Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko Urrezko Domina
Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko Urrezko Domina Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak emandako sari bat da, eta, Askatasunaren Domina Presidentzialarekin batera, Ameriketako Estatu Batuetako sari zibil gorena. Sari hau Estatu Batuen segurtasun, oparotasun edo interes nazionalaren izenean zerbitzu nabarmenen bat egin duen pertsonari ematen zaio. Ez dago zertan estatubatuar nazionalitatekoa izan beharrik.
Urrezko Dominak zein Askatasunaren Domina Presidentzialak, orokorrean, ospe maila bera dute, Urrezko Domina askoz gehiago eman diren arren. Bien arteko ezberdintasun nagusia Askatasunaren Domina Estatu Batuetako presidenteak berak, botere betearazleak ematen duela da, Kongresuko Urrezko Domina Kongresuak, botere legegileak ematen duen bitartean.
Arau bezala, Kongresuko legedian, Urrezko Domina bat emateko Senatuko eta Ordezkarien Ganberako kideen bi herenen babesa behar izango dela zehazten da.
Estatu Batuetako Txanpon Etxeak fabrikatzen du espezifikoki Urrezko Domina, pertsona eta honek egin duen lorpena omenduz. Beraz, itxuraz, domina bakoitza ezberdina da, eta ez dago Kongresuko Urrezko Domina baten diseinurako inongo araurik. Gainera, Kongresuko Urrezko Dominak ez erakusgarritzat hartzen dira, hau da, ez direla uniforme batean edo beste jantzi batzuetan erabiltzeko eginak, baizik eta garaikur bezala ematen direla. Ohikoa da domina hauen brontzezko bertsioak aurkitzea, oroigarri bezala.
Kongresuko Urrezko Dominak ez du inongo zerikusirik Ohorezko Dominarekin, borrokan ausardia handia erakutsi duten estatubatuar militarrentzako dena. Antzeko izena duen beste sari bat Kongresuko Espazio Ohorearen Domina da (Congress Space Medal of Honor), NASAk aurkeztua, espazioaren esplorazioan Estatu Batuen misioan ekintza nabarmen bat egiteagatik ematen dena.