Basilosaurus
Basilosaurus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Basilosauridae (en) |
Subfamilia | Basilosaurinae (en) |
Generoa | Basilosaurus Harlan, 1834 |
Datu orokorrak | |
Luzera | 20 m |
Basilosaurus Zetazeo arkeozetoen genero bat izan zen, Eozeno amaieran agertu zen eta duela 37,2 eta 33,9 milioi urte artean bizi izan zen[1]. Tetis ozeanoko animalia handiena izan zen bizi zen garaian, harrapari gorena[2], eta zabalkunde handia izan zuen, haren fosilak Estatu Batuetan, Egipton eta Pakistanen aurkitu baitira[3].
Izenak "narrastien erregea" esan nahi du grekeraz, izan ere atzeko gorputz adarrak hanka bestigialak baitira dinosauro urtarretan gertatzen den antzera, eta horregatik narrastia zela pentsatu zen. Aspalditik ugaztuna kontsideratzen den arren aurreneko izenarekin jarraitzen du.
Aurkikuntzen historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basilosaurus cetoides
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreneko alea Estatu Batuetan aurkitu zen, aurrehistoriako balea baten aurreneko fosila zen[4] eta 1834an Basilosaurus cetoides izenarekin identifikatu eta deskribatu zen. Euri gogorrek lurjausi bat eragin zuten Ouachita Parishen (Louisiana) eta hainbat oskolekin batera hezurrak ere atera ziren. Hezur horietako batzuk suburdin gisa erabili izan ziren eta beraz suntsitu egin ziren, baina Henry Bry epaileak ahal zituen guztiak berreskuratu[5] eta Richard Harlan anatomistak deskribatu zuen fosila. Honek plesiosaurusaren ornoen antzekoak zirela ikusi zuen eta garezurra mosasaurusaren antzekoa zela, proportzioak oso desberdinak baziren ere, askoz handiagoak. 24-30 metro hartuko zituela pentsatu zuen eta Basilosaurus izena eman zion, "narrastien erregea" hain zuzen ere[5].
Harlanek hainbat hezur (baraila zatiak, hortak, humeroa eta sahiets zatiak) Erresuma Batura bidali zituen eta 1839an Richard Owen paleontologoak argi ikusi zuen zetazeoen hezur eta hortzekin zuten antza. Belarjalea izango zela esan zuen eta Zeuglodon cetoides izena proposatu eta Harlanek ere onartu bazuen ere, hasierako izena nagusitu zen zientzia literaturan[6]. Generoaren espezie tipoa B. cetoides da.
Basilosaurus isis
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1904an bigarren espezie bat deskribatu zen, Basilosaurus isis, Egipton aurkitu zena, eta ondoren Mendebaldeko Saharan, Marokon, Tunisian, Jordanian eta Pakistanen ere jaso zen[7]. Wadi Al-Hitan Egiptoko hareharrizko harrobi garrantzitsua da, antzinako baleen hezurdura fosil ugari aurkitu direna. Georg August Schweinfurth botanikari alemaniarrak aurreneko arkeozetoa deskubritu zuen 1879an eta Zeuglodon osiris izena eman zion. Hugh Beadnellek 1896-1906ko Egiptorako espedizioaren burua zen paleontologoak baraila bat eta hainbat orno aurkitu zituen eta Zeuglodon isis izena ezarri zion[8].
1980. hamarkadan Elwyn L. Simons eta Philip D. Gingerich Qasr el-Sagha eta Wadi Al-Hitan harrobietan indusketak egiten hasi ziren eta 500 arkeozeto aletik gora aurkitu zituzten, B. isis eta Dorudon atrox espezieenak gehienak[9].
2016an Basilosaurus baten aurreneko eskeleto osoa aurkitu zen Wadi Al-Hitan harrobian.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basilosaurusa ez da trantsiziozko espezie bat baina baditu arbaso lurtarren ezaugarriak eta gaur egungo balea modernoenak ere.
Tamaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrak 20 metroko luzera har zezakeen eta emeak 15 metro, batazbeste[10]. B. cetoides zertxobait handiagoa zen B. isis baino[11]. Ale handienek 24 metro ere hartuko zuten. Pisua ere handia zuten, 60-80 tona artean.
Burua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baraila ondo garatua zuen eta bertan 44 hortz. Aurrekoek kono itxura zuten, harrapakinak harrapatu eta eusteko, eta atzekoek triangelu itxura zuten haragia zatitzeko eta agian mastekatzeko ere bai, gaur egungo zetazeoek ez bezala[12]. Mesonikio ugaztun fosilen antzekoa zen hortzeria eta haiek Basilosauroaren arbaso kontsideratu izan ziren urte luzez.
Buruan ez zuten lekurik meloi (balea hortzdunen zentzumen organoa) bat sartzeko eta burmuina ere txikia zen. Ez zuen beraz gaur egungo zetazeoek duten taldekoi izaerarik izango.
