Harrikatz
Harrikatza, besterik gabe ikatza ere deitua, erregai fosil beltz eta gogorra da, gehienbat karbonoz osatua eta landare jatorri duena. Ikatz izenarekin minerala ez den eta landare edo animalia substantziei ura eta beste osagai lurrunkor batzuk kenduz eskuratzen den egur ikatza ere izendatzen da.
Harrikatza arroka sedimentario beltz edo beltz marroixka da, naturan, gehienetan, zain edo beta deritzen geruzetan pilatuta agertzen dena. Formarik gogorrenak, esaterako antrazita, arroka metamorfikotzat har daiteke, tenperatura eta presio handiak jasan izan dituen harria baita. Ikatzaren elementurik nagusiena karbonoa da, eta hidrogenoa, sufrea, oxigenoa eta nitrogenoa ere ditu. Historian zehar oso baliabide erabilia izan da energia iturri gisa eta meatzaritza jarduera handia eragin du. Gaur egun, batez ere elektrizitatea edota beroa sortzeko erretzen da, baina kokea eta gasa produzitzeko ere erabiltzen da.
Munduko ikatz ekoizle handienak herrialdeok ziren 2011n: Txina 3.520 milioi tona (Mt), Ameriketako Estatu Batuak 992,8 Mt, India 588,5 Mt, Australia 415,5 Mt, Errusia 333,5 Mt, Indonesia 324,9 Mt, Hego Afrika 255,1 Mt, Polonia 139,2 Mt, Kazakhstan 115,9 Mt eta Ukraina 86,8 Mt[1].
Harrikatzaren eratzea
Harrikatza erregai fosila da, naturan harri eran aurkitzen dena. Geologia aldi askotan zehar airearen ukimenetik kanpo jasandako presioaren, beroaren eta bakterioen eraginez eratu den ikatza da. Historiaurreko basoetako egurra istingetan pilatuz eta lurperatuz joan zen eta, lehen pauso batean, eta prozesu biokimikoek eraginda, zohikatz delako ikatza eratu zen. Ondoren, bakterioen eraginez, zohikatz hori lignito bilakatu zen, eta lignitoa, berriz, presioaren eta beroaren eraginez ikatz azpibituminoso, harrikatz bituminoso eta azkenik antrazita. Antrazita da ikatzaren eraketan azken gaia, eta lur geruzen tolestatze prozesuan harrikatzak jasandako presioaren eta tenperatura garaien ondorioz eratu zen.
Erauzketa
Harrikatza erauzteko bi metodo daude: lur gaineko meatzaritza eta lurpeko meatzaritza. Ikatz-hobiaren geologia nolakoa den, bata edo bestea erabiltzen da. Gaur egun, lurpeko meatzaritza da gehien baliatzen dena, baina herrialde ekoizle nagusietako batzuetan aire zabaleko meategiak oso hedaturik daude. Esate baterako, Australiako produkzioaren % 80 eta Estatu Batuetakoaren % 67 lur gaineko meatzaritzaren bidez erauzten da[2].
Lur gaineko meatzaritza
Lur gaineko meatzaritza, atari zabaleko meatzaritza ere deitua, ikatza lurraren azaletik hurbil dagoenean besteriki ez da errentagarria. Metodo honen bitartez, hobiko ikatzaren ehuneko handiagoa (% 90 edo gehiago) erauzten ahal da lurpeko meatzaritzaren bidez baino, ikatz zain guztiak baliagarriak direlako.
Atari zabaleko meategiek oso eremu handia har dezakete, neurri larriko makineria erabiliz: dragak, gaineko harri-geruza kentzeko, pala mekanikoak, kamioi handiak, ikatza eta hondakinak garraiatzeko, hondeamakinak eta garraiagailuak.
Lurzorua eta gaineko harri-geruza lehergaien bidez hautsi eta, ondoren, dragak edota pala eta kamioiak erabiliz, kentzen da. Harrikatza agerian dagoenean, zulatu, apurtu eta zerrendaka erauzten da. Azkenik, ikatza kamioi handi edo garraiagailutan zamatzen da, manipulazio plantara edo erabili behar den tokira eramateko[2].
Lurpeko meatzaritza
Lurpeko meatzaritzan lan egiteko bi modu nagusi daude: ganbera eta zutabeen sistema eta lantegi luzeena.
