Taupada-markagailu
Taupada-markagailu | |
---|---|
active implantable medical device (en) | |
Taupada-markagailua bihotzeko taupadak modu irregularrean sortzen direnean, edota bihotzaren barruko eroapen elektrikoan blokeoren bat gertatzen denean, erritmo kardiakoa bere onera ekartzen duen gailua da. Bulkada elektrikoen bidez bihotzeko berezko kontrol sistema ordezkatzen du eta modu horretan taupadak sinkronizatuak izatea lortzen da, bihotzaren lana maila egokian mantenduz.
1958an lehenengo taupada-markagailua ipini zuten Suedian.
Bihotz taupada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bihotza muskulu ponpa bat da eta edozein makinak bezala energia iturri bat behar du ondo funtzionatzeko. Bulkada elektrikoa nodulu sinusalean sortzen da, eskuineko aurikulan kokatuta dagoen ehun espezializatutako arean.
Baldintza normaletan, nodulu sinusalak estimulu elektriko bat sortzen du bihotz taupada bat ematen den bakoitzean. Estimulu hori eroapen-bideetan barrena doa, bihotz barrunbeak uzkurtuz eta odola kanporantz ponpatuz. Aurrena eskuineko eta ezkerreko aurikulak estimulatzen dira eta jarraian eskuineko eta ezkerreko bentrikuluak. Uzkurraldi bakoitzak bihotz taupada bat esan nahi du.
Taupaden maiztasuna nahasten denean, arritmiak sortzen dira. Hori nodulu sinusalean estimuluen maiztasuna normala ez delako gerta daiteke, eroapen-bide normala eten egiten delako edo taupadak markatzeko eginkizuna bihotzaren beste zati batek hartzen duelako.
Bihotz taupada bizkorregia, motelegia edo besterik gabe irregularra denean, bihotzak ez du odola modu egokian ponpatzen eta horren ondorioz gorputzak ez du behar adina odol jasoko.
Markagailu motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Markagailuen sailkapena irizpide desberdinak jarraituz egin daiteke:
Iraupena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aldi baterakoak. Bihotzeko asaldura ez dela iraunkorra izango pentsatzen da, eta beraz denbora tarte jakin batetarako bakarrik erabiltzen da markagailua.
- Iraunkorrak. Egoera ez da itzulgarria. Hamar bat urterako iraupena izan ohi dute, baina gailuaren kontrola eramatea beharrezkoa da.
Teknologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Konbentzionalak. Hauek eragindako estimulazioa bentrikularra eta asinkronikoa da. Honek taupada ez doala aurikulako uzkurketarekin batera esan nahi du eta beraz, gaixoaren bihotzak erritmo normalean taupatzen badu, ez da gailuaren jarduera etengo.
- Sinkronikoak. Gaixoaren bihotzaren jarduera "irakurtzeko" gai dira, beraz, taupadak normalak direnean bere funtzionamendua eten egiten da.
- Sekuentzialak. Aurikula eta bentrikulua modu sinkronikoan estimulatzen dituzte, milisegundu batzuetako aldearekin.
- Fisiologikoak. Bihotzaren maiztasuna bizkortzen dute muskuluen jarduera antzeman bezain laister.
- Arritmiaren aurkako gailuarekin. Takiarritmia ezagutu eta antzematen dute. Erritmoaren asaldura hori kontrolatzeko martxan jartzen dira.
Kokalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kanpokoak. gailua gaixoaren bularraldearen gainean jartzen da. Asko hobetu diren arren, argindar handia behar dute bihotza estimulatzea lortzeko eta horrek inguruko muskuluen espasmoa eragin dezake. Horregatik, larrialdi kasuetan bakarrik erabiltzen da barruko gailua jarri bitartean.
- Barrukoak. Erosoak eta fidagarriak dira. Zuzenean bihotzean ezartzen dira.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gehien erabiltzen direnek, hau da, barrukoek bi osagai izaten dituzte:
- Bulkaden sorgailua. Hamar urte inguru irauten duen litiozko bateria bat, zirkuito elektronikoen sistema batek osatua.
- Eroaleak. Kable malgu eta isolatuak, seinaleak bulkaden sorgailutik bihotzera eramaten dituztenak, kasu batzuetan alderantziz ere bai. Eroalearen mutur bat sorgailuan jartzen da eta bestea aurikulan, bentrikuluan edota bietan, tratatu nahi den arritmiaren arabera.
Taupada-markagailuaren beharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bihotzeko taupada-markagailu naturalak ez duenean ondo funtzionatzen, hau ha, bidaltzen dituen seinaleak egokiak ez direnean, beharrezkoa izango da taupada-markagailu bat.
Taupada-markagailu artifizialak bihotzak modu erritmikoan eta maiztasun egokian taupatzea eragiteko gai dira. Gainera, modelo aurreratu eta berrienetan, bihotzak normal taupatzen duen tarteetan gailua atsedenean geratzen da. Garai bateko taupada-markagailuekin ez zen horrelakorik gertatzen, hots, igorritako seinaleak ez ziren eteten, ez zuten bihotzaren seinalea kontutan hartzen.
Gaur egun, elektroestimulazio artifiziala oso metodo eraginkorra da bihotzeko erritmoaren alterazioak tratatzeko. Erabat estandarizatuta daudenez, oso arrisku gutxi dituzte gaixoarentzat.
Aurrerapauso handiak izan dira azken urteotan taupada-markagailuen munduan eta hurrengo urteetan ere berrikuntza ugari espero dira arlo honetan. Hori horrela, ondorengo egoerak dira oro har taupada-markagailuen indikaziorik baliagarrienak:
- Bradikardia sinusalak
- Bihotzeko geraldiak
- Bihotzeko blokeoak
- Takiarritmia larriak
Arreta neurri bereziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun kanpoko interferentzia elektrikoak gutxiago badira ere, gaixoak neurri batzuk hartzea beharrezkoa da:
- Kontuz ibili behar da aireportuetako segurtasun detektagailuetatik pasatzerakoan.
- Erresonantzia magnetikoko irudi aparatuak edo eremu magnetiko handiak dituztenak saihestu egin behar dira.
- Kontu handia izan behar da motor handiekin ibiliz gero (itsasontzietakoak, adibidez) markagailuaren erritmoa alda baidezakete.
- Boltaje handiko makinaria, radarrak, irrati edo telebista igorgailuak, goi-tentsioko kableak eta galdaketa labeak baztertu egin behar dira.
Hala ere taupada-markagailua ezarrita duten pertsonek bere adineko gainerako lagunek egiten dituzten jarduera berdinak egiteko gai dira.
- Ariketa fisikoa neurrian, medikuak baimena eman ondoren
- Autoa gidatu
- Bidaiatu, betiere gailuaren identifikazio-txartela aldean eramanez
- Sexu harremanak izan
- Aisialdi jarduerak egin, markagailua kokatuta dagoen zonan kolperik ez hartzeko kontu pixka batekin.