Gazprom (errusieraz: Газпро́м) Errusiakosozietate anonimo bat da, batez ere, gas naturala ateratzen, prozesatzen eta garraiatzen jarduten duena. Munduan gas gehien ateratzen eta esportatzen duen enpresa da. Horrez gainera, 2005etik munduko petrolio-merkatuaren aktore nagusietako bat da. Enpresaren izena errusierazkoГазовая промышленность (Gazovaya Promyshlennost, «Gas Industria») deituraren akronimoa da[1].
Gazprom 1989an sortu zen, Sobietar Batasuneko Gas Industriaren Ministerioa enpresa bilakatu zenean, aktibo guztiak atxikiz. Geroago enpresaren zati bat pribatizatu zen, baina, gaur egun ere, Errusiako Gobernua da akziodun nagusia. 2011n 513.000 milioi m³ gas natural ekoitzi zituen, hots, munduko ekoizpenaren %17 eta Errusiakoaren %83. Horrezaz gain, 32,28 milioi tona petrolio eta 12,07 millioi tona gas kondentsatu produzitu zituen[2].
Enpresak ustiatzen dituen gas hobirik garrantzitsuenak Ob golkoan daude, Siberiaren mendebaldeko Jamalia-Nenetsia lurraldean. Etorkizunean Jamal penintsula bihur liteke eskualdeko ekoizle nagusi. Gazpromek 158.200 km inguruko gasbide sarea du, munduko handiena.