[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Sudeteak

Koordenatuak: 50°44′10″N 15°44′24″E / 50.7361°N 15.74°E / 50.7361; 15.74
Wikipedia, Entziklopedia askea
Sudeteak
Datu orokorrak
Mendirik altuenaSněžka
Motamendikate, geomorphological subprovince (en) Itzuli eta erdi-mailako mendi
Luzera300 km
Zabalera50 km
Azalera49.739 km²
EponimoaErraldoien mendiak
Jeseníky (en) Itzuli
Geografia
Map
Koordenatuak50°44′10″N 15°44′24″E / 50.7361°N 15.74°E / 50.7361; 15.74
MendikateaBohemian Massif (en) Itzuli

Sudeteak (alemanez: Sudeten, txekieraz eta polonieraz: Sudety) Bohemia eta Silesia eskualdeen arteko mendikatea da. Gailurrik garaiena Sněžka mendia da (1.602 metro), Txekiar Errepublika eta Poloniaren arteko mugan[1].

Baso ustiakuntza, nekazaritza, meatzaritza eta oihalgintza dira ekonomia jarduerak, beirazko eta portzelanazko lanekin batera. Txekiako printzeek XII. eta XIV. mendeetan eskulangileak eta meatzariak ekarri zituzten Alemaniatik eta han kokarazi. Harrezkero, txekiarren eta alemaniarren arteko gatazkak ugari izan dira Bohemiako historian.

Sudeteetako alemaniarrak deitu izan dira Bohemiako, Moraviako eta Silesiako alemaniarrak, sudete deituak. Hitler-ek aginpidea (1933) eskuratuz gero[2], bertako germaniarrek autonomia lortu zuten eta, Konrad Heinlein buru zutela, 1938an beren lurraldea Alemaniaren mende gera zedin eskatu zuten. Urte hartako irailaren 29an, Munich-en Alemaniak, Italiak, Britainia Handiak eta Frantziak sinaturiko itunek gatazka ekarri zuten eta lurralde hura Alemaniaren mende geratu zen. 1945ean Potsdam-go itunen arabera, lurralde horiek Txekoslovakiari itzuli eta sudeteak handik egotzi zituzten (1938an 3.200.000 ziren eta 160.000 bakarrik 1946an)[1].

Izena Sudeti Montes latinizaziotik datorkio; eskolastikoen garaian Ptolomeok bere Geographia lanean erabili zuen Soudeta Ore terminoaren latinizazioa zen eta Gabreta basoaren iparraldean kokatzen zituen. Etimologia ez da argia eta, batzuen ustez su- indoeropar aurrizkitik etor daitekeen bitartean eta basurde mendia esan nahian, bada latinezko sudis hitzetik eratorria dela dioena ere, arantza esanahiarekin, inguruaren orografiari aipamen eginez, agian.

Sudeteak izendapena Bohemian eta Moravian mendikateen inguruan bizi den aleman-hiztunen biztanleria izendatzeko ere erabiltzen da: Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik, bertako biztanleriaren % 30 ziren. Garai hartan, eremu horri, alemanez, Sudetenland deitzen zitzaion.

Sněžka mendia neguan
Ikuspegia, Zygmuntówka mendi-aterpetik

Mendikatea hiru eremutan banatzen da:

  • Mendebaldeko Sudeteak
    • Ještěd-Kozákov gandorra
    • Jizera mendiak
    • Kaczawskie mendiak
    • Karkonosze/Krkonoše
    • Lusatian mendiak
    • Rudawy Janowickie
  • Erdialdeko Sudeteak
    • Bardzkie mendiak
    • Bystrzyckie mendiak
    • Orlické mendiak
    • Owl mendiak
    • Harrizko mendiak
    • Mesa mendiak
  • Ekialdeko Sudeteak
    • Urrezko mendiak
    • Jeseniki mendiak
    • Opawskie mendiak
    • Śnieżnik mendiak

Ez du garaiera handirik eta tontor gutxi batzuk iristen dira 1.500 metrora. Garaiena Sněžka-Śnieżka (txekieraz/polonieraz) edo Schneekoppe (alemanez) da (1.602 m). 1.200 m-ra iritsi bitartean, basoz estalita dago eta bertan alpetar larreak hazten dira. Glaziar Kuaternarioek higatutako bloketan dago zatituta.

