Carlos Menem
Carlos Saúl Menem (Anillaco, La Riojako probintzia, 1930eko uztailaren 2a - Buenos Aires, 2021eko otsailaren 14a) argentinar politikaria izan zen. 1989 eta 1999 artean Argentinako presidentea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak siriarrak izan zituen, musulman sunniak. Zuzenbide-ikasketak egin zituen, Córdobako Unibertsitatean. 1955ean La Riojako Juventud Peronista alderdia sortu zuen. 1973an La Riojako gobernadore hautatu zuten
1976an, María Estela Martínez de Perón lehendakaria kargutik kendu zuen kolpe militarraren kariaz, atxilo hartu zuten. 1978an irten zen kartzelatik, eta Paraguaira erbesteratu zen. 1983an La Riojako Partido Justicialista-ko presidente izendatu zuten, eta urte berean La Riojako gobernadore aukeratua izan zen. 1987an kargua berretsi zuen.
1989ko maiatzean Argentinako lehendakari hautatu zuten, hauteskundeak aise irabazita. Lehendakaritza hartu zuenean herrialdearen egoera ekonomikoa larria zen, eta azkeneko hamarraldietako plangintza ekonomiko gogorrenari ekin zion: besteak beste, prezioen merkatuaren liberalizazioa onartu zuen, eta sektore publikoko enpresak pribatizatu zituen ostera, estatuaren defizita geldiarazteko. Malvinetako Gerraz geroztik harremanik gabe egon ondoren, 1990ean Britainia Handiarekin harremanetan hasi zen berriro. Bestalde, Hego Amerikarentzat merkatu batua sortzeko proiektuaren alde lan egin zuen. 1993an hitzarmena egin zuen Raúl Alfonsínekin 1853ko konstituzioa berritzeko.
1995eko maiatzean berriro hautatu zuten lehendakari, inflazioari aurreko egiteko zeraman kontrol gogorrak klase behartsuenen babesa ekarri ziolako nonbait. 1999. urtera arte izan zen Argentinako lehendakaria. 2005. urtea geroztik, La Riojako senatari nazionala izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Carlos Menem |