Gerriko Santua
Gerriko Santua, italieraz Sacra Cintola edo Sacro Cingolo, Andre Mariaren Jasokundeari lotutako erlikia bat da, ustez Italiako Prato hiriko katedralean gordetzen dena.
Kondaira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlikiaren aipurik ez da ebanjelioetan, eta seguruenik jatorria du Erdi Aroko kondaira batean, Mediterraneo Ekialdean sortua izan daitekeena.
Elezaharrak dio Santo Tomas Apostoluak ez zuela ikusi Andre Mariaren Jasokundea, predikuan ari omen zen-eta Indian, eta itzuli zelarik eta kontatu ziotelarik, sinesgogor agertu omen zen, hala nola lehenago ere Jesusen berpizkundearekin. Orduan, Andre Maria agertu omen zitzaion zeruetatik jaitsia, eta bere jantzietatik gerrikoa askatu, eta hura Tomasi eskuetara erortzen utzi zion[1].
Kontaera alternatibo batzuen arabera, Tomas bera izan zen Jasokundearen lekuko bakarra, eta gerrikoa utzi zion Mariak zerura joan zeneko froga izan zezan. Beste bertsio batean, Jasokundearen unean Indian zen Tomas, baina Mariaren mirariz, magikoki etorri zen Olibondoen Mendira eta han berak jaso zuen askatutako gerrikoa. Tradizio batzuetan Tomasen Gerrikoa ere esaten zaio erlikiari.
Toscanako tradizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Motibo batean edo bestean, aldagaiekin, elezaharrak berebiziko indarra hartu zuen Erdi Aroko Toscanan, Florentzian eta inguruetan, eta errepresentazio asko daude artean. Florentziatik gertuen dagoen hirian, Praton, gerrikoa bera gordetzen 12. mendetik dela dio tradizioak. Pratoko merkatari batek Jerusalemen jaso omen zuen erlikia, eta hirira ekarri zuen 1141. urtean; Duomora donazioa 1171. urtean izan zen.
1312. urtean gertuko Pistoia hiriko Musciattino delako batek lapurtu egin zuen erlikia, baina harrapatu zutelarik Pratokoek, eskuak lotuta hiritik zaldi batetik arrastaka torturatu zuten, gero eskuak moztu, urkatu eta erre egin zuten[2].
Gerriko Santua Pratoko katedralean gordetzen da, eta urtean zenbait aldiz, hiriko apezpikuak herriari erakusten dio katedral honek hartarako propio eraikitako kanpoaldeko pulpitua erabiliz,Donatello eta Michelozzo artisten 15. mendeko maisulan ikusgarria eta eraikuntza bakana.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) McPortland, Joanne. Legend of St. Thomas and Mary's girdle--Aleteia. (Noiz kontsultatua: 2020-09-12).
- ↑ «The Holy Belt» www.cittadiprato.it (Noiz kontsultatua: 2020-09-12).