DNA ez-kodetzaile
Biologia molekularrean, DNA ez-kodetzailea proteinak kodetzen ez dituen DNA zatiari deritzo. DNA osoaren portzentaje handi bat DNA ez-kodetzailea da [1]. DNA ez-kodetzailearen zati batek RNA ez-kodetzailea sortzen du transkribatzen denean (RNA-t, RNA erribosomikoa eta RNA interferentea, esaterako). Beste zati handi batek gene-adierazpenaren erregulazioan parte hartzen du [2].
XX. mendeko 60ko hamarkadan, DNA ez-kodetzailea aurkitu zutenean, zientzialariek uste zuten DNA horrek, proteinak sortzen ez dituenez, ez zuela ezertarako balio, eta "DNA zaborra" deitu zioten (junk DNA, ingelesez). Izendapenak arrakasta izan zuen, eta urte luzeetan DNA ez-kodetzailea eta DNA zaborra sinonimoak izan ziren. Ikerketak garatu ahala, ordea, ikusi zen proteinak sortu ez arren DNA ez-kodetzaileak funtsezko zeregina betetzen zuela geneen adierazpen edo espresioan, eta beraz bidegabea zela DNA zati horri "zaborra" deitzea, DNA ez-kodetzailearen zati handi bat funtzionala delako [3].
DNA ez-kodetzailearen ehuneko zehatza ez da ezagutzen: zientzialari askok %98 dela baieztatzen duten bitartean [4], beste batzuek ehuneko hori nabarmen jaisten dute. Edozein kasutan, giza genomaren gehiena ez-kodetzailea da. Prokariotoetan, aldiz, alderantziz gertatzen da.
Gizakian, esan bezala, DNA ez-kodetzailearen zati handi batek gene-adierazpenaren erregulazioan parte hartzen du. DNA zaborra, beraz, inongo funtziorik ez duen DNA ez-kodetzaileren zatia, hasiera batean uste zen baino askoz txikiagoa da, antza.
DNA ez-kodetzailearen osaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat elementuk osatzen dute DNA mota hori:
- Introiak: Introiak RNA-m sortzen duten DNAren zatiak dira, baina RNA-m horretatik gero kenduta izaten dira eta beraz ez dira proteinetara itzultzen.
- DNA errepikakorra: bi gene funtzionalen arteko sekuentzia batzuetan DNA errepikakorra dago, base nitrogenatu batzuk hainbat aldiz errepikatzen dituena. DNA mota hau ohikoa da telomeroetan, eta DNA satelite deritzona ere osatzen du.
- Transposoiak: Transposoiak elementu genetiko mugikorrak dira. "Gene saltari" deitu zaie. Genomaren toki batetik beste batera mugi daitezke, aldaketa genetikoak eraginez. Hala ere, gizakiaren kasuan gehien-gehienak inaktiboak dira.
- Pseudogeneak: Beren funtzioa galdu duten gene bikoiztuak dira. Iraganean pseudogene hauek gene kodetzaileak eta aktiboak izan ziren, baina hautespen naturalak baztertu zituen eta alferrikakoak bihurtu ziren mutazioen ondorioz.
- Sekuentzia erregulatzaileak: Garrantzi handikoak, aldameneko gene baten transkripzioa kontrolatzen duten DNA zatiak dira. Proteina batzuk sekuentzia erregulatzaile hauetara atxikitzen direnean, aldameneko gene batzuk aktibatu ala desaktibatu egiten dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Piovesan A, Antonaros F, Vitale L, Strippoli P, Pelleri MC, Caracausi M (2019) Human protein-coding genes and gene feature statistics in 2019 BMC Research Notes. 12 (1): 315
- ↑ ¿Qué es el ADN no codificante? Medline Plus
- ↑ ADN basura: negacionismo y malentendidos (con cebolla) Segunda parte Cuaderno de Cultura Científica
- ↑ Omenn GS (2021) Reflections on the HUPO Human Proteome Project, the Flagship Project of the Human Proteome Organization, at 10 Years Molecular & Cellular Proteomics. 20: 100062.