Igeriketa (kirola)
Igeriketa besoei, zangoei eta gorputzari eraginez eta hondoa ukitu gabe uretan mugitzean datzan kirola da. Igeriketaren Nazioarteko Federazioak (FINA) arautzen du, eta kirol olinpikoa da.
Jarduera fisiko gehienek oinarrizko trebetasun batzuk behar dituzte, normalean pertsonaren ohiko garapenean zehar eskuratzen direnak alegia (ibiltzea, korrika egitea, jauzi egitea, jaurtitzea, etab.), igeriketaren eta uretako jardueren kasuan, ezinbestekoa da aurretik ur-ingurunearen oinarrizko menderatze-maila bat lortzea, beste modu batez esanda, igeri egiten (uretan moldatzen) jakin behar da. Uretako jarduerak, oro har, eta igeriketa bera, uretan praktikatzen diren jarduerak dira.
Igerileku publiko asko 25 metrokoak dira, baina proba olinpikoetarakoak 50 metrokoak dira.
Materialari dagokionez, igeri egiteko, zenbait gauza behar dira: bainujantzia, toalla, igeriketa-txanoa, uretako betaurrekoak eta txankletak.
Igeriketari lotutako kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Igeriketaren Nazioarteko Federazioak onartu eta arautzen dituen igerilekuko kirolak lau dira: igeriketa, igeriketa sinkronizatua, jauziak eta waterpoloa. Beste kirol espezialitate batzuk ere badira ur-ingurunean garatzen direnak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jakin ez dakigu igeri egitea noizko kontua den, eta lehen nola egiten zuten igerian ere ez dakigu, baina gizakiaren eta uraren arteko harremana haren sorreraren unetik beretik dator; izan ere, biziraupeneko zein boterea izateko baliabidea zen, edo jolasteko zein plazera eskuratzeko modua, eta lehiarako tresna ere izan da, gure garaiotatik askoz hurbilago bada ere.
Lehiak uhaska, urmael, ibai edo portuetan egiten zituzten, lehenbiziko igerilekuak eraiki zituzten arte. Instalazio hauek neurri desberdinekoak izaten ziren, harik eta Amateur Igeriketaren Nazioarteko Federazioak neurriak arautu zituen arte; gaur egun, 50 metro edo 25 metrokoak dira Europan (Estatu Batuetan, berriz, 25 yardakoak erabiltzen dituzte, baina Nazioarteko Federazioak ez ditu onartu).
1875ean, Matthew Webb kapitainak igerian zeharkatu zuen Mantxako kanala.[1] 1896an, Grezian izan ziren lehenbiziko Joko Olinpikoak zirela aprobetxatuz, estreinako igeriketa probak egin zituzten, nahiz eta partaidetza handirik ez izan. 1900az geroztik, bizkar-igeriketako eta estilo libreko probak jarri zituzten, eta azkeneko horietan igerilari bakoitzak bere estiloak proba zitzakeen; halaz, estiloak bizkor aldatuz joan ziren. Hogeita hamarreko urteetan zehar modu librean egiten zuten igeri, eta igerilari gehienek crawl, bizkar-igeriketa –besoak aldi berean ateraz uretatik– eta bular-igeriketa lantzen zuten; azken honetan, igerilari batzuek beso biak aldi berean ateratzen zituzten uretatik, eta polemika handiak sortu ziren; gorabehera asko sortzen ari zelarik, eta ikusita igerilariak baztertzen ari zirela bular-igeriketa klasikoa tximeleta erako bular-igeriketa iraultzaile horretara igaroz, Nazioarteko Federazioak estilo berri hori arautzea erabaki zuen, eta 1953az geroztik estilo berri horri tximeleta igeriketa esaten diogu.
