[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Igeldo Mendiko Jolas-Parkea

Koordenatuak: 43°19′N 2°01′W / 43.32°N 2.01°W / 43.32; -2.01
Wikipedia, Entziklopedia askea
Igeldoko jolas-parkea» orritik birbideratua)
Igeldo Mendiko Jolas-Parkea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′N 2°01′W / 43.32°N 2.01°W / 43.32; -2.01
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1912ko abuztuaren 25a
Inaugurazioa1912ko abuztuaren 25a
Arkitektura
Webgune ofiziala

Igeldo Mendiko Jolas-Parkea Donostiako Antigua auzoan kokatua dagoen aisialdi gune eta jolas-parkea da, Igeldo mendiaren tontorrean. 1912ko abuztuaren 25an ireki zen jolas-parkea eta gaur egun ere zabalik daude bertako instalazioak. Donostiako badiaren ikusmira goza daiteke bertatik. Jolas-parkera autoz, edota bertako funikularra erabilita igo daiteke.

Donostian hiru jolas-parke izan dira historian zehar, guztiak XX. mende hasieran sortuak: Uliako, Martuteneko eta Igeldoko jolas-parkeak. Egun, Igeldokoak baino ez dirau martxan.

1887. urtetik aurrerako udak Donostian igaro zituen Maria Kristina erregeordeak. Gorteko turistak bertara joaten hasi ziren eta hiriak sona handia hartu zuen. Bilakaera turistiko handia jasan zuen Donostiak eta bainuetxe-hiri bihurtzen hasi zen. Aisialdirako jarduerak eta eskaintzak handitu eta hiriak garapen handia jasan zuen. XX. mendearen hasieran Errege Bainuetxea eta Londres Hotela eraiki ziren besteak beste.

Igeldo Mendiko Jolas-Parkearen barnealdea.

Evaristo San Martín abokatuak, Igeldo mendian jolas-parke bat eraikitzeko ideia izan zuen. Hala, 1911n Monte Igueldo Sozietatea sortu eta lursailak erosi zituen San Martínek. Jolas-parkeak kasinoa, jatetxea eta ikuskizun orotarako antzerkia zituen hasiera batean. Luis Elizalde arkitektoak, bere partetik, kasino, jatetxea eta funikularraren geltokia landu zituen.

1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen funikularra Maria Kristina erregeordeak, eta une hartatik aurrera parkearen erakargarritasunetako bat izan zen. Beranduago eraiki zen jolas-parkera daraman errepidea, 1913an. Zenbait urte beranduago, 1925ean, jokoa debekatu egin zen eta kasinoko aretoa bihurtu ziren.

1926ko uztailean, 102 senegaldarrez osatutako giza zoologiko bat antolatu zen parke honetan, 18 haur barne.[1] Arrazismoan oinarritutako "erakusketa" honen antolatzaileetako bat Fournier izan zen, senegaldarrak Donostiara eraman baitzituen.[2]

1930. urterako Suitzar Mendia, Ibai Misteriotsua, Urmaeleko Txalupak eta Labirintua ziren jolas-parkeko atrakzio nabarmenenak. Geroztik atrakzio gehiago gehitu zaizkio parkeari. Espainiako Gerra Zibilaren ostean, zinema areto bi eraiki ziren jolas-parkean, baina 60ko hamarkadan bertan behera geratu ziren.

Egun, hondatu xamar dago parkea, baina horixe izan daiteke parkearen beste erakargarritasunetako bat, xarma moduko bat gordetzen baitu jolas-parkeak. Gainontzekoan, Donostiako badiaren ikuspegia da jolas-parkearen ezaugarrietako bat.

Bertara sartzeko ordaindu behar da, eta atrakzioak aparte ordaindu behar dira.

Sakontzeko, irakurri: «Igeldoko dorrea»

XVI. mendetik dakigu «la Farola» deituriko dorrea dagoela; nolanahi ere, egungo dorrearen irudia Luis Elizalderen proiektuaren arabera antzinako dorrean egindako esku-hartzearen ondoriozkoa da, beste solairu bat gehitu zitzaion leihate handiekin begiratoki gisa eta haren gainean terraza panoramiko bat.

Karrusela.
Suitzar Mendia eta Urmaeleko Txalupak.
Suitzar Mendia.
Trebetasuneko jokoetako bat.

XX. mende hasieran parkeko atrakzio gehienak eraiki ziren, Barrearen Pasabidea, karrusel bat, automobil elektrikoak, hegazkintxoak, zartailua, haurrentzako txotxongilo-antzoki bat, Ibai Misteriotsua eta Urmaeleko Txalupak eta Labirintua. Parkearen kokapena aldatu egin da atrakzio gehiago ekarri direlako, batzuetan berriak gehitu dira eta beste zenbaitetan zaharren ordez beste batzuk jarri dira, eta gaur egun daudenen artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ibai Misteriotsua. Honako elementu hauek ditu: noria eragile bat, hormigoizko ubide bat, zurezko ontzi txikiak eta jatorrizko hainbat diorama gorpuzdun (gizartearen aurrerabideari buruzkoak, eta abar); gehienak desagertu egin dira eta haien ordez atrakzio modernoak jarri dira.
  • Suitzar Mendia. Atrakzio horren berezitasuna da euste-egitura hormigoi armatuz soilik eraikita dagoela. Egitura horren gainean zurezko ibilgailuak igarotzen diren burdinazko linea dago, eta ibilgailu horietako batean igota dagoen pertsona batek gidatzen ditu ibilgailuak linea horretatik. Malda apalak dituen ibilbidea tuneletan eta bidezuloetan barrena igaroz amaitzen da.
  • Beldurraren Pasabidea
  • Dorrea
  • Labirintua
  • Urmaeleko Txalupak. Igerileku-urmael goratua da, eta hainbat txalupa ibiltzen diren haren gainean; txalupa horiek hasieran eztanda-motorrezkoak ziren, baina gaur egun motor elektrikoak dituzte.
  • Auto Txokeak
  • Kosmikar
  • Mailua
  • Boca della Veritá
  • Taga-J
  • Trebetasun Jokoak
  • Karrusela
  • Dortoka Lasterketa
  • Safari
  • Igeldoko Trenak
  • Barrearen Pasabidea
  • Txirrista
  • Ohe Elastikoak
  • Canopy
Igeldoko funikularra XX. mendearen hasieran.
Sakontzeko, irakurri: «Igeldoko funikularra»

Igeldoko funikularra Euskal Herriko zaharrena eta Espainiako hirugarren zaharrena da, Bartzelonako Tibidaboko eta Vallvidrerako funikularren atzetik (1901 eta 1906, hurrenez hurren), gaur egun biak aldatuta badaude ere.

Emilio Huici ingeniariaren diseinuari jarraikiz eraiki zen, eta Severiano Goñik zuzendu zuen obra, hura ere ingeniaria, jendeari Igeldo mendiaren goiko aldean zegoen jolas-parkera iristea errazteko, Donostia hiriko mendebaldean. 1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen Maria Kristina erregeordeak, eta sektoreko enpresa espezialista batek, Bernako Von Roll Fonderie suitzar enpresak, hornitu zuen guztira 312 metro luze dituen trenbidea.

  • Laurentino Gomez (2005). Jolas parkeen historia. Viena-Idazti

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia


  1. Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2024-02-01). «Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  2. «Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).