Brasilgo ekonomia
2018an Brasilgo ekonomia munduko 8. handiena izan zen.
Brasil oso herrialde aberatsa da baliabide naturaletan, eta XX. mendearen bukaeran zenbait gairen munduko ekoizle handienetako bat izatera iritsi da: soia, azukrea, artoa, kafea, tabakoa, arroza, kotoia, abereak, amiantoa eta manganesoa. Etorkizunean ere hala izatea espero da, aberastasun horien zati bat baizik ez baita ustiatzen ari oraingoz. XX. mendean zehar ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza izan da, baina 1960. urtetik aurrera industriari eman zitzaion bultzadari esker, ekonomia modernoa eta askotarikoa du gaur egun: Erdiko eta Hego Ameriketako ibilgailu, itsasontzi, altzairu eta zementu ekoizle nagusia da. Dena dela, inflazio kronikoak eta kanpo zorrak (aurreratzeko bidean ziren herrialdeetan handiena) ekonomia arazo handiak eragin dituzte.
Nekazaritza eta abeltzaintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Brasilgo eremuaren % 80 da lantzeko egokia, baina gaur egun % 25 besterik ez da lantzen. Ongarriak, hautatutako haziak eta makinak erabiltzea ez dago oso zabalduta, eta etekina ez da oso handia. Lur jabetzaren antolaketan gorabehera handiak daude alde batetik bestera. Iparraldeko, ipar-ekialdeko eta hegoaldeko eskualde jendetsuetan familia bakoitzak bere saila dauka. Aitzitik, hego-ekialdean eta erdialde-mendebaldean, askoz jende gutxiago bizi baita, lur sailak handiak dira, eta kopuru handietan saltzeko ekoizten da. Sail horietan erabiltzen da Brasilgo nekazaritza makinen eta ongarrien % 90. Gai gehiago lantzeko neurriak bultzatu diren arren, Brasilen hiru gai ekoizten dira batez ere: soia, kafea eta azukrea. Kakaoaren produkzioa mekanizazio urriaren eta zuhaitzen zahartzearen ondorioak pairatzen ari da. Kotoiaren produkzioak, berriz, eta batez ere arrozarenak eta artoarenak, gora egin dute. Oinarrizko elikagaiei dagokienez, Brasilek behar adina ekoizten du.
Brasilgo abere hazkuntza munduko nagusietako bat da kopuruari dagokionez. Herrialde osoan hazten dira abereak, batez ere Sao Paulon eta hegoaldeko estatuetan: behiak, zerriak, hegaztiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak, mandoak, astoak eta idiak.
Munduko baso eremuaren zazpirena Brasilen dago, eta baso horietatik balio handiko produktuak ateratzen dira: aleurita, kautxua, karnauba-argizaria, algarrobo zuntzak, senda hostoak, landare olioak, erretxinak, intxaurrak eta era askotako zurak, bai eraikuntzan erabiltzekoak bai altzariak egitekoak. Amazonasen arroan eta kostaldean zur gogorreko zuhaitzak daude, eta hegoaldean araukariak dira zabalduenak. Araukaria da merkataritzan balio handiena duen zuhaitza. Parana pinua eta piperraren zuhaitza ere oso aintzat hartuak dira. Amazonasen basogintza ez da oso errentagarria, iristen zaila delako, batetik, eta interes ekonomikoa duten zuhaitzak oso sakabanatuta daudelako, bestetik. Iristen errazago diren aldeetan, baina, izugarrizko triskantzak egin dira, dena bota baita egur ikatza egiteko, Brasilen egurra baita erabiltzen den erregai nagusia.
Arrantzak nolabaiteko garrantzia du Para, Ceará, Rio de Janeiro eta Sao Pauloko estatuetan, baina errentagarritasun gutxiko sektorea da, ez baita behar bezala bultzatu eta aurreratu.
Energia eta meatzaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Energia baliabideen urritasuna da Brasilgo ekonomiaren problema nagusietako bat. Rio Grande do Suletik eta Santa Catarinatik ateratzen den ikatzetik heren bat baizik ez da baliatzen industria metalurgikorako, ez baita oso kalitate onekoa. Aitzitik, gas natural eta petrolio erreserba handiak ditu. Gasa batez ere Bahian dago, eta petrolioa Reconcavoko ordokian (Bahia), eta Alagoas eta Sergipe aldean. Petrolio ekoizpenaren zati bat argindarra lortzeko erabiltzen da zentral termikoetan.
Brasilek, bestalde, aberastasun ikaragarria du mea baliabideetan, baina XX. mendearen azken laurdena arte ez ziren askorik ustiatu, kapitalik ez zegoelako eta azpiegieturarik ere ez. Urre, harri bitxi eta metal ugari dago: fosfatoak, karea, bauxita, granitoa, buztina, magnesioa, harkaitz kristala, nikela eta eztainua besteak beste. Mea metalikoen artean burdina da garrantzitsuena. 1967an Carajasko hobiak (Para) aurkitu ziren arte Minas Geraisetik ateratzen zen gehiena. Merkataritzan duen garrantziagatik bigarren metalik inportanteena, manganesoa, Amapan ateratzen da. Munduko torio erreserbaren heren bat ere Brasilen dago.
Industria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industriak barne produktu gordinaren % 30 ematen du, baina langileen % 15 besterik ez du enplegatzen. Sektore honek, bestalde, ez du Brasilgo ekonomian eskualde batzuen eta besteen artean dagoen desoreka deuseztatzen, areagotzen baizik: industria produkzioaren % 80 baino gehiago Sao Paulo aldean produzitzen da, eta han egiten dute lan industria langileen erdiak. Sektore indartsuenak siderurgia, automobilaren industria, garraio hornigaiena eta plastikozko produktuena dira. Garrantzi handikoak dira, baita ere, ehungintza, zementugintza eta produktu kimikoen industria.
Turismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Brasilgo ekonomian gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da turismoa. Jendea gehien erakartzen duten lekuak Rio de Janeiro, Sao Paulo, Santa Catarina, Rio Grande do Sul, Bahia eta Pernambuco dira. Brasil munduko turismo zirkuituan dago, eta hango bizimoduak eta paraje miragarriek jende asko erakartzen dute urtero, 1.600.000 turistatik gora urtero XX. mendearen azkeneko urteetan, Hego Ameriketakoak (argentinarrak gehienbat), Europakoak eta Estatu Batuetakoak batez ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-12-22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.