- Ganbera eta zutabeen sisteman, "ganbera"-sare bateko harrikatza ateratzen da, tartean ikatzezko "zutabe" sail bat utziz, sabaia eror ez dadin. Zutabeetan, erauzi gabe, ikatz guztiaren % 40 gera daiteke (parte bat ondoko fase batean ateratzen ahal da).
- Lantegi luzeen sisteman, ikatz-zainaren sekzio bateko mineral guztia erauzten da, zizaila-kargatzaile mekanikoak erabiliz. Lanean hasi baino lehen, planifikazioa ezibestekoa da, sekzio osoan geologia egokia dela ziurtatzeko. Ikatza ateratzen ari den bitartean, euskarri hidrauliko batzuek eusten diote sabaiari. Ondoren, euskarriak kendu eta sabaia erortzen uzten da. Metodo horren bidez, hobiko ikatzaren % 75 ustiatzen ahal da[2].
Erabilpena
Harrikatza elektrizitatea sortzeko energia iturri nagusia da mundu mailan, bai eta karbono dioxidoaren isurketa iturri handienetakoa ere. Mundu osoko argindarraren % 40 ikatzaren bidez lortzen da[3], eta zenbait herrialdetan ehuneko handiagoa da: Polonian % 94, Hego-Afrikan % 92, Txinan % 77 eta Australian % 76[4]... Zentral termoelektrikoak ikatz meatokien inguruan egon ohi dira produkzio-kostua merkatzeko[5].
Harrikatza oxigenorik ez dagoen toki batean oso tenperatura altuetan (1000 °C baino gehiago) erretzean kokea lortzen da. Hori labe garaietan erabiltzen da altzairua ekoizteko[4]. Mundruna, kokegintzako azpiproduktua, koloragarriak, intsektizidak, leherkariak, plastikoak eta bikea ekoizteko baliatzen da[5].
Harrikatzaren destilazio suntsikorraren bitartez harrikatz-gasa lortzen da. Gas hori, berriki arte, hiri handietako etxeetako erregai gisa erabili da. Oso toxikoa eta kutsatzailea denez gero, gas naturalak ordeztu du[5]. Harrikatzaren likidotzearen bidez, berriz, hidrokarburo likidoak (petrolio sintetikoa) erdiesten dira.
Ekoizpena
Munduko harrikatz erreserbak
Herrialdea | Antrazita & Bituminosoa | Azpibituminosoa | Lignitoa | Denetara | Munduko erreseben ehunekoa |
---|---|---|---|---|---|
AEB | 108.501 | 98.618 | 30.176 | 237.295 | 22,6 |
Errusia | 49.088 | 97.472 | 10.450 | 157.010 | 14,4 |
Txina | 62.200 | 33.700 | 18.600 | 114.500 | 12,6 |
Australia | 37.100 | 2.100 | 37.200 | 76.400 | 8,9 |
India | 56.100 | 0 | 4.500 | 60.600 | 7,0 |
Alemania | 99 | 0 | 40.600 | 40.699 | 4,7 |
Ukraina | 15.351 | 16.577 | 1.945 | 33.873 | 3,9 |
Kazakhstan | 21.500 | 0 | 12.100 | 33.600 | 3,9 |
Hego Afrika | 30.156 | 0 | 0 | 30.156 | 3,5 |
Serbia | 9 | 361 | 13.400 | 13.770 | 1,6 |
Kolonbia | 6.366 | 380 | 0 | 6.746 | 0,8 |
Kanada | 3.474 | 872 | 2.236 | 6.528 | 0,8 |
Polonia | 4.338 | 0 | 1.371 | 5.709 | 0,7 |
Indonesia | 1.520 | 2.904 | 1.105 | 5.529 | 0,6 |
Brasil | 0 | 4.559 | 0 | 4.559 | 0,5 |
Grezia | 0 | 0 | 3.020 | 3.020 | 0,4 |
Bosnia-Herzegovina | 484 | 0 | 2.369 | 2.853 | 0,3 |
Mongolia | 1.170 | 0 | 1.350 | 2.520 | 0,3 |
Bulgaria | 2 | 190 | 2.174 | 2.366 | 0,3 |
Pakistan | 0 | 166 | 1.904 | 2.070 | 0,3 |
Turkia | 529 | 0 | 1.814 | 2.343 | 0,3 |
