Borussia Dortmund (izen osoa Ballspielverein Borussia (BVB) Dortmund) Alemaniako futbol talde handienetako bat da, Bundesligak irabazteaz gain UEFAko Txapeldunen Liga eta Kontinente arteko Futbol Kopa ere irabaziak baititu. 2013ko Txapeldunen ligako finalean izan da. Etxeko partiduak Signal Iduna Park estadioan jokatu ohi ditu.
Parrokia katoliko batetako langileek sortu zuten taldea 1909ko abenduaren 9an. Borussia izena (Prusiaren izen latinizatua) taldea babesten zuen garagardo markak ezarria da. Lehenengo garai handia 50. hamarkada bukaeran eta 60 hasieran izan zuen, Bundesliga hasi aurreko ligan hiru aldiz gailendu baitzen. Nazioarteko kopa bat irabazi zuen lehen talde alemaniarra ere izan zen, 1966an irabazitako Europako Errekopa hain zuzen ere.
Garai onenak 90. hamarkadan ezagutu zituen. 1995 eta 2002 artean 3 Bundesliga, 2 superkopa, UEFAko Txapeldunen Liga bat eta Kontinente arteko Futbol Kopa bat irabazi zituen.
Diru arazoek taldea ia desagertarazi zuten 2005ean, baina egoerari buelta eman dio eta 2010-11 eta 2011-12 ligak irabazi ditu. 2013an gainera Txapeldunen Ligako finalean sartu da, Londresen jokatu eta 90. minutuan sarturiko gola zela eta Bayern Munichen aurka galdu duena.
2014ko denboraldia balekoa izan du, Ligan eta Kopan bigarren egin baitu baina Europan azkar kanporatu baitzuten. 2015ean makalago ibili ondoren 2016an berriz ere bigarren postua eskuratu zuen Ligan eta Kopako finalista izan zen. 2017an bere historiako laugarren Kopa eskuratu zuen eta 2021ean bosgarrena lortu du. 2024an TxapeldunenLigako final berri bat jokatu zuen, hirugarrena, baina Real Madril 2-0 emaitzaz nagusitu zitzaion.
Zaleen laguntzarik ez zaio falta, izan ere Europan batezbesteko ikusle gehien dituen kluba da.