Gurbe
Gurbe | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Generoa | Sorbus |
Espeziea | Sorbus domestica |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | service tree fruit (en) |
Gurbea (Sorbus domestica) Sorbus generoko zuhaitz bat da, 20 m arteko altuera eta metro beteko diametroko zurtoina izatera iritsi daitekeena, nahiz eta baldintza gogorretako zenbait lekutan 2 - 3 metroko sastraka moduan ere aurki daitekeen. Eskualde mediterraneo inguruan bizi da, eta aspalditik landatu izan da apaingarritzat eta bere fruituengatik. Euskal Herrian erkamezti eta artadi mediterraneoetan agertzen da, eta, bere laborantza utzi den arren, herri-inguruetako ezponda eta heskaietan bertakotzen da.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]20 m arteko garaierako zuhaitza, 1 m arteko diametrokoa. Zurtoinaren azala marroia du, leuna ale gaztetan, eta, zahartzean pitzatu egiten da eta ezkatatsu bilakatu. Begiak dira lodiak, konikoak, ilegabeak, likatsuak eta ezkata berdexkaz estaliak.
Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hosto konposatuak, inparipinatuak, 6 - 9 foliolo-parerekin, luzangak eta ertzean zerratuak; berde biziak eta glabroak gainaldean, azpialdetik zurbilagoak eta gaztetan ilaundunak, eta, gerora ilegabeak.
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Loreen sepaloak triangeluar luzatuak dira, petaloak 5 eta zuriak, eta, 5 estilo dituzte.
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fruitua 2 - 3 cm-ko luzerako pomoa da, sagar edo udare-formakoa, berde-grisaxka edo arrexka, batzuetan kolore gorria hartzen du eguzkiak jotako aldean; lentizela nabarmenez hornitua, zapore gozokoa eta zelula petreo ugarikoa.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Natiboa da Europa erdialdean eta hegoaldean, Afrika ipar-mendebaldean (Atlas mendietan), eta, Asia hego-mendebaldean (Kaukasoren ekialdean). Eskualde mediterraneoaren inguruan bizi da eta Euskal Herrian han-hemenka azaltzen da erkamezti eta artadi mediterraneotan.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Altitude ertain edo handietan hazi daiteke, hobeto lurzoru kalkareotan eta neurrizko hezetasuna behar du. Luze bizi daiteke zuhaitz hau, Britainia Handiko ale batzuek 300 - 400 urte bete dituzte.
Fenologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apiriletik ekainera loratzen da, eta fruituak urria eta azaroa artean heltzen dira.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zur oso gogorra du, gorri-arrexka, lantzeko oso egokia eta tornugintzan edo lanabesak egiteko oso preziatua.
Fruituak, oso helduta daudenean, gozoak dira baina baita astringenteak ere, eta, gose garaietan giza elikadurarako erabili izan dira; sagardoaren antzeko edari bat ere egin izan da fruituekin, baina gaur egun ohitura horiek galduta daude.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).