Uzbekistan | 47 | 0 | 1.853 | 1.900 | 0,2 |
Hungaria | 13 | 439 | 1.208 | 1.660 | 0,2 |
Thailandia | 0 | 0 | 1.239 | 1.239 | 0,1 |
Mexiko | 860 | 300 | 51 | 1.211 | 0,1 |
Iran | 1.203 | 0 | 0 | 1.203 | 0,1 |
Txekia | 192 | 0 | 908 | 1.100 | 0,1 |
Kirgizistan | 0 | 0 | 812 | 812 | 0,1 |
Albania | 0 | 0 | 794 | 794 | 0,1 |
Ipar Korea | 300 | 300 | 0 | 600 | 0,1 |
Zeelanda Berria | 33 | 205 | 333-7.000 | 571–15.000[7] | 0,1 |
Espainia | 200 | 300 | 30 | 530 | 0,1 |
Laos | 4 | 0 | 499 | 503 | 0,1 |
Zimbabwe | 502 | 0 | 0 | 502 | 0,1 |
Argentina | 0 | 0 | 500 | 500 | 0,1 |
Gainerakoak | 3.421 | 1.346 | 846 | 5.613 | 0,7 |
Denetara | 404.762 | 260.789 | 195.387 | 860.938 | 100 |
Harrikatz ekoizle handienak
Herrialdea | 2003 | 2004 | 2005 | 2006 | 2007 | 2008 | 2009 | 2010 | 2011 | Ehunekoa (2011) |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Txina | 1.834,9 | 2.122,6 | 2.349,5 | 2.528,6 | 2.691,6 | 2.802,0 | 2.973,0 | 3.235,0 | 3.520,0 | %45,7 |
AEB | 972,3 | 1.008,9 | 1.026,5 | 1.054,8 | 1.040,2 | 1.063,0 | 975,2 | 983,7 | 992,8 | %12,9 |
India | 375,4 | 407,7 | 428,4 | 449,2 | 478,4 | 515,9 | 556,0 | 573,8 | 588,5 | %7,6 |
Australia | 350,4 | 364,3 | 375,4 | 382,2 | 392,7 | 399,2 | 413,2 | 424,0 | 415,5 | %5,4 |
Errusia | 276,7 | 281,7 | 298,3 | 309,9 | 313,5 | 328,6 | 301,3 | 321,6 | 333,5 | %4,3 |
Indonesia | 114,3 | 132,4 | 152,7 | 193,8 | 216,9 | 240,2 | 256,2 | 275,2 | 324,9 | %4,2 |
Hego Afrika | 237,9 | 243,4 | 244,4 | 244,8 | 247,7 | 252,6 | 250,6 | 254,3 | 255,1 | %3,3 |
Alemania | 204,9 | 207,8 | 202,8 | 197,1 | 201,9 | 192,4 | 183,7 | 182,3 | 188,6 | %2,4 |
Polonia | 163,8 | 162,4 | 159,5 | 156,1 | 145,9 | 144,0 | 135,2 | 133,2 | 139,2 | %1,8 |
Kazakhstan | 84,9 | 86,9 | 86,6 | 96,2 | 97,8 | 111,1 | 100,9 | 110,9 | 115,9 | %1,5 |
Ukraina | 80,2 | 81,3 | 78,8 | 80,2 | 76,8 | 79,5 | 73,8 | 76,8 | 86,8 | %1,1 |
Kolonbia | 50,0 | 53,7 | 59,1 | 65,6 | 69,9 | 73,5 | 72,8 | 74,4 | 85,8 | %1,1 |
Mundu osoan | 5.301,3 | 5.716,0 | 6.035,3 | 6.342,0 | 6.573,3 | 6.795,0 | 6.880,8 | 7.254,6 | 7.695,4 | %100 |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b BP Statistical Review of World Energy June 2012 Bp.com
- ↑ a b c Coal mining World Coal Association. Worldcoal.org
- ↑ Egoitz ETXEBESTE ADURIZ: «Beltzetik berderako bidean»[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
- ↑ a b Le charbon comme ressource[Betiko hautsitako esteka] World Coal Institute. Worldcoal.org
- ↑ a b c Miren OTXOA DE BAKEDANO: Energia baliabideak[Betiko hautsitako esteka] Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Hezkuntza.ejgv.euskadi.net
- ↑ Survey of Energy Resources 2010 World Energy Council. Worldenergy.org
- ↑ Alan SHERWOOD eta Jock PHILLIPS: Coal and coal mining – Coal resources, Te Ara – the Encyclopedia of New Zealand, 2009-03-02
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) World Coal Institute Worldcoal.org