Zidrondo
Zidrondoa (Citrus medica) errutazeoen familiako zuhaitza, limoiondoaren antzekoa.[1] Haren fruitua zidra da. Fruituagatik kultibatzen da, gozogintzan, elikagaigintzan eta lurringintzan erabiltzen baita. Europan ezagutu zen lehen zitrikoa izan zen, jada Erromatar Inperioaren garaian deskribatu baitzen.
Zidrondo | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Sapindales |
Familia | Rutaceae |
Leinua | Citreae |
Generoa | Citrus |
Espeziea | Citrus medica |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | zidra |
Ezaugarriak
aldatuZuhaitz edo zuhaixka txikia da, hostoiraunkorra, 2,5 m inguruko altuerakoa, enbor bihurrikoa eta adakera trinko eta zurrunekoa. Hostoek peziolo laburrak dituzte, eta bakunak dira, txandakatuak, eliptikoak eta lantza-formakoak, 18 cm-ko luzerainokoak; gainaldea berde iluna da, eta limoi-usain bereizgarria dute. Loreak hermafroditak dira, usaintsuak, handiak, zuriak edo purpura-kolorekoak, eta luku txikiak eratzen dituzte. Loreek 4 edo 5 petalo dituzte, eta 30-60 lorezil.
Fruitua hesperidio bat da, luzanga edo globo-formakoa, 30 cm-ko diametrorainokoa. Azal lodia du, mamitsua, endokarpoari atxikia, kolorez horia edo berdexka, eta askotan zimurra. 10-15 karpelo ditu, tenteak, zuku gutxikoak; gozoak edo azidoak dira, barietatearen arabera. Haziak ugariak eta txikiak izaten dira, leunak.