Saddam Hussein
Saddam Hussein Abd al-Majid al-Tikriti (arabieraz: صدام حسين عبد .المجيد التكريتي; Tikrit, 1937ko apirilaren 28a - Bagdad, 2006ko abenduaren 30a) politikari eta militar sunita irakiarra. Irakeko diktadore izan zen 1979tik 2003ko apirila arte[1], eta, beranduago, 2006ko azaroaren 5ean, gizateriaren aurkako krimenengatik heriotza zigorrera kondenatu zuten.
Baath Alderdikoa (panarabismo sekularraren, ekonomia modernizazioaren eta sozialismoaren alde jotzen zuena), Irakeko 1968ko estatu kolpean parte hartze handia izan zuen Husseinek. Hori dela-eta, Baath alderdiak boterea eskuratu zuen. Boterean Ahmed Hassan al-Bakr zegoela (Saddam Husseinen lehengusua), Hussein presidenteordea izan zen. Gobernua eta armadaren arteko lehiaz baliatuta, errepresioa areagotu eta bere autoritatea indartu zuen.
Ahmed Hasan al-Bakr jeneralaren lehendakariorde gisa eta talde asko gobernua boteretik kentzeko gai zirela uste zutenean, Sadamek segurtasun-indarrak sortu zituen, eta, horien bidez, zorrotz kontrolatu zituen gobernuaren eta indar armatuen arteko gatazkak. 1970eko hamarkadaren hasieran, Sadamek petrolioa eta atzerriko bankuak nazionalizatu zituen. Hamarkada berean, gobernuaren aparatuaren gaineko bere agintea oinarritu zuen, petrolioaren diruak Irakeko ekonomiari azkar hazten laguntzen zion bitartean. Herrialdeko botere-posizioak, hein handi batean, arabiar sunitekin bete ziren, populazioaren bosten bat besterik ez zen gutxiengoarekin[2].
Sadam, formalki, 1979an igo zen boterera, baina, aurretik, de facto, Irakeko buruzagia izana zen zenbait urtez. Aurrekoen sobietarren aldeko jarreratik urrundu, eta Estatu Batuetara hurbildu zen, «ardatz arabiar moderatu» bat eratzeko Jordaniarekin eta Egiptoko Hosni Mubarak-en erregimenarekin. Zenbait mugimendu erreprimitu zituen, bereziki xiitak eta kurduak, gobernua eraitsi edo independentzia[3] lortu nahi zutenak, eta boterea mantendu zuen Iran-Irak Gerran (1980-1988) eta Golkoko Gerran (1990-1991). Mundu arabiarraren kontrakoen artean ezaguna egin zen, 1991n, Irakek scud misilak jaurti zituztelako Israelgo estatuaren aurka[4]. Diktadurak iraun zuen bi hamarkadatan, 250.000 pertsona edo gehiago izan daitezke Sadamen erregimenari leporatu daitezkeen biktimak[5]. Erregimena kaudimengabe geratu zen, batez ere Iran-Irak Gerraren, Golkoko Gerraren eta NBEk ezarritako zigorren ondorioz.
Nazionalismoaren mendeko erlijioaren interpretazio baazista sustatu zuen, eta, 1993tik aurrera, «Fede-kanpaina» delakoarekin, Irakeko erlijio-erretorika handitzea bultzatu zuen. Ordutik aurrera, islama adierazpen publikoetan eta erregimenaren sinboloetan sartu zen, nahiz eta presidentetza osoan islamismo politiko ororen aurka agertu[6].
