Ikterizia
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Ikterizia | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | zantzu klinikoa, abnormal skin coloration (en) skin and integumentary tissue symptom (en) |
Espezialitatea | Barne medikuntza, infektologia, hematologia digestio aparatuaren medikuntza |
Identifikatzaileak | |
GNS-9-MK | 782.4 |
GNS-10 | R17 |
GNS-9 | 782.4 |
DiseasesDB | 7038 |
MedlinePlus | 003243 eta 000210 |
eMedicine | 003243 eta 000210 |
MeSH | D007565 |
Ikterizia, min horia edo larumina bilirrubina maila igotzerakoan gorputzeko larruazalak, mukosek eta esklerotikak hartzen duten kolore laru edo horixka da. Nabaria da bilirrubinaren kontzentrazioa 2,5 mg/dl-ko baino handiago denean.
Ikterizian larruazal eta mukosen kore horixkaz gain, beste sintoma batzuk ere badaude. Sintoma hauek desberdinak izango dira odolean bilirrubina konjokatu edo ez-konjokatuaren maila igo den kontuan hartuz.
Bilirrubina ez-konjokatuaren maila igotzean, hau liposugarria denez eta beraz, giltzurrunak iraizi ezin duenez, ez da koluria agertuko, hau da, gernuaren kolorazio iluna. Odolean bilirrubina konjokatuaren maila igo bada, giltzurrunetik iraiziko da hau hidrosolugarria delako eta koluria agertuko da. Bilirrubinaren bi frakzioen maila igotzean, hiperbilirrubinemia mixtoa bezala ezagutzen da.
Bilirrubina ez-konjokatua ikterizia hemolitiko edo prehepatikoarekin erlazionatuta dago eta bertan ez dago ez koluria eta ezta akoliarik ere. Bilirrubina konjokatua aldiz, ikterizia hepatiko eta posthepatiko edo buxatzailearekin erlazionatzen da.
Ikterizia motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikteriziaren jatorrian hiru faktore egon daitezke:
- Ikterizia hemolitiko edo prehepatikoa. Bilirrubinaren gehiegizko ekoizpena (eritrozitoen suntsipen handia dagoenean, anemia hemolitikoan, esaterako). Bilirrubina ez-konjokatua kantitate handitan heltzen da gibelera eta hau ez da konjokatu eta iraizteko gai izango. Ondorioz, bilirrubina ez-konjokatuaren mailak gora egingo du odolean.
- Ikterizia hepatikoa. Bilirrubina konjokatuaren pilaketa, gibeleko gaitzak direla eta (hepatitisa edo zirrosia, adibidez; gibelak bilirrubinaren eraldaketan parte hartzen du, eta kaltetuta dagoenean ez du bere funtzioa betetzen).
- Ikterizia posthepatiko edo buxatzailea. Kasu ohikoena da. Bilirrubina konjokatuaren iraizketaren akatsak: behazun-bideetan eragozpen mekanikoak daudenean (inguru horretan tumoreak edo harriak agertzen direnean). Bilirrubina ez da gibeleko behazunekin iraizten, eta odolera pasatzen da.
Ikterizia, berez, ez da patologia bat, gaitz baten sintoma edo adierazle bat baizik.