Lehiako igeriketak txapeldun handiak eman ditu, eta hauek jarraitu beharreko eredu bihurtu dira mundu osoko igerilari askorentzat. Duke Kahanamoku hawaiiarrak, Stockholmgo (1912) eta Amberesko (1920) olinpiadetan txapeldun izandakoak, crawl estiloa erakutsi zuen. Geroago, J. Weissmuller jarri zuten betiko txapeldun handienen mailan; izan ere, txapeldun olinpikoa izan zen, munduko errekor pila bat ondu zuen eta mundu osoan lortu zituen jarraitzaileak, are gehiago Tarzanen filmetan protagonista izateaz geroztik.
1912an dagoeneko emakumeak ari ziren Joko Olinpikoetako lehietan, eta ordurako urte asko zeramaten erakustaldi eta lehia desberdinetan parte hartzen. Pixkanaka-pixkanaka, igeriketa kirol olinpiko bihurtu zen, eta igerilarien helburu nagusia Olinpiadetako urrea eskuratzea zen, horixe izaki saririk preziatuena. 1972an mutil amerikar batek eta emakume australiar batek une ezin garrantzitsuagoa markatu zuten mundu mailako igeriketan, jende guztiaren arreta bereganatuz. Shane Gould australiar neskatoak hiru proba irabazi zituen, eta zilarra eta brontzea eskuratu zituen beste bitan, 15 urte besterik ez zuela. Mark Spitzek, berriz, Mexiko 68an dagoeneko domina bat lortua zuenak, iragarri zuen urrezko zazpi domina eskuratuko zituela; iragarpenaren berria mundu osoko prentsara heldu zen; Spitzek, sekula ikusi gabeko dohainak zituela, bete egin zuen iragarritakoa, eta igeriketa beste kirol guztien gainetik agertu zitzaigun. Halaz, bide batez, Spitzek etengabeko bilakaeran murgilarazi zuen igeriketa modernoa, maila guztietan ere eguneroko praktika bihurtuz. Hurrengo urteetan, igerilari garrantzitsuak izan ziren, besteak beste, Kornelia Ender alemaniarra, 1970eko hamarkadako igeriketan nagusi izan zena; Roland Matthes, bizkar-igerilari alemaniarra, bere estilo eta dotoreziaz bizkar estiloa egungo mailara ekarri zuena; eta Mat Biondi, Olinpiadetan zortzi domina bildu zituena, hainbat mundu errekorrekin batera 80ko urteetan zehar.
1907an Club Natació Barcelona sortu zen. Fundazio horretatik aurrera, hainbat talde hasi zen gauza bera egiten Espainiar Estatuan, eta beste klub batzuk sortu zituzten hala kostaldean nola barrualdean; klub aipagarrienen artean daude, besteak beste, C.N. Sabadell, Real Canoe, C.N. Metropole, C.N. Barcelona, C.N. Mediterrani, baina guztira 800 klub baino gehiago biltzen dira, gaur egun, Igeriketaren Espainiar Federazioan (RFEN).
Kirol espezialitateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Igeriketak, araututako kirol jardueraren ikuspegitik, hainbat proba biltzen ditu bere lehiaketetan, egin beharreko bidearen eta estiloen arabera antolaturik.
Igeriketaren estilo ofizialak, hau da, FINAk onartzen dituenak, lau dira: crawla, bizkar-igeriketa, tximeleta-igeriketa eta bular-igeriketa. Banakako estilo-probak ere izaten dira, lau estiloak erabiliz alegia distantzia berean. Estiloetako bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, bai teknikari bai arauei dagokienez. Proben distantziak ere aldatu egiten dira estiloen arabera.
Crawla (askea)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Crawla da kirol igeriketako estilo nagusia, eta proba gehien dituena. 50 m, 100 m, 200 m, 400 m eta 800 m / 1500 m. Azken hori, askotan sexuaren arabera banatzen da: 800 neskentzako eta 1500 mutilentzako. Estilo askea ere deitzen zaio, ez dagoelako arau handirik; zorua ez ukitzea, txistua jo baino lehen jauzi ez egitea, eta halako arau orokorrak bakarrik.
Bizkar-igeriketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Crawl estiloaren atzetik, bizkar-igeriketa da azkarrena. Jauzi-oholetik ez da atera behar, eta bizkarra uretan murgilduta egon behar da. 50 m, 100 m eta 200 metroko probak bakarrik ditu.
