Batolito
Batolitoak lurrazalaren barnean hoztu zen magma intrusio bat da, hortik plutoi ere deituak izatea. Kupula edo domo handi forma dute. Sakonera handian dauden harkaitz intrusibo abisalak dira. Euren tamaina geroz eta handiagoa da zenbat eta sakonago egon, eta euren oinarria edo hondoa ez dago zehazterik. Etimologikoki "harri sakona" esan nahi du (grezierazko bathos, sakona, eta lithos, harria, hitzetatik datorrena). Ehun kilometro karratu baino gehiagoko hedadura hartzen dute, eta 100 kilometro karratu horiek baino hedadura txikiagoa hartzen badute enbor deritze. Fusio egoeran egon zirenean sumendi aktiboak elikatuko zituzten solidotutako magmazko edukiontziak dira. Euren konposaketa nahiko homogeneoa da, orokorrean granitoz edo granodioritaz (granito eta dioritaren konbinaketa) osatuta daude.
Gerriko orogenikoetan barne eremu kristalinoaren gehiengoa osa dezakete, nahiz eta batolito granitiko gutxiko orogenoak (Alpeak, Pirinioak) ere arruntak izan.
Batolito granitikoek diorita-granito bitarteko konposizioa izan ohi dute eta ehundaka plutoiz osatuta daude, plutoien artean aldakortasun handia izan daitekeelarik bai konposizioan bai deformazio-graduan edota intrusioaren sakoneran.
Kokapen geologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orogenoetako barne eremu kristalinoan ohikoak dira batolito granitiko egitura hauek.
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Peruko kostaldeko batolitoa. Gutxi gora-behera 1000 unitate intrusiboz osaturiko eta 1600 km luze eta 65 km zabal den batolitoa da. Batolito hau gabro eta dioritez, kuartzo-diorita eta granito bitarteko granitoideez osaturik dago, besteak beste.
- Ipar Amerika mendebaldeko mendizerrako batolitoa. Batolitoko plutoiak Alaska iparraldetik Mexikoren iparralderaino luzatzen dira era ez-jarraituan. Mendikate honetako batolitoen arroka-mota nagusiak tonalitak eta granodioritak dira.
- Kaliforniako Sierra Nevadako batolitoa. Mendebaldean kuartzo-dioritak, tonalitak eta gabroak nagusitzen dira; eremu axialean, berriz, granodioritak eta granitoak; eta ekialdean, aldiz, montzodioritak, montzonitak, kuartzo-montzonitak eta granitoak.
- Japoniako hego-mendebaldeko barne eremuko batolitoa. Gehien bat granitoz eta granodioritaz osaturik dago.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apraiz. A. (2005): Plaka tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. UEU, 428 or.
- Middlemost, Eric A.K. (1985): Magmas and Magmatic Rocks: An introduction to igneous petrology. Longman Higher Education, 266 or.
- Barker, D.S. (1983): Igneous rocks. Pearson College Div, 417 or.