Aurresate linealeko kodeketa
Aurresate linealeko kodeketa edo LPC, audio seinale tratamenduan eta ahotsaren tratamenduan metodorik erabilienetarikoa da. Eredu lineal prediktiboaren informazioa erabilita, ahots seinale digital baten espektro inguratzailea modu konprimituan adierazten du. Ahots analizatzaile tekniketatik ahalmentsuenetarikoa da. Kalitate onean eta bit abiadura txikia erabiliz kodifikatzeko metodorik erabiliena da.
Orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]LPCk ahots seinalea hodi baten amaieran dagoen burrunba gailu batek sortzen duela suposatzen du. Bi ahots mota bereizten dira, soinu isilak (ahots-kordak ez dute dardara egiten) eta soinu ozenak (ahots-kordak dardara egiten dute). Eredu hau benetakoarekin alderatuta ez da hain ezberdina. Dardara, glotisak (ahots-korden arteko lekua) sortzen du, honetan intentsitatea eta maiztasuna bereizten dira. Ahots hodia, iragazki moduan funtzionatzen duen barrunbe erresonatzailea da, maiztasun batzuk anplifikatuz edo ahulduz.
Anplifikatuta ateratzen diren maiztasunak, zeinek espektroari forma ematen dioten, formante izena dute.
LPCk ahots seinalea iragartzen du formanteak estimatuz, ahots seinalean duen efektuak ahulduz eta jarraian doan seinalearen intentsitatea eta maiztasuna aurreikusiz. Formanteak ahultzeko prozesua, alderantzizko iragazketa deitzen da eta formanteak ezabatu eta gero geratzen den seinalea, hondakin seinalea deitzen da.
Dardararen intentsitatea, mazitasuna, formantea eta hondakina deskribatzen duten zenbakiak biltegiratu eta beste leku batera transmititu daitezke. LCPk ahotsa sintetizatzen du prozesua alderantzikatuz: dardararen parametroak eta hondakina, iturri seinal bat sortzeko erabiltzen dira; formanteak, iragazkia sortzeko (hodia adierazten duena) eta azkenik, sortutako iturri seinalea iragazkitik igaroz ahotsa sortzen da.
Ahots seinaleak denborarekin aldatuz doanez, prozesu hau seinalearen tarte laburrekin egiten da. Gehienetan 30-50 tarte segundoko abiadurak ulergarria den ahotsa sortzen du.