Karon (satelitea)
Karon[1] Pluton planeta nanoaren satelite natural nagusia da; halaber, Kuiperren gerrikoko objektu nagusietako bat da.
eta | |
Aurkikuntza | |
---|---|
Aurkitzailea | James W. Christy |
Data | 1978ko ekainaren 22an |
Kategoria | Plutonen sateliteak |
Ezaugarri orbitalak | |
Zeren satelite | Pluton |
Ardatzerdi handia | 19.591,4 km |
Eszentrikotasuna | 0,00000 ± 0,00007 |
Orbita-periodoa | 2,736915 egun |
Makurdura orbitala | 0° Plutonen ekuatorearekiko |
Ezaugarri fisikoak | |
Erradioa | 603,6 km |
Masa | (1,52 ± 0,06) ×1021 |
Dentsitatea | 1,65 ± 0,06 ×103 |
Grabitatea azalean | 0,278 m/s2 |
Albedoa | 0,36-0,39 |
Tenperatura | ~40 |
Itxurazko magnitudea | 16,8 |
Magnitude absolutua | 1 |
Aurkikuntza
aldatuJames W. Christy astronomoak aurkitu zuen Karon, 1978ko ekainaren 22an, Flagstaff-eko behatokiko teleskopioak hartutako irudiak aztertzean. Christy ohartu zen Plutonen irudiek forma pixka bat luzanga zutela, eta argazki berean agertzen ziren izarrek ez zutela holako formarik. Argazki gehiago aztertuta, ikusi zuen irudi askotan ez zela luzakin hori agertzen, baina batzuetan bai. Ohartu zen satelite bat izan zitekeela kontuan hartzen bazen objektuaren orbita-periodoa, eta planeta-satelite sistema bat zela ondorioztatu zuen.
Pluton eta Karon objektu bereizi gisa hartu zituen Hubble teleskopioak 1990eko hamarkadan. Geroago, optikaren azken aurrerapenei esker, Lurreko teleskopioetatik ere behatu ahal izan dira disko bereizi gisa.
Izendapena
aldatuHasieran, S/1978 P 1 izendapen sistematikoa eman zitzaion sateliteari; kode horrek adierazten du 1978an lehen aldiz ikusitako Plutonen lehenengo satelitea zela. Chrystik Karon izena hautatu zuen (Charon, ingelesez), baina behin betiko izena geroago ofizialdu zuen Nazioarteko Astronomia Batasunak, 1985ean, eta 1986ko urtarrilaren 3an jakinarazi zen.
Karon izena mitologia grekoko Karon pertsonaian du jatorria; Karon zen hildakoen arimak Hadesen erresumara eramaten zituena (Hadesi, Erromako mitologian, Pluton dagokio).
Ezaugarri fisikoak
aldatuKaron, tamainaz, Plutonen erdia baino handixeagoa da. Pluton ez bezala, nitrogenozko eta metanozko izotzez estalia baitago, Karonen gainazala ur-izotzez estalita dago, antza denez.
Gorputz izoztua da, eta, proportzioan, Plutonek baino arroka gutxiago ditu. Karonen barne-egiturari buruzko bi teoria daude, kontrajarriak: batzuen ustez, Pluton bezalakoa da, arrokazko nukleo batez eta izotzezko mantu batez osatua. Beste zientzialari batzuek, berriz, uste dute Karonek konposizio uniformea duela. Badirudi, aurkitu diren froga batzuen arabera, lehenengo hipotesia betetzen dela.
Orbita
aldatuBatez beste, Plutonetik 19.570 km-ra dago, hau da, Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia baino 20 aldiz gutxiago. Bi astroak elkarri lotuta daude grabitazioari dagokionez, hau da, elkarri beti aurpegi bera erakusten diote.
Sorrerari buruzko hipotesi batek dio bi gorputzek elkarren kontra talka egingo zuketela elkarrekiko orbitan hasi aurretik.
Karon ez da Plutonen inguruan biraka ari, ohiko sateliteak bezala; aitzitik, bai Pluton, bai Karon, biek osatutako sistemaren masa-zentroaren inguruan ari dira biraka. Hori dela eta, Pluton eta Karon planeta eta satelitetzat hartu beharrean, bien multzoa planeta nano bikoiztzat hartu behar dela uste dute astronomo askok. 2006an, Nazioarteko Astronomia Batasunak planeta nano gisa birdefinitu zuen Pluton, baina ez zuen planeta bikoitzaren definiziorik eman, eta Karon ez dago IAUk onartutako planeta nanoen zerrendan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Plutonen sateliteak» 173. Astroen izenak. Euskaltzaindia, 11 or..