2003ko martxoan, Estatu Batuak buru zituen koalizio batek Irak inbaditu zuen, Irakek suntsipen handiko armak zituela eta Al-Kaidarekin[7] loturak zituela argudiatuz. Berehala, erregimena eraitsi zen, baina armak ez ziren inoiz agertu, eta beste gatazka-fase bat sortu zen okupazio-indarren eta Irakeko matxinoen artean. 2003ko abenduaren 13an, indar estatubatuarrek Sadam harrapatu zuten Egunsenti Gorriaren operazioan. Auzitegi irakiar batek epaituta, 1982an 148 xiita irakiarren hilketarekin lotutako gizadiaren aurkako krimenak egotzi zizkion, eta, 2006ko azaroan, hiltzera zigortu, eta, 2006ko abenduaren 30ean, urkatu egin zuten.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa eta nerabezaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sadam Huseín Abdel Majid at-Tikriti 1937ko apirilaren 28an jaio zen; al-Ajwa herrixkako lurrik gabeko nekazari-familia bateko hirugarren semea zen. Tikritetik 13 km-ra, Tikrit ibaiaren ertzean, adobezko txabolak ziren probintzia-hiri pobre eta azpigaratuan, garaian Irakeko Erresuma. Familia, izan ere, al-Bejat tribu arabiarreko al-Bu Nasir klan batekoa zen, Sunita aitormenekoa, Saladinen gobernazioan nagusi zena. Bere amak, Subha Talfah al-Mussallat, Sadam deitu zion jaioberriari, arabieraz «aurre egiten duena» esan nahia duena[8].
Aita, Hussein Abd al-Majid, desagertu egin zen Sadamek bederatzi hilabete besterik ez zituenean (beste iturri batzuen arabera, jaio baino sei hilabete lehenago). Ez da argi zer gertatu zen harekin: batzuk hil zela edo erail zutela diote; beste bertsio batzuen arabera, familia utzi egin zuen. Zurrumurru batzuen arabera, Sadam sasiko semea zen, eta Irakeko buruzagiak berak asmatu ote zuen aitaren izena[9]. Irakeko etorkizuneko agintariaren anaia zaharrena minbiziz hil zen 13 urterekin, Hussein jaio baino lehenago. Ama, oso deprimituta, haurdunaldia eteten saiatu zen, baita bere buruaz beste egiten ere[10]. Subharen depresioak okerrera egin zuen Sadam jaio zenean. Esaten denez, amak ez zuen ikusi edo ezer jakin nahi izan jaioberriaz. Sadamen osabak, Khairallah Talfahk (1910-1993), bere ilobaren bizitza salbatu zuen, literalki, eta iloba amarengandik urrundu, eta bizitzako lehen urteetan hazi zuen. Khairallah sunita erlijiozale, irakasle eta armadako ofizial zorrotza[11], Sadamen adin bereko neska baten aita ere bazen, Sajida Talfah, geroago haren emazte bihurtuko zena.
Bigarren Mundu Gerran, 1941eko apirilaren 1ean, Iraken, Rashid Ali al-Gailani (1892-1965) politikaria buru zuen britainiarren aurkako matxinada lehertu zen, alemaniarrek babestuta. Talfah antikolonialista sutsua zen, eta, altxamenduarekin, bat egin zuen, baina porrot egin zuen. Britainiarrek tropak bidali zituzten Irakera, matxinada nazionalista «Operación Sabine» izenekoan itotzeko. Kanpainak 1941eko apirilaren 18tik maiatzaren 30era arte iraun zuen, eta britainiarrek garaipen eztabaidaezina lortu zuten, eta, berriro, britainiarren aldeko 'Abd al-Ilah (1913-1958) erregeordea ezarri zuten. Sadamen osaba, beste hainbat konspiratzaile bezala, Irakeko armadatik bota, eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten[12].
