz izenak ere ematen zaizkie.

Izar sistema hirukoitzetan izar bakoitzak sistemaren masa zentrua orbitatzen du. Sarritan, izarretako bik izar bitar bat osatzen dute, eta hirugarrena urrutiago egoten da. Konfigurazio hau hierarkikoa da. Hiru izar baino gehiagoko izar sistemak ere hierarkikoak izan ohi dira.

Fenomeno hau, izar bitarrekin batera, ohiko gertakariak dira unibertsoan. Behaketek iradokitzen dutenararen arabera, izar sistemak gure eguzkia bezalako izar sinpleak sistema anizkoitzak bezain sarritan izaten dira. Sistema anizkoitz bateko izarrek euren artean orbitatzen dute, euren masa zentruaren inguruan mugitzeaz gain, elkarren arteko grabitate elkarreraginaren ondoriozː efektu hau euren posizio erlatiboetan eta abiadura erradialetan gertatutako aldaketen behaketa batean nabari daiteke.

Castor da izar sistema anizkoitzen adibide ezagun bat, eta Sirius ere izan liteke, azkenean hirugarren izar baten existentzia baieztatuko balitz, orain arte Sirius izar bitar gisa ezagutu den arren.

  • HR 3617 HR 3617A, HR 3617B eta HR 3617C izeneko hiru izarrek osatzen duten izar anizkoitza da. Ak eta Bk izar bitar bat osatzen dute, C izar bikoitz optiko bat den bitartean.
  • Alfa Centauri bi nano horik (Alfa Centauri A eta Alfa Centauri B) eta nano gorri periferiko batek, Proxima Centauri izenekoak, osatutako izar hirukoitza da. Ak eta Bk izar bitar fisiko bat osatzen dute, orbita oso eszentriko batekinː izan ere, batetik bestera 11 eta 36 unitate astronomiko bitarteko distantzia sortzen da. Proxima askoz urrunago dago A eta Btik (15.000 unitate astronomiko ingurura). Distantzia hau izararteko beste distantzia batzuekin alderatuz txikia den arren, eztabaidagarria da Proxima A eta Brekin grabitate bidez lotua ote dagoen.
  • HD 188753 izar sistema fisiko hirukoitz bat da, Lurretik gutxi gorabehera 149 argi urtera dagoena, Cygnus konstelazioan. Sistema HD 188753A nano horiak, HD 188753B nano laranjak eta HD 188753C nano gorriak osatzen dute. Bk eta Ck elkarren artean 156 egunetik behin orbitatzen dute eta, talde gisa, Aren inguruan 25,7 urtez behin.
  • Polaris, ipar izarra, izar sistema hirukoitz bat da, zeinetan izarrik hurbilena izar nagusitik oso gertu dagoen. Hasieran Polari Aren gainean eragiten zituen grabitate perturbazioengatik aurkitu zen, eta ondoren Hubble espazio teleskopioak 2006an argazkia atera zion.
  • BD-22 5866 bi izar bitarrek osatutako izar laukoitz bat da. Sistema hau osatzen duten izar guztiak nano laranjak dira, eta elkarrengandik oso gertu daude. Lehen bikoteko izarren arteko distantzia soilik 0,05 unitate astronomikokoa da; bigarren bikotekoak, ordea, elkarrengandik 0,26 unitate astronomikora daude.

Sistemaren masa zentrua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(a.)

(b.)

(c.)

(d.)

(e.)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]