[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Biztanleria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Biztanle» orritik birbideratua)
Artikulu hau gizakien populazio edo biztanleriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Populazio (argipena)».
Munduko biztanleriaren banaketa 1994an.

Biztanleria edo populazioa eskualde jakin bateko biztanleen multzoa da.

Biztanleriaren geografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren geografia edo demogeografia espazioaren antolakuntzaren zientziekin eta zientzia demografikoekin dago lotua. Demografiaren metodoak erabili gabe ezingo lirateke biztanlerien ezaugarriak definitu; geografiaren metodoak, berriz, kartografiarenak, bereziki, beharrezkoak dira ezaugarri espazialak ulertzeko.

Biztanleriaren egungo aniztasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seguru asko inoiz ez da izan gaur egungoa bezalako alde handirik adierazle demografiko nagusiek adierazten dituzten leku batzuetako eta besteetako balioen artean: urteko hazkunde-tasan (Errusiako % 0,6tik Omango Sultanerriko % 5era), bizi-itxaropenean (Txadeko 41 urtetik Japoniako 79ra), 15 urtetik beherako biztanleen ehunekoetan (Italiako % 16tik Zambiako % 50era), eta abar. Aniztasun hori gizateriaren historian parerik ez duen eta munduko toki batzuetan eta besteetan era desberdinean eta abiadura desberdinean garatu den fenomeno bati zor zaio: erregimen demografiko tradizionaletik erregimen modernora igarotzeari, hain zuzen ere. Trantsizio demografiko esaten zaion erregimen-aldaketa horretan, heriotza-tasaren eta jaiotza-tasaren arteko jatorrizko oreka hautsi egiten da; jokabideen aldaketak oso hazkunde azkarra ekartzen du, heriotza-tasa eta jaiotza-tasa apalaren oreka-egoera berria finkatu arte.

Aldaketaren zergatia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria hedatuenaren arabera, modernizazio-prozesu orokor baten ondorio den aldaketa hau bi pausotan gertatzen da. Lehen fasean, heriotza-tasak behera egiten du gizarteen garapenari esker (elikaduraren, garbitasunaren, osasun-sistemaren, hezkuntzaren eta abarren hobekuntzaren ondorioz) eta jaiotza-tasa bere hartan gelditzen da. Hortaz, hiltzen den baino askoz jende gehiago jaiotzen da, eta biztanleria ikaragarri hazten da. Bigarren fasean, bikoteek beren borondatez murrizten dute seme-alaben kopurua. Beraz, azkenean, jaiotza-tasaren eta heriotza-tasaren oreka berri bat finkatzen da, eta hazkundea zerora hurbiltzen da.

Bi faseen arteko inflexio-puntua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, munduko biztanleriak bi faseen arteko inflexio-puntua gainditu du. Bere hazkunde orokorra gehiengo historikoetara iritsi da 1990eko hamarkadaren hasieran (urtean 92 milioi pertsonatan hazten da); beraz, hortik aurrera hazkunde horrek jaisten hasi beharko luke. XXI. mendearen hasierarako aurreikusten zen murrizketa hori lasterragotu egin da, aldi hori gainditu gabe zuten azken herriak trantsizio demografikoaren bigarren fasean sartu direlako. Hala ere, dezelerazio hori 1970. urtetik aurrera munduan gertatutako hazkunde-tasaren jaitsieraren ondorio da. Jaiotza-kopurua ugaltzeko joeraren eta ugaltzaile-kopuruaren ondorioa da, eta kopuru hori hogei urte lehenago izandako jaiotzek zehazten dute matematikoki. Belaunaldi bat igaro arte ez da, beraz, joera-aldaketaren ondoriorik ikusten.

Biztanleriaren bilakaera-motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Munduko biztanleria, herrialdeka, milioi pertsonatan 2009an.

Biztanleria batzuen eta besteen bilakaera desberdinen emaitza da munduko biztanleriaren dinamika orokor hau.