Osaba espetxean, amarekin itzuli behar izan zuen Sadam txikia. Sadam, osabaren zaintzapean egon zen bitartean, ama Ibrahim al-Hassanekin ezkondu zen, klan bereko kide eta Subharen herengusua. Ezkontza horretatik, Sabawi Ibrahim al-Tikriti (1947-2013), Barzan Ibrahim al-Tikriti[13] (1951-2007) eta Watban Ibrahim al-Tikriti[14] (1952-2015) jaio ziren, guztiak, geroago, gobernu baazistaren funtzionarioak. Familiak erabateko pobrezian bzi zen, eta Sadam etengabeko pobrezian eta gosez hazi zen. Aitaorde (eta, aldi berean, osaba) soldadu ohiak, etxalde txiki bat zuen, familia mantentzen zuena. Sadam bederatzi urterekin hasi zen lehen hezkuntza jasotzen, baina ahuntz-taldeak zaintzera behartu zuten, eta ia ez zen eskolara joan. Ibrahimek etengabe jotzen zuen haurra, eta hura makurraraziz eta irainduz gozatzen zuen. Sadamek baserriko lana ondo egiten ez zuenean, Ibrahimek makilaz jotzen zuen basatiki, eta ama eta aitaordea zaindu behar zituen. Aitaordek tratu txarrak eman zizkion urtetan, Sadamek, 10 urte zituela[15], etxetik alde egin zuen arte. Txosten batzuen arabera, aitaordeak oilaskoak eta ardiak lapurtzera behartu zuen umea, saltzeko edo bizirik irauteko jateko. Betiko beharrak haurtzaro zoriontsua galerazi zion Sadam Huseini. Haurtzaroan izandako irainak eta era askotan jasandako eguneroko ankerkeriak eragina izan zuten Sadamen nortasunean. Hala ere, haurrak, soziabilitateari eta harremanetarako trebetasunari esker, lagun eta ezagun asko zituen alde guztietan, bai ikaskideen artean, bai helduen artean ere.
Badiote, behin, urrutiko senideak iritsi zirela aitaordea bisitatzera. Haiekin, Sadamen adineko haur bat zetorren, zeina Lehen Hezkuntzako bigarren mailara arte ikasi zuela harropuzten zen, baita irakurtzen, kontatzen eta bere izena harean idazten ere. Sadamek, poz-pozik, al-Hassani eskolara ikastera joateko eskatu zion, baina aitaordeak jipoiaz erantzun zion[16]. 1947an, Sadamek 10 urte bete zituen, eta ikasteko grinaz egiten zuen amets. Urte horretan bertan, epaia bete ondoren, osaba Kharillah aske utzi zuten. Osabaren askapenaren berri izan zuenean, Sadam gazteak etxetik alde egin, eta Tikritera ihes egin zuen. Osabak berriro hartu zuen[17]. Kharillahk, berriz ere askatasunaz gozatzen, bizitza irabazteko lehengo lanari ekin zion, maisu gisa, nahiz eta, ezkutuan, Irakeko Independentzia Alderdian (nazionalista eta britainiarren aurkako eta faxismoaren aldeko alderdian) militatu. Osaba, zorrotza bazen ere, Sadamek estimu handian izango du, eta familiako beste seme bat bezala haziko da, etorkizuneko Sajida emaztearekin eta etorkizuneko defentsa-ministroarekin, Adnanekin, batera. Gaztaro osoan, kolonialismoaren aurkako giro gogorrean bizi izan zen; Gerra Hotzaren garaian, Estatu Batuen eta potentzia handien esku-hartzearen aurka. Sadamen beraren arabera, osabak eta nerabezaroan hazitako giroak eragin erabakigarria izan zuen bere prestakuntza ideologikoan. Tikriten, Husein eskolatik graduatu, eta lehen hezkuntza osatu zuen[18]. Heziketa oso zaila izan zen hamar urterekin bere izena nola idatzi ere ez zekien haur batentzat. Txosten batzuen arabera, Sadam bere ikaskideei txantxa astunak eginez gozatzen eta dibertitzen zen. Behin, suge pozoitsu bat jarri zuen Koran maisu zahar baten maleta batean, zeinari ez baitzion inolako begikotasunik. Txantxa ausart horren ondorioz, Huseín eskolatik bota zuten. Urte horietan, gainera, Sadamek salerosketa txikiak eta ebasketak egiten zituen, lan-errentarik sortzen ez zuen familia-nukleo baten beharrak finantzatzeko.
