Francisco Fernández Ordóñez
Francisco Fernández Ordóñez (Madril, Espainia, 1930eko ekainaren 22a - ib., 1992ko abuztuaren 7a) espainiar politikari eta abokatua izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diktadura frankistaren ondoko trantsizioko gobernuan eta Felipe Gonzálezen gobernuan hainbat ministeriotako buru izan zen. Frankismoaren azken urteetan goi-mailako karguak izan zituen Hazienda ministerioan eta INIn (Industriako Institutu Nazionala).
1977an, UCD alderdian (Unión de Centro Democrático) sartu zen. Trantsizioko Hazienda ministerioan zegoela, zergen erreforma egin zuen, eta Justiziakoan dibortzioaren legea bideratu zuen. 1981ean, UCD alderdia utzi zuen, Leopoldo Calvo Sotelo lehendakari zela. Horren ondoren, Partido de Acción Democrática izeneko alderdia fundatu zuen, handik pixka batera PSOEn txertatu zena. Banco Exterior de Españako lehendakari izan zen 1983an, eta Kanpo Arazoetako ministro 1985ean. Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE, gaur egun Europar Batasuna) sartzeko akordioak bideratu zituen. Karguari eutsi zion hil baino egun batzuk lehenago arte; dimisioa eman ondoren Javier Solanak hartu zuen haren kargua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.