Tximeleta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bular-estiloa kenduta, tximeleta da estilo motelena, baina igerilari berrientzat motelena ere izan daiteke. Esaten da estilorik gogor eta politena dela. Besakada bateko bi ostikada eman behar dira. Bizkar estiloan bezala, 50 m, 100 m eta 200 metroko probak daude.
Bular-igeriketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bular-igeriketa da estilorik motelena. Besakada eta ostikada eman behar dira batera. 50 m, 100 m eta 200 metroko probak soilik ditu honek ere.
Probak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau estilo horietako bakoitzeko probez gainera, bada estilo-proba ere: lau estiloen batura.
Beraz, gaur egungo lehiaketa olinpikoetan hurrengo proba ofizial hauek izaten dira lehiaketa-programaren barruan:[2]
- 50 m libre
- 100 m libre
- 200 m libre
- 400 m libre
- 800 m libre (emakumeak bakarrik)
- 1.500 m libre (gizonezkoak bakarrik)
- 100 m bizkar-igeriketa
- 200 m bizkar-igeriketa
- 100 m bular-igeriketa
- 200 m bular-igeriketa
- 100 m tximeleta-igeriketa
- 200 m tximeleta-igeriketa
- 200 m estiloak banaka
- 400 m estiloak banaka
- Erreleboak 4 x 100 libreak
- Erreleboak 4 x 100 libreak
- Erreleboak 4 x 200 libreak [3]
Lehiaketako igerilekuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko txapelketetako lehiaketa-igerilekuek 50 metroko (160 oin) luzera eta 25 metroko (82 oin) zabalera izan behar dute, zerotik bederatzira bitartean hamar errei markatu behar dituzte (bat eta hamar erreiak igerileku batzuetan; oro har, hutsik utzi behar dira); erreiek gutxienez 2,5 metroko zabalera izan behar dute (8,2 oin). Igerilekuaren bi muturretan irteera postuak izan behar dituzte, eta gehienek ekipo automatikoa izan behar dute, denbora erregistratzeko ukipen-pantailak eta legezkotasuna ziurtatzeko sentsoreak barne. Igerilekuak gutxienez bi metroko sakonera izan behar du.[4]
Denboraldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Igeriketa lehiaketetan, klub mailatik hasi eta nazioarte mailaraino, lehiaketak udazkenean eta neguan izaten dira, eta gero, udaberri eta uda artean bigarren denboraldia izaten da, igerilekuetan eta ur irekietan.
Europan, iraila eta abendua artean egiten dira igeriketa-lehiaketak, eta urtarriletik abuztura bitarteko denboraldiak.
Klub, eskola eta unibertsitate mailan, igeriketa denboraldiak antolatzen dituzte Ameriketako Estatu Batuetan. 50 metroko igerilekuetan egiten dira denboraldiak, eta apiriletik abuztuaren bukaera arte irauten dute. Ur irekietako lehiaketak udan egiten dira.
Australasian denboraldiak apiriletik irailera bitartekoak dira.
Igeri egiteko distantziak berdinak dira mundu osoan. AEBetako ikasturte laburreko denboraldian, estilo libreko probak 500 yarda, 1.000 yarda eta 1650 yarda dira; Amerikako ikasturte luzeko denboraldian, berriz, 400, 800 metro eta 1.500 metro estilo librekoak dira.
Ikastaro laburreko igeriketa-lehiaketen denboraldi bakoitzetik aurrera, igerilari hasiberriek distantzia laburragoko lehiaketak egin ditzakete. Adibidez, ikasturte laburreko denboraldian, igerilari batek sartu berri den lasterketa batean lehiatu nahi badu, 25 yardako lasterketa bat/metro bat dago erabilgarri haientzat, eta, aldiz, denboraldi luze horretan, beste marra batetik 50 metro baino gutxiagora igeri egiteko gai izan beharko lukete, lehiatzeko.