Mendebaldeko Europako herrialdeak izan ziren jokabide demografiko modernoak izaten hasi ziren eta zikloa osatu zuten lehenak; beste herrialde garatuetan ere, hala gertatu da, geroago. Beren biztanleriak egonkorrak dira, edota murrizteko joera dute. Trantsizio hori beranduago hasi zen beste toki batzuetan eta, oro har, Europan joan den mendean baino konbinazio eta egoera desberdinagoak aurkitzen dira. Trantsizioa, dena den, azkarrago gertatzen da toki horietan, eta epe laburrean hazkundearen azelerazio ikaragarriak gertatzen baldin badira, gero, dezelerazioak ere ikusgarriak izaten dira. Herrialde azpigaratuek, beraz, beren berezitasun demografikoak galdu dituzte. Toki batzuetan trantsizioa amaitua da jada, Asia ekialdean, esate baterako: haien jaiotza- eta heriotza-tasak herrialde garatuen parekoak dira (hurrenez hurren, 1,6 haur emakumeko eta, heriotza, 10 pertsona mila biztanleko). Gainerako herrialde gehienak bide horretan daude, baina askoz atzerago, eta hazkunde naturala handia da oraindik. Beste batzuetan, azkenik, trantsizio demografikoaren bi faseen arteko inflexio-puntua igaro berri dute edota igarotzear daude. Europa eta Afrika bi muturretan daude horri dagokionez. Lehendabizikoan trantsizio demografikoa erabat osatu da, eta Saharaz beheko Afrika, berriz, lehen fasean aurkitzen da.

Europan, bizi-itxaropena oso handia da, baina jaiotza-tasak behera egin du 1970eko hamarkadaz gero (milako hamar haur, Italian edota Espainian, esate baterako). Ez dago hazkunderik eta biztanleria nabarmen ari da zahartzen. Suedian, esate baterako, % 18 inguru dira 65 urtetik gorakoak; Suitzan, % 16 dira 15 urtetik beherakoak. Saharaz hegoaldeko Afrikan jaiotza-tasa oso handia da oraindik, joera naturaletik oso hurbil dago (milako 52 jaiotza Malin edota Ugandan) eta biztanleria oso gaztea da: 65 urtetik gorako pertsonak % 2-3 inguru dira, 15 urtetik behekoak, berriz, % 45-50 inguru. Gertaera batak zein besteak heriotza-tasaren eragina murrizten dute, eta biztanleriaren hazkundea ikaragarri bizia da. Europako toki askotan, berriz, heriotza-tasa jaiotza-tasa baino handiagoa da, eta Ipar Amerikan eta Japonian ere joera hori bera nabari da. Era horretan, atzerritarren etorrera hazkunde demografikoari eusteko faktore garrantzitsu bilakatu da.

Hego Amerikan, Kariben, Asiako hegoaldean eta ekialdean esate baterako, berez ekin diote, berandu bada ere, jaiotza-tasa mugatzeari, heriotza-tasa jaitsi ondoren. Emakumeko hiru haur baino gutxiagokoa da, jada, ugaltze-tasa, eta bizi-itxaropena 70 urte ingurukoa. Baina Txinan 1960ko hamarkadatik aurrera abiarazi zen jaiotza planifikatzeko politika zorrotzak ekarri zuen benetako aldaketa mundu mailan. Une honetan emakumeko 1,9 haurrekoa da, batez beste, Txinako jaiotza-tasa, eta munduko herririk jendetsuenean belaunaldi-aldaketarako behar den kopuruaren azpitiko hazkundea izateak eragin nabaria izan du munduko biztanleriaren hazkundean. Afrikako iparraldean, Ekialde Hurbilean edota Pakistanen egoera paradoxikoa da trantsizio demografikoaren aurreikuspenei dagokienez: badirudi izoztuta dagoela, herri horietan oso altuak baitira bai jaiotza-tasa (emakumeko 7 haur Iraken eta Sirian), bai bizi-itxaropena. Izan ere, kultura horietan ez dira onartzen jaiotzak mugatzeko metodoak; hala ere, zenbait herritan hasiak dira horrelako neurriak hartzen (Marokon, Tunisian, Libanon eta Kuwaiten, esate baterako). Azkenik, trantsizio hori hasi besterik ez da egin Saharaz hegoaldeko Afrikan —Hegoafrikar Errepublika, aurreratuagoa, alde bat utzita—, eta Asiako zenbait tokitan (Kanbodian, Nepalen, Afganistanen, Yemenen). Heriotza-tasa jaisten hasi da garapenari esker, baina haurren heriotza-tasa oso handia da oraindik (Mozambiken, esate baterako, 2 urtez beherako haurrek osatzen dute hildako guztien erdia). Herri horietan jaiotza-tasa, milako, 50etik gorakoa da, gutxi gorabehera (Europan, milako 11 ingurukoa), eta atzerapen ekonomikoak eta sozialak, ezegonkortasun politikoak eta abarrek traba egiten diote aldaketa demografikoari.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]