Gorputza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputza oso luzea zen ornoak baitziren bereziki luzeak. Badirudi orno horiek fluidoren bat bazutela barnean. Bizkarrezurretik gorputz adarrak ateratzen zitzaizkion. Hankek hezur sendoak zituzten eta horrek iradokitzen du denbora luzez igeri egiteko gaitasunik ez zukeela izango.
Era berean lur lehorrean ibiltzeko gai ere ez zen. Izan ere B. isis ale baten atzeko hankek 35 cm inguruko luzera zuten eta animaliak 16 metro neurtzen baitzuen[13]. Hiru hatz zituzten eta bi posizio baino ezin zuten hartu. Boa sugeek kopulatzeko erabiltzen dituzten luzakinen antzekoak direnez funtzio bera izango zutela uste da[14]. Aurreko hankek ordea hegats itxura hartua zuten dagoeneko, ukondoan artikulazio malgua zuten, gaur egungo foken antzekoa.
Igeriketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrainek isats bertikala dute alboetara mugitzen dute, ugaztunek aldiz isatsa horizontala dute eta gora eta behera uhinak eratuz desplazatzen dira. Basilosaurusak isatseko ornoak fusionaturik ditu, ugaztunen antzera, baina halako isats luzea izanik gora eta beherako mugimendua ez zen oso eraginkorra izango[15]. Gingerichek iradoki du aingiren antzeko mugimendua egingo zukeela, hori egiten zuen zetazeo bakarra izango litzateke orduan.
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basilosauridae familiaren barnean bi subfamilia eratu ziren; Basilosaurinae (bertan dago Basilosaurus-a) eta Dorudontinae. G.A.A. El-kheir eta haren taldeak 2013an egindako sailkapena honako hau da:[16]
†Basilosaurinae |
| |||||||||||||||||||||
Paleobiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hortzak aztertuta ikusi da Basilosaurusak haragia lehenengo mastekatu eta ondoren irentsi egiten zuela[17]. 25 MPa-tako horzkada indarra kalkulatu izan zaio[18]. B. cetoides baten urdailean zegoena ere aztertu zuten eta arrainak eta marrazo handiak soilik aurkitu zituzten. Wadi Al-Hitan harrobian Dorudon antzinako balea gazte baten garezurrean B. isis-en horzkada markak ere aurkitu dira. Dorudon hau izurdearen itxurakoa zen. Halako tamaina handia zuenez denbora gehiena ehizan pasa beharra zeukan, sarritan segadak eginez. Horrela beraz Basilosaurusa harrapari aktiboa zen eta ez sarraskijalea[18].
Espezie bakartia zela dirudi eta ugaltzeko baino ez zituen bikoteak eratzen. Bestalde amak kumea zaintzen zuen hasierako urteetan. Ugaztuna izanik airea arnast beharra zeukan. Ez zuen gaur egungo zetazeoek zuten espirakulorik eta ur azalera igo eta sudurretik sartzen zuen arnasa sakon, birikak airez guztiz bete arte.
Paleoekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basilosaurusa Eozeno garaiko Tetis ozeanoko itsaso epeletan bizi zen sakonera gutxiko eremuetan. Itsasoko belar ugari zegoen tokietan harrapari nagusia zen. Itsas belar horiek Thalassodendron, Thalassia (dortoka belar izenaz ezagutzen dena) and Halodule ziren[19]. Mangladi ugari ere bazeuden eta horrek itsasotako faunaren bioaniztasun handia ahalbidetzen zuen. Beste zetazeo batzuk ere bizi ziren inguruan, aurrez aipaturiko Dorudon[20], Cynthiacetus[21] eta Basiloterus eta beste ugaztun batzuk Protosiren sirenidoa[22] eta Moeritherum elefantea ziren.
Itsasoko beste biztanle batzuk Puppigerus dortoka[23] eta hainbat marrazo ziren; Galeocerdo alabamensis, Physogaleus, Otodus, Squatina prima, Striatolamia, Carcharocles sokolovi eta Isurus praecursor[24].
Iraungipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basilorausuraren erregistro fosilaren amaierak Eozeno-Oligozeno iraungipen masiboarekin bat egiten du, duela 33.9 milioi urte gertatu zena. Garai hortan desagertu ziren gainerako arkeozeto ia guztiak ere[25].
Badirudi sumendien jarduera izugarria gertatu zela eta meteoritoen inaktuak asko ugaritu zirela. Horrek guztiak klima aldaketa eragin zuen eta ozeanoen zirkulazio korronteak eta aldaketa handiak izan zituen[26].
Basilosaurusak ez zuen ondorengorik utzi baina desagertu ez ziren arkeozeto bakanetatik espezie dibertsifikazio handia sortu zen eta gaur egungo zetazeoak agertu ziren.
Basilosaurus-a egungo kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kriptozoologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat kriptozoologok aipatzen dute Basilosaurusaren forma eboluzionatu batek bizirik jarraitzen duela gaur egun, horrek azalduko litzuke suge itsastar erraldoien historioak. Suge horiek deskribatzerakoan ilea dutela esan ohi da eta hori ugaztunen ezaugarri nabarmena da. Teoria honek ez du ordea jarraikortasun handirik Basilosaurusaren erregistro fosia duel 33.9 milioi urte amaitzen baita.
Hala ere aipatu izan da Ness aintzirako munstroa Basilosaurusa dela eta ez aipatu izan zen Plesiosaurusa. Narrasti batek ezingo bailuke iparraldeko ur hotzetan biziraun, ugaztun endotermiko batek bai ordea[27].
Dokumentaletan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]BBC katearen Walking with Beasts paleontologia telesaileko atal batean basilosaurio eme bat agertzen da. Haurdun gelditzen denetik kumea jaiotzen den arteko zikloa kontatzen da atal horretan[28]. Kate beraren Sea Monsters telesail dokumentalean ere agertzen da eta garai guztietako laugarren itsas animalia arriskutsuena zela esaten da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Fossilworks: Basilosaurus» fossilworks.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) «15-meter-long ancient whale Basilosaurus isis was top marine predator: Fossils from 'Valley of Whales' suggest B. isis predated smaller whales and fish» ScienceDaily (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) «Valley of the Whales» Magazine 2010-08-01 (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ Encyclopedia of marine mammals. Academic Press 2002 ISBN 0-12-551340-2. PMC 48969234. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ a b Harlan, Richard. (1834). «Notice of Fossil Bones Found in the Tertiary Formation of the State of Louisiana» Transactions of the American Philosophical Society 4: 397–403. doi: . ISSN 0065-9746. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) Owen, Richard. (1841-01-01). «V.—Observations on the Basilosaurus of Dr. Harlan (Zeuglodon cetoides, Owen).» Transactions of the Geological Society of London S2-6 (1): 69–79. doi: . ISSN 2042-5295. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ Cenozoic mammals of Africa. University of California Press 2010 ISBN 978-0-520-25721-4. PMC 449860225. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ Elwyn Simons : a search for origins. Springer 2008 ISBN 9780387738956. PMC 233971398. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) Gingerich, Philip D.; Arif, M.; Bhatti, M. Akram; Anwar, M.; Sanders, William J.. (1997). Basilosaurus drazindai and Basiloterus hussaini, New Archaeoceti (Mammalia, Cetacea) from the Middle Eocene Drazinda Formation, with a Revised Interpretation of Ages of Whale-Bearing Strata in the Kirthar Group of the Sulaiman Range, Punjab (Pakistan). (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ Elwyn Simons : a search for origins. Springer 2008 ISBN 978-0-387-73896-3. PMC 233971398. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ «Encyclopedia of Alabama: Basilosaurus cetoides» web.archive.org 2014-03-13 (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) «How Does Digestion Take Place in Whales?» Baleines en direct 2015-07-15 (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) Bejder, Lars; Hall, Brian K.. (2002). «Limbs in whales and limblessness in other vertebrates: mechanisms of evolutionary and developmental transformation and loss» Evolution & Development 4 (6): 445–458. doi: . ISSN 1525-142X. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ (Ingelesez) «Basilosaurid | fossil mammal» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ The emergence of whales : evolutionary patterns in the origin of Cetacea. Plenum Press 1998 ISBN 0-306-45853-5. PMC 39533589. (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ «Fossilworks: Basilosaurinae» fossilworks.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-05).
- ↑ Gingerich, P. D.; Uhen, Mark D.. (1998). Likelihood estimation of the time of origin of Cetacea and the time of divergence of Cetacea and Artiodactyla. Palaeontologia Electronica. 1 (2):, 4 or..
- ↑ a b (Ingelesez) Snively, Eric; Fahlke, Julia M.; Welsh, Robert C.. (2015-02-25). «Bone-Breaking Bite Force of Basilosaurus isis (Mammalia, Cetacea) from the Late Eocene of Egypt Estimated by Finite Element Analysis» PLOS ONE 10 (2): e0118380. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 25714832. PMC PMC4340796. (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «PBDB» paleobiodb.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «PBDB» paleobiodb.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «PBDB» paleobiodb.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ (Ingelesez) Domning, Daryl P.; Morgan, Gary S.; Ray, Clayton E.. (1982). North American Eocene Sea Cows (Mammalia: Sirenia). ISSN 0081-0266. (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «PBDB» paleobiodb.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «PBDB» paleobiodb.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ (Ingelesez) Kellogg, Remington. (1936). A review of the Archaeoceti. Carnegie Institution of Washington PMC 681376. (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ (Ingelesez) Molina, Eustoquio; Gonzalvo, Concepción; Ortiz, Silvia; Cruz, Luis E.. (2006-02-28). «Foraminiferal turnover across the Eocene–Oligocene transition at Fuente Caldera, southern Spain: No cause–effect relationship between meteorite impacts and extinctions» Marine Micropaleontology 58 (4): 270–286. doi: . ISSN 0377-8398. (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «The Cryptid Zoo: Zeuglodons (or Basilosaurus)» www.newanimal.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
- ↑ «ABC - Science - Walking With Beasts» web.archive.org 2007-12-21 (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).