Ekipamendua eta osagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bainujantzia: Gorputza partzialki estaliko du. Azken joeren helburua da irristadura hobetu, marruskadura gutxitu eta, beraz, abiadura murriztuko duten ehunak garatzea. Eztabaida ugari izan dira, eta oraindik ere ari dira eztabaidatzen ea marka batzuek erabili eta hainbat irudiri (Michael Phelps, adibidez) babesturiko materialek lehiaketako berdintasun-espiritua hausten duten, hainbat errekor hautsita. Hori dela eta, FINA (Nazioarteko Igeriketa Federazioa) lehian erabil litezkeen bainujantzi-motak arautzen hasi da, lehiakideak bere markak ontzat hartzea nahi bazuen.[5]
- Txanoa: Igerilariaren ilea estalita mantentzen du marruskadura murrizteko, latexez, silikonaz edo elastanoz eginak.
- Igeriketa pintzak: Igeriketa sinkronizatuan ere erabiltzen diren pintzak, ariketa egiteko erosoago izan dadin.
- Betaurrekoak: Ura eta klorotik basbesten ditu begiak; lenteak tindatu egin daitezke aire zabaleko igerilekuetan distira arintzeko; lente graduatuak erabil daitezke, lente zuzentzaileak erabiltzen dituzten igerilariek.
- Gomazko hegatsak: Ostiko azkarragoa egiteko erabiltzen dira, teknika ere hobetzen dute, hankak jarrera egokian edukita. Igerilariek erabiltzen dituzten hegatsak hegats arruntak baino askoz motzagoak dira, ostiko azkarra ziurtatzeko.
- Igeri egiteko palak: Igerilariek plastikozko gailu hauek erabiltzen dituzte besoa eta sorbaldaren indarra indartzeko eta teknika fintzeko. Kautxuzko tirez edo bestelako material elastikoen bidez lotzen dira eskuekin. Forma eta tamaina askotakoak daude.
- Igeriketa-taula: Goma-aparrezko flotazio-gailua, gorputzaren goiko aldearen pisua jasateko erabiltzen dena, igerilaria hanketan zentratzen den bitartean.
- Pull buoy: Goma aparrez egindako flotazio-gailua, hanken pisua eusten duena, igerilariak labainketa eta trakzioa izan ditzan ardatz. Hankak elkartzeko eta postura ona izateko erabiltzen da batez ere, mugitzeko eta besoekin mugitzeko.
- Snorkel eta igeriketa-tubak: J forman estandarizatuta egiten dira; arnasa hartzeko erabiltzen da, ahoa eta sudurra urpean dauden bitartean, burua jarrera finkoan dutela; horrela, igerilariak buruaren kokapenean jar dezake arreta, baita besakada hobetzeko ere; igeriketa terapeutikoko programetan ere preskribatu ohi da, zerbikalak birkobratzean ez behartzeko.
Jarrerak eta balioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ur instalazioei, erabiltzaileen segurtasunari eta higienea babesteari buruzko arauak direla eta, komeni da jarraibide hauek aintzat hartzea:[6]
- Erabili dutxak igeri egin aurretik eta ondoren.
- Erabili bainuko txanoa.
- Zaindu oinen eta arroparen higienea. Saihestu infekzioak.
- Zaindu kirol instalazioaren txukuntasuna. Ez erabili oinetako desegokirik.
- Zaindu uraren higienea.
Azkenik, kirol jarduerak berezko balio batzuk ditu, gogoan izan beharrekoak. Hona hemen:
- Norberaren mugak gainditzeko nahia izatea.
- Galtzen eta irabazten ikastea.
- Norberaren eta taldearen diziplina zaintzea.
- Talde barneko integrazioa garatzea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Seis cruces a nado épicos, desde el Canal de la Mancha hasta el Canal Gowanus» National Geographic en Español 2018-08-09 (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ «Historia de la natación» www.i-natacion.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- ↑ .
- ↑ FR 2 SWIMMING POOLS. .
- ↑ «Approved Swimwear» FINA - Fédération Internationale De Natation.
- ↑ Natación. Aura D.L. 1992 ISBN 84-214-0427-X. PMC 433872390. (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).