Hiririk garrantzitsuenak hauek dira: Liberec eta Jsblonec nad Nisou Txekiar Errepublikan eta Waldenberg Polonian. Eskualdean burdin, berun, zink eta harrikatz aztarnategiak daude.

Txekoslovakia 1928-1938
Alemaniar hiztunak 1938an (beltzez), Sudetenland deiturikoak
Cheb, 1938ko urria. Harrera ezberdinak alemaniarrek egindako okupazioari

1919an, aleman hiztunez osatutako biztanleriak Alemaniara elkar zedin eskatu zuen alferrik, Txekoslovakia estatu sortu berriaren zati bilakatu baitzen. Horren ondorioz, herritar batzuek Sudeteetako Alemaniar Alderdia sortu zuten: gerora, alderdiak Hitler eta nazien babes interesatua izan zuen.

Antzinako Bohemia erresumaren mugetan kokatzen zen eta Moravia ere barne hartzen zuen, Silesia ere Germaniako Erromatar Inperio Santuaren parte izango zelarik. Premysl txekiar dinastia erori zenean, Luxemburgoko etxeak agindu zuen han, Jogaliaek gero eta Habsburgotarren azkenean. XIII. mendez geroztik, alemaniarrak bizi ziren han, Bohemiako erregeek horrela gonbidatuta. Habsburgotarrekin, lurraldea erresumaren barnean geratu zen eta horrela mantendu zen XIX. mendeko nazionalismoak piztu arte, txekiar eta alemaniarren arteko lehenengo ika-mikak ezin isildu.

Lehen Mundu Gerraren eta Austria-Hungariako Inperioa desegitearen ondoren, Txekoslovakia independentea aldarrikatu zen, Bohemiako erreinu zaharra sartuz. Hala ere, Reichstagen Moraviako, Bohemiako eta Silesiako diputatu alemaniarrek atxikimenduari uko egin zioten Woodrow Wilson lehendakari estatubatuarraren Hamalau Puntuak argudiatuz eta aleman hiztunen lurraldeen bat-egitea aldarrikatu zuten, garai hartan Weimarko Errepublikari atxikitzeko ametsetan zebilen Austriako Errepublika berriari. 4 lurraldetan banatu zuten hura:

  • Alemaniako Bohemia (Deutschböhmen): Ipar eta mendebaldeko Bohemiak aldarrikatu zuten, Austriaren barnean eta Liberec (alemanez: Reichenberg) hiriburu. Landeshauptmann izena ematen zioten lehendakariak administratzen zuen, Rafael Pacher (1857-1936), 1918ko urriaren 29tik azaroaren 4ra arte eta Rudolf Ritter von Lodgman von Auen (1877-1962), 1918ko azaroaren 6tik abenduaren 16ra arte. Txekiar armadak azken hiri garrantzitsua okupatu zuen eta, ordutik aurrera, gobernuak atzerrian segitu behar izan zuen, Zittau, Saxonia eta, gero, Viena, 1919ko irailaren 24ra arte.
  • Sudetenland probintzia: Iparraldeko Moraviak austriar land bat aldarrikatu zuen, Opava (alemanez: Troppau; polonieraz: Opawa; latinez: Oppavia) hiriburu. Robert Freissler (1877-1950) gobernadore (Landeshauptmann) izan zen 1918ko urriaren 30etik abenduaren 18ra arte.
  • Bohemiako basoak (Böhmerwaldgau): Bohemiako basoa eta Hegoaldeko Bohemia Goiko Austria landaren barruti bilakatu zen. Friedrich Wichtl (1872-1922) Kreishauptmann (barrutiburu) izan zen, 1918ko urriaren 30az geroztik.
  • Alemaniako Hegoaldeko Moravia (Deutschsüdmähren): Beheko Austriaren landaren barruti bilakatu zen eta Oskar Teufel (1880-1946) izan zen barrutiburu 1918ko urriaren 30 arte.

Alemaniako beste gutxiengo batzuk Austriako aleman hiztunekin elkartzen ahalegindu ziren Moravian, Brnon, Jihlavan eta Olomoucen, baina ez zuten lortu.

