[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Antifaxismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antifaxismoak erabilitako ikurretako bat, alemanez.

Antifaxismoa ideologia, antolakunde, erakunde, gobernu nahiz norbanako faxisten aurkako jarrera da, faxismoaren edozein alderdi dela ere, hala nola nazismoa, frankismoa[1] edo faxismoa zentzu hertsian.[2]

Antifaxismoaren baitan ideologia desberdinak bil daitezke, baina gehienetan ezkerreko posizio politikoekin hartu-emana dute. Hasieran, antifaxismoaren kontzeptua Bigarren Mundu Gerrako nazien aurkako erresistentzia politiko edota armatuarekin erlazionatzen bazen ere, 1970eko hamarkadaz gero, eskuin-muturreko taldeei aurre egiten dieten mugimenduak izendatzeko erabiltzen da antifaxista terminoa.

Euskal Herriaren kasuan, ezkerreko talde politiko ugarik bat egiten dute antifaxismoarekin, bereziki Espainiako talde frankistei aurre egiterako garaian.

Arditi del Popolo batailoiaren bandera.

Mugimendu antifaxistak Italian sortu ziren lehen aldiz, Benito Mussoliniren igoerarekin batera.[3] Mussoliniren erregimen faxistak antifaxista terminoa erabiltzen zuen haren aurkariak deskribatzeko. 1920ko hamarkadan, Italiako Erresuman, antifaxistak alkandora beltzen eta Mussoliniren igoeraren aurka borrokatu ziren. Italiako Alderdi Sozialistak 1921eko abuztuaren 3an Mussolinirekin eta haren Borroka Taldeekin bake-hitzarmena sinatu[4] eta sindikatuek estrategia legalista eta baketua hartu ondoren, honen aurka zeuden langileen mugimenduko kideek Arditi del Popolo batailoi antifaxista sortu zuten.[3]

Italiako Lanaren Konfederazio Orokorrak eta Italiako Alderdi Sozialistak ez zuten milizia antifaxista ofizialki onartu eta estrategia ez biolento eta legalista jarraitu zuten, eta Italiako Alderdi Komunistak kideei agindu zien erakundetik irten zitezen.[erreferentzia behar] Italiako Alderdi Komunistak talde militante batzuk sortu zituen, baina beren ekintzak nahiko txikiak ziren.[3] Severino Di Giovanni anarkistak, Argentinara erbesteratu zenak, Argentinako italiar komunitate faxistaren aurkako hainbat bonbardaketa antolatu zituen.[5] Benedetto Croce antifaxista liberalak Intelektual Antifaxisten Manifestua argitaratu zuen 1925ean.[6] Garai hartako beste antifaxista liberal batzuk Piero Gobetti eta Carlo Rosselli dira.[7]

Italiako Erresuman, OVRA (italieraz: Organizzazione per la Vigilanza e la Repressione dell'Antifascismo) 1927an fundatutako polizia sekretua izan zen.

Antifaxismoak, ideia gisa ulertuta, indar handia izan zuen 1936ko Espainiako Gerra Zibilean. Francisco Francoren indarren aurrean, komunistek, sozialistek, anarkistek, errepublikarrek zein nazionalista desberdinek bat egin zuten, neurri batean eta zailtasun handien artean, antifaxismoaren ideian oinarrituz. Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) erabili zuen bereziki antifaxismoa bere planteamenduetan. Brigada Internazionalek, halaber, antifaxismoaren ideiarekin bat egiten zuten ehunka boluntario bildu zituzten, gerra horretan parte hartzeko.

Nazismoaren aurkako manifestazioa Berlinen.

Bigarren Mundu Gerran ere Sobietar Batasunak gidatutako indarrek eta mendebaldeko estatu liberalek bat egin zuten[erreferentzia behar] antifaxismoaren ikurraren pean, Alemania naziari aurre egiteko.[8] Naziek atxilotu zituzten pertsona asko Buchenwald edo Dachau bezalako kontzentrazio esparruetan sartu eta erailak izan ziren.

Gerra Hotzak iraun zuen bitartean, Alemaniako Errepublika Demokratikoko autoritateek "harresi antifaxista" deitu zioten Berlingo Harresiari (alemanez: Antifaschistischer Schutzwall).[9]

Europan, antifaxista bezala azaldu dira ETA, Resistência Galega, EGGC, Terra Lliure edo GRAPO bezalako taldeak Espainian, Armada Gorriaren Frakzioa Alemanian edo Brigada Gorriak Italian.[erreferentzia behar]

XX. mendeko antifaxista ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Lola Iturbe
  • Freda Brown
  • Ana Pauker
  • Eugénie Cotton
  • Tsola Dragoycheva
  • Irmela Mensah-Schramm
  • Danielle Casanova
  • Berty Albrecht
  • Marie-Claude Vaillant-Couturier
  • Rose Valland

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Payne, Stanley G. (2005). El fascismo. Alianza Editorial (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
  2. (Gaztelaniaz) Bisso, Andrés; Valobra, Adriana. (2013). «Antifascismo y género. Perspectivas biográficas y colectivas» Anuario IEHS.
  3. a b c (Ingelesez) Sonnessa, Antonio. «Working Class Defence Organization, Anti-Fascist Resistance and the Arditi del Popolo in Turin, 1919–22» European History Quarterly 33(2).
  4. (Ingelesez) Delzell, Charles F. (1971). Mediterranean Fascism 1919-1945. Walker and Company.
  5. (Gaztelaniaz) Pigna, Felipe. (2006). Los mitos de la historia argentina. Editorial Planeta.
  6. (Ingelesez) Ward, David. (1996). Antifascisms: Cultural Politics in Italy, 1943-46 : Benedetto Croce and the Liberals, Carlo Levi and the "actionists". Fairleigh Dickinson Univ Press ISBN 978-0-8386-3676-3. (Noiz kontsultatua: 2023-07-08).
  7. (Ingelesez) Martin, James. (2006-06-01). «Piero Gobetti's agonistic liberalism» History of European Ideas 32 (2): 205–222.  doi:10.1016/j.histeuroideas.2005.09.002. ISSN 0191-6599. (Noiz kontsultatua: 2023-07-08).
  8. (Ingelesez) Tompkins, Peter. (1999). «OSS and Italian partisans in World War II: Intelligence and Operational Support for the Anti-Nazi Resistance» American Intelligence Journal 19 (1/2): 71–78. ISSN 0883-072X. (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
  9. (Ingelesez) Berlin Wall: Five things you might not know. 2011-08-12 ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2019-05-26).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Anti-fascism» artikulutik itzulia izan da. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria.