Limoi
Limoia limoiondoaren fruitua da. Zapore azidoa duenez garrazkien taldekoa da. Limoia jangarria da eta gastronomian asko erabiltzen da.
Etimologia
aldatuPersiarrek līmūn izena eman zioten eta arabiarrek ليمون (laymūn)[1]. Italieraz limone eta gazteleraz limón izanik euskaraz limoi izena hartu zen Hegoaldean. Hizkuntza gehienetan hitz honen aldaerak aurkitzen dira. Frantsesez citron esaten zaio eta hortik jaso da zitroin hitza Ipar Euskal Herrian.
Historia
aldatuLimoiondoa Asiakoa da jatorriz, eta seguru asko Txinan eta Indian aspalditik hazten da. Ondoren, Ekialde Hurbilera iritsi zen K.a. 700. urte inguruan, eta musulmanek sakratutzat hartu zuten. Arabiarrak izan ziren, hain zuzen, limoia Europara eraman zutenak.
Limoien landaketa XIII. mendetik aurrera orokortu zen Espainian eta Sizilian. Europako gainerako tokietan ordea berritasun gisa hartzen zen Pizkunde garaian oraindik. XVIII. mendean eskorbutoari aurre egiteko limoiak erabiltzen hasi ziren mariñelak eta horrek limoien kontsumoa orokortu zuen. Sizilia bihurtu zen limoi ekoizle nagusia. Palermo hiriaren inguruan ekoizten zen Conca d'Oro deitzen zioten eskualdean.
Erabilera
aldatuC bitamina eta azido zitrikoa ugari dituenez hainbat erabilera ditu limoiak:
Gastronomia
aldatuUsai eta zapore freskoak emateko erabiltzen da. Freskagarriak eta izozkiak egiten dira eta saltsa ugariren osagaia ere bada. Limoiaren zukua hainbat haragi eta arraini gehitu dakioke zaporea indartzeko. Limoiaren azala ere erabiltzen da elikagaien gelifikatzaile eta egonkortzaile gisa, pektina ugari baitu. Azkenik postre ugari ere egiten dira limoiarekin.
Higienea eta estetika
aldatuLurringintza industrian erabiltzen da, bai eta higiene produktuetan ere, usainkentzaileak esate baterako.
Ekoizpena
aldatuLimoiondoa munduan gehien ekoizten diren zitrikoen artean hirugarrena da, laranjondoaren eta mandarinondoaren ondoren[2].
2018. urteko datuen arabera munduan 19,4 milioi tona lima eta limoi ekoiztu ziren. %65a sei herrialde hauek osatu zuten:
Herrialdea | Kopurua (milioi tona) |
---|---|
India | 3,1 |
Mexiko | 2,5 |
Txina | 2,5 |
Argentina | 2,0 |
Brasil | 1,5 |
Turkia | 1,1 |
Erreferentziak
aldatu- ↑ Eguilaz y Yanguas, L. de. (1886). Glosario etimológico de las palabras españolas (castellanas, catalanas, gallegas, mallorquinas, portuguesas, valencianas y bascongadas) de origen oriental (árabe, hebreo, malayo, persa y turco). Impr. La Lealtad, Granada, 1886; facsímil Ediciones Atlas, Madrid, 1974., 439 or..
- ↑ (Ingelesez) Simeone, Giuseppe Di Rauso; Matteo, Antonio Di; Rao, Maria Antonietta; Vaio, Claudio Di. (2020). «Variations of peel essential oils during fruit ripening in four lemon (Citrus limon (L.) Burm. F.) cultivars» Journal of the Science of Food and Agriculture 100 (1): 193–200. doi: . ISSN 1097-0010. (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).