Parisko Bake Biltzarreko batzorde iparramerikarrak gero ahaztu zen gomendio sail bat egin zuen, Txekoslovakiako aleman hiztunek lurraldeen inguruan eskatzen zutena aztertuz. Injustizia hura larritu egin zen 1919ko martxoaren 3an, txekiar armadak alemaniarzaleei tiro egin zienean: garbi geratu zen Txekoslovakiaren aspirazioak arriskutsuak zirela, batez ere, alemaniar hiztun horiek Alemanian eta Austrian zituzten milioikia lagunak kontuan hartuta. Gomendioak baztertu ziren: Txekoslovakiak Sudeteak bere lurraldean sartzea eskatu zuen eta, 1919an, eskari hori Saint-Germaingo Itunean berretsita geratu zen.

Txekiar eta alemaniar hiztunen arteko ika-mikek 20ko hamarkadan iraun zuten eta 30eko hamarkadan larritu[3]. Krisi ekonomikoak gogor astindu zuen enpresa esportatzaileen mende zegoen Sudeteen ingurua; papera, jostailuak, beira... txekiarren ekoizpenaren % 60 Sudeteetan egiten zen eta % 78 esportatzekoa zen. Geldialdiarekin, langabezia zabaldu egin zen eta biztanleen haserrea ere bai[4].

1938ko irailaren 26an, Hitlerrek Txekoslovakiari ultimatuma aurkeztu zion eta Municheko Biltzarra izenekoan haren ikuspuntua nagusitu zen: gauzak horrela, eskualde horretako aleman hiztunei erreferenduma eskaini zien. Alemaniar okupazioa 1938ko urriaren 1an hasi zen: europar potentziek hori saihesteko ez zuten ezer egin. 30.000 bat km² kendu zizkion Alemaniak Txekoslovakiari eta txekiar biztanleria lurraldetik bota. 1939ko martxoaren 15ean, okupazioa erabat bete zen eta, Alemania Bohemia txekiar eskualdearen jabe ere egin zen, hots, Bohemia-Moravia protektoratu izeneko txotxongilo estatuaren jabea, Txekoslovakia osoaz jabetu zen.

1945ean, behin Bigarren Mundu Gerra amaitu eta Alemaniak kapitulatu eta gero, Sudeteetako aleman hiztunak eskualde haietatik kanporatuak izan ziren eta, haien ordez, txekiar eta eslovakiarrez birpopulatu.

Txekiar legediak nazien aurkako afiliazioa frogatzen zuten aleman hiztunak babesteko aukera azpimarratzen zuen, baina Alemaniaren aurkako gorroto izugarria zegoen eta kasu gehienak ez ziren errespetatu, 244.000 alemaniar besterik ez ziren geratu (horietatik 100.000 bat Mendebaldeko Alemaniara joan ziren). 1945ean atzerriratu zituztenak 500.000 bat izan ziren eta abusu eta bortxakeria ugari jasan beharrean izan ziren. 24.000 bat heriotza izan zen alde egin beharrari lotuta, eta, frogatu ez bazen ere, 62.000 desagertu salatu ziren.

Sudeteetan bizi ziren alemaniarren jabetzaren gehiengoa konfiskatu egin zitzaien gerraren kalte-ordain. 1946an, 2.234.544 pertsona deportatu zituzten Alemaniara, 2/3 amerikarren sektorera eta 1/3 sobietarrenera. Alemanez gain, familia mistoak ere baziren tartean. Lurraldean, txekiarrak jarri ziren bizitzen eta baita beste gutxiengo batzuk ere: eslovakiarrak, Voliniako txekiarrak, ijitoak eta hungariarrak (azken horiek behartu egin zituzten, baina, geroago, haien jaioterrietara alde egin zuten). Biztanleriarik gabeko guneak ere geratu ziren eta hantxe geratu zen alemaniar gutxiengoa[5]. 2001ean, alemaniar etniako 40.000 pertsona besterik ez zen zentsatu Txekiar Errepublikan.

Gaur egun, Sudeteak txekiar lurraldean sartuta daude eta Alemaniak ere aitortzen du hori. Hala ere, 1945az geroztik, Sudeteetako biztanle izan ziren haien oinordekoek ez diote kalte-ordainak erreklamatzeari utzi, lurralde haietatik bidali zituztelako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]