15 urte zituela, Sadamek sufritu zuen, bere ustez bere bizitzako lehen kolpe handia izan zena: bere zaldi maitearen heriotza. Gaztearengan hain handia izan zen eragina, ezen esku bat gelditu egin zitzaion. Hilabete erdiz, era guztietako erremedioekin tratatu zuten Sadam, mugikortasuna berreskuratzea lortu zuen arte. 16 urte betetzean, Sadam, osabak eraginda, eliteko akademia militar batean sartzen saiatu zen, baina, lehen azterketan, huts egin zuen. Bi urte geroago, Bagdadera joan zen, adopzio-familiarekin batera, prestakuntza al-Jark eskolan jarraitzera. Ikasle-erradikalismoaren gunea zen al-Jark, Haxemi erregetzarenganako (garaian agintean), Estatu Batuenganako eta Erresuma Batuenganako gorrotoz elikatzen zena[19].
Gaztaroa eta jarduera politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bagdadeko giro politikoarekin izandako harremanak lehenagoko hezkuntza erlijioso eta tradizionaletik bereizi zuen Sadam. 1952ko Egiptoko iraultzak eragin handia izan zuen Iraken eta mundu arabiar osoan; garai hartako gazteen idoloa zen Egiptoko iraultzaile eta geroago presidente izango zena, Gamal Abdel Nasser. Sentimendu iraultzailea bereizgarria izan zen Iraken eta Ekialde Ertain osoan. Iraken, aurrerakoiek eta sozialistek elite politiko tradizionalei eraso zieten (garai kolonialeko burokratak eta lurjabeak, merkatari aberatsak, tribu-buruak eta erregezaleak). Testuinguru horretan, Nasseren eta Arabiar Batasun Sozialistaren ideia panarabistek markatu zuten mundu arabiarraren ibilbide politikoa. Nasserren igoerak Ekialde Ertaineko biraketa-bolada iragarri zuen berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan, Irakeko, Siriako eta Libiako monarkien desagertzearekin.
Kurduen genozidioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iran-Irak Gerraren harira, Sadam Huseínek hainbat hilketa egin zituen eskualde kurduan, Iraken iparraldean, hainbat herrialdek genozidiotzat[20] jo dituztenak. Sarraskiak, al-Anfal Operazioa izenez ezaguna, 4.500 herri eta herrixka suntsitu[21], eta 180.000 zibil inguru hil zituen[22]. Hilketa-kanpaina 1986-1989 bitartean egin zen, eta, hartan, eraso zuzenak, aire-bonbardaketak, hirien suntsiketa, erbesteratze, fusilamendu eta arma kimikoez egindako erasoak egin ziren. Gerra kimikoan, Halabjari egindako erasoan, Ziape-gas, sarin, tabun eta VX nerbio-gasak erabili ziren nagusiki, hiria bonbardatzeko, eta, gau batean[23], 5.000 hildako eragin zituen. Eraso horiek Sadamen lehengusuak, Ali Hassan al-Mayidek diseinatu zituen, Ali kimikaria izenez ezagutua.
Boterea eta gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974az geroztik, alderdiaren eta gobernuaren figurarik eraginkorrena izatera iritsi zen, hainbat kargu publiko izan zituen, eta, Irakeko agintean, bigarrena izatera iritsi zen. Bere eraginpean, 1972an, Sadamek petrolioa nazionalizatzeko konbentzitu zuen al-Bakr (haren diru-sarrerak herrialdeko armamentu-industria sustatzeko erabiliko ziren), baita Baazen[1] aurkako beste alderdi politiko batzuk egotea debekatzeko ere 1976an. 1972an, Sadam Sobietar Batasunera joan zen adiskidetasun eta lankidetza itun bat sinatzera, 15 urterako balio zuena. Harreman horren ondoren, SESB Irakeko arma-hornitzaile nagusi bihurtu zen, 1979ra arte.
Saddam kartzelan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ameriketako Estatu Batuek kargutik kendu zuten 2003an, herrialdea inbaditzean. Abenduaren 13an atzemanda, gizateriaren kontrako krimenak leporatu zizkioten Irakeko gobernu berriak izendatutako Epaitegi Berezian. Auzitegiak 2006ko azaroaren 5ean eman zuen epaia, eta Sadam Hussein heriotza zigorrera kondenatu zuen. Azkenik, 2006ko abenduaren 30ean, urkatu egin zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Saddam Hussein: quién fue y sus características» https://humanidades.com/ (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ Karsh, Efraim (2002). «2». Saddam Hussein: A Political Biography (en inglés). Grove Press. p. 38. ISBN 978-0-8021-3978-8
- ↑ Katzman, Kenneth (21 de noviembre de 2005). «Iraq: U.S. Regime Change Efforts and Post-Saddam Governance». Congressional Research Service. Consultado el 15 de setiembre de 2018.
- ↑ «BBC News | MIDDLE EAST | Analysis: Instability benefits Saddam Hussein» news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ «War in Iraq: Not a Humanitarian Intervention».
- ↑ Helfont, Samuel (2018). «Compulsion in Religion: Saddam Hussein, Islam, and the Roots of Insurgencies in Iraq». Oxford University Press. doi:10.1093/oso/9780190843311.001.0001.
- ↑ (Ingelesez) «Iraq War | Summary, Causes, Dates, Combatants, Casualties, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-05-16 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) 20minutos. (2018-04-18). «Arturo Valls, el preferido por los valencianos para irse de cañas» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ (Ingelesez) «Was a Tyrant Prefigured by Baby Saddam?» History News Network (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ (Ingelesez) Borger, Julian. (2002-11-14). «'Saddam, tell me about your mum'» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ «Godfather Of The Middle East - Chicago Tribune» web.archive.org 2014-10-13 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ (Ingelesez) «He dreamed of glory but dealt out only despair» The Telegraph 2003-03-18 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ [https://web.archive.org/web/20030428223530/http://www.debka.com/article.php?aid=469 «DEBKAfile - Saddam�s Half-Brother Barzan Al-Tikriti Captured»] web.archive.org 2003-04-28 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ «TRIAL : Profiles» web.archive.org 2015-12-09 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ equipo de biografiacortade.com (diciembre de 1999). «Sadam Hussein». https://www.biografiacortade.com. https://www.biografiacortade.com. Consultado el 21 de julio de 2016.
- ↑ «Огонек: ДЕТСТВО САДДАМА» web.archive.org 2008-06-12 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ Memories of State: Politics, History, and Collective Identity in Modern Iraq, University of California Press, 2005.
- ↑ (Errusieraz) Новости, Р. И. А.. (20061229T1128). «Биография Саддама Хусейна» РИА Новости (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ «Саддам Хусейн: вождь с портрета» web.archive.org 2006-11-17 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ http://www.hurriyetdailynews.com/british-parliament-officially-recognizes-kurdish-genocide--.aspx?pageID=238&nID=42182&NewsCatID=351
- ↑ «El olvidado genocidio de los kurdos por las armas... | ZoomNews.es» web.archive.org 2017-02-15 (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
- ↑ http://www.sptimes.com/2007/06/25/Worldandnation/Iraq_to_hang__Chemica.shtml
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las minorías de Irak – DW – 14/03/2003» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Great War for Civilization: The Conquest of the Middle East (Zibilizazioaren gerra handia: Ekialde Hurbileko konkista) 2005. Gaztelaniara itzulia, eta, 2006ko ekainean, Círculo de Lectores argitaletxeak argitaratua, ISBN 84-672-1726-X.
Simons, Geoff. Iraq: From Sumer To Saddam. Macmillan doi: . ISBN 978